Etxea pintatzea

Pazientzia eta ordena, funtsezkoak

Udazkena izan daiteke etxeari garbitu bat emateko sasoi aproposa. Eguraldi gorabeherak lagun ditugula "hau da, gelak egurastu egin ditzakegu, gehiegizko bero zein hotzik nozitzeke" eta giroa oraino ez da hezeegia.
1 iraila de 2001
Img listado economia

Pazientzia eta ordena, funtsezkoak

Horma eta pareten kolorea aldatzeko erabakia harturik, bi aukera ditugu, funtsez: profesionalaren zerbitzuak kontratatzea edo lanean geu saiatzea. Pintatzaile bat ekarri nahi badugu, ongi eginiko lanaren bermea ia segurua izango dugu baina, hori bai, 90 metro karratuko etxebizitza arrunt bati dagokion ohiko gastua 170.000 pezetakoa izango da, paretetan konponketak egin behar ez direnean eta pintura estandarrak aukeratzekotan. Lana guk geuk egitea deliberatzen badugu, bestelako kalkuluak egin beharko: 15.000 pezetako ekipo edo tresneria eta, 20 metro karratu bakoitzeko, 3 litro pintura (1.000 pezeta inguru litroko), eman beharreko bi eskuetako bakoitzean. Hau da, premiazkoa den denboraz gainera, 42.000 pezeta inguru gastatuko ditugunez, aurrezkia 125.000 pezetakoa izango da, hor nonbait.

Hasi aurretik

Lana erraz eta eraginkorrago gerta dadin, hobe dugu hurrengo tresneria eskuratzea: eskailerak, babesteko zinta (400 pezeta biribilkia), maindire edo zatarrak (pintatu ezin daitezkeen elementu finkoak estaltzeko), espatulak (500 pezeta), lixa (100 pezeta), eragilea (500 pezeta), aurreko pintura erauzteko beharrezkoak; gutxienez, hiru tamainatako pintzelak, ile sintetiko edo naturalekoak (hauek garestiago badira ere, gehiago irauten dute): 200 pezetatik hasi eta 1.300 pezetaraino kostatzen da bakoitza; arrabolak (700 pezeta) azalera handiak, sabaiak eta paretak pintatzeko eta, azkenean, ontziak. Arrabola aukeratuz gero, bandeja beharko dugu; pintzela nahiago izatekotan, gaiak nahasteko adibidez, bestelako ontziak ere izango ditugu premiazkoak. Hermetikoki ixtekoak baldin badira, hautatu horrelakoak: nahasketa bera aurrerago erabiltzeko aukera emango digute eta.

Pintura aukeratzea

Alor honetan aditua ez bazara, lortu nahi den bukaera eta dagokion azalerarentzat pintura egokiena aukeratu aurretik, hobe dugu aholkua eskatzea. Kolorea zaletasunen arabera aldatzen den arren, zerrenda komertzial batekoa izan edo nahasi behar ditugun tonuak erosita ere, hamaika aukera ditugu eta, hortaz, erabaki aurretik ongi finkatu behar dugu iritzia. Zerrenda komertzialetako koloreak azalera txiki-txikietan agertzen dira baina, errealitatera eramanik, dezente bizi eta agresiboago dirudite. Beraz, bainila tonuko horia nahi badugu, hobe da beilegi hitsa daukan potea aukeratzea. Kontuan hartu, horrez gainera, kolorearen tonua argitasunak (artifizial zein berezkoak) aldatzen duela. Kopuruak kalkulatzeko, estali beharreko azaleren zabalera eta luzera neurtu behar ditugu, tarteak (leihoak, ateak, etab.) salbuetsi gabe. Hobe da guk hautatu dugun pintura horren litroak zenbat metro pintatzen duen eta zenbat esku eman behar diren hornitzaileari galdetzea, emaitza on-ona erdietsi nahi badugu.

  • Latex eta sabai aizunentzako pinturak. Berehala lehortzen dira, pintatzeko uneko usaina onartzeko modukoa da eta erraz aplikatzen dira. Mate du bukaera. Metal, azulejo eta zeramiketan izan ezik, gainerako azalera guzietan emateko aproposa. Litroak 12 metro karratu estaltzen ditu eta bere prezioa 1.100 pezetatik hasita, 1.500 bitartekoa da, litroko.
  • Satinola. Aurrekoa bezain azkar lehortzen ez delarik, pintatzeko uneko usaina bizi-bizia da eta aplikatzea ez da oso kontu erraza (orbanak sor daitezke oso-oso berdin margotu ezean, tantak eta arrasto itsusiak nabarmenduz). Gaizki pintaturiko atalak ez du konponketarik: pareta osoa margotu behar da berriro. Bukaera distiratsua da. Igeltsuzko bukaera bikaina duten azaleretan baizik ez ematea aholkatzen da, pintura-mota honi dagokionez. Litroak 12 metro karratu estaltzen ditu eta bere prezioa 700 pezetatik 1.900 artekoa da.
  • Esmalte sintetikoa. Azkar lehortzen da, pintatzeko uneko usaina onartzeko modukoa da eta aplikatzeak ez du inolako arazorik aurkezten. Bukaera distiratsua du. Metal eta egurrezko azaleretan (marko eta leihoetan, kanpoaldean paregabeko erresistentzia duelako) ematea aholkatzen da. Litroak 14 metro karratu estaltzen ditu eta bere prezioa 2.400 pezetatik 3.300raino doa.
  • Pintura plastikoa. Azkar lehortzen da, pintatzeko uneko usaina ez da nabarmenegia eta, jakina denez, uretan garbitzeko aukera du abantaila nagusia. Aplikatzeak inolako arazorik ez duenez eta asko estaltzen duelako, sabai eta paretak pintatzeko aholkatzen da. Litroak 20 metro karratu estaltzen ditu eta 800 pezetatik 1.100erainoko prezioan eros daiteke. Markaren batek kilotan adierazten du tamaina.

Lana antolatzea

Pintatze-lanetan hasi aurretik hobe da gela egurastea eta, berehala, partikula hegalariak ekar ditzakeen aire-korronterik altxa ez dadin, ate-leihoak ixtea, partikula horiek, bestela, pintura hezeari itsatsiko litzaizkioke eta. Pintatzen hasteko modurik egokiena hauxe da:

  • Lehen urratsa: hasi sabaia pintatzen. Paretetara igaro aurretik, eman nahi ditugun esku guztiak.
  • Bigarren urratsa: paretak hurrena. Hasi pareta bateko eskuineko goi bazterretik; hurrengo azalerara igaro aurretik, aurrekoa erabat bukatu behar dugu beti. Eskualdi guztiak norabide berean emango ditugu.
  • Hirugarren urratsa: ate-leihoak. Estali beti berariazko zintarekin pintatu behar ez diren elementuak (bisagrak, sarrailak, beirak, etab.).
  • Laugarren urratsa: zokaloak pintatzea, lurzoruko ertza zinta horrekin estalita, pinturaz zikin ez dezagun.

Profesionalari agindutakoan…

Etxea pintatzea profesional baten eskuan uztea nahiago izanez gero, hainbat kontu gogoan izan beharko ditugu. Prezioa zehazteko bi oinarriak hauek dira: pintatu beharreko metro karratuen kopurua eta pintura-mota (honek lanaren prezioa zerbait altxa dezake, baina ez askozaz ere garestiago bihurtu). Etxe arrunt batek 90 metro karratu baditu, 170.000 pezeta inguru kostatuko zaigu pintatzea, eta profesionalen jardunak hiru egun iraungo du. Gaur egun dauden pinturak erabiliz, ez da ohiko kontua etxea gauez hutsik utzi behar izatea, lanaren antolamenduak hainbat gela libre edukitzea ahalbideratzen diolako langileari. Ahal den neurrian, haien lana erraztea komeni izaten da, altzariak baztertuz edo koadroak kenduz, laneko denbora (eta, horren ondorioz, fakturako munta) murriztu egingo delako.

Pintatzea eta ekologista izatea

Etxea pintatutakoan, tresneria eta ontziak behar den edukiontzian uzteaz gainera, bestelako neurriak ere har ditzakegu. Pintatzen ari den bitartean eta lanean amaitu ondoren ere ingurugiroa zaintzea merezi du: gogoan izan dezagun gai horiek biziki toxikoak direla, sekula ez biodegradagarriak. Material horiek tratatzeko sistema egokia, beti bi ontzi erabiltzea da: lehendabizikoan brotxak, poteak eta tresneria garbituko ditugu eta, azkenean, ontziak berak. Ur (edo olio) eta disolbatzailez osaturiko pintura-mota guztietarako balio du horrek. Ez ahantzi, ontziak mugitu ohi izatearen eraginez pinturako solidoak likidotik bereizten direla eta, horrela, osagai bakoitza eskuratzea errazago izango dugula.

Pintatu ondoren

Urez osaturiko pinturak direnean

  • Ontziak: Lana bukatutakoan, ontzi barruan geratu diren pintura-hondarrak garbitu behar dira. Zeregin horretan, erabili zerbait xukatzailea, hala nola zatarrak, egunkari zaharrak edo kartoi pusketak. Utzi latak lehortzen eta, azkenean, jarri etxeko zakarrontzian.
  • Brotxak eta gainerakoak: garbitu itzazu brotxak, arrabolak eta gainerako tresnak 20 bat litroko ontzian, uretan. Garbitutakoan, sartu ur garbiz beteriko ontzian eta araztu bertan lanabesak. Itxi ontziak beren estalkiekin edo bestela, baina segurantziaz ahantzi gabe, gau osoa horrela egon daitezen.
  • Biharamun goizean pinturaren osagai solidoak hondoan egongo direnez, likidoa isuri egin daiteke. Ez bota inola ere ontzi horietakoa erreka, ibai edo lakuetan, edo lurrak irents dezakeen tokietan. Hustu ondoren, garbitu ontziaren hondoan geratu den osagai solidoa, zatar, kartoi edo egunkari zaharrekin igurtziz. Utzi lehortzen eta sartu plastikozko poltsa batean, azkenean etxeko zaborrarekin batera botatzeko. Bigarren ontziak, orain, lehen garbiketa egiteko balioko digu. Antolatu garbitzeko errotazio-sistema honela, lana amaitu arte.
Disolbatzaileak dauzkaten pinturak direnean

Urez osaturiko pinturak tratatzeko prozedura berbera aplikatuko dugu orain ere, salbuespen hauekin:

  • Tresneria garbitzeko, uraren ordez, erabili disolbatzaileak.
  • Utzi lehen ontzia gutxienez 24 orduz lehortzen.
  • Ez isuri disolbatzaile garbia lurrean edo uretan; balia ezazu ontzi bat eta gorde, geroago erabiltzeko.
  • Ahalik eta disolbatzaile gutxien baliatzea komeni da.
  • Kontuz: ez utzi tresneriak garbitzean geratzen diren ura edo disolbatzaile kimikoak lurrean, horrela lurrak iragazi egingo lituzke eta: horrek, arrain eta uretako bestelako organismoen biziraupenean eragin kaltegarria izan lezake, oxigenoa murriztuko lukeelako.