Etxe-aldaketarako kontratua

Etxe-aldaketa: utzi dakienari

Legedi berria sartu zen indarrean 2010eko otsailean, eta geroztik, eskubide eta betebehar gehiago dauzkate erabiltzaileek eta etxe-aldaketetan aritzen diren enpresek
1 otsaila de 2011
Img eco domestica

Etxe-aldaketa: utzi dakienari

Etxe batetik bestera aldatzea ez da kontu samurra. Altzari eta gainerakoak enpresa espezializatu baten esku utzita ere, norberari dagokio guztia ordenatzea, txukuntzea eta armairu eta apalategiak hustea. Guztia hankaz gora ez jartzeko eta lanak errazteko, funtsezkoa da norbera ongi antolatzea eta metodo bati jarraitzea. Lehenik eta behin, zer altzari eta zer objektu eramango ditugun erabaki behar da, eta, bidenabar, aukera ona izan liteke erabiliko ez ditugun gauzak eta arropak kentzeko eta helbide-aldaketaren berri ematen joateko han eta hemen. Aurrekontuak horretarako aukerarik ematen badu, hobe da profesionalen esku uztea trasteak eramateko ardura. Baina edozein pauso eman aurretik, ziurtatu beharra dago enpresa hori legeztatua dagoela.

Legeak zer dioen jakitea ere ongi etorri ohi da, eta zer esanik ez etxe-aldaketaren alorrean, zeren iazko otsailean sartu baitzen indarrean sektore hori berariaz arautzen duen legedi berria. Hantxe agertzen dira aldeetako bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak zein diren.

Zer legek arautzen ditu etxe-aldaketak?

Merkantzien Lur Garraiorako Hitzarmenari buruzko 15/2009 legeak arautzen du zer eskubide eta betebehar dauzkaten etxe-aldaketarako kontratuan parte hartzen duten aldeek. Kontratu horrekin, zama-eramailea (etxe-aldaketa egingo duen enpresa) behartuta dago etxebizitzan, negozio-lokaletan edo languneetan jarriko diren altzariak, ondasunak eta osagarriak eramatera. Baina ez da hor bukatzen haren ardura: haren eskumena da zama-lanak egitea eta objektu guztiak abiapuntutik helmugako tokira eramatea. Gainera, araudi berriarekin, legez mugatua geratzen da kalteen ordainetan garraiolariari dagokion erantzukizun ekonomikoa.

Zer kalte dira horiek?

Ondasunak galtzeak edo hondatzeak sor ditzakeenak. Horregatik, guztiz komenigarria izaten da erabiltzaileak zerrenda edo inbentario bat egin dezala kontratuan sartu beharreko objektuak zein diren jakiteko, eta bi aldeek sina dezatela.

Eta kontratuan ez bada sartu ondasun guztien zerrenda?

Aurrekontuak egiten du, behin onartu delarik, kontratuaren funtzioa. Aurrekontuan ez bada ageri inbentarioa edo osatu gabea badago, erabiltzaileak eska dezake -eta halaxe egin behar du ondasunen inbentario osatua egin diezaiotela, gauzak lekuz aldatzen hasi aurretik. Gainera, komeni izaten da inbentarioan bertan ager dadila zer egun eta ordutan egingo duten etxe-aldaketa. Eta garraiolariak uko egiten badio inbentarioa egiteari edo onartzeari, bezeroak uler dezake kontratua bertan behera utzi duela hark, nahiz eta aurrekontua onartu. Erabaki horrek, dena den, ondorioak ekar ditzake.

Zer ondorio?

Baliteke kalte-galerak eragitea erabiltzaileari, zeren, segur aski, beste enpresa bat kontratatu beharko bailuke, eta horrek atzeratu egingo luke etxe-aldaketa. Arrazoi hori dela eta, idatziz jarri behar dira gorabehera horiek guztiak, eta kalte-galerak eskatu, halakorik sortzen bada.

Zer muga jarri diote kalteengatik eman beharreko ordainari?

