Nola erditu? Erabakia, bakoitzaren esku

Erditzea naturala izan daiteke edo zesarea bidezkoa, baina beste hainbat alderdi ere izaten dira tartean: mediku-tekniken ingurukoak, amak hautatzen duen gorputz-jarrerari buruzkoak eta erditzeko lekuari dagozkionak
1 martxoa de 2012
Img bebe listado

Nola erditu? Erabakia, bakoitzaren esku

Ama izan diren emakumeek eta erditzearen esperientzia bizitzeko prestatzen ari direnek dena ongi joan dadila nahi izaten dute, haurra ongi etor dadila eta eurek ere ongi erantzun dezatela. Esperientzia eta bizipen gisa, ez du parekorik, baina erditzeko moduak asko alda ditzake esperientzia hori eta bizipena bera. Ez da gauza bera haurra modu naturalean jaiotzea edo zesarea bidez munduratzea, eta ez da gauza bera etxean erditzea edo ospitalean egitea. Beti ezin izaten da hautatu, baina azken urteetan gero eta ohikoagoa da norberak hautatzea nola, noiz eta non eduki nahi duen haurra.

Nola, noiz eta non

Azken hiru hamarkadetan asko aldatu dira amatasunaren inguruko kontuak. Laguntza bidezko ugalketa-teknika berriei esker, ugalkortasun-arazoak dituzten milaka bikote edo bestela seme-alabarik izango ez luketen hainbat emakume guraso izateko moduan daude gaur egun. Espainiako Estatuan, INE estatistika-institutuak emandako azken datuen arabera, batez beste 31 urterekin izaten dute lehen haurra emakumeek. Eta laguntza bidezko ugalketa-zentroetara jotzen duten emakumeek, berriz, 36 urte dituzte, batez beste; beraz, “etorkizuneko ama” asko 40 urtetik gorakoak dira.

Lehendik beste alaba edo semea duten amarentzat erditzeak 9 ordu iraun ohi ditu, batez-beste

Baina aurrerapen zientifiko horiek -eta beren gizarte-ondorioak- baino haratago doaz aldaketak, eta erditzeari berari ere eragiten diote horietako askok. Gaur egun, elkarri eskua emanda doaz medikuntza arloko aurrerapenak -zesarea edo anestesia epidurala, adibidez- eta aspaldiko tradizioak -haurra etxean edukitzea, adibidez-, eta kultura batzuetan bizirik dauden antzinako ohiturak ere hor daude, kukubilko jarrita erditzea, adibidez. Erditzeko modua hautatzeko orduan, erditze naturala eta zesarea bereizteaz gain, beste hainbat alderdiri ere errepara dakieke: eskura dauden teknika medikuak erabili nahi diren edo ez, amak zer-nolako gorputz-jarrera hautatzen duen erditzeko eta non erditu nahi duen.


Erditze naturala edo bagina bidezkoa

Berez gertatzen den erditzeari esaten zaio, medikaziorik gabe eta amarengan edo haurrarengan inolako esku-hartze kirurgikorik egin gabe gertatzen denari, hain zuzen. Espainian, ordea -zesarea asko izaten dira-, bagina bidezko erditzeari esaten zaio naturala. Hori dela eta, bi multzo handitan bereizten da erditze naturala: eutonikoa, non elementu medikuek ez duten esku hartzen (dena ongi doala ziurtatzeko baino ez) eta distonikoa, non medikuek-eta esku hartzen duten.

Hauxe izango litzateke erditze eutonikoa, hasi eta buka: haurra jaiotzeko unea hurbiltzen denean, aldatzen hasten da haurdunaren gorputza. Egun bat edo bi egun lehenago, dilatatzen hasten da umetokiaren lepoa. Presioa sumatzen da maskurian eta ondestean, fetuaren mugimenduak gutxitu egiten dira eta uzkurdurak hasten dira. Horrek guztiak adierazten du erditzea iragartzen duen fasean sartu dela emakumea.

Uzkurdura horiek (Braxton Hicks-enak esaten zaie, eta haurdunaldian ere suma daitezke) gero eta maizago eta gero eta indartsuago etorriko dira. Mingarriak direnean eta 20 minutuz behin gertatzen direnean, erditzea hasi den seinale izaten da. Dilatazio fasea hasten da orduan, muki-tapoia erori egiten da eta urak hausten dira; hau da, zaku amniotikoa hautsi egiten da (hantxe dago haurra, likidoz inguratua).

Uzkurdurek umetokiko lepoa dilatatzen dute, haurra errazago irten dadin. Erditze lanak aurrera egin ahala, gehiago irauten dute kontrakzioek, gogorragoak dira, eta jarraituagoak ere bai. Baina lepoa erabat ireki denean (10 zentimetro zabaltzen da), aldatu egiten da uzkurduren funtzioa: une horretatik aurrera, erditze-bidean barrena aurrera egiten laguntzen diote haurrari. Kanporatze fasea da hori, haurra sexu-bideetarantz kanporatzen den unea. Eta haurraz erditu ondoren, plazenta kanporatzea izaten da azken fasea. Ezin da esan zenbat irauten duen erditze natural batek, zenbait alderdi hartu behar izaten baitira aintzat: emakumearen eta haurraren ezaugarriak, eta aurretik zenbatetan erditu den. Hala ere, batez beste, 9 ordu irauten du lehendik beste alaba edo semeren bat eduki duten emakumeentzat, eta 14 ordu lehenengoa dutenentzat.


Erditze distonikoa

Erditze distonikoa esaten denean, adierazi nahi izaten da medikuek esku hartu dutela nola edo hala, bai erditzea eragiteko, bai amari mina arintzeko edo bai haurrari jaiotzen laguntzeko. Honako hauek izaten dira prozedurarik ohikoenak:

  • Erditzea eragitea. Prozesua modu artifizialean abiaraztea da. Hiru bide daude horretarako, eta batzuetan bereiz ezartzen dira eta beste batzuetan konbinatu egiten dira. Honako hauek dira: prostaglandinak ematea (umetokiaren lepoa heldu dadin laguntzen dute), oxitozina ematea (umetokiko uzkurdurak sortzeko ardura duen hormona da) eta zaku amniotikoa haustea lantzeta bat erabiliz (tresna luzexka bat da, kako itxurakoa, eta umetokiaren lepoan sartzen da). Erditzea eragiteko erabakia ez da nolanahi hartzen; haurdunaldia behar baino gehiago luzatu denean egiten dute (41 astetik aurrera joandakoan) edo haurdunaldia jarraitzeak arriskuan jartzen duenean amaren edo haurraren osasuna.
  • Anestesia epidurala. Erditzean izaten den mina arintzea du helburu nagusia, baina, aldi berean, ama esna egon daiteke, erditzearen inguruko gauza guztiez ohartzen dela. L-2 eta L-3 ornoen artean injektatzen dute anestesikoa, gorputzaren behealdea lokarrarazteko, baina sentiberatasun guztia kendu gabe. Asmoa izaten da amagaiak uzkurdurak zertxobait sumatzea, behar den garaian bultza egiteko.
  • Episiotomia. Perineoan egiten den ebaki bat da, haurra errazago irten dadin. Bisturiarekin egin daiteke edo guraizeekin, eta gero josi egin behar izaten da. Baginaren irekidura handitzea da helburua, erditzea azkarragoa izan dadin eta urradurarik ez dadin gerta. Ebaki hori egiteko ohitura handia dago, baina guztiak ez dira horren aldekoak. Osasunerako Mundu Erakundearen (OME), Espainiako Osasun Ministerioaren eta Ginekologia eta Obstetrizia elkarteen iritziz, behar-beharrezko denean baino ez litzateke erabili behar.
  • Zesarea. Oso kasu jakinetan egiten da: haurra handiegia denean amaren pelbisarentzat, ongi kokatua ez dagoenean modu naturalean jaiotzeko, plazenta aurreratua dagoenean, haurdunaldia ugaria denean edo konplikazioren bat sor daitekeela uste denean. Ebakuntza kirurgiko ohiko samarra da (batzuetan, amak berak eskatzen du), baina ez garrantzirik gabea. Bi ebaki egiten dituzte: bat kanpokoa, sabelaldean, eta bestea barrukoa, umetokian. Prozedurak, berez, ez du minik ematen, amagaiari anestesia ematen baitiote (orokorra, epidurala edo bizkarrezurrekoa). Erditu ondoren izaten dira gorabeherak, amak denbora gehiago behar izaten baitu osatzeko, bagina bidezko erditzearekin baino. Erditze ondoko ohiko eragozpenei, sabelaldeko ebakuntza batek sortzen dituenak erantsi behar zaizkie: mina izaten da ebakitako lekuan, mugimendu batzuk egiteko zailtasunak edukitzen dira, zauria ongi eta maiz zaindu eta garbitu behar da albait lasterren orbaindu dadin… eta saihestu egin behar da hurrengo hilabeteetan haurdun geratzea, aurrez behar-beharrezko izaten baita umetokia ongi eta erabat orbaintzea.

Intimitate eta erosotasun gehiago

Haurdunaldia normal joan bada eta amarentzat eta haurrarentzat arriskurik ez baldin badago, aukera izaten da ospitaletik kanpo erditzeko. Gero eta emakume gehiagok egiten dute etxean erditzeko hautua, erosoagoa, intimoagoa eta atseginagoa zaielako, medikuz eta erizainez inguratuta egitea baino. Erabaki hori hartzeak erditze naturala hautatzea dakar eta zenbait laguntzari uko egitea; adibidez, anestesia epiduralari. Hori dela eta, amagaiak osasun-egoera onean egon behar du, erditzeak ezin du izan ez goiztiarra ez berantiarra ere, eta etxeak osasun etxeren batetik gertu egon behar du, edozein gorabehera sortuta ere, azkar iristeko hara.

Gauza bera esan liteke uretan erditzeaz (gero eta maizago egiten da hori ere). Kasu horretan, amak ez du eduki behar osasun-arazorik, erlaxatuta egon behar du eta burua prest eduki behar du lasaigarririk eta episiotomiarik gabe erditzeko. Urak badu alde on bat, erditzean funtsezkoak diren bi hormonarengan eragiten baitu: batetik, murriztu egiten du adrenalina-ekoizpena, eta horrek erraztu egiten du giharrak lasaitu daitezen eta ama dilata dadin; bestetik, ugaritu egiten ditu endorfinak, eta, ondorioz, mina arindu egiten da modu naturalean.

Azken urteotan gero eta gehiago dira erditze naturala bizitzeko aukera ematen duten erietxe publiko zein pribatuak

Azken urteetan, gero eta ospitale publiko eta pribatu gehiagok eskaintzen diete amagaiei era naturalean erditzeko aukera, medikalizatu gabea eta autonomia gehiago eskainiko diena zenbait erabaki funtsezko hartzeko orduan. Besteak beste, erditzerakoan hartuko duen gorputz-jarrera hauta dezake: zutik nahi duen, belauniko, eserita edo kukubilko jarrita. Azken jarrera hori erabat zabaldua zegoen XVII. mendea bitarte, eta hainbat abantaila fisiko ditu: grabitate-indarrak amaren alde egiten du, eta, beraz, bultzaka egin beharreko ahalegina % 30 txikiagoa da; zangoetako giharrak ere erabil ditzake eta min gutxiago izaten du, sakroa ez baita hainbeste estutzen. Alderdi emozionaletik, emakumearen esku uzten du erditzeko erritmoa, eta medikuak eta osasun-langileak haren laguntzaile bihurtzen dira.