Txakurrentzako aseguruak

Derrigorrezkoa kasu batzuetan; gomendatzeko modukoa, denetan

1 otsaila de 2005
Img eco domestica listado 103

Derrigorrezkoa kasu batzuetan; gomendatzeko modukoa, denetan

/imgs/20050201/economia.01.jpg
Auzokideari hozka egin dio, haren erruz ezbeharra gertatu eta ondorioz salaketa ezarri dute, baliodun objektua hautsi du… atsegin handiak ez ezik bestelakoak ere ematen dizkigute etxeko animaliek; baita, inoiz, Espainiako etxebizitza gehienetan txakurra den etxeko lagun horren ustekabeko, itxuragabeko edo arrisku handiko jokaeraren ondoriozko susto galantik ere. Beti komeni da txakurra aseguru polizen bidez babesturik edukitzea baina komenigarritasun hori derrigorrezkotasun bihurtu da Euskadi eta Madril autonomi erkidegoetan, txakurren arraza zeinahi dela ere. Estatuaren gainerako erkidegoetan, arriskutsutzat hartutako txakurrek bakarrik eduki behar dute asegurua, nahitaez. Jabeek, dauzkaten itxaropenen araberako poliza mota aukeratu ahal izango dute, animaliaren arraza eta ordaindu nahi edo ahal duten kuota gogoan izanik, batez ere.

Kontratatzeko moduko hiru aseguru aukera

Txakurrarentzat erantzukizun zibileko poliza kontratatzea

Aseguru konpainientzat bi txakur mota daude: bereziak eta arruntak. Mota bateko edo besteko txakurrak aseguratzeagatiko kuotak ere desberdinak dira; areago, bata bestearen halako bi izan daiteke. Konpainien arabera, bereizketa horren arrazoia txakurraren balizko arriskua ez bada ere, txakur berezien multzoan pitbull eta rottweiller arrazakoak daude.

Aseguru hori oinarrizkoa izan daiteke, erantzukizun zibila (animaliak eragin ditzaken kalteei dagokiena) lehenesten duena edo osatua (honelakoetan, maskota bera ere babestekoa da). Lehen aseguru motan, txakurrak eraginiko kalteen ondoriozko indemnizazioak, fidantzak eta ezbeharrengatiko asistentzia juridikoak aurreikusten dira. Bigarrenak estaldurak osatu egiten ditu: albaitariaren gastuak, txakurra akabatu eta hondakinak suntsitzeagatikoak, animalia hiltzearren edo, areago, jabeari lapurtzearren eman beharreko indemnizazioa, etc.

/imgs/20050201/economia.02.jpg
Adibideak: animaliak beste animaliei, pertsonei edota higiezinei (kristal apurketak, esate baterako) eraginiko kalteak, non eta maskotak eraginikoak izan direla frogatzen bada, txakurraren erasoaren ondorioz ziklista lurrera erori eta bizikletak izan dituen matxurak, automobilen bati eraginiko kalteak, gidariaren eta laguntzaileen osasun-gastuak eta antzekoak estaliko ditu, maskotaren erruz eraginikoak izan direla frogatzen bada, etc.

Txakurra ofizialki arriskutsua denean, gutxienez 120.202 euroko erantzukizun zibileko poliza kontratatu behar du jabeak. Arriskutsuen multzoan artzain aleman, bull terrier, samoiedo, husky siberiar, dogo argentinar, doberman, alaskan malamut eta mastin napolitarrak sartzen dira. Beste batzuk, hala nola eskandinaviarrak, ez dira arriskutsuak erasotzaileak direlako, maiz ihes egin eta ezbeharrak sortaraz ditzaketelako baizik.

Konpainia aseguratzaileen artean konparazioak egin aurretik, izan kontuan: tarifa eta estalduren aldeak izugarri aldatzen dira konpainia batetik bestera, produktu hau berri-berria denez, estandarizatu gabe dagoelako, seguruenik. Bigarren oharra: “hirugarrengoen” aseguruak dira hauek; beraz, maskotaren jabearen ezkontideari, seme-alaba edo ilobei, guraso, osaba-izeba, neba-arreba eta gainerakoei eraginiko kalteak ez daude estalita.

Tarifak

  • Arrisku gabeko txakurra: 35 – 75 euro urtean.
  • Txakur arriskutsua: 70 – 150 euro urtean.

Familia eta animalientzako poliza orokorra kontratatzea

/imgs/20050201/economia.03.jpgMaskotak edo senideetako batek (seme-alabak, adibidez) eraginiko kalteak estaltzekoa. Honelako aseguruak era indibidualean (familiartekoak soilik edo familiarteko eta animaliak batera) kontrata daitezke eta bere estaldura, noski, etxebizitzako arrisku anitzeko aseguruak eskain dezakeena ez bezalakoa da: baloiarekin jolasean zebilen auzokideak hautsitako kristalak, bizikleta bizkarrean hartuta eskaileratik jaistean paretan eginiko arrastoak edota igogailuan utzitako pintaketak estaltzen ditu, adibidez. Esan gabe doa: zenbat eta arrisku handiagoa orduan eta poliza biziagoa, jakina. Animaliei dagokienez, arriskua haien arrazak -arriskutsua edo arrunta- eta etxean bizi diren animalien kopuruak baldintzatzen dute.

Adibidez: erantzukizun familiarra bakarrik estaltzen duen honelako asegurua, gehienez ere 60.000 euroko estaldura daukana, 60 euro inguru kostatzen da. Bertan arriskutsua ez den txakur bat sartuz gero, prezioa 20 euroz igotzen da. Animalia arriskutsua bada, azken kostua 120 eurotik gertu ibiliko da, noski.

Etxebizitzako arrisku anitzeko aseguruan maskota sartzea

Orain arte azaldutako aseguruetako edozeinetan sartu aurretik, etxebizitzako aseguruaren letra xumea irakurtzea komeni izaten da: bertan esango zaigu etxeko animaliak eragin ditzakeen kalteen erantzukizuna aseguruak estaltzen duen ala ez. Estaltzekotan, horrela egingo luke: “… Asegurudunaren jabetza frogatukoak diren eta bere helbidean bizi diren etxeko animaliek eraginiko kalteengatiko erantzukizun zibila bermatzen dugu”.

Estalduraren mugak gogoan izan behar dira nolanahi: poliza batzuetako letra txikian esaten da, adibidez, jabeen presentzian izan ezik, maskotak eraginiko txikizioez konpainia ez dela arduratzen. Baldintza batzuk bete behar dira nahitaez, hala nola animaliaren arraza zehaztea, bere identifikazioa txip baten bidez frogatzea eta txerto-liburuaren fotokopia edukitzea. Betebeharreko horiek betetakoan bakarrik egongo da maskota aseguratua. Polizan doan sartu badute eta animalia arriskutsua bada, estaldura 120.202 eurokoa dela egiaztatu beharra dago: horrela ez bada, zifra horretaraino altxatu beharko da. Etxebizitzako aseguruak maskotentzako berariazko poliza ez badauka, berriz, poliza hori zabaldu egin daiteke, urtean beste 10 – 15 euro ordainduta. Hori bai, aseguratzaileak eskaintzen duen egiazko estaldura berarekin negoziatu beharra dago.