Etxe-aldaketetan aritzen diren enpresek metro kubikoa erabiltzen dute zenbat objektu eta ondasun garraiatu behar dituzten kalkulatzeko. Araudi berriak dioenez, garraiatu dituen ondasunei kalteren bat gertatu bazaie edo baten bat galdu bada, garraiolariaren erantzukizuna ezingo da izan Ondorio Askotarako Adierazle Publikoa/egun (17,75 euro) baino hogei aldiz handiagoa, karga-eremuak kontratua betetzeko behar duen metro kubiko bakoitzeko.

Baliteke kopuru hori ez iristea kalte guztiei erantzutera, are gehiago zama-lanak egiterakoan zoruetan edo hormetan ere kalteak eragiten badituzte. Zer egin daiteke orduan?

Ordainari muga jartzen zaiolarik, garraiatu diren objektu edo ondasunei buruz ari da, baina ez etxe-aldaketak erabiltzailearen beste ondasun batzuetan sor ditzakeen kalteei buruz. Hor sartzen dira, esaterako, etxebizitzen edukitzaileak eta bere elementuak: zorua edo pareta eta sabaiak (paper margotua, moldurak, eta abar). Beraz, legeak ezartzen duen muga horretatik gorako kopuruak eskatu ahal izango lirateke.

Merezi luke aseguru bat kontratatzea?

Bai, erabaki ona litzateke. Batetik bestera eramango dituzten objektuei aseguru bat egiteko aukera egongo balitz, ez legoke gaizki. Baina ez da ahaztu behar, asegurua kontratatuta ere, garraiolariak erantzule izaten jarraitzen duela.

Zer egin daiteke garraiolaria atzeratzen bada?

Legeak garraiolariari egozten dio atzeratu izanaren erantzukizuna, eta behartu egiten du ibilgailua erabiltzailearen esku jar dezan, hitzartutako lekuan eta orduan.

Erantzukizuna garraiolariari dagokio beti?

Zama-eramailearen ardura da merkantzia-galerengatik erantzutea, bai merkantzia guztiz galdu duenean eta bai merkantzien zati bat galdu duenean, bai eta horiek jasan ditzaketen matxurengatik eta atzerapenengatik erantzutea ere. Ordea, ez luke hark erantzun beharko, baldin eta frogatuko balu hartzailearen edo bezeroaren erruz galdu, matxuratu edo atzeratu direla merkantziak, edo merkantzien euren erruz, edo enpresak saihestu ezin izan dituen gorabeherak gertatu direlako eta horien ondorioak eragotzi ezin izan dituelako. Hala ere, sekula ezingo du argudiatu, erantzukizun horretatik salbuesteko arrazoitzat, garraiorako erabili diren ibilgailuek akatsak eduki dituztela.

Orduan, zer kasutan ez luke erantzungo enpresak?

Enpresak ez luke izango erantzukizunik, kalteak edo matxurak honako egoera hauetan gertatuko balira:

  • Bezeroak gaizki bildu edo markatu baditu ondasunak
  • Erabiltzaileak manipulatu edo eskuztatu baditu
  • Ondasunen neurria edo pisua ez badira egokiak hitzartu diren garraiobideentzat eta horien zama-lanetan kalteak sortzen badira, baldin eta enpresak ohartarazi badu erabiltzailea gerta litezkeen kalteen inguruan, eta hark aurrera jarraitzeko erabakia hartu badu
  • Erabiltzaileak gezurrezko edo okerreko informazioa eman badu
  • Animalia biziak edo landareak garraiatu baditu
  • Eraman beharreko ondasunen berezko ezaugarriengatik sortu badira kalteak

Hala ere, erabiltzaileak eskubidea du frogatzeko kalteak -guztiak edo zati bat- ez direla sortu arrazoi horietako bakarrarengatik ere. Eta frogatuko balu kalteren bat zama-eramaileari egozteko modukoa dela, hark erantzun egin behar du, kaltea sortzeko izan duen erantzukizunaren neurri berean erantzun ere.

Etxe-aldaketa bati ekin aurretik, beharrezkoa da…

Garraiolariari aurrekontu idatzi bat eskatzea, non azalduko baita zer zerbitzu emango dituen, zenbat kostatzen diren eta etxe-aldaketa osoak zer prezio edukiko duen, eta zehaztu egin beharko du, halaber, sartuta dauden edo ez administrazioarekin egin beharreko izapideak. Kontuan hartu behar da, etxe-aldaketa askotan, kaleren bat okupatu behar izaten dela alditxo baterako; udalaren baimena eskatu behar izaten da hori egiteko, eta dagozkion tasak ordaindu.

Zer betebehar ditu garraiolariak?

Hitzartutako lekuraino garraiatu behar ditu altzariak edo ondasunak, eta zama-lanak egitea ere hari dagokio, non eta ez den kontrakorik hitzartzen. Hark egingo baditu, behartuta dago objektu guztiak muntatu eta desmuntatzera, bilgarriz babestu eta bilgarria kentzera, eta agindu zaion lekuan jartzera. Behartuta dago, halaber, jakinaraztera zer arau administratibo ezartzen zaizkion lekualdatzeari, baina ez dago behartua egiaztatzera ea haren esku jarri dituzten dokumentuak zuzenak eta osatuak diren. Bestalde, zama-eramaileak informazio zehatza eskatu behar dio kontsumitzaileari, etxe-aldaketa behar bezala egiteko: besteak beste, etxeak, lokalak edo dena delako guneak zer irispide dauzkan langileentzat eta ibilgailuentzat.

Nola egiten da erreklamazioa?

Garraiatu diren objektuak galdu edo matxuratu izanaren ekintza iraungi egiten da, hartzaileak ez badio idatziz adierazten bere kexua zama-eramaileari edo haren laguntzaileei, ondasunak jaso dituen une berean, edo, galera eta matxura begi-bistakoak ez badira, ondasunak jaso eta hurrengo zazpi egunetan (igandeak eta jaiegunak aintzat hartu gabe).

Eta adostasunik lortzen ez badute, urtebeteko epea dago auzitara jotzeko (hortik aurrera baliorik gabe geratzen da salaketa). Garraio arloko edo kontsumoko arbitraje- edo ebazpen-zerbitzuetara ere jo dezakete, baina bi aldeek adierazi behar dute horretarako borondatea. Salatuak ez badu onartzen, auzitara jotzea beste aukerarik ez dago.

Etxe-aldaketa arrakastaz egiteko aholkuak
  • Ziurtatu egin behar da kontratatu den enpresa legezkoa dela eta administrazio-baimen guztiak dauzkala. Ordainagiria eskatzerakoan, BEZ eta guzti egin dezatela eskatu.
  • Ez da komeni diru guztia aurreratzea. Negoziatu nola ordainduko dugun, eta sartu diru zati bat enpresaren kontuan. Zerbitzua bukatzen duenean ordain dezakegu gainerakoa.
  • Ez ahaztu etxe zaharreko energia-horniduren kontratuak bertan behera uztea eta helbide-aldaketaren berri ematea, adibidez, bankuari, etxejabe elkarteetako lehendakariei, aseguruei, eta abar.
  • Altzariak zaintzeko zerbitzua kontratatzen badugu, informatu egin behar dugu aseguru-kontratua nolakoa den, enpresaren lokalen berri jakin behar dugu eta zaintza-zerbitzuen berri ere bai.
  • Aurrekontua iristen bazaigu, kontratatu objektuak eta ondasunak bilgarriz babesteko zerbitzua.
  • Halakorik ezin badugu egin, kontuan hartu behar dugu oso garrantzitsua dela kutxa egokiak aukeratzea eta etiketak jartzea (non zer dagoen jakiteko), eta objektu hauskorrak ongi babestea. Eskura samar utzi behar dira gauzarik beharrezkoenak: ohe-jantziak, eskuzapiak, sendagaiak, garbitasun eta higiene gaiak, sukaldeko tresnak eta garbitasunekoak, eta abar.
  • Landareak azken-azkenean eraman behar dira, eta lana zertxobait arintzeko, seme-alaben laguntza ongi etorri ohi da; gauzak biltzen-eta lagun dezakete (jostailuak, arropa…), helduak ondoan dituztela betiere.