Etxea saltzeko komeriak

Saltzaileak jakin behar du pisuari balio handiegia emanda zailagoa gertatuko zaiola saltzea, eta ongi pentsatu beharko du prezioari eutsi edo zerbait merkatu
1 urria de 2011
Img eco domestica listado 480

Etxea saltzeko komeriak

“Pisua salgai. Oraintxe berritua. Leku paregabean. Presakoa. Prezioa negozia daiteke”. Aspaldi honetan, era horretako hainbat iragarki irakur daitezke egunkarietan, web espezializatuetan, kaleargietan, autobus-aterpeetan… Ez da zalantzarik ziklo-aldaketa gertatu dela higiezinen alorrean, eta tokitan geratu dira lehengo garaiak, etxeak salgai jarri eta ia norberak nahi zuen prezioan saltzen ziren garaiak. Orduan aski izaten zen kolore biziko kartel bat jartzea balkoian edo etxe-atarian; orain, aldiz, saltzaileak lan gehixeago hartu behar du eroslea erakartzeko, hari ez baitzaio falta non aukeraturik. Ataka gaitzean daude bat baino gehiago, eta zirt edo zart egin behar dute: etxeak “Salgai” jarraitzen du, halaxe dio leihoko kartelak oraindik ere, eta estrategia aldatzeko garaia izan daiteke. Lehen pausoa? Etxearen prezioa berraztertzea.

Prezioa da gakoa

Pisuaren prezioak buruhauste ugari ematen dizkie etxejabe askori. Begi-bistakoa da, izan ere, horixe dela alderdirik garrantzitsuena saltzeko garaian, eta gaur egun sekula baino beharrezkoagoa da prezioa eta balioa bat etortzea, eta ez eskatzea pisuak balio lezakeen baino gehiago.

Etxeak zenbat balio duen kalkulatzeko, etxe jabeari inguruan saltzen diren etxeen prezioak aztertzea komeni zaio

Saltzaileak jakin behar du ez duela deusetarako balio goiko bizilagunarekin alderatzeak, eta hark urtebete lehenago saldu zuen etxeari jarri zion prezio berbera jartzeak. Dena den, logikoa da adreiluaren krisia iritsi aurreko salmenta-teknikei atxikita egotea oraindik ere saltzaileak. “Itxaron, eta irabazi”, horixe zen orduko leloa, baina estrategia horrek orain ez du balio. Itxaroten geratzen denak, uneotan, ez du salduko pisurik. Eta saltzeko premia daukanak, etxeari balio handiegia eman badio, doitu egin beharko du prezioa, harik eta erostuna aurkitzen duen arte. Aldiz, lehenbailehen saldu beharrik ez badu, ez da burugabea hasierako prezioari eustea ere, beherapenik egin gabe.

Saltzaileen ohiko hutsegitea izaten da, halaber, zenbat diru falta duten kalkulatu, eta irizpide bakar horren arabera ezartzea etxearen prezioa. Askotan, kopuru horri begira jarri, eta higiezinak egiaz balio duen baino gehiago eskatzera jotzen dute; euren beharrak aseko dituen salneurria hautatzen dute, baina irrealak dira guztiz.

Nola kalkulatu beherapena?

Higiezinen arloko adituek diotenez, bigarren eskuko pisu bati behin prezioa merkatuta, bederatzi eta hamabi hilabete artean behar izaten dira saltzeko. Baina zenbat merkatu behar da? Oso komenigarria izaten da etxejabeak merkatu-azterketatxo bat egin dezan bere kabuz, etxeak zenbat balio dezakeen jakiteko. Alderdi askok baldintzatzen dute higiezin baten prezioa: zenbateko etxea den, zer auzo edo kaletan dagoen, zenbat urte dituen, zer-nolako ezkaratza eta eskailerak dauzkan, barrutik nola dagoen, terrazarik baduen edo ez…

Hori dela eta, etxeak egiaz zenbat balio duen erabakitzeko, inguru horretan salgai dauden etxeekin alderatzera jo behar du saltzaileak. Jakin egin beharko du beste etxe horiek zer ezaugarri dauzkaten eta zenbatean saldu nahi dituzten, eta bere etxeari zer dagokion erabaki beharko du. Puntu horretara iritsita, oso zorrotz jokatu behar da, zintzo eta alderdikeriarik gabe. Gainera, kritikoa izan behar da, eta erostun izan litezkeenen begiekin aztertu behar du nork bere etxea. Hori guztia oso lagungarria gertatuko da etxeari zentzuzko prezioa jartzeko. Jende askok, izan ere, balio handiegia ematen dio bere etxeari, berea delako besterik gabe.

Agur kolore biziko kartelari

Berriki arte, kolore bizi eta deigarrietako kartelak erabili dituzte etxejabeek beren etxea salgai jarria zutela jakinarazteko. Era askotako afixak daude (koloreetakoak, inprimatuak, hule oihalez propio kanpoan jartzeko eginak…), eta denetarikoak ikusten dira leiho, balkoi eta ezkaratzetan; gehiegi ere bai! Hainbeste ageri dira, begiratzeko ere ez baitugu lanik hartzen askotan.

