Leihoen materialak

Aldeak ez daude prezioan bakarrik

Iraunkorrak izateaz gainera, hotzaren eta hotsaren kontrako babesa bermatu behar du leihoak
1 urria de 2003

Aldeak ez daude prezioan bakarrik

Etxebizitzako leihoak egoki aukeratzeko, eraikuntzaren ezaugarriei, etxea kokaturik dagoen eskualde klimatikoari eta, nola ez, gure patrikaren ahalmenari hobekien egokitzen zaien materiala hautatu beharra dago. Helburua, beraz, leihoak iraunkor eta mantentzeko errazak izateaz gainera, hotzaren eta hotsaren kontrako babesa bermatzea da. Orain arte merkatu horretan bi material ziren denetan nagusi: egurra eta aluminioa, baina binilozko polikloruroa (PVC) indarrez azaldu da eta dagoeneko Espainiako hainbat eskualdetan (Iparraldean, gehienbat, bertako hotzak isolamendu hobea eskatzen baitu) gehien baliatzen den gaia da. Hala eta guztiz ere, aluminioak badu Espainiako merkatu horretan zaletu askorik, Levante eta Hegoaldean batez ere, egurra hirugarren postuan geroz eta zokoratuagorik.

Leiho onak nolakoa behar du?

Erabili beharreko materiala zeinahi dela ere, leihoak zuzen instalatzeko hainbat baldintza bete behar dira:

  • Leihoa jarriko den horma eta kanpo-marko elkarri erabat egokituko zaizkio, aire-ihesik gerta ez dadin.
  • Atal finkoak eta mugikorrak proportzioak izan behar dute, eguraste-premiak kontuan izaki.
  • Instalazioak urik, airerik edo hautsik sartzea erabat galarazi behar du. Hori lortzeko, etxebizitzaren premietara egokitzen den materiala aukeratu eta marko finkoak eta atal mugikorren arteko egokiera zuzena egin behar da. Bata besteari zehazki egokitu behar zaio.
  • Materiala hautatu aurretik, estruktura horretako kristalak maneiagarriak ez ezik, jartzeko eta kentzeko errazak direla ziurtatzea komeni izaten da. Bestela, beirak garbitzea kontu zaila izan daiteke edo, kristala hausten bada, adibidez, arazoak gerta daitezke, ipintzeko zailtasuna enpresek aparteko gastutzat sartzen baitute fakturan.
  • Materialak: gai bat edo beste bat hautatzeak eguraste-sistema baldintzatu egin dezake (albokoa, gidariduna, orrikoa, gillotinakoa, etab.).
Materialen aldeko eta kontrako alderdiak

Egurra

Abantailak:

  • Materialik naturalena izaki, horma eta pareten transpirazioa ahalbideratzen du. Egurrak dituen ezaugarriei esker, etxebizitza barneko hezetasuna modu naturalean erregulatzen da.
  • Familia bakarreko etxeak eraikitzean hauxe da gehien hautatzen den materiala; ez horrenbeste pisu eta apartamentuetan. Orain hamar urte arte bera zen merkatuko aukera bakarra, ia. Instalatzen erraza izateaz gainera, etxeko berotasuna mantendu egiten du.
  • Arestian eta beste hainbat gai lehiakide (plastikoak, esate baterako) izaki, egurrezko leihoen modeloak izugarri ugaldu direnez, kristal bikoitzak eta egur laminatu (zarta edo pitzadurarik ager ez dadin) izenekoa baliatzeari esker intsonorizazio ezin hobea lor daiteke.
  • Lapurreten kontra era askotako segurtasun sistemak ezartzea ahalbideratzen du: bai itxituretan aplikatzen direnak -ate-leihoetako sistema mekanikoak-, bai zentral batera konektatzen direnak ere.
  • Jartzen diren egur gehienak suaren kontra egokiro tratatuak daudenez, erregarri ez diren hainbat material baino erresistentzia handiagoa eskaintzen dute.
  • Prezioa: metro karratuko 420 eurotik gora baina, egur-motaren arabera, kopuru hori dezente igo daiteke.

Eragozpenak:

  • Zaintza gehien eskatzen dituen materiala da. Kanpo aldea bi urtean behin bernizatzea aholkatzen dute.
  • Eskualde haizetsu edo euritsuetako etxe edo eraikuntzetan instalatzea ez da komeni: meteoro horiek materialean higadura handia sortzen dutenez, sarriago mantendu eta konpontzeko premia sortzen da.
  • Egurraren beste hainbat etsairi (eguzki-printzak, intsektuak edo mikroorganismoak, adibidez) erretxina edo intsektiziden bitartez, egin dakieke aurre. Pipi edo sitsarekin erne ibili behar da: merkatuan badira parasito horri buru egiteko hamaika produktu kimiko.

Aluminioa

Abantailak:

  • Arin-arina denez, erraz eta azkar instalatzen da.
  • Erraz garbitzen da.
  • Hainbat koloretakoak daude.
  • Gai sendo eta zurruna da, bere propietateak ez dira eguraldiarekin aldatzen, hotz zein bero handietan zurrun iraungo duela bermatua dago.
  • Horrelako leihoen marko eta osagaiek “haustura termikoa” eragiten dute, hau da, aluminiozko markoaren kanpo aldeak sekula ez du ukitzen barne aldea. Tartean plastikozko piezak dauzkatela, kanpoko markoak ez du ekartzen hotz edo berorik barrualderantz.
  • Aluminioa, metro karratuko, egurra baino garestixeago den arren, batetik besterako aldea hutsa da: 445 euro inguru dabil merkeena.

Eragozpenak:

  • Material honek sortarazten duen ohiko kexa: neguan izerditan egiten du aluminioak.
  • Egurra eta PVC baino gai hotzagoa da.
  • Denbora igaro ahala, aluminioa hondatu egin daiteke.

PVC (Binilozko polikloruroa)

Abantailak:

  • Intsonorizazio hobezina lortzeaz gainera, kutsadura akustikoa urritu egiten du.
  • Material iraunkorra da, hotzaren eta airearen kontrako erresistentzia handikoa, eskualde hotzetan jartzeko aproposa.
  • Erabateko isolamendua bermatzen du, leihoen atalak hutsak daude eta.
  • Mantentzeko inongo tratamendu berezirik ez zaio aplikatu behar; aski du ur eta xaboiez garbitzea. Materiala ez da hondatuko, ez ustelduko.
  • Koloreen aukera handia bada ere, gehien ikusten dena zuria da; badira egurra imitatzen dutenak.
  • Prezioa ez da altuegia: metro karratuko 457 euro inguru dabil.

Eragozpenak:

  • Gainontzekoak baino garestiago da.
  • Hotz edo bero handiekin desitxuratu egin daiteke.
  • Material kutsatzailea da.