Azterketak aztergai

Beharrezko den denbora eskaintzea, kontzentratuta aritzea eta gaia ulertzeko ahalegina egitea, hiru jarraibide horiek funtsezkoak dira azterketak gainditzeko
1 ekaina de 2010
Img salud1 listado

Azterketak aztergai

Ikasleek buruko min bat baino gehiago izaten dituzte ikasturtean, eta gehien-gehienak, azterketa garaian. Otsailetik ekaina bitartekoa aldi gogorra izaten da: azterketak pilatu egiten dira, eta nekeak ere bai. Espainian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ia bi milioi ikaslek, batxilergoan ari diren 618.000 gaztek eta 1.300.000 unibertsitariok jarri behar izaten dute orri zuriaren aurrean. Zama handia izaten dute gainean, kezka ere bai, gaindituko ote duten edo ez, aski denbora edukiko ote duten guztia ikasteko, orria bezain zuri geratuko ote zaien burua ordua iristen denean…

Urduri eta estu ibiltzen dira ikasle asko, beldurtu ere egiten dira batzuk, eta estresak jotzen ditu beste zenbait. Larritasun hori kaltegarria dela pentsa liteke, baina psikologoek alde ona ere ikusten diote. Tximeletak ikasleen sabeletan dantzan hasten direnean, azterketak prestatu beharrak urdurituta, indartu egiten zaie gaitasun intelektuala, eta emaitza hobeak lortzen laguntzen die horrek. Baina, aldiz, tentsio arin hori larritasun bihurtzen bada, ikaslea hondoratu dezake. Muga hori ez gainditzea da kontua, nola edo hala saihestea. Eta horretarako, oso lagungarriak gertatzen dira EROSKI CONSUMER-eko psikologoen eta hezitzaileen aholkuak; sareko eskolan ikus litezke horien esanak, Ikasten ikasi? izenekoan (¿Aprender a Aprender?; http://escuelas.consumer.es/web/ es/aprender_a_aprender/). Zenbait ohitura hartzea komeni dela nabarmentzen dute, baina ez azterketa bezperan soilik, ezpada aurreko hilabeteetan. Horien esanetan, “jarrera kontua da, batik bat”. Hori ere ez da aski, ordea: jarrera behar du, jakina, eta metodoa ere bai, baina gauzarik garrantzitsuena lan egitea da. Jarri egin behar du eta ekin. Teknologia berriek lagunduko dute, bai, zenbait gauzatan, informazioa eskuratzen eta abar, baina ikastera eseri ezean, ez dago azterketak gainditzerik, ezta pixkatxo bat ikasita ere. Asko eta ongi ikastea da metodorik onena konfiantza falta segurtasun bihur dadin, eta talaia horretatik, beldurrik gabe begiratzen ahal zaie azterketei.

Ulertuz ikasi

Ikaslearen adina gorabehera, eta ikasgaiak hartzen duen orri kopurua hartzen duela, bada araua bat barneratu beharrekoa: ulertu egin behar da ikasten den hori. Deus gutxirako balio du dena buruz ikasten aritzeak, tutik ere ulertu gabe, zeren hitz bat edo esaldi bat ahazten zaionean, ikaslea ez atzera ez aurrera gera baitaiteke, buruz ikasi duen horri zentzurik eman ezinik. Informazioa desordenatu egingo zaio, eta ezin izango dio erantzun aurrean duen galderari, edo hutsegite handi samarrak egingo ditu, eta nabarmen erakutsiko du ez dakiela gauza askorik.

Ikasgaiak zer eduki orokor biltzen dituen jabetzeko, gaia arin eta arretaz irakurtzea da onena. Jarraian, berriz irakurri behar da, modu analitikoagoan, eta ideia eta datu funtsezkoenak azpimarratuz. Ondoren, eskema bat egiteko unea izaten da; eskema horretatik abiatuta, gaiaren laburpena idatziko dugu, eta horixe bera ikasi eta barneratuko dugu, ahozko lanketa eginez edo idatziz. Era horretan, ikasgaiaren informazio logikoa eta bisuala barneratzen da.

Eskema argazki baten pareko zerbait izango litzateke, eta ikasgaiaren egitura zein den erakutsiko liguke, ideia nagusiak zein diren eta zein bigarren mailakoak; laburpenak, berriz, ideia horiek elkarrekin lotzeko balioko digu. Gainera, eginez eta ikasiz, ohitu egiten gara edukiak azaltzera, datu garrantzitsurik ahaztu gabe.

Ebaluaketa edo lauhileko osoan hori eginez gero, errazago eta azkarrago barneratuko eta gogoan hartuko ditugu edukiak.

Ikasgaia prestatu

Denbora eta planifikazioa. Ikasle orok, lehen-lehenik, antolatu egin behar du ikasgai bakoitza, eta egunez egun zer ikasiko duen erabaki behar du. Plangintza hori, bistan da, ezin da egin azterketak gainean daudenean; ikasturte hasieran egin behar da, edo azterketa garaia iritsi baino hilabete batzuk lehenago. Guzti-guztia azken egunetarako uztea edo bezperarako, hanka-sartze handia da hori, eta ondorio txarrak utzi ohi ditu. Gauzak denboraz hartzea da gakoa, horrek aukera ematen baitu ikasketa-teknika egokiak erabiltzeko. Horri esaten zaio metodoarekin ikastea.

