Tranparik gabeko akademiak

Ikasketa zentro horiek araudia ongi betetzen dutela egiaztatu behar dute ikasleek
1 uztaila de 2010
Img eco domestica listado 389

Tranparik gabeko akademiak

Eguzkia, hondartza, mendia… edo akademiak. Ekaineko azterketetan emaitza onik lortu ez dutenek ikasi egin behar izaten dute udan. Akademiak eta ikasketa zentro arautugabeak (balio ofizialik gabeak) izaten dira askoren esperantza; prestakuntza osagarria eskaintzen dute, baina beti ez dute erantzuten agindu bezala. Eskolak emateari uzten diote, ez dituzte betetzen kontratuan ageri diren baldintzak edo atzeratu egiten dira ikasmateriala ikasleen esku jartzeko orduan. Berme guztiak eskaintzen dituen akademia batean sartzeko eta iruzurrak saihesteko, erabiltzaileak tentu handiz aztertu behar du merkatuan zer eskaintza dagoen, eta egiaztatu egin behar du ongi betetzen dituztela zentro horiei dagozkien baldintza guztiak.

Gorantz egiten ari den sektorea

Iazko urtean, 520.000 ikasle baino gehiago ibili ziren Espainian eskolak hartzen ikasketa zentro arautugabeetan; erakunde pribatuak izaten dira horiek, eta ez dute ematen balio akademiko ofizialik daukan titulurik. Akademia zerbitzu horietan, honako ikasgaiak hautatzen dituzte gehien erabiltzaileek: hizkuntzak, informatika, oposaketak prestatzeko saioak eta hezkuntza arauturako lagungarri diren eskolak. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak egiten duen inkesta baten arabera (Etxe bakoitzak Hezkuntzan egiten duen Gastua neurtzeko inkesta da), sektore horrek urtean 300 milioi euro inguru mugitzen ditu Espainian, eta ikasle bakoitzak, batez beste, 607 euro gastatzen ditu.

Gero eta zentro eta akademia gehiago daude. Arrazoi bat baino gehiago egongo dira horretarako, baina eragin zuzena izan du azken hamarkadan on-line edo sareko prestakuntzak eta urrutikoak izan duten gorakadak. Zentro horietan ematen dituzten ikastaro eta eskolek, oro har, ongi erantzuten diete ikasleen asmo eta itxaropenei, baina batzuetan, irregulartasunak eta egoera desatseginak gertatzen dira. Halaxe erakusten dute kontsumitzaileen elkarteetara iritsi diren galdera eta erreklamazioek: azken urteetan bikoiztu egin dira kontsumitzaileek sektore horren kontra jarri dituzten kexuak, dagozkien arauak ez betetzeagatik.

Igoera hori ikusita, kanpaina berezia jarri zuen abian 2009. urtean Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalak: Ikasketa Zentro Arautugabeen Kanpaina Nazionala, hain zuzen. Sei autonomia erkidegok parte hartu zuten, eta hauxe izan zen horien helburu nagusia: akademien jardueran garrantzi handiko diren zenbait alderdi kontrolatzea, betiere kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak aintzat hartuta. Hiru atali erreparatu zioten, bereziki: informazioari, publizitateari eta kontratazio-baldintzei. Beste zenbait erkidegok, berriz, beren kanpaina berezia antolatu zuten 2008an. Andaluzia izan zen horietako bat, eta han, datuek erakutsi zutenez, hamar akademia ez-ofizialetatik lauk ez zuten betetzen kontsumitzailea babesteko araudia.

Akademia pribatuetan ari diren erabiltzaileen kexu eta erreklamazio gehienak honako alderdien ingurukoak dira (Asturiasko Kontsumitzaileen Batasunak emandako informazioa da): kontratua eten nahi ez izatea, kontratatu diren baldintzak ez betetzea, publizitate engainagarria egitea, ikasmateriala garaiz ez jartzea ikasleen eskura eta ordaintzeko moduen inguruan gehiegikeriaz jokatzea.

