Overbooking hori berriro

Indemnizazioak goraka

Datorren otsailetik aurrera, overbooking-engatiko indemnizazioak garestiago
1 maiatza de 2004

Indemnizazioak goraka

Airelineek egiten duten overbooking edo txartel gehiegikoaren salmentak Europar Batasuneko aire espazioa urtero zeharkatzen duten 250 milioi bidaiarietatik milioi laurden batean izaten du eragina.

Zertan da, ordea, aire konpainiek ez ezik, tren enpresek ere egin ohi duten legezko eragiketa hori? Txartel guztien portzentaje bat bi aldiz saltzen dute, bete gabeko eserlekurik ez eramateko bidaian. Hegazkinetako overbookinga -ohikoena- argudiatzeko, aire konpainiek diote bezero askok eta askok hegaldia erreserbatu ostean bidaia ez egiteak berebiziko galera ekonomikoa ondorioztatzen diela. Legeak onetsitako praktika den arren, overbookingak erabiltzailea defentsarik gabe uzten du eta orain arte eman izan zaizkien indemnizazioak urritzat jotzen dira. Europar Batasunak onetsi berri duen arauak (1991ko arautegiaren ordez, 2005eko otsailean indarrean sartuko dena) kaltetuei aplikatu beharreko neurri berriak xedatzen ditu. Testu berri horretan 250 eta 600 euro bitarteko kalte-ordainak aurreikusi dira: zifra horiek oraingoak (300 eurotik gorakorik ez da) baino altuagoak dira.

Joan den urtarrilean, arautegi hori eratzen ari zelarik, indemnizazioak beste hainbat sektoretara ere zabaltzeko aukera jorratu zen -itsasontzi eta tren bitarteko garraiora, hain zuzen-. Espainian, overbooking fenomenoa trenean ere onetsia dagoela, aire konpainiena bezalako indemnizazio sistema xedatzen duen Trenaren Legeko Arautegiaren zirriborroa egin da bidaiariak babesteko xedez. Legea, ordea, ez da indarrean sartuko bera garatzen duen arautegia onetsi bitartean, eta horretarako datarik ez da finkatu oraino.

Egungo indemnizazioak

Indarrean dagoen 1991ko lege testuaren arabera, konpainiari erreserba gehiegi egin izanaren ondorioz lurrean gelditu behar izan duten bidaia erregularretako erabiltzaileek fakturazio bulegoan eta behar bezainbeste aurrerapenez hegazkin txartela aurkeztu behar dute. Horrela, hegaldi erregularra dela eta Batasun Europarreko kide den estatu bateko aireportutik jalgitako hegaldia dela egiaztatuko dute langileek (baldintza hori betebeharrekoa baita hurrengo indemnizazioren bat jasotzeko):

  • 1.500 kilometrora arte: 75 – 150 euro
  • 3.500 kilometrora arte: 150 euro
  • 3.500 kilometrotik gora: 300 euroraino
  • Beherapena. Kalte-ordain horiek erdira jaitsiko dira hartzeko moduko hegaldia hurrengo bi edo lau orduetan irteten bada.

Bestelako kalte-ordainak

Konpainiak hurrengoak eskaini behar ditu:

  • Ordaindutako prezioa oso-osorik itzultzea edo, bestela, azken helmugaraino iritsiko den alternatibazko garraiobidea, ahalik eta azkarren.
  • Erabiltzaileak bidaiatzeko beste data bat aukeratzea.
  • Itxaronaldian, jan-edanak ematea.
  • Itxaronaldiak gau bat edo gehiago iraungo balu, konpainiak hotel eta mantenu gastuei aurre egin beharko lieke.
  • Erabiltzaileak helmugara telefono dei bat egin edo fax bat bidali ahal izango du, doan.

Salbuespenak

  • Bidaia konbinatua. Hegaldia bidaia konbinatu bateko osagarri bada (hau da, hegazkin txartela, aireporturako bidaia, ostatuan gau ematea, bazkari-afariak eta gainerakoak osagarri dituena), kontratua egin duen operatzailea indemnizatu behar du konpainiak. Horrelakoetan, bezeroari operatzaileak ordaindu beharko dio dagokion indemnizazioa.
  • Charter hegaldia. Orain arte agerturiko eskubiderik ez du erabiltzaileak, eskubide horiek hegaldi erregularretako bidaiarienak bakarrik baitira.

