Sexu jolasa asegarriago bihurtzeko

Autokontrolik ez!

1 apirila de 2004
Img psicologia listado 168

Autokontrolik ez!

Zer adierazi nahi dugu zehatz-mehatz sexu jolasaz ari garenean? Ongi pasatzea helburu duen borondatezko zeinahi egintza bezala, sexu jolaseko urrats guzti-guztiak ere jolas dira, hasi eta buka. Etapa bakoitzak badu bere adiera, bere zentzua eta, halakotzat, osagai edo alderdi bat bestea baino garrantzitsuagotzat jo gabe bizitzen, gozatzen ditugu. Horrela ulertzen dugu sexu jolasa. Musua, besarkada, koitoa, laztanak, masturbazioa eta… atsegina bilatzeko beste hamaika forma ere sexu jolasak dira, berez. Okerreko bidetik, sexu praktikak bitan banatu izan dira: osoak eta hastapenekoak, alegia. Bigarrenak gaitzestearen lepotik aurrenekoak goretsi dira, eta horrek ekarri digu jolasaren gozamena galtzea, indarra jartzen delako helburua beteko den ala ez… eta beharbada helburu hori ez da gainera guk bilatzen duguna.

Sexu jolas deritzogu nolabaiteko harreman ludikoa inplikatzen duen neurrian. Pertsona nagusiak bere buruaren heldutasunak gutxien baldintzaturik eta egiatiena duen parteari amore ematea deliberatu du -bere haur parteari-. Kontua da aurreiritziak gainetik kentzea, tabu eta mito galarazle eta eragozleetatik at aritzea, jolasean aritzearren jolasera iristea, jakin-minari, arakatzeari, fantasiari, pasioari ateak zabalduz. Kontua da nork bere burutik ikastea, nork bere burua hobeki ezagutzea, elkarlana eta gozamena gorpuzten diren sexu topaketaren ahalmenei zukua ateratzea. Gizaki ikasiaren itxurak egitera, kontrolatzera behartzen gaituen mozorroa alboan utzita, haurraren nortasuna aske uztea, hitz batez. Botereak eta lainezak hemen ez dute baliorik, atseginak askatasunez aritzea agintzen baitu: nork bere buruari eta aurrekoari askatasunez aritzeko bide ematea, barrea eragitea eta seriotasuna urruntzea. Jolastea da kontua, jolasaren atsegina maitasunaren edo trebeziaren araberakoa ez dela izango jakinik, autokontroletik urruntzeko baliatuko dugun kodearen araberakoa baizik.

Zerk galarazten digu sexu jolasaz gozatzea?

Jolaskide on edo eskasagoak izango gara, segun eta bizitzaren aurrean nolako jarrera dugun, harremanetan zein komunikazio kode darabilgun. Atseginera irekitako jarrera lasai eta komunikaziozkoak lehiakortasunetik urrutiratuko gaitu eta konparaketak barregarri bihurtuko ditu. Desiraren atea zabaltzen duten sarrailak segurantzia eta auto-estimazioa dira. Desira onartzea eta gozatzen ikasi nahi izatea aukera kontziente eta atsegingarria da, zeinahi adinetan hezteko modukoa: bera garatzeko askatasuna baizik ez du behar.

Sexu gogobetetasuna ez da ikasten, horrenbestez, trebezia handiagoa edo txikiagoa eskatzen duten postura, laztan eta igurtziei buruzko gidaliburuan. Hori guztia gerora etorriko den ikasketa gaia da, baina inongo eraginik ez luke izango baldin eta atsegin hartzeko eta emateko gure gaitasunaz kontziente ez bagina (gure sexualitateaz, alegia). Proiektu horretako lehendabiziko urratsa geure burua onartzea, errespetatzea eta maitatzea da; ondoren, gozatzen eta gozarazten nahi izatea eta ikastea dator. Presarik gabe, markak hausteko gogorik gabe, erronkarik gabe, geure martxan.

Kontuan izateko hiru kontzeptu funtsezko

  • Gorputza ezagutzeko premia
  • Zer eta nola nahi duen gure gorputzak
  • Zer eta nola sentitzen duen
  • Haren atalak bataiatzea eta haietaz mintzatzea, beste batzuez mintzatzen garen modu berean.
  • Atseginaren aurreko gure jarrera aztertzea
  • Ez da zikinkeria
  • Arduratsuki partekatzea deliberatu duten bi pertsonen artean ez dago ezer debekaturik
  • Merezi dugu. Horixe da bizitzeko aukeratu dugun kodea.
  • Plazeraz dugun kontzeptua aztertzea
  • Gozatzeko gorputz osoa dugu baliagarria
  • Plazeraz gozatzeko gure gaitasunik handiena bilatzea
  • Une eta egokiera guzti-guztiez gozatu nahi izatea
  • Komunikazio positibo irekia, atseginerako bide zuzena
  • Gure bizitza pasio bihurtzea
Desira ezabatzen edo eragozten duten faktoreak
  • Erruduntasun sentimenduak

    Atseginezko saiakuntzak egin nahi baina, barne-barneratuak, gidari ditugun balioekiko kontraesanak sortzean azaltzen dira horrelakoak. Egoismoarekin, printzipio moralik ezarekin, arinkeriarekin lotua dago atsegina. Gure kode moralean maiz agertzen dira, elkarren kontra agertu ere, atsegina eta bizitzan jardun beharreko bide zuzena. Gauzak “horrela izan behar” izate horrek atsegina eta maitasuna nahasteko, rol pasiboan mantentzeko, “desira objektu” huts agertzeko premia sortarazten die emakumeei; gizonezkoei, berriz, jardun aktiboan, eragilean, desiragarri eta harremanean emakumeak gozatzearen arduradun jokatzeko konpromisoa. Bertan hartzen dute euskailu, era berean, sexu topaketan premiak eta desirak eragozten dituzten ahalke eta lotsek.

  • Auto-estimazio eskasa

    Ezagutza pertsonal urria dagoenean gertatzen da -ez gure gorputzak, ez jarduteko gure baloreak ezagutzen ditugu-; gure gorputz atalek nola sentitzen duten eta gorputzak une bakoitzean nola sentitu nahi duen ongi ez dakigunean goaz auto-estimazioa urrituz. Geure burua eskas ezagutzeak gure auto-kontzeptuan izango du eragina eta horrek, zuzen-zuzenean, gure konfiantza eta segurantzian: azkenean, maite gaituela esaten digun horretxen menpeko bihurtzeraino eragingo gaitu. Aurrerantzean, horren premia eta desirak lehenetsiko ditugu, baita geureak zokoratuta ere. Mendekotasunean oinarrituriko harremana bizipenak partekatzea den printzipioaren beste muturrean dago, baina partekatze horretan dauka atseginak funtsa.

  • Tabu eta aurreiritziak

    Atsegina ez da zikinkeria, ez da bekatua. Arduratsuki, atseginaz gozatu nahi duten bi pertsonaren artean ez dago ezer debekaturik.

  • Barneratutako beldurrak

    Atