Eguberrietan, laguntza jaso eta eman

1 abendua de 2013
Img economia domestica 2 listado

Eguberrietan, laguntza jaso eta eman

/imgs/20131201/ayuda1.jpg
Garai ona da elikagaiak, bigarren eskuko objektuak eta jostailuak emateko, boluntario lanak egiteko eta elkartasun kanpainei babesa adierazteko Eguberrietan elkartasunak indar hartzen du. Besteei laguntzeko gogo handiagoa izaten da, eta laguntza jasotzeko premia ere handitu egiten da. Gizarte-lanetan aritzen diren elkarteek urte osoan zabalik izaten dituzte ateak, baina garai honetan joaten da jende gehien haiengana.

Eguberrietako bazkariak eta afariak gizarte jantokietan

Ehunka pertsonaren eta familiaren babes bihurtu dira gizarte jantokiak. Zenbaitentzat horixe da aukera bakarra janari bero pixka bat eskuratzeko. Eguberrietan ere ematen dute zerbitzua, nola ez, eta, gainera, menu bereziak ere prestatzen dituzte. Jantoki horietako batzuk erakunde publikoek kudeatzen dituzte, gehienbat udalek, eta gerta liteke baldintza batzuk jartzea erabiltzaileei (diru sarrera txikiak edukitzea, adinez nagusi izatea…). Beste batzuk ongintzako elkarteen eta erlijio-erakundeen esku daude, eta horietan nornahi sar daiteke gehienean.

  • Nola lagungu. Jantoki horietako askotan boluntarioak aritzen dira laguntzen. Batzuetan janaria zerbitzatzea eta platerak biltzea izaten da haien lana, beste batzuetan haiek erabakitzen dute zer menu jarri, otordua prestatu ere haiek egiten dute, mahaia jarri eta laguntza eta babesa ematen diete hara joaten direnei. Eguberrietan are garrantzi handiagoa hartzen du boluntarioen laguntzak, garai honetan gehiago sumatu ohi da-eta bakardadearen eta gainerako gabezien eragina.
  • Nola jaso laguntza. Udalen eta gainerako administrazio publikoen esku dauden jantokiek, gehienean, gizarte zerbitzuetatik bideratzen dituzten pertsonei ematen diete zerbitzua. Beste batzuk Caritas-en eta antzeko erlijio-erakundeen esku daude. Jantoki horiek non dauden jakiteko, probintzia bakoitzeko ordezkaritzan galdetzea komeni da.

Haurrentzako jostailuak eta helduentzako opariak ematea

Eguberrietan, oparia jasotzeko ilusioa izaten du jendeak. Bai haurrek eta bai helduek ere. Batzuei sekula ez diete oparirik egin edo urteak daramatzate deus jaso gabe. Badira zenbait ekimen inor oparirik gabe gera ez dadin:

  • /imgs/20131201/ayuda2.jpg
    Haurrentzako jostailuak. Gurutze Gorriaren egoitza batzuetan hartzen dituzte jostailuak eta panpinak (ematera joan aurretik, galdetu egin behar da ea hartzen ote dituzten). Caritasen ordezkaritza batzuetan ere jasotzen dituzte jostailuak, eta Madrilgo Gizakia Helburu erakundeak hamargarren urtez abiarazi du bigarren eskuko jostailuak biltzeko kanpaina. Telefono honetan eska daiteke informazioa (91 544 85 09) edo helbide elektronikoan (navidadsolidariaph@gmail.com).
  • Adineko pertsonentzako opariak. Aurten ere, Eguberrietako kanpaina jarri du abian Mensajeros de la Paz elkarteak, bakarrik bizi diren edo baliabiderik ez duten adinekoentzat opariak biltzeko: “Adinekoek ere sinesten dute Errege Magoetan”. Elkarte horrek Madrilen duen egoitzara bidal daitezke opariak (Plaza General Vara del Rey 1, 28005 Madril). Nahi izanez gero, zenbait opari bildu eta elkartekoei eska dakieke bila etor daitezela. Hauxe da informazioa galdetzeko telefonoa, 913 66 28 94, eta helbide elektronikoa ere badute, centrodedia@mensajerosdelapaz.com. Zer bidaltzea komeni den ere esaten dute: gauza “berriak eta sinpleak, batzuk emakumeentzat eta besteak gizonentzat”, eta adinekoek gehien eskatzen dituzten oparien zerrenda ere badute.

Elkartasun kanpainei babesa adieraztea

  • ‘Ahora + que nunca‘ (Orain inoiz baino gehiago): Krisiak milaka pertsonari zer-nolako kaltea egin dien ikusita, Gurutze Gorriak Ahora + que nunca (Orain inoiz baino gehiago) kanpaina jarri zuen abian iaz, eta beharrizanak zenbatekoak diren ikusita, 2015. urte arte luzatu dute elkartasunezko ekimen hori. Batez ere dirua behar dute, oinarrizko beharrizanei erantzuteko. Jendeak egindako ekarpenekin, elikagaiak erosten dituzte, garbitzeko produktuak eta jantziak, fakturaren bat edo alokairua ordaintzen laguntzen diote jendeari, askariak ematen dizkiote, eskolako materiala ikasleentzat edo lan munduan sartzeko laguntza, “funtsezko bidea baita gizarteratzeko”. Egoera txar-txarrean dauden taldeei laguntza gehiago eskaintzea da Gurutze Gorriaren helburua, “kide guztiak langabezian dituzten familiei, etxe pobreetan bizi diren haurrei, familiako norbait zaindu behar duten adinekoei, luzaroan langabezian daudenei, etxegabeei eta lanik gabe dauden gazteei”.
  • ‘Nadie sin hogar‘ (Inor ez etxerik gabe): Caritasek Nadie sin hogar (Inor ez etxerik gabe) kanpaina antolatu du, eta honako lelo hau jarri dio aurten: “Nadie sin salud. Nadie sin hogar” (Inor ez osasunik gabe. Inor ez etxerik gabe). Jendeari ikusarazi nahi diote etxegabeak osasun eskubiderik gabe geratzen direla, eta administrazioei eskatu nahi diete berma dezatela osasun zerbitzuetarako sarbidea izango dutela gainerako herritarrek bezala, planifikatu ditzatela buruko osasunaren arloan esku hartzeko estrategiak, formazio egokia eman diezaietela osasun langileei psikiatria arloan, psikologia klinikoan, alkoholismoan eta drogamenpekotasunean, eta susta dezatela gizarte-gaien eta osasun-gaien arteko koordinazioa osasun-alderdiak, gizarte-arazoak eta etxebizitza-beharrak modu bateratuan lantzeko.
  • ‘Trailwalker‘: Oxfam Intermón erakundeak Trailwalker ekimena sortu du, taldekako lasterketa bat pobreziaren aurka egiteko. Talde bakoitzak lau kide izango ditu, eta 100 km egin beharko ditu oinez, gehienez ere 32 ordutan. “Kide guztiek elkarrekin abiatu behar dute eta elkarrekin iritsi”, erakundeko kideek jakinarazi dutenez. Prestaketa fisikoa egiten ari direla, dirua biltzeko jarduerak antolatu behar ditu talde bakoitzak, eta diru hori elkartasun proiektuak, ekintza humanitarioak, bidezko merkataritza eta sentsibilizazioa lantzeko erabiliko da. Talde bakoitzak gutxienez 1.500 euro biltzeko konpromisoa hartu behar du.