Etxebizitzako aseguruak

Xehetasunetan dago aldea

Etxebizitza aseguratzea dagoeneko ez da dudan jartzen den kontua; alderantziz, balizko arriskuen aurrean, geroz eta etxe gehiagotan hartu dute asegurua egiteko erabakia
1 ekaina de 2001

Xehetasunetan dago aldea

Finken alderdi komunetako matxurak konponduak izango direla berma lezakeen poliza kontratatzeko beharraz auzokideen elkartea arduratzen da gehienetan. Aseguru horiek suteen, ur-isurien, ate-leihoak haustearen eta lapurreta jasateren arriskua beregain hartua dute, hau da, etxe baten edukitzaileari dagozkienetan eragina izan dezakeen guzti-guztia eta horren ondoriozkoak. Aseguratzaileen hizkeran horrelakoei komunitateko asegurua deritzo. Baina poliza horiek ez dute etxeko edukia (altzariak, etab.) bermatzen. Hori ikusirik, kontsumitzaileen elkarteak eta asegurugileak bat datoz: merezi du komunitateak daukan polizan sartzen ez diren kalteen aurreko aseguruarekin (ur-isuriak, altzari kaltetuak, etab.) oinarrizko poliza osatzea. Aseguru mankomunatua hartzea, jabekideen elkarte gehientsuenen estatutuek araututako obligazioa izaki, urtean hamabi bat mila pezetako kostua geureganatzea da eta elkartearen txartelean agertzen da hilean horri dagokion kuota.

Partikular baten aseguruaren kostua (¿arrisku anitzetarako asegurua¿) etxebizitzak dituen metro karratuen eta bertan dauden altzarien arabera biziki aldatzen bada ere, den-dena aldagai bati begira kalkulatzen da: asegurua hartu duenak edukiaren balioa zenbatean balioztatzen duen, alegia. Horrela bada, jabeak erabakitzen badu bere etxeko ondasunen balioa (bitxiak kanpo baina liburuak, sukaldea, etxetresna elektrikoak, altzariak, arropa eta era askotako gauzak barne) 3.000.000 pezetakoa dela, segurtatu behar dena da, eta galera izanez gero itzuli egingo zaiola ziurtatzea urtean 12.000 pezeta inguru kostatzen da (hau da, milioi bakoitzeko 3.000-4.000 pezeta inguru).

Edukitzailea eta edukia, oso kontu desberdinak

Arrisku anitzetarako aseguru partikularra kontratatzean, komunitateko aseguruak babesten edo estaltzen duenaz informazio zehatza eskuratzea komeni zaio hartzaileari. Adibide bat eman dezagun, aseguru mankomunatuan ez dira sartzen era guztietako ur-isuriak: etxe aseguratzaile askok ur-filtrazioa eragin duen hoditeria komunitatekoa ala pribatua den bereizten dutenez, komunitateko aseguruak zer estaltzen duen zehatz-mehatz ezagutu behar da eta, horren arabera, horko kontratutik at geratu diren ezbeharrak geure kabuz aseguratzea. Horrelakoetan aseguru-hartzailearen ohiko iritziz, bere etxebizitzak merkatuan duen balioaz dezente azpitik tasatzen dute aseguruek, kontuan hartzen diren irizpideak bereziak direlako: etxea erdiko kale batean egotea, etxebizitza erosi zenean merkatu inmobiliarioaren egoera zein zen edo etxebizitzari prezio jakin bat izendatzen dioten bestelako aldagaiak. Urtean, milioi bakoitzeko 850 pezeta inguru ordaintzen dira eta onartu beharrekoa da, bere garaian kostatu zena gorabehera, berreraikitzeko balioa askoz ere apalagoa izango dela eta datu horixe baliatzen dutela konpainia aseguratzaileek. Beste aldetik, etxebizitzako edukia aseguratzeko orduan, etxeko ondasun denek guztira zenbat balio duten kalkulatzeko hartzailearen subjektibotasuna nagusitzen zaio beste edozeri. Alderdi honetako arriskua behetik kalkulatzea izaten da (¿infraseguruak¿ deitzen zaie horrelakoei). Kontuan hartu beharrekoa da, dena den, etxebizitzako edukia zenbat eta balio txikiagoan kontratatu (horrek, bere aldetik, prezioa merkatuko du), orduan eta urriagoa izango dela, ezbeharrik gertatuz gero, aseguratzaileari erreklamatzeko kopurua. Erre den sukaldea berriro instalatzea 800.000 pezeta kostatzen bada, baina etxearen balio osoa hiru milioi pezetatan balioztatu baldin bada eta estaldura %50era bakarrik iristen bazen, konponketari dagokion proportziozko partea baizik ez du jasoko aseguru-hartzaileak, hau da, 400.000 pezeta. Nolanahi ere, batzuetan balioaz azpitiko tasazioa uste txarrez egin ez zenez edo egiazko baloretik %25ean bakarrik aldendua zenez, konpainia askok kapitalen konpentsazioa aplikatzen dute, gastu osoaren mugara gerturatuz.