Saltzaileek gehixeago ahalegindu behar dute orain, eta inbertsioak egin behar dituzte han eta hemen iragartzeko etxea salgai dutela. “Salgai” jartzen duen kartelari eutsi behar zaio noski, baina beste pauso bat egin behar da, eta bestelako euskarri batzuekin saiatu. Adibidez, iragarki osatu bat presta liteke, saltzaileek etxebizitzari buruz esan nahi duten guztia bilduko duena, eta higiezinetan espezializatuta dauden webguneetan jarri, prentsa idatzia eta gehigarri espezializatuak ahantzi gabe. Honako xehetasun hauek agertu behar ditu testuak: zer prezio duen, zenbateko azalera duen eta zenbat den erabilgarria, zenbat logela dauzkan eta zer egoeratan dagoen; horrez gain, garraiobideen inguruko datuak ere eman behar dira, inguruan ikastetxerik baden edo ez ere esan behar da, edo auzoak izan ditzakeen beste alderdi onei buruz ere mintzatzea komeni da. Azkenik, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa jarri behar dira.

Oso lagungarria izaten da, halaber, Internetek eskaintzen dituen aukerez baliatzea eta, era horretan, informazio erabilgarri gehiago ematea. Adibidez, kalitate oneko argazki sorta bat gehi dakioke iragarkiari. Etxeak dituen gune guztiak erakutsi behar dira horietan, eta, bereziki, sukaldea eta bainugela, etxetresna elektrikoak eta bainugelako ontziak zer egoeratan dauden ikusteko moduan. Webgune askok, gainera, bideoak jartzeko aukera ere ematen diete saltzaileei, eta, horien bidez, etxeko geletaraino sar daitezke bisitariak.

Konponketa txikiak

Iragarkiak bere lana egiten badu, ez da harritzekoa izango etxe bila dabiltzanek salgai dagoena ikusi nahi izatea eta bisitan etortzea. Halakoetan, saltzaileak ikusi behar du zenbateraino komeni zaion konponketatxo batzuk egin eta etxearen itxura berritzea, batez ere zaharra bada. Hormak margotu, gortinak aldatu, artesiak estali… eta zaharberritua geratuko da etxea, erostunentzat erakargarriagoa.

Arreta berezia eskaini behar zaie gasaren, uraren eta argindarraren instalazioei. Horiek hondatuta-edo badaude, itxura txarra ematen dute, eta den baino zaharragoa ikusten da etxea. Garbitasuna da ongi zaindu beharreko beste alderdi bat. Batik bat, sukaldeko eta bainugelako garbitasuna. Etxea altzari eta guzti salduko bada, oso garrantzitsua da, adibidez, hondatuta edo apurtuta dauden altzariak kentzea. Azkenik, erostun izan daitezkeenak etortzen direnean, etxea ahalik eta garbiena eta ongi-ongi argiztatua egotea komeni da, eta itxura hobea emango dioten xehetasun guztiak zaintzeko ahalegina egitea.

Etxea saltzeko estrategiak
  1. Merkatu-azterketa txiki bat egin, eta saldu nahi den etxearen inguru berean salgai dauden beste etxe batzuk zenbatean jarri dituzten ikusi. Elkarrekin alderatu, eta zentzuzko prezioa jarri.
  2. Oso garrantzitsua da prezioarekin malgu jokatzea. Zertxobait merkatu beharra suertatzen bada, saltzaileak jakin behar du, behintzat, txikiagoa izango dela Ondare Eskualdaketen Zerga, eta errenta adierazpenean ere diru gutxiago ordaindu beharko duela gainbalioagatik.
  3. Inbertsio txiki bat egin publizitatean, salgai dagoen etxea ezagutarazteko.
  4. Salmenta-iragarki on bat landu, eta interesgarri diren datuak eta informazio garrantzitsua jarri (zenbat metro erabilgarri dituen, zer-nolako banaketa duen, noiz eraiki edo berritu zuten…).
  5. Ohiko kartelak ondo daude baina beste era bateko publizitatea ere ez da baztertu behar

  6. Etxebizitzak salerosten aritzen diren webguneetara jo, eta ahal den guztietan jarri iragarkia.
  7. Kalitate oneko argazki sorta bat atera, etxeak dituen gune guztiak ikusteko, batez ere sukaldea eta bainugela, eta webgune horietan jarri.
  8. Erosleen bisitak etxean jende gutxi dagoenean programatu: errazagoa da hutsik dagoen etxea saltzea. Inor bisitan etorriko bada eta erosteko interesa badu, hobe da etxeko animaliak handik ateratzea, enbarazu egin ez dezaten; etxean jende gutxi egotea eta, beharbada, haurrak ere kanpoan egotea komeni da.
  9. Etxea zaharra bada, aintzat hartu Konponketa txiki batzuk egiteko aukera, erakargarriagoa izango da eta. Erostunak bisitan etortzen direnean, etxea garbi eta ongi zainduta dagoela ikusi behar dute
  10. Norbanakoen arteko salerosketa: Ez da komeni salerosketa agentziarekin gure etxea “esklusiban” jartzea. Hau da, agentziarekin haiek salduko dutela -eta ez beste inork- esaten duen kontraturik sinatzerik. Krisi egoeran gaude eta hobe da ahalik saltzeko aukerei aterik ez ixtea.
  11. Lasai agertu behar dugu erosleen aurrean. Ez gaitzatela urduri ikusi eta ez gaitezen larritu etxearen gehiegizko propaganda egiten eta onurak exajeratzen.
  12. Benetan interesa duen eroslea agertzen bada, ez da komeni prezioarekin tematzea. Hasieran jarritako kopuruarekin malguak izatea da onena. Beharbada prezioa jeistea izango da onena eta etxea saltzea, nahiz eta norberak erabaki behar duen itxaroteko prest dagoen.