Araudia eta erabiltzaileen eskubideak

Hamarkada honetako lehen urteetan, iruzur handiak egin zituzten zenbait hizkuntza-akademiak, eta ikasle askori sortu zizkieten kalteak. Hori gertatu ondoren, Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalak eta autonomia erkidegoek Dekretu-eredu bat onartu zuten 2004. urtean, ikasketa zentro arautugabeen jarduna arautzeko. Dokumentu horrek babestu egiten ditu erabiltzaileen informazio-eskubidea eta eskubide ekonomikoak. Autonomia erkidegoek bere egin dute araudi hori, eta beren eremura egokitu. Horren bidez, ikasleei sortzen zaizkien arazo nagusiei erantzun nahi diete.

Azken urteetan bikoiztu egin dira kontsumitzaileek
sektore horren kontra jarri dituzte kexuak

Formazio zentro eta akademia pribatuak biltzen dituzten elkarte batzuek ere egin eta onartu dituzte kode etikoak, elkarte horietan partaide diren zentroen jokabidea bideratzeko eta kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko. Kode horiek, oro har, erkidegoek onartu dituztenen ildotik joan ohi dira, eta antzeko araudia izaten dute. Honako alderdi hauek jorratzen dituzte, nagusiki, kode eta araudiek:

Eskaintza, promozioa eta publizitatea: akademia eta formazio zentro arautugabeetan ematen dituzten eskolak, ikasketa arautugabeak dira. Zentroak behartuta daude informazio hori ematera eta publizitate eta iragarkietan garbi adieraztera, herritarrak ez nahasteko. Zenbait akademiak, promozioa egiterakoan, erregistro zenbakiak jartzen dituzte, administrazio jakinen baimena dutela esaten dute edo indarrean dauden araudien aipamenak egiten dituzte, eta ikasleak pentsa dezake horiek badutela ezagutza edo balio ofizialen bat. Ordea, ez da fidatu behar halako xehetasunak ematen dituzten akademiekin.

Ikaslearentzako informazioa: ustekabe txarrik ez izateko, informazio xehe-xehea eskuratzea komeni da zentroari eta ikastaroari buruz. Ikasketa arautugabean ari diren akademiek jendearen bistan jarri beharra dute informazioa, iragarki taula batean. Akademiaren jabeari buruzko datu adierazgarriak ez ezik, beste hauek ere agertu behar dituzte: zer ikastaro ematen duten, zer ordainketa-baldintza dauden, zer ordutegi duten, kontratua eteteko eskubidea onartzen duten edo atxikita dauden kontsumoko arbitraje sistemari.

Eskaintzari dagokionez, informazio esku-orriak jarri behar dituzte ikasleen eskura. Komeni da dokumentu horiek ongi gordetzea ikastaroa amaitu arte, hor ageri den informazioa loteslea da-eta erreklamazio bat egin nahi izanez gero (baita informazio hori kontratuan ageri ez bada ere). Honako xehetasun hauen berri eman behar du esku-orriak:

  • Zentroari eta jabeari buruzko datu adierazgarriak.
  • Ezaugarri pedagogikoak edo ikasketaren ezaugarriak (argi esan behar du ez dela ofiziala).
  • Ikastaroaren programa, guztiz zehaztua: noiz hasi eta bukatuko den, zenbat eskola ordu izango dituen, zer ordutegi izango duen eta non egingo den, eta zer material behar den.
  • Talde bakoitzak zenbat ikasle izango dituen, bai gutxienez eta bai gehienez.
  • Irakasleen titulu akademikoa edo lan-gaitasuna.
  • Ikastaroen prezioa. Ongi zehaztu behar dute matrikulak edo izena emateak zenbat balio duen eta zenbat ikasmaterialak; gainera, hilabete bakoitzean edo ordainketa aldi bakoitzean zenbat ordaindu behar den ere jakinarazi behar dute. Eta ordainketa nola egingo den ere adierazi behar dute.
  • Akademiak aseguru edo bermeren bat kontratatua baldin badu erabiltzaileek aurrez jartzen duten dirua *Kontratua eteteko eskubiderik baden edo ez, eta zer epetan eta baldintzatan egin daitekeen.

Ordaintzeko moduak: “Akademia itxi dute, eta kalean utzi dituzte ikasleak, eskolarik gabe eta 1.600 euro galduta”. Oraindik ere ikusten dira gisa horretako ohar eta salaketak kontsumitzaileen elkarteetan, eta horrek zera adierazten du: izena emateko asmotan dabiltzanek arreta handiz aztertu behar dute zer ordainketa modu dituen zentro bakoitzak, eta zer berme eskaintzen dituen. Gomendio ofizialen arabera, hilero kuota bat ordaintzeko modua ematen duten akademiak hautatu behar dira.

Ikastaroa aurrez ordaindu behar bada, zentroak argitu behar du ea eskura ordaindu behar den edo epeka. Azken aukera hori izanez gero, akademiek adierazi egin behar dute zer kopuru den ordaindu beharrekoa, zenbat kuotatan egin behar den eta erabiltzaileak noiz bukatuko duen ordaintzen. Horrez gain, epeka ordaintzekoa denean, ikasleak hauta dezake zer finantza erakundetan egin nahi duen; ez du zertan zetroari ordaindu edo hark esaten duen bankuan egin.

Ikasleentzako aholkuak
  • Ez zaio erreparatu behar ikastaroaren publizitateari soilik. Izena eman aurretik, zehatz-mehatz jakin beharra dago zer eduki landuko diren, zenbat eskola ordu izango diren, gehienez eta gutxienez zenbat ikasle izango dituen taldeak eta irakasleek zer prestakuntza duten. Informazio hori guztia eskuratu, eta gauzak argi ikusten ez badira, beste laku batzuetan begiratzea da onena.
  • Publizitatean eta esku-orrietan ageri diren edukiak lotesleak dira, eta erabiltzaileak erabil ditzake horiek kexu edo erreklamazio bat egin nahi badu.
  • Zenbait elkartek beren kode etikoak dituzte, eta horiek berme gehigarria dira erabiltzaileentzat. Formazioa Zentro eta Akademia Pribatuen Espainiako Konfederazioak edo Hizkuntzen Ikasketa Zentroen Espainiako Federazioak, esaterako, badute beren kodea, eta erakunde horietako kide den akademia bat hautatzea izan liteke egokiena.
  • Ordainketa-baldintzak negoziatzeko aukera eman behar dute. Akademiak ikastaroa emateari utzi eta ustekabe txarrik ez izateko, hobe da hilero kuota bat ordaintzeko modua ematen duen akademia bat hautatzea, eta ez diru guztia aurreratzera behartzen duena.
  • Ikasleak erabakitzen badu akademiak kudeatuko duela finantzaketa, zera eskatu behar luke, elkarri lotuta egon daitezela kreditu-kontratua eta ikastaroa hartzea. Hartara, bukatu aurretik etengo balitz ikastaroa, handik aurrerako kreditua ez litzateke ordaindu beharko.
  • Finantza erakunde bat hautatzerakoan, aukera bat baino gehiago aztertzea komeni da; bakoitzak zer baldintza dituen ongi begiratu, eta norberari gehien komeni zaiona aukeratu behar da.
  • Kontratua sinatu eta kopia bat gorde behar du ikasleak, eta hari lotuta dauden kontratu, faktura edo ordainagiri guztiena ere bai.
  • Zenbaitetan, kontratua ez da sinatzen formazio zentroaren egoitzan, beste leku batean baizik; adibidez, ikaslearen etxean. Hala egin bada, ikasleari kontratuaren kopia eman behar diote eta baliogabetze-dokumentu bat ere bai, zeinaren bidez kontratua eten ahal izango duen zazpi egunen barruan, inolako arrazoirik eman gabe.
  • Publizitateak edo esku-orriak esaten badu enpresetan ikastaldiak egiteko aukera ematen dutela edo ikaslea lan poltsa batean sartuko dutela, egiaztatu egin behar da hori hala ote den, eta ikastaldia edo lan jarduera egingo den enpresarekin zer akordio duten ere argitu behar da.
  • Oposizioak prestatzeko eskolak eskaintzen dituztenean, oposizio deialdi jakin hori indarrean dagoen edo ez egiaztatu behar da.