Nola berritu etxea, buruko min handi-handirik gabe

Arazoak saihesteko, oso garrantzitsua da lanak planifikatzea, aurrekontu bat baino gehiago eskatzea eta berme onak ematen dituzten profesionalak kontratatzea
1 iraila de 2011
Img eco domestica listado 473

Nola berritu etxea, buruko min handi-handirik gabe

Krisiak geldiarazi egin du higiezinen merkatua, baina, aitzitik, suspertu egin du etxebizitzak berritzeko joera. Etxez aldatzea oso zail dagoenez, etxea aldatzea izan daiteke irtenbidea, eta, horretarako, ezinbestekoak izaten dira igeltseroak, iturginak, zurginak… Azken bi urteetan, asko handitu da zerbitzu horien eskaera, eta berdin gertatu da eskaintzarekin ere; horren erakusgarri, nonahi ageri dira lanerako prest daudenen iragarkiak: etxeko postontzian, kaleargietan itsatsita, autobus-geltokietan… Zerbitzu horiek eskatzen dituztenak, nagusiki, etxez aldatu nahi zuen jendea da, azkenean egin ezinik geratu dena, eta eskaini, berriz, eraikuntza alorrean aritu ondoren lana galdu duten profesionalek eskaintzen dituzte, beren kontura lanean hasi beste aukerarik izan ez dutenek. Aukera asko dago orain, eta erabakiak hartu beharra dago: noiz hasi etxea berritzen, nondik hasi, zeini eman lana… Beti ez da erraza izaten ongi asmatzea.

Funtsezkoa da neurriak hartzea

Lanak hasi baino lehen bost bat aurrekontu alderatzea komeni da

Ilusioa sortzen du norbere etxea berritu eta itxuraldatzeak. Sukalde edo komun berria jartzeak, egongela handitzeak edo gela bati leiho bat ateratzeak ematen duen pozarekin, ez da hain astuna gertatzen azulejuak haustea, tabikeak edo trenkadak botatzea edo hormak zulatzea. Dena bukatuta ikusteko gogoak arindu egiten ditu bideko eragozpen eta traba guztiak, baina beti ez da hala izaten, eta kakalan bat egiten digutenean edo lana bukatu gabe geratzen denean, amorragarri bihurtzen dira etxeko lan horiek. Askotan ez dugu jakiten nola jokatu behar dugun, adibidez, igeltseroa edo iturgina luzaroan azaltzen ez badira, edo gure etxeko lanek eragozpenak sortzen badizkiete auzoei, edo istripu larri bat gertatzen bada.

Egoera horiek ere gertatzen dira, jakina, eta ez dira izaten batere gozoak. Horregatik, hobe da horiek ere kontuan edukitzea, eta, badaezpada ere, lanak hasi aurretik, zenbait neurri hartzea.

  1. Zer egin eta noiz. Profesional bati deitu aurretik, erabaki egin behar dugu zer aldaketa egingo ditugun etxean eta noiz den horretarako garairik onena. Etxea zein ongi geratuko zaigun pentsatzea eta horrekin amestea oso ongi dago, baina ez da ahaztu behar alderdi arrazionala. Ongi planifikatu behar da guztia, eta horrek lagunduko digu dirurik ez alferrik gastatzen eta ezustekoak saihesten. Hobe da, adibidez, komunean azulejuak eta altzariak ez aldatzea, aurrez hoditeria zaharra saneatu gabe, bestela arazoak emango baitizkigu luze gabe, eta orduan askoz ere lan handiagoak egin beharko ditugu hori konpontzeko. Lehentasunak jartzeko garaian, egiturari dagozkion lanek joan behar dute lehenbizi, eta itxurari dagozkionak gero. Lanak noiz hasi erabakitzea izaten da beste kontu bat. Udako hilabeteak izaten dira onenak; bai, behintzat, lan handi samarrak egin behar baditugu. Zarata, hautsa, hondakinak… pilatzen dira halakoetan, eta familiak etxetik atera behar izaten du aldi baterako; hori dela eta, ekaina, uztaila, abuztua eta iraila dira hilabeterik egokienak, oporrak ere garai horretan hartzen ditu-eta jenderik gehienak.
  2. Aurrekontuak eta bermeak. Zer eta noiz egingo dugun erabaki ondoren, lanak egingo dituen norbaiten bila hastea izaten da hurrengo pausoa. Profesional bati baino gehiagori eskatu behar zaie aurrekontua, materialen inguruko argibideak ere galdetu behar zaizkie, epez nola ibiliko diren… eta bakoitzaren inguruan iritzia biltzeko aukera izanez gero, hainbat hobeki. Horiek guztiak funtsezko alderdiak dira hautua egiterakoan. Orain eskaintza ugariagoa da, eta une ona izan daiteke aurrekontu bat baino gehiago eskatzeko. Bost edo sei aukera eskuan edukita, jakin ahal izango dugu, batez beste, zein den merkatuko prezioa, eta hortik asko urruntzen diren proposamenak baztertzeko moduan izango gara (bai oso goitik dabiltzanak eta bai oso behetik dabiltzanak ere). Ez da fidatu behar aurrekontu oso garestiekin, beti ez baita kalitatearen adierazgarri, eta are gutxiago fidatu behar da oso merkeekin. Gauza bat da enpresek irabaziak murriztea lehiakorragoak izateko, eta bestea zuhurkerian ibiltzea materialaren kalitatearekin eta bukalanekin. Kontratatzen dugun enpresak berme batzuk eman behar ditu, bestela oso garesti atera dakiguke-eta. Lagunen edo ezagunen iritziak biltzea lagungarria izan daiteke, baina, horrez gain, enpresak lan-egutegi bat eskaini behar liguke, material onak bermatu behar lizkiguke eta, nola ez, lana ongi egingo duela. Eta ahal bada, idatziz egin dezala.
  3. Fakturak legezkoak izan behar dira, lasaitasun bermea da hori

