Ate blindatu, korazatu eta segurtasunekoak

Premia eta patrika guztien araberakoak

1 martxoa de 2004
Img listado ecodomestica

Premia eta patrika guztien araberakoak

Bi minutuz behin lapurreta bat gertatzen da Estatuan. Joan den urtean Estatu horretako 258.000 etxebizitzek nozitu zuten lapurren eragina, Unión Española de Entidades Aseguradoras elkarteak eginiko txostenaren arabera. Ebaspen horiek populazioan sortu duten larritasunak bultzaturik, familiek segurtasun neurrietan inbertsioa egitera jo dute. Hasteko, etxebizitzako ate zaharraren ordez beste bat, seguruagoa, jartzea erabaki dute. Adituek diotenez, lapurretari aurre egitea dela eta, eskakizun handieneko ateak hiru dira: segurtasunekoak, blindatuak eta korazatuak. Mota bakoitzak berariazko ezaugarri eta prezioak ditu. Denetan soilen eta merkeena segurtasuneko atea da. Ate blindatua eta ate korazatua bereizten dituen elementua egurren tartean, beteki gisa, ipintzen den altzairuzko plantxa da. Ate korazatuak blindatuak baino altzairu gehiago daukanez, garestiagoa izaten da.

Ate blindatuak

Bulego eta dendetako ate nagusian gehien jartzen direnak dira hauek, baina geroz eta gehiago ezartzen ari dira etxebizitza partikularretan. Hiru modeloetan tartekoa aukeratuta, ate soilenaren prezioa 400 euro ingurukoa da. Orria -hau da, atea itxi eta irekitzeko plaka- egur, aleazio eta metalez osatuta dago, eta atearen bi azalerak bi zentimetroko lodiera duten altzairuzko txapez estaliak daude.

Ezaugarri nagusiak:

  • Sarraila: eskuarki, gakoak erabiliz edo zulaketak eginez ezin erauz daiteke honelako sarrailek daukaten zilindroa, eta 500 kilorainoko pisua izan dezakete (dena den, karga hori aukeratutako atearen tamaina eta modeloaren araberakoa da). Segurtasuneko ezkutu bikoitzeko sarraila ezartzea aholkatzen dute adituek
  • Giltza: konputatuak izaten dira, hau da, atearen neurrira eginikoak. Giltza kopiatzea kontu samurra ez denez, atea instalatzean bost giltza entregatzen zaizkio nagusiari, nahi duen eran bana ditzan. Giltza bat etxebizitzatik kanpo uztea komeni izaten da, konfiantzako norbaiten ardurapean. Bestela, giltza ahaztu edo galtzen bazaio erabiltzaileari, atea instalatu dutenek lauzpabost ordu beharko dituzte irekitzeko. Gainera, sarraila eta altzairuzko plaka hautsiz bakarrik ireki daitezke.
  • Profilak: ate barneko altzairuzko plakek atea irekitzeko asmoz palankak erabiltzea galarazten dute.
  • Behatxulo panoramikoa, 180 gradukoa
  • Material erragaitzak: suaren, gasen, kearen eta beroaren igarobidea galarazten duten materialez fabrikatua dago. Isolatzaile akustiko egokia da, halaber.
  • Lau aldeetatik blokeatzea: giltzari eragin ondoren, atea lau aldeetatik blokeatuta dago. Horrek esan nahi du ateak dauzkan altzairuzko barra guztiak batera mugitzen direla: horietako bat sabaiko markorantz doa, bigarrena lurrera, hirugarrena bisagra aldera eta laugarrena sarrailarantz. Lau aldeetatik blokeatzen ez diren ateak ere badira salgai merkatuan. Aurrekoek ez bezala, muturrean berunezko txanoa daukaten ziriez hornitutakoak ere badaude. Dena den, adituek aurreneko plegukoak jartzea gomendatzen dute.

Eragozpena
Altzairuzko barrez hornituak dauden arren, barruan egurra ere badaukatenez, etxean sartu nahi duenak altzairu tarteetan palanka sartzerik izango du.

Ate korazatuak

Egun, ate blindatuen biderkatze eta merkatzea dela medio, korazatuak balio handi-handiko objektuak -antzinako altzariak, artelanak, etc.- dauden tokietan bakarrik ezartzen dira ia, baina ospakizun bereziak egiten diren museo eta jauregietan ere ipintzen dira honelako ateak.

Ate korazatuak, oro har blindatuak bezain ahulak ez direnez, altzairuzko hodi, hormigoi berezi, era askotako aleazio eta zurruntzaile izenekoez osatuak daude (azken horiek barne eta kanpo alderdietan ezarritako altzairuzko plaken sendotasuna mantentzeko xedez, atearen azaleran txertatzen diren elementuak dira). Altzairuzko plaken gainean bezeroak nahi duen motako egur plantxak ipintzen dira. Denetan merkeena sapelli da; prezioen zerrendako beste muturrean, berriz, intxaurrondoa, haritza eta pinua agertzen dira. Horien bereizgarri nagusia zein-nahi modutako erasoei ezartzen dieten erresistentzia handia da.

Ezaugarri nagusiak:

  • Ixteko mekanismoak. Markoaren estrukturan txertatzen dira. Honelako ateetan ipintzen den sarraila merkatuan daudenen artean seguruenetakoa omen da. Maratilak luzanga, biribil edo laukizuzenak izatean datza honelako ateen sona. Atea itxitakoan, goialde, behealde eta alboetan aktibatzen da sarraila.
  • Sarraila. Hona beste aukera bat: konbinazioko sarraila instalatzea. Kutxa blokeatzeko erabiltzen dira honelako aparatuak, eta era askotakoak izan daitezke: mekanikoak, atzerapenez funtzionatzen dutenak, elektronikoak, digitalak, etc. Denetan ohikoenak hauek dira:
    • Diskoen konbinaziodun sarraila. Hamaika konbinazio egin ahal izatea du abantaila nagusia.
    • Sarraila elektronikoa. Une jakin batean konektatu eta berehala deskonektatzeko aukera emateaz gainera, kode baten bitartez blokeatu eta atzerapenez funtzionaraz dezake erabiltzaileak.
  • Bisagrak: zerra eta palankak aritzea galarazten duten errefortzuez hornituak.
  • Inguru gotor eta finkapenak: burdinazkoak dira eta, atearen barrualdea bezala, erabat altzairuz eginak daudenez, ez dute ahulunerik.

Eragozpena
Prezioa: batez beste 1.200 euro kostatzen dira.

Segurtasuneko atea

Etxebizitza partikularretan ohikoena da. Kanpoko atean ez ezik, barruko gela eta bestelako espazioetan ere jartzen da horrelakorik.

Ezaugarri nagusiak:

  • Den-denak ez dira altzairu hutsez osatuak izaten.
  • Prezioa: ate blindatu edo korazatuarena baino askozaz ere merkeagoa. Denetan soilena, baliaturiko egur edo materialaren arabera noski, 300 euro inguruan dabil.
  • Oinarrizko material hori -egurra, metala edo PVC-, gasaren eta suaren aurrean erresistentzia ezartzen duten profil bertikal eta horizontalekin indartzen da.
  • Sarraila: segurtasuneko zilindroak dauzka, gakoen bidez ezin erauz daitezkeenak.

Eragozpena
Ez da beste biak bezain segurua. Ate guztiek ez dauzkate palankaren erabilera galarazteko segurtasuneko profilak.