Kontuz urarekin

Aseguru-hartzaileok gutxien nabarmentzen ditugun matxura edo hondaketak edukitzaile edo etxebizitzari dagozkionak izaten dira, hau da, elementu komunetan gertatzen direnak: leihoak, ateak edo, areago, elementu horiei esker jazoriko lapurretak, esate baterako. Horrenbestez, etxebizitzarako arrisku anitzetarako asegurua kontratatzeko garaian kontu hauek gogoan eduki behar dira. Ezbeharrik ohikoenak ur-isuriek eragindakoak izaten dira, azkenean hamaika eratako kasuistika sortzen dutelarik. Eskuarki, nahikoa izango da konpainia aseguratzailearekin harremanetan jartzea eta bera arduratuko da peritajeak egiteaz eta konponketak gestionatzeaz. Baliteke, ordea, pintoreak aseguruko klausula (¿urak eragindako orbana ezabatzea¿, adibidez) zorrozki baizik bete nahi ez izatea. Horrelakoetan, gelako sabaiak bi pintura desberdin agertuko ditu. Egoera xelebre horiei saihets egitearren, ¿kalte estetikoaren konponketa¿ izeneko irudia sortu zen: horrek, sabaia oso-osorik pintatu beharra dagoela edo, merkatuan dagoeneko berdinik ez badago, bainu gelako azulejo guztiak aldatu behar direla xedatzen du. Irudi hori, egungo aseguru estandarretan arauz gehitzen zaio kontratuari, baina aspaldi eginiko polizetan ez da agertzen. Poliza zaharretan honelako zehaztasunik ba ote dagoen kontsultatzea aholkatzen dute adituek, estaldura hori ere erants diezaguten: urteko fakturan nekez atzeman daitekeelarik, atsekabe bat baino gehiagoren konponbide izan daiteke, ezbairik gabe.

Behar bezala baliatzen ez diren estaldurak

Arrisku anitzetarako aseguru guztiek (jabekideen elkartekoek, esate baterako), erabiltzaileek nekez baliatzen dituzten estaldurak dauzkate, maiz askotan erabiltzaile horiek aseguruaren nolakotasunak ezagutzen ez dituztelako. Horixe gertatzen da, eraikinaren osagai komunetan gerta daitezkeen auzien gaineko erantzukizun zibilarekin, esate baterako. Horren adibideak, erlaiz bat bere tokitik jaustea edo pertsona bat argizariz distiratsu bezain labaingarri dagoen eskaileran erortzea dira: ezbehar horien ondorio guztiez arduradun jokatu behar du aseguruak. Arrisku anitzeko aseguru partikularrek, bere aldetik, etxetik kanpo nozitutako lapurreta, kreditu-txartelen iruzurrezko erabilera, beira, kristal, komuneko aparatuen, bitrozeramiken haustura edota, giltzak galtzeagatik, sarrailen aldaketa eta antzekoak estaltzen dituzte, zenbaitetan. Klabea, berriro ere, letra txikian datza: arreta osoz irakurtzea komeni da, polizak zehatz-mehatz zer estaltzen duen eta zer baztertzen duen eta, bidezkoa denean, kalte-ordaina zenbatekoa izan daitekeen, ezagutzeko.

Apoyo

Komunitateko aseguruak estaltzen duena

  • Sutea, leherketa eta tximistak
  • Fenomeno meteorologikoak (euria, haizea, harria, elurra)
  • Eraikinaren erantzukizun zibila
  • Hoditeria orokorretatik doan ura
  • Fatxadako eta zati komunetako kristalak
  • Lapurretagatiko kalteak ate-leihoetan
  • Batzuetan, zati komunetako lapurreta

Komunitateko aseguruak estaltzen ez duena

  • Kalte estetikoak
  • Hoditeria partikularretatik doan ura
  • Barnealdeko kristalak
  • Tximistak jotzean entxufaturik zeudelako hondatu diren aparatuak
Estaldura bera behin bakarrik ordaintzea

Hipoteka-maileguaren bidez etxebizitza erosterakoan, maileguaren berme gisa etxebizitza bera (edukia, ez) suteen aurka asegura dezan galdatu ohi dio banketxeak kreditu hori eskatu duenari. Edonola ere, poliza hori banketxeak adierazitako aseguru-konpainiarekin kontratatzeko betebeharrik ez du aseguru-hartzaileak. Areago, eraikina komunitateko aseguruak suteen kontra aseguraturik egotea ohiko kontua denez, erostunak azkenean bi aldiz ordainduko luke kontzeptu bera eta bakarra. Horri saihets egiteko, aski izango da suteen kontrako estaldura komunitateko aseguruan jasorik dagoela eta dagokion txartela ordaindua dagoela egiaztatzea. Funtsezko kontua du hori kontsumitzaileak, ezbehar bera bi aseguruk estaltzen baldin badute, bietako batek bakarrik ordainduko duelako: arauaren espirituari jarraiki, hartzaileak ezin jaso lezake aseguratutako ondasunaren balioa bi aldiz. Ideia hori era guztietako polizei aplikatu beharra dago: hutsegite mekanikoa edo istripua gertatzen bada, ibilgailuaren aseguruak konponketa egiteko behar den denbora guztian hartzaileak kortesiako automobila baliatzeko aukera izango duela ontzat ematen badu aseguruak, estaldura hori ez da zertan beste inongo polizatan jasotzerik, prestazioaz behin bakarrik izango baikara onuradun eta, beste aldetik, kontzeptu bera bi aldiz ordainduko genuke, hala gertatuko balitz.