2005eko otsailetik aurrera

Europar Batasuneko Kontseilua eta Europako Parlamentua akordio batera iritsi dira, negoziazioetan ia hiru urte eman ondoren, hegaldia atzeratu edo overbookinga gertatzeagatik aire konpainiekin kontrataturiko zerbitzua jasotzen ez duten bidaiariei dagozkien indemnizazioak direla eta.

Overbookinga. Arautegi berriaren arabera, indemnizazioak hirutan banatuko dira, hegaldi motei dagokienez:

  • 1.500 kilometro arte: hegaldia bertan behera geratzeagatik edo overbookinga dela medio, lurrean geratutako bidaiariak 250 euro jasoko ditu.
  • 1.500 eta 3.000 kilometro bitarte: 400 euro
  • 3.500 kilometrotik gora: 600 euroraino

Hegaldia atzeratzea. Berandutze kasuetan, behintzat, bidaiarien eskubideak oraingoan arautzen dira estreinakoz. Hona neurriak:

  • Hegaldi laburretan bi ordutik gora, hirutik gora europar komunitatekoetan, eta lautik gora hegaldi luzeetan:
    • “Itxarote aldiaren proportzioz” jan-edanak hartu behar dituzte bidaiariek, doan.
    • Telefonoz deitzeko, faxak igortzeko edo e-mail bidez mezuak bidaltzeko eskubidea dute.
    • Hegaldia biharamunera arte geroratzen bada, lojamendua eta aireportutik ostaturainoko garraioa ordainduko zaie.
  • Atzerapena bost ordutik gora luzatzen bada:
    • Zazpi eguneko epean, ordaindutako bidaiaren prezioa itzul dakien eskatu ahal izango dute bidaiariek, atzerapen horrek bidaiariaren hasierako bidai plana galarazi duela frogatzen bada.
    • Hala nahi badu, aukeratu ahal izango du bidaiariak: hegaldia lehenbailehen hartzeko ezaugarri bereko txartela hartu edo ordaindutako prezioa itzultzea.

Oharra: kalte-ordain horiek konpainiak bere ekimenez eskaini beharko ditu.

Jakin beharrekoa
  • Hegazkin txartelak ez du bermatzen txartelean agertzen den hegaldirako plazarik. Eskubidea bermatzen duena hegazkinean sartzeko txartela da; beraz, zoaz goiz aireportura eta eskura ezazu txartel hori lehenbailehen.
  • Gertakari hori legeak onetsia duenez, overbooking egoeran eta aire konpainien ekimenez, erabiltzailea hainbat eskubidek babesten dute. Dena den, bidaiaria eta enpresa akordiora iritsi ezean, erabiltzaileak Espainiako aireportuetan, Hegazkineria Zibileko Zuzendaritza Orokorrean (HZZO) inprimakia bete dezake. Atzerrian, erreklamazioa tokian tokiko aireportuak ohiko dituen mekanismoen bidez tramitatuko da baina agiriaren kopia helmuga den Espainiako aireportuan entregatu beharko da, nahitaez.
  • Konpainiak eskainitako konponbidea ez bada erabiltzailearen gustukoa, hurrengo pausoa HZZO erakundera jotzea da, kasuari ebazpena horrek eman beharko baitio. Ebazpena loteslea ez bada ere, Kontsumoko Batzorde Arbitralak onartu izan ohi du, konpainia guzti-guztiak erakunde horretako kide ez diren arren.
  • Bidai agentzien bitarteko tour operatzaileekin eginiko charter bidaietan, lekuan lekuko Turismo Departamentuaren aurrean egin daiteke erreklamazioa.
  • Hegaldia arrazoi gabe atzeratu edo bertan behera utzi izanaren erruduna konpainia balitz eta txartelaren prezioa itzultzean arazorik sortzekotan, agiri bat bete eta ondoren indemnizazioa bide arbitral edo judizialetik eskatu beharko litzateke. Bete gabeko kontratuaren froga den neurrian, txartela gorde beharra dago.