Erreinezurreko kistea: ebakuntza eginda kentzekoa da

Bizkarraren bukaera aldean agertu ohi da koskor txiki hau, eta deserosoa izaten da arriskutsua baino gehiago; ile asko duten gizonei erasaten die gehienbat eta gune horretan mikrotraumatismo asko izaten dituztenei
1 azaroa de 2009
Img salud

Erreinezurreko kistea: ebakuntza eginda kentzekoa da

Ez da pikorta bat eta ez tumorea ere. Bizkarrezurraren amaieran agertzen da, bi ipurmasailak bereizten dituen ildoan, eta zer pentsatua ematen dio bati baino gehiagori, min egiten baitu, traba, eta zornatu ere egiten da. Erreinezurreko kistea deitzen diote koskor txiki horri, edo fistula sakrokokzigeoa, eta edozein pertsonatan ager daiteke, berdin zahar eta gaztetan, berdin emakume eta gizonetan. Enbrioi-hondarretatik sortzen da, ile-hondarretatik ere bai, edo substantzia mukoideetatik bestela, eta, ondorioz, elementu horietakoren bat eduki dezake kisteak, eta horregatik eduki ohi du likido zorneduna, zorne zorro bat balitz bezala.

Zientzialariek ez dute argitu zer gaitz mota den, edo jaiotzetikoa edo eskuratua. Ikusi izan da, adibidez, ile-apaintzaileei eskuetan agertu ohi zaiela, ilearekin lan egiten dutelako. Buruan ere ager daitekeela ohartu dira. Oro har, jaio orduko sortzen da erreinezurreko kistea, nahiz eta agertu geroago egiten den. Edozein adinetan gerta daiteke hori, eta ohikoena izaten da ile asko dutenengan agertzea. Orain arte ikusi denaren arabera, batik bat gizon gazteek eduki ohi dute kiste hori, 18 eta 35 urte bitartekoek (emakumeei zer neuritan eragiten dien jakiteko daturik ez da bildu).

Beste zenbait faktorek erraztu egiten dute erreinezurreko kistea agertzea, sedentarismoak batetik eta ipurtezurrean hartzen diren kolpe jarraituek bestetik. Zientzialariak ohartu ziren Vietnamgo gerran Jeep-ak gidatzen zituzten soldadu amerikarrek gaitz hori izaten zutela, ipurtezurrean eduki ohi zituzten mikrotraumatismo jarraituen ondorioz, eta hori dela era, Jeep-eko gaixotasuna izena ere eman izan diote.

Ebakuntza erraza

Ez dago modurik erreinezurreko kisteari aurre egiteko. Desagerrarazi nahi bada, kirurgia erabili beharra dago nahitaez. Lehen minak hasi orduko, edo zornatzen ari dela ikusi orduko egin daiteke ebakuntza, edo eremu hori gorritu, infektatu edo hanpatu egiten dela ohartu orduko. Azken urteotan, asko aurreratu da ebakuntza-tekniketan, eta gerriz beherako anestesia emanez, erraz-erraz kentzen dute; askotan, egun horretan bertan bidaltzen dute gaixoa etxera, edo, bestela, gau bakarra egin behar izaten du ospitalean.

Gehien-gehienetan, kirurgia eginda konpontzen da arazoa. Hamar kasutatik batean, ordea, berriz agertzen da (lehen urtean, batik bat). Kistea bide batean baino gehiagotan hedatzen hasia egon liteke, eta ebakuntza egiterakoan, hori ez da beti antzematen. Horrexegatik birsortzen da.

Osatzea: zauria irekita edo itxita

Behin ebakuntza eginda, bi iritzi mota agertzen dira ebakuntza osterako. Batzuen ustez, kistea erauzita, zauria irekita uztea komeni da, infekzio arriskua saihesteko. Beste batzuen iritziz, ordea, josi eta ixtea komeni da, horrela azkarrago orbantzen baita. Zauria ixten dutenean, astebete eta hamabost egun artean behar izaten du orbantzeko, baina infekzioa sortzeko arriskua handiagoa izaten da. Aldiz, zauria irekita uzten bada, ez da hain azkar orbantzen, lau eta sei aste artean behar izaten ditu; denbora horretan, gaixoak gaza batzuk eraman behar izaten ditu, zauria azkarregi itxi ez dadin, eta horrez gain, maiz-maiz zauria zaindu eta garbitu beharko du. Hori eginez gero, gutxitu egiten da infekzio arriskua. Lanean gorputza behartzen ez duten pertsonak berehala has daitezke lanean, baina ez da komeni luzaroan eserita egotea.

Ebakuntza osterako aholkuak:
  • Zauriak irekita dauzkaten gaixoek dutxa hartu eta ongi lehortu ondoren garbitu behar dute zauria.
  • Gazak egunen behin edo bitan aldatu behar dira, eta ez dira oso estu jarri behar zaurian sartzerakoan.
  • Barruko arropa kotoizkoa izatea komeni da, erosoagoa delako.

Iturria: Manel Bardají. Teknon Mediku Zentroko kirurgialaria.