Etxetresna elektrikoak eta eraginkortasun energetikoa

Prestazio berberetan, aurrezki galantak

1 uztaila de 2005
Img eco domestica listado 119

Prestazio berberetan, aurrezki galantak

/imgs/20050701/eco_domestica01.jpg
Espainiako Energiaren Aurrezkia Dibertsifikatzeko Institutuaren arabera, estatu horretako etxebizitzetan erabiltzen den energia gehiena kalefakzioan eta ur bero sanitarioa ekoiztean baliatzen da. Bi sail horiek, batuta, familiaren energi gastuaren %66 osatzen dute; gainerako %34 etxetresna elektriko (%16), sukalde (%10), argiztapen (%7) eta aire girotuan (%1) gastatzen da. Kontuan izan behar da gure etxebizitzetako ekipamenduen erabilera eraginkorra eginez energia dezente aurrez daitekeela; horregatik berebiziko garrantzia dauka aparatu horien datuak aztertzea: epe ertain eta luzera, etxetresna merkeak garesti gerta daitezke, beren kontsumo elektrikoaren gaineko informazioari arretaz erreparatzen ez bazaio. Jomuga horrekin, Europar Batzordeak 1989 urtean etiketa energetikoen sistema jarri zuen martxan, tresna bakoitzak zenbat energia kontsumitzen duen erabiltzaileari jakinarazteko -energia baliatzeko era ez ezik, bere kostu eta eraginkortasunari dagokionez orobat- eta, bide batez, ingurugiroko kutsadura kontrolatzen laguntzeko, planetan dabilen energia gehiena iturri agorgarrietatik erdietsia baita.

Etiketa energetikoez bi hitz

  • Hainbat etxetresna elektrikok derrigorrezkoa dute etiketa hori, hala nola, hozkailu, izozkailu, arropa-garbigailu, lehorgailu, baxera-garbigailu eta etxeko lanparak.
  • Etxetresna elektrikoa eraginkorra da baldin eta, beste batzuek baino energia gutxiago kontsumituz, prestazio berberak ematen baditu.
  • Badira zazpi etiketa (A, B, C, D, E, F, G), horietako bakoitza kolore banarekin identifikatuak daudenak. A etiketadun etxetresna elektrikoen kontsumoa da denetan eraginkorrena eta G letra agertzen dutenak, aldiz, eginkizun berdinean gehien kontsumitzen dutenak.
  • Etiketak etxetresna-multzo berean bakarrik konpara daitezke: ez da berdin interpretatu behar D etiketa bonbilla batean edo garbigailu batean.
  • Nola “zehazten” dira energi eraginkortasuneko etiketak? Une jakin batean hozkailu, garbigailu eta gainerako etxetresnen urteko kontsumoa neurtu zen eta azterturiko tresnen batez besteko kontsumoari D eta E letren arteko tokia eman zitzaion (hots, A eta G letren erdibidean dauden mailak. Hortik aurrera, gainerakoak ere kalkulatu ziren.
  • A klaseko etxetresna baten eta C klaseko beste baten prezioen arteko aldea bost urtean amortizatzen da, kontsumo txikiagoari esker.

Etxetresna elektrikoak etiketatzen dituztenak ez dira erakunde independenteak, fabrikatzaileak berak baizik, laborategi homologatuen zerbitzuak egiaztatu ondoren. Gogoan izan, laborategi-proba horietan onartzen den akats-tartea %15erainokoa dela. Adiera horretan, kontsumitzaileen elkarte zenbaitek agindutako txostenek diotenez, “etiketan adierazitako energi klase hori ez dator bat beti-beti errealitatearekin; areago, aparatua benetan dagokion klasean baino garaiago batean agertu izan da maiz antzean”.

/imgs/20050701/economia_greu.jpg

Aurrezkia nola egin

Hozkailuetan

Etxetresna elektrikoaren kontsumo eta errendimendu mailetan datza aurrezkiaren giltza. Esate baterako, A klaseko hozkailu-izozkailu batek urtean 340kWh kontsumitzen du, D klaseko batek baino %48 gutxiago eta G klaseko batek baino %60 gutxiago. Aparatu horrek aurretik omen duen hamar urteko bizitzan G klaseko tresna batek baino 5.100 kW orduko (hots, 400 euro inguru)gutxiago kontsumituko lituzke.

Etiketa energetikoez gainera, beste hainbat konturi ere erreparatzea komeni izaten da, hala nola:

  • Klase klimatikoa: hozkailuen funtzionamendu hobezina bermatzeko fabrikatzaileek aholkatzen duten giroko tenperatura. Letren bitartez adierazten dute:
    • SN 10ºC- 32º C
    • N 16ºC- 32ºC
    • ST 18ºC- 38ºC
    • T 18ºC- 43ºC
  • Tenperatura-aukeraketa: hozkailua 5 ºC-tan eta izozkailua -18ºC-tan mantentzea aholkatzen dute fabrikatzaileek.
  • Tamaina: ez erosi behar baino hozkailu handiagorik, behar baino gehiago kontsumituko baitu, zuk etekinik atera gabe.
  • Jela eta izotza: elementu isolatzaileak direnez, hozkailuaren barrualdea hoztea eragozten dute. Aspaldi honetan, aparatuaren barnealdean airea etengabe zirkulatzea bideratzen duten no frost (izotzik gabe) motako modeloak daude salgai merkatuan.

Arropa- eta baxera-garbigailuak

Zer nahiago dugu, ikuzketa merkea ala azkarra? Erantzunaren arabera, hurrengo aholkuak ematen dituzte fabrikatzaileek:

  • Ikuzketa sakona: energia gehien kontsumitzen duena, ur beroagoaren beharra baitu. Arropa zikin-zikina dagoenean edo kazuela zein paderak intentsitate biziagoz ikuzi behar direnean aholkatzen dute hau. Azkarragoa da, baina dezente gehiago kontsumitzen du.
  • Ikuzketa ekologiko edo merkea: energia elektriko gutxiago kontsumitzen du -baxera-garbigailuetan tenperatura ez doa 50 ºC-tik gora- baina ordubete edo gehiago iraun dezake.
  • Karga: ikuzgailuak martxan jarri aurretik, ondo bete arte itxoitea komeni izaten da, horrela edo erdi hutsik berdin-berdin kontsumituko dute eta. Hainbat kontu bereizi behar ditugu hor: batetik, aparatuaren energi kontsumoa eta bestetik erabiliko duen ur kopurua. Erabilitako ur kopurua baino dezente eragin handiagoa du kontsumoaren igoeran tenperatura altxatzeak, hau da, ur hotzetik berora eta berotik oso berora (50º C-tik gora) pasatzea. Erne karga erdiko programekin: ur gutxiago bai, baina besteak adina energia kontsumitzen dute.
  • Tamaina: gure etxeko premien araberako baxera-garbigailua erosteak garrantzi handia du. Baxera gutxi daukanak edo baxera maiz ez darabilenak nekez beteko du aparatua; beraz, karga erdiko programa erabiliko du luze gabe.
  • Egun arropa- eta baxera-garbigailu termikoak ditugu salgai merkatuan: bi ur-hartune independente dauzkate horrelakoek, batetik ur beroa hartzen dute eta bestetik ur hotza. Horrela, beroa ur-berogailutik hartzen da, denbora eta energia aurrezkien mesedetan.