Burdinezko osasuna

Burdina ezinbesteko minerala da organismoak egoki funtziona dezan, baina kopuru egokian agertu behar du
1 urria de 2012
Img salud listado 848

Burdinezko osasuna

Minerala izanagatik ere, termometro baten gisa funtzionatzen du. Organismoa ongi dabilen edo zerbait huts egiten ari den jakiteko, adierazle oso garrantzitsua da burdina. Gorputzak, beraz, ezinbestekoa du burdina, baina neurrian betiere. Eskas baldin badugu, anemia ferropenikoa agertuko da, eta gehiegi izanez gero, bizitza laburtu ez ezik, hemokromatosi esaten zaion eritasun bat sortzen du.

Burdinazko osasuna edukitzeak ez du esan nahi burdina asko eduki behar denik. Behar adina izatea da kontua, bere funtzioak behar bezala gauza ditzan; besteak beste, hemoglobinaren edo globulu gorrien pigmentuaren zati da, eta horren ardura izaten da oxigenoa organismoko zelula guztietara garraiatzea.

Burdina kantitate egokia

Odoleko globulu gorri guztietan egon ohi da burdina, eta gibelean ere metatzen da, biltegi batean bezala. Gizakion gorputza ez dago prestatuta burdina modu eraginkorrean kanporatzeko, eta metatu egin behar izaten du bizitza guztian. Pertsona heldu baten gorputzarentzat, 1,2 gramokoa da kopuru egokia. Hortik behera badabil, eskas izango du mineral hori eta anemia ferropenikoa edukiko du. Gehiegizko kopurua, berriz, 2 gramotik gorakoa izaten da, eta hemokormatosia edo burdina gainkarga ekarriko luke horrek (urritasuna bezain kaltegarria izaten da osasunarentzat). Burdina kantitatea zenbatekoa den jakiteko, transferrinaren saturazio-indizeak zer dioen ikusi behar da, eta ohiko odol-analisi bat eginda eskura liteke hori. Ez da nahasi behar globulu gorriak -edo hematieak- kontatuta lortzen den emaitzarekin; proba hori ere odol-analisien bidez egiten da, baina hemoglobina-kontzentrazio urriak eragindako anemiarik ba ote den jakiteko izaten da.

Eskas denean

Anemia ferropenikoa da gizateriaren eritasunik ohikoena. Oso hedatua dago elikadura-arazoak dituzten herrialdeetan, eta ohikoagoa izaten da emakumeengan, hilerokoa dutenean berez galtzen baitute burdina. Kalkuluen arabera, ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10i eragiten die; 2 eta 5 urteko haurrei ere erasan diezaieke, eta, ondorioz, baliteke batzuek nahasmendu kognitiboak pairatzea.

Anemiaren sintomarik aipagarriena akidura erabatekoa izaten da; bestalde, zurbildu egiten da kolorea eta bestelako eragin batzuk ere azaltzen dira larruazalean, ilea erori eta distira galtzen du, azazkalek haustera jotzen dute eta ildaxkak agertzen dira ahoaren inguruan. Berriki egin diren ikerketek diotenez, burdina faltak zerikusia izan lezake zango urdurien sindromearekin; loa galarazten duen nahasmendu neurologiko bat da, zangoak modu konpultsiboan mugitzera bultzatzen duena.

Anemia sendabidean jartzeko, burdina duten osagarriak hartu ohi dira, medikuak aginduta betiere, eta kontrolatu egin behar izaten da elikadura: haragi gorri jan (txahalarena), nahiz eta zuria era izan daitekeen (oilaskoa), baita erraiak (gibela) edo odola duten jakiak ere (odolkia). Espinakek eta dilistek ematen dutena ez da beste horiena bezain erraz xurgatzen.

Gehiegizkoa denean

Berrogeita hamar urtetik gorako herritarren erdiek burdina gehiegi daukate organismoan. Hemokromatosia esaten zaio eritasun horri, eta ondoretasunezkoa izaten da batzuetan; arrazoi genetikoen eraginez, gorputzak ezin izaten du xurgatu dietaren bidez barneratzen den burdina, eta metatu egiten da bizitza guztian. Herritarren % 1 inguruk (1.000 pertsonatatik 1ek) joera izaten dute hemakromatosia edukitzeko, eta gizonei eragiten die, nagusiki.

Gerta liteke, halaber, burdina gehiegia bigarren mailako gaitza izatea: zenbait eritasun dauzkatenek odol-transfusioak egin behar izaten dituzte aldian behin, eta horien ondorioz, burdina-gainkarga bat sortzen zaie zenbait organotan (odol-poltsa edo unitate batek 200 mg inguru izaten ditu); organismoak ezin izaten du burdina hori desagerrarazi, eta metatu egiten da.

Gorputzean metatu den burdina 5 gramoko kopurura iristen denean, osasun-arazo benetan larriak ager daitezke; besteak beste, gibeleko zirrosia, gibeleko minbizia, pankreakoa, diabetesa, artropatiak eta gerta liteke gaixoa hiltzea ere, sendabidea garaiz jartzen ez bazaio. Sendabideetako bat, hain zuzen, botika bat izaten da (burdina-kelatzaileak), zeinak desagerrarazi egiten baitu gehiegizko burdina gernuaren edo behazunaren bidez; horretaz gain, odola ateratzea izaten da aukerarik erabilienetakoa edo odola maiz-maiz ematea.

Burdina maila egokian edukitzeko aholkuak
  1. Gizonek ez lukete jan behar haragi gorria asten behin baino maizago, ez baitute galtzen burdinarik.
  2. Berrogeita hamar urtetik gorako pertsonek ez dute hartu behar mineral hori erantsita duen elikagairik (esnea edo zerealak, adibidez).
  3. Ugaltzeko adinean dauden emakumeek astean bitan edo hirutan gutxienez jan behar dute haragia, gibela edo odolarekin egindako elikagaiak (odolkia).
  4. Ahal den guztietan, haurrik txikienei amaren esnea edo formulakoa eman behar zaie, eta zereal aberastuak.
  5. Burdina duen elikagai bat jan eta ondoren zuku azido bat hartzeak (laranja-ura edo limoi-ura) lagundu egiten du gure organismoak hobeki xurga dezan mineral hori.
  6. Odol-emaile egitea onuragarria da besteentzat eta norberarentzat, zeren lagundu egiten baitu soberan dagoen minerala kanporatzen, anemia hartzeko arriskurik gabe.

Iturria: Albert Altés, Althaia Fundazioko Hematologia Zerbitzuko burua (Manresa, Bartzelona), UIC Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko irakasle elkartua eta Espainiako Hemokromatosi Elkarteko lehendakaria