Dena ez da ikastea

Jo eta ke ikasten aritzeaz gain, beste zenbait gauza kontuan hartzea ere oso garrantzitsua da azterketak ongi gainditzeko:

Eskoletara joatea eta irakasleak ematen dituen azalpenei arreta jartzea askoz lagungarriagoa, joan ez eta ikaskideei galdezka ibiltzea baino. Irakasleari entzunez, ohar onak hartuko ditu ikasleak, eta, gainera, irakasleak garrantzia zeri ematen dion antzemango du (bereziki azpimarratzen duen hori aterako da, segur aski, gero azterketan).

Irakasleak zer-nola jokatzen duen jakitea ere komeni da: zer saritzen duen, zer zigortzen, aurreko azterketetan erabili dituen galderak jarri ohi dituen berriz, test moduko azterketen zalea den edo ohiko azterketak nahiago izaten dituen…

Egunez eta atsedenaldiak tartekatuz

Egunean egunekoa ikasiz joateko eta plangintza behar bezala betetzeko, ikasketa-erritmo egoki eta jarraitua hartu behar du ikasleak. Egun batean bost-sei orduko saioa egin eta astebetez liburuak mahai gainean ahaztuta edukitzea, hori ez da estrategia ona. Lan-erritmo ona lortzeko, egunero aritu beharra dago, eta, ahal dela, ez ordu txikietan. Adituen esanetan, burua argiago egoten da egunean zehar, eta ez da komeni gauez aritzea ikasten. Batetik, etekin gutxiago ateratzen dugu, ordu horietan atseden hartzera ohitua dagoelako gure organismoa. Bestetik, gauez jardunez gero, hurrengo egunean akituta egoten gara, eta lo egin beharra izaten dugu egunaren zati batean, behintzat; ondorioz, aski modu etenean ikasten dugu eta hori ez da izaten eraginkorra.

Ikastaldiak noiz egin eta zenbatekoak izango diren antolatzerakoan, atsedenaldiak ere kontuan hartu behar ditugu, behar-beharrezkoak dira eta. Zenbait espezialistak diotenez, ikasten ematen den ordu bakoitzeko, bost minutuko atsedena hartzea komeni da; beste batzuen ustez, berriz, hobe da geldialdi luzexeagoa egitea, bat goizeko saioaren erdian eta bestea arratsaldekoan. Goizeko zortzi eta erdietan hasteko ohitura badugu, eta ordu biak arte aritzen bagara, 11:30 inguruan egingo genuke atsedenaldia, 30 minutukoa edo. Aholkuak aholku, ikasleak berak finkatu behar du zer ikasketa-metodo erabiliko duen. Ahal dela, baina, beti ordu berean aritzea komeni da.

Kontzentrazioa

Kontua ez da sekulako ordu pila pasatzea gelan edo liburutegian, ezpada modu eraginkorrean jardutea eta denborari ahalik eta etekin gehien ateratzea. Atsedenaldi txikiak ederki etortzen dira burua argitu eta indarberritzeko, esan dugu hori, baina komeni da, halaber, ikastaldia amaitu ondoren, gure gustuko jardueraren bat egitea, lasaitzeko eta liburu eta orriekin ahazteko, une batez, bederen. Paseatzera joatea, kirola egitea edo lagunekin solasean aritzea izan litezke aukera batzuk. Baina horretarako, jakina, gogoa eta kemena behar izaten dira, eta ez horiei eusten asmatu beharra dago.

Dietak ere laguntzen du

Elikadurak ere lagundu dezake eskolan emaitza hobeak lortzen, eta alderdi hori ere ongi antolatu eta planifikatu behar da. Azterketa garaian, ahalegin fisiko eta psikiko handia egiten da, gorputza eta burua asko bortxatzen dira, eta horrek galarazi egin dezake kontzentrazioa. Gorputzak duen pisuaren % 2-3 artean hartzen du garun-masak, baina elikagaiek ematen diguten energiaren % 20 kontsumitzen du. Horrek ez du esan nahi ikasleek kaloria gehiago hartu behar dituztela, ezpada beharrezko zaizkien mantenugaiak hartu beha dituztela. Dietan sartu behar dira, besteak beste, B taldeko bitaminak (frutek, barazkiek eta lekaleek izaten dituzte, batik bat), E bitamina (labore eta fruitu lehorretan ageri da), gatz mineralak (potasioa, magnesioa eta zinka) eta oligoelementuak ere bai (litioa, silizioa, selenio eta kromoa). Mantenugai horiek guztiek eragina dute kontzentratzeko gaitasunean, memorian, emaitza intelektualean eta, zenbaitetan, baita aldartean ere. Norbaitek bitamina gehiago hartu nahi baditu, gehigarri gisara, espezialista batekin harremanetan jartzea komeni da, eta gogoan hartu behar da, horrelako tratamendu bat emaitzak ematen hasteko, aste batzuk behar izaten direla (ez da sumatzen eraginik egun batetik bestera). Azterketa garaian ere, gosari osatu batekin hasi behar da eguna, eta ez kafe batekin edo baso bete esnerekin.

EROSKI CONSUMER-eko elikadura-adituek zera gomendatzen dute, dieta bost zatitan banatzea: gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, arratsaldekoa eta afaria. Otordu nagusietan, lekaleak, arraina, haragia, arrautza eta barazki berdeak jan behar dira. Tarteko mokadutxoetan, esnekiak, fruta, laboreak eta fruitu lehorrak jatea komeni da. Jende askok kafe ugari hartzeko ohitura izaten du, edo kafeina duten edariak, baina halakoak saihestu egin behar dira.