Motorrari asegurua egitea

Obligazioa betetzea, kontu zaila

Ibilgailuak aseguratzea legezko betebeharra dute motorren nagusiek eta, azkenean, benetako buruko mina bihur daiteke.
1 urria de 2001
Img listado economia

Obligazioa betetzea, kontu zaila

Automobilei asegurua egiteak ekartzen dien errentagarritasun eskasaren datuak eskaintzen dituztelarik, motorrekin sekulako galerak izaten dituztela diote aseguru etxeek. Horrenbestez, aseguru-erakunde askok motor handi eta txikiak aseguratzeko arriskua hartzeari uko egindakoan, gidariak aukera bakarra izaten du: Aseguruen Konpentsazio Kontsortziora jotzea. Erakunde horrek asegurua egin behar dio nahitaez eskatzaileari: legeak herritarrari horrelako ibilgailuak baliatzea onartzen badio, poliza kontratatzeko obligazioa bete dezan aukera ere eman behar dio eta. Baina Kontsortziora joan daiteke, baldin eta hiru konpainiak asegurua egiteari uko egin digutela frogatzen bada, ez bestela. Dena den, bide hori gaur egun ohiko kontua bihurtzen ari da, pixkanaka. Izan ere, 2000. urtean ziklomotorren primen %95 Kontsortzioren eskukoak izan ziren. Orain, ziklomotorren salmenta erdira jaitsi izana ez da harritzeko gauza, Kontsortzioak finkaturiko tarifa berriak askoz ere garestiagoak direla kontuan izanda: egun, erakunde horrek 49 zentimetro kubikoko (cc) motor bat aseguratzearren 57.000 pezeta kobratzen dizu urtean; hortik 350 cc-ra arte, 62.000 pezeta, eta hori baino zilindrada handiagoko motorrak aseguratzeagatik, 122.000 pezeta.

Konpainia aseguratzaileak

Kontsortziotik kanpo, ostera, zailtasunak ugaldu egiten dira: aseguru-konpainia gehientsuenek motor eta ziklomotorrei asegururik inondik ere ez egiteko jarrerari irmo eusten diote. Kalkuluen arabera, istripu (txikiena izanik ere) baten ondorioz lesiorik gertatu eta gidaria larrialditara eramaten baldin badute, gutxien-gutxienez 98.000 pezetako gastuari aurre egin beharko dio konpainiak, prezio horixe eskatuko baitio Gizarte Segurantzak aseguratuaz arduratzearren. Noski, motorraren karrozeria gidaria bera dela kontuan izaki, zikloturismoen istripu gehienetan sendagilearen esku hartzea ezinbestekoa izango da.

Motorrentzako asegurua eskaintzen duten konpainia urri-urrietan, berriz, nekez kontratatu ahal izango da prima bakartzat: konpainiakoek ahaleginak egingo dituzte gidariak motorraren aseguru horrekin batera automobilarena, etxekoa, bizikoa edo beste zeinahi ere sina dezan. Ostera ere, horien argudioa betikoa da: motorra aseguratzeak ekartzen dizkien galerak ez direla inola ere orekatzen poliza hori bakar-bakarrik kontratatuz. Horrelakoetan, apenas hartzen diren gogoan adina eta gidabaimenaren aspaldikotasuna eta, areago, motorraren zilindrada bera ere, oso-oso gutxi. Azalpena begi bistakoa da: 1.000 cc-ko motorra aseguratzearen prezioa 49 cc-koaren polizaren ia bikoa bada ere, istripua izateko arriskua berdintsua dela diote estatistikek. Eta, berebiziko galerak ondorioztatzen dituena sendagileen atentzioa dela jakinik, konpainiek aplikatzen dituzten tarifetan, arrisku horri ibilgailuaren zilindradari baino balio handiagoa aitortzen zaio. Horrenbestez, ziklomotor txikien jabeek dezente gehiago ordaintzen dute, proportzioan.

Derrigorrezko asegurua eta beste deus gutxi

Motor-kontzesionario jakin batzuetan eta salbuespen gisa, motorren polizek ez dituzte automobilenek eskaintzen dituzten aukera berak, frankiziarekin nahiz frankiziarik gabe arrisku orotarako asegururik ez baitago horientzat. Motorrentzako oinarrizko polizek legeak agindutako gutxien-gutxienekoa baizik ez dute betetzen: istripuetarako derrigorrezko asegurua besterik ez dago, alegia. Kontratu horren bitartez, ibilgailuak hirugarrengoei eta horien ondasunei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzen ditu, biktima bakoitzeko 56 milioi pezeta eta kalte materialengatiko bermea 16 milioi pezetakoa izaki, gehienez ere.

Legez betebeharrekoa ez bada ere, erakunde aseguratzaileek ezinbestekotzat jotzen duten erantzukizun zibileko asegurua erantsi behar zaio prima horri. Bereziki mesedegarria du hartzaileak aseguru hori, era horretan mugarik gabeko erantzukizun zibila bermatzen baitio bere buruari. Era berean, zilindrada handiagoko motorren kasuan, ohiko polizari bidaiako asistentzia eta defentsa juridikoa gehitzea ere onuragarri gerta daiteke, bidai luzeetako balizko kalteei saihets egiteko eta, istripurik gertatzekotan, lege-alorreko gastuak prebenitzeko. Baldintza horiek beteta, azken tarifa ez dabil Kontsortzioak adierazitako horretatik oso urruti eta, 45.000 pezetatik aurrera ziklomotorrentzako aseguruak edota motor handientzat 100.000 pezeta inguruko polizak aurki daitezkeen arren, aseguru-konpainiek prezioetan ez dihardute elkarren lehian

Aseguruaren titularrak, gurasoak

Eskuratutako datuen arabera, kalerik kale dabiltzan lau ziklomotorretatik batek ez bide du derrigorrezko asegururik. Erabiltzaileak argudiatzen duenez, orduko 50 kilometrora iristen ez den ziklomotor baten eta orduko 200 kilometroko abiadura erraz hartzen duen motor handi baten polizen arteko aldeak ez du ez hanka, ez buru. Nolanahi ere, konpainiek bereari eusten diote beti: kontua ez da ibilgailuari egin dakizkiokeen kalteak, lagunei ordaindu beharrekoa baizik. Ohikoa da, beste aldetik, zilindrada txikiko ibilgailu horietan aseguruaren titularra ez izatea gidaria bera: seme-alabek erabili beharreko motorraren legezko gidari agertzen dira gurasoak aseguratzaileen aurrean. Gainera, istripua jazotzekotan, eraginiko gastuak aseguruaren titularrari egozteko eskubidea dauka aseguru-konpainiak, horrelako jokaera ohikoa ez bada ere, egiari zor. Beste horrenbeste gertatzen da kaskoa jantzirik ibiltzeko obligazioarekin. Araua ez betetzea zehapen administratiboa ezartzeko motiboa den arren, konpainiek ez dute baliatzen gorabehera hori beren buruaren alde.

Bigarren eskuko motorren asegurua

Bigarren eskuko motorra saldu edo erostean, gogoan eduki beharreko kontua da asegurua ez dagokiola ibilgailuari, gidariari baizik; beraz, nahiz eta motorra jabez aldatu, polizak bere horretan segituko du. Konpainiarekin prima negoziatzeko orduan akordiotara iristeko ahaleginak egin daitezke, baina argi eduki beharra dago motorra erostean ez dugula erosten aseguru-poliza.

Motorrei asegurua egiteko zailtasuna beste gorabehera askok bihurtzen dute zailago. Inoiz edo behin gidatzen dituen antzinako beribil mordoska baten jabeak ibilgailu bitxi horiek guztiak poliza bakar batean sartzeko abantailaz balia daiteke baina ezin egin dezake horrelakorik antzinako motorrak dauzkanak: honek, motor bakoitzarentzat poliza bana egin beharko du. Izan ere, oraindik orain ohiko kontua zen zaleak eguraldi ederreko sasoian ibiltzeko asegurua bakarrik edukitzea baina gaur egun, motorra sei hilabetez edo urtebetez aseguratzearren ia-ia prezio bera kostatzen zaienez, urte osorako prima hartzen dute.

Konpainiak porrot eginez gero, zer gerta liteke?

Poliza egin digun konpainia aseguratzaileak porrot egingo balu, Erakunde Aseguratzaileen Batzorde Likidatzaileak (CLEA) bere gain hartuko luke afera, erakundea zeharo desegin arte. Konpainia horren ondasunak bereganatu ondoren, CLEA erakundeak polizen epe-muga aurreratua iragarriko liguke (hil jakin batean finkatzen da, oro har). Hortik aurrera, konpainiako aseguru guztien muga-epea amaituko litzateke eta kontsumitu gabe legokeen primaren zatia aseguratuen aldekotzat konputatuko litzateke, hauek bederatzi hilabeteko epean diru-kopuru hori jasoko luketelarik. Bien bitartean, beste enpresa batekin kontratatu beharko litzateke asegurua, ezinbestez. Zure ibilgailua tailerrean konpontzen ari baldin balitz, faktura ordaindu eta porrota likidatzen duenari eskatzea beste biderik ez zenuke izango. Istripurik jazoz gero, eta errua beste alderdiko ibilgailuarena baldin bada, haren konpainiari egin beharko diozu eskakizuna (bestela, zure polizak erantzukizun zibila bakarrik babestuko du). Nolanahi ere, porrot-prozesuak dirauen bitartean CLEA erakundeak eskatzen dizkizun agiriak entregatu beharko dizkiozu.

Istripua izanez gero…

  • Ahal den guztietan, bete ezazu adiskidantzazko partea eta egiazta ezazu bi alderdiek sinatu dutela.
  • Istripuaren arrazoiak argi ez badaude, jar zaitez harremanetan “Argiketak” alorreko agenteekin, auzitara jo behar izanez gero, horien parteak erabateko garrantzia izango du eta.
  • Azal ezazu ezbeharra zein gorabeheratan gertatu den, ahalik eta garbien, xehetasun guztiak emanez (huskeriak badirudite ere).
  • Lekukorik adierazpenak egiteko prest balego, eskatu telefono-zenbakia eta eman zeurea.
  • Eskura ezazu sendagileen agiri guztien kopia eta emaiozu forentseari beharrezkoa den dokumentazio guztia. Ez jo txikikeriatzat zeinahi min, ondorio edo sintoma.
  • Ez onartu diru-kopururik, nozitutako kalteen balioztapen independentea egin arte.
  • Gertatu zaizun istripuaren errudun ez bazara, ez onartu inola ere hurrengo urteko priman errekargurik edo onuren kenketarik egitea.
  • Ez onartu idatziz istripuaren errudun zarenik: konpainia kinka larrian jar zenezake eta.