  4. Dokumentazioa eta zergak. Bezeroarentzat lasaigarria da aurrekontu idatzia edukitzea, ordainketen ziurtagiriak eta lan-egutegia eskuratzea, eta ordainagiriak legearen arabera eginak izatea. Horrako hori, jakina, ez da metodo akasgabea, eta norbaitek halakorik eskaintzen ez badu, ez du esan nahi profesional txarra dela. Baina bezeroak zenbat eta dokumentu eta informazio gehiago eduki, hainbat eta babestuago egongo da arazoak sortzen direnean. Horregatik, aurrekontua idatziz eskatzea komeni da, eta hor zehaztuta ager daitezela zenbat eta zer motatako materiala erabiliko den, zer prezio edukiko duen, eskulana zenbat kostako den, eta zerbitzuak non hasi eta bukatuko diren. Ordainketa nola egingo den ere azaldu behar du dokumentuak, eta enpresaren identifikazio-datuak ere bai. Gainera, lanak hasi aurretik, galdetu egin behar da zer sartzen den aurrekontuan, eta han ageri ez den beste zerbait ordaindu beharko ote dugun edo ez. Askotan gertatzen baita “ezustean” arazoak sortzea, eta aurrekontuan ageri den kopurua motz geratzea azkenerako.
  5. BEZa, zerga bat baino gehiago. Langile batzuek legea saihestuz lan egiten dute, eta egoera hori, haien kaltetan ez ezik, gure kaltetan ere izan daiteke, batzuek ez baitute izaten erantzukizun zibileko asegururik. Hartara, zerbait hondatzen bada, nekez erantzungo diete horrek sor ditzakeen gastuei. Lanbide-zergarik ez duen eta BEZaren hiruhileko adierazpena egiten ez duen profesional bat hartzeak badu arriskua. Izan ere, hartzen den langileak BEZaren adierazpenik egiten ez badu, ezingo dugu haren aurkako erreklamaziorik egin auzitegietan, nahiz eta guri BEZa kobratu. “Gezurrezko BEZa” esaten zaio horri. Horregatik, fakturan Identifikazio Fiskaleko Zenbakia ageri dela egiaztatu behar da
  6. Dirua ongi kudeatu. Etxea berrituko digun profesionala hautatu eta aurrekontua onartu ondoren, dirua arretaz eta arduraz kudeatu behar da. Ohikoa izaten da, lanei ekiteko, dirua aurrera dezala eskatzea bezeroari. Enpresak eskubidea du dirua eskatzeko, baina hobe da ez aurreratzea. Beste aukerarik ez badago, zertxobait aurreratu beharko da (ez kopuru handia), eta, jakina, faktura edo ziurtagiria eskatu. Arrazoizko kopuru bat finkatzen hasita, aurrekontu osoaren % 25 izan liteke.
  7. Lanen amaiera. Bukaerako fakturak bat etorri behar du onartutako aurrekontuarekin, eta honako datu hauek ere agertu behar dute: bezeroaren eta enpresaren identifikazioa, lanen azalpena, material bakoitzaren prezioa, eskulana eta irteerak, eta zergak. Arauzko ordainagiria eskatzearekin batera (BEZ eta guzti), lanaren bermeei buruzko zehaztapenak ere agertzea komeni da. Ordainagiriak eta bermeak data eduki beharko dute, zigilua emana eta bezeroak eta zerbitzu-emaileak sinatuta egon behar dute. Lanak amaitu ondoren bezeroak akatsen bat antzematen badu edo langileek zerbait hondatu dutela ikusten badu, uko egin diezaioke ordaintzeari, harik eta egindako kaltea konpontzen ez duten arte. Eta ordaindu badu, enpresari erreklamatuko dio. Lehenbizian, ahoz egin dezake, eta onez onean; kasurik egiten ez badiote, ordea, bide ofizialetik jo, eta erreklamazio idatzi bat aurkez dezake. Gerta daiteke, adibidez, bigarren eskuko osagaiak erabili izana lanak egiterakoan (kableak, etengailuak…). Bezeroaren baimenarekin soilik egin daiteke hori, eta berriak baino merkeagoak izan behar dute, jakina. Material erabiliek urtebeteko bermea izaten dute, eta berriek, aldiz, bi urtekoa.
Arazoak saihesteko gakoak
  • Ez kontratatu lardaskari bat; hobe da nola lan egiten duen dakigu profesional bat hartzea.
  • Langile autonomoa bada, egiaztatu haren NA edo IFZ. Enpresa bat bada, egiaztatu egin behar da izena emana duela Ekonomia-Jardueren Zergan, eta idatzi egin behar da haren enpresa-erregistroaren zenbakia eta identifikazio fiskaleko kodea.
  • Erantzukizun zibileko asegurua duten profesionalak hautatu behar dira, horiek erantzun egin baitiete kontratuz kanpoko kalteei (auzoei egiten zaizkienak, lokalei…).
  • Etxe osoa berritu nahi bada edo sukaldea eta komuna aldatu nahi badira, beste etxebizitza bat bilatu beharko dugu lanak bukatu arte. Ongi planifikatu behar da alderdi hori, edozein ustekabekok edo azken orduko aldaketek luzatu egin dezakete-eta prozesua, eta horrek kostuak handitu.
  • Gremio bakoitzari aurrekontu bat baino gehiago eskatu behar zaizkio. Informatzea eta aurrekontuak alderatzea da erarik onena kalitate-prezioetan ongi asmatzeko.
  • Aurrekontu xeheak eskatu behar dira, idatziz: material bakoitzaren kostua, eskulanaren denbora… Behin aurrekontua onartuta, edozein aldaketa idatziz adierazi beharko zaio bezeroari.
  • Ez da fidatu behar ahoz aurkeztutako aurrekontuekin edo oso merkeak direnekin. Zalantzak argitzeko, aurrekontuak zer hartzen duen eta zer ez galdetu behar da. Hor dago batzuen eta besteen arteko aldea.
  • Dirua aurreratu behar bada, ahal den kopuru txikiena aurreratu behar da. Sekula ez da aurreratu behar kopuru osoaren erdia baino gehiago.
  • Lanak ez dira guztiz ordaindu behar erabat bukatzen diren arte (xehetasunik txikienek ere eginak egon behar dute). Profesionalarekin hitzartu behar da ordainketaren zati bat (% 20, adibidez), lanak amaituta egingo zaiola.
  • Behin lanak bukatu direla, arretaz aztertu behar da zer material erabili dituzten, eta bukalanak nola eginak dauden. Emaitza ez bada guri agindu digutenaren parekoa edo kalteak eta akatsak antzematen baditugu, enpresari erreklamatu behar zaio.
  • Ordaintzeko unean, ordainagiri bat eman behar digute, eta lanei buruzko informazio guztia ez ezik (lanen azalpena, eskulana…), bezeroaren eta enpresaren identifikazioak ere agertu behar du. Baita bermearen xehetasunek ere.
  • Ordainagiria soilik onartu behar da aurrekontuarekin bat datorrenean. Aldaketaren bat gertatu bada eta adierazi ez badigute, uko egin diezaiokegu ordaintzeari.
  • Ordainagiriak BEZa eduki behar du, data eta zigilua ere bai, eta bi aldeek sinatuta joan behar du. BEZik gabe, ez dago egiazko bermerik, ez eta erreklamatzeko aukerarik ere.