Amatasunaren 'deia'

Zenbait aplikaziok aukera ematen dute telefonoa gida eta egutegi gisa erabiltzeko haurdunaldi kontuetan: ugalkortasun handieneko egunak zein diren oroitarazten dute
1 martxoa de 2013
Img bebe listado

Amatasunaren 'deia'

Mugikorra eta eskua. Eskua eta mugikorra. Uneotan horixe izango da bikoterik sendoena gure inguruan. Pertsona askoren bizitzan ezinbesteko bihurtu da mugikorra, eta hainbat gauzatarako erabiltzen dute. Izan ere, hainbeste aplikaziorekin, telefonoa ez ezik beste gauza asko ere badira smartphoneak: ordulari, agenda, kalkulagailu, informazio- eta albiste-iturri, eguraldiaren iragarpena jakiteko bitarteko, bankuko eragiketak egiteko tresna… Eta hori guztia gutxi balitz bezala, azken-azkena diseinatu dituztenek hilekoaren, ugalkortasunaren eta obulazioaren zikloak adierazteko aplikazioak ere badakartzate. Gehien-gehienak doakoak dira, eta informazioa emateaz gain, alarmak eta jakinarazpen-oharrak igortzen dituzte, egun seinalatuak zein diren oroitzeko.

Ugari dira telefonoa ugalkortasun-agenda gisa erabiltzeko aukera ematen duten aplikazioak, haurdun geratzeko laguntza eman nahi dutenak edo, aitzitik, haurdunaldia saihesteko. Eta sistema eragile guztientzat balio dutenak daude, gainera: Android, iOS, Windows mobile, eta abar. Honako hauek dira ezagunenetakoak: Hilekoaren alerta (Period Tracker), Hilekoaren egutegia (Period Calendar), My days, WomanLog egutegia, LadyTimer, OvuView eta LoveCycles.

Nola funtzionatzen dute?

Aplikazio horiek guztiek berdintsu jokatzen dute. Telefonoaren erabiltzaileak sartu dituen datuak hartu, eta obulatze-egunak eta ugalkortasun handienekoak zein diren kalkulatzen dute. Hilekoa zein egunetan hasten den galdetzen dute aplikazio horiek, eta zenbat egun irauten duen normalean.

Horietako batzuek, Ovuview eta Lovecycles direlakoek adibidez, baliabide sofistikatuagoak erabiltzen dituzte, metodo sintotermikoak esaten zaienetan oinarritzen direnak. Kontrazepzio-metodo horiek (Döring, Billings, Rötzer izena hartzen dute, zientzialari horiek landu zituztelako) informazio osatuxeagoa erabiltzen dute. Beste zenbait daturen artean, gorputzaren tenperaturan eta zerbikaletako mukietan oinarritzen dira ugalkortasun aldiak kalkulatzeko. Aplikazio horiek zertxobait zehatzagoak dira, teorian.

Edonola ere, ugalkortasunaren inguruko aplikazio horiek argi uzten dute eskaintzen dituzten emaitzak teorikoak direla eta erabiltzaileak sartu dituen datuetan oinarritzen direla. Horietako batzuek, gainera, ohartarazi egiten dute informazio hori ezin dela erabili haurdunaldiak saihesteko metodo gisa.

Hilekoaren iraupena eta zikloa, oinarrizko datuak

Aplikazio horiek erabiltzeko, datu batzuk sartu behar izaten ditu erabiltzaileak. Hilekoaren zikloa eta iraupena zehaztea izaten da garrantzitsuena, informazio horretan oinarritzen dira-eta kalkuluak egiteko. Emakume baten hileko zikloak zenbat eta irregularragoak izan, hainbat eta zailagoa izaten da hurrenak noiz etorriko diren aurreikustea. Horietaz gain, bestelako datu batzuk ere sar daitezke: tenperatura basala, pisua eta gogo-aldarteen inguruko aipamenak adibidez; horiek guztiak hartu, eta taula batzuk eskainiko dizkigu sistemak, errazagoa izan dadin jarraipena egitea.

Mugikorrek dituzten ugalkortasun-programa horiek aukera ematen dute informazioa modu grafikoan antolatzeko pantailan. Era horretan, egutegi pertsonalizatu bat sortzen dute, eta ikono edo ikur bidez adierazten dute noiz izango diren hurrengo obulazioak eta noiz hasiko diren, gutxi gorabehera, hurrengo hilekoak. Programa horietako batzuek, gainera, aukera ematen dute egutegia medikuarekin edo bikotekidearekin partekatzeko. Kasu horretan, emakumeak hautatu egin dezake zer datu partekatu nahi dituen. Datu guztiak ordenagailuan edo Sareko zerbitzari batean gordetzeko bitartekoak ere eskaintzen dituzte. Hartara, mugikorra galdu edo lapurtuz gero ere, ez ginateke informaziorik gabe geratuko.

Jakinarazpen-mezuak

Interneten lehendik ere baziren ugalkortasunaren kalkulagailuak izenekoak; azken aldietako hilekoen datuak sartu, eta haurdun geratzeko egunik aproposenak zein diren esaten dute (erditzeko eguna gutxi gorabehera zein izango den ere adierazten dute). Mugikorretako aplikazioek berrikuntza bat ekarri dute: pertsonalizatu egin daiteke zerbitzua. Era horretan, telefonoak datuak gorde eta jakinarazpen-mezuak bidaltzen ditu.

Mezu horiek konfiguratu egin daitezke (aplikazio bakoitzaren araberakoa da hori), eta obulazio-egunetan aktibatzeko agindua eman dakioke telefonoari edo hilekoa heltzear denean. Era berean, programatu egin daitezke egunero abisua eman dezaten pilula zer ordutan hartu behar den edo tenperatura basala noiz neurtu behar den.

Aplikaziorik gehienek modu sinplean ematen dute informazio hori. Baina aplikaziorik osatuenek (Ovuview, adibidez) programa konfiguratzeko aukera ematen dute, norberak ezarritako helburuen arabera aurkez ditzan datuak: haurdun geratzeko helburuz edo haurdunaldia saihesteko helburuz.

Zerbitzu gehigarriak ugalkortasunarentzat

Mugikorrentzako aplikazio horietako batzuk ordaindu beharrekoak dira (horietako asko doako aplikazioen premium bertsioak dira), eta aldian-aldian txostenak bidaltzen dituzte, pdf formatuan, posta elektroniko bidez; beste batzuek, berriz, zerbitzua pertsonalizatzeko aukera gehiago eskaintzen dituzte. Ordaindutako bertsioetan ez da izaten publizitate iragarkirik, eta horixe dute alderdik handiena doakoekin. Premium bertsio gehienek 1,30 eta 1,60 euro artean balio dute, nahiz eta badiren garestixeagoak ere: LadyTimer (2,15 euro) eta LadyCycle (2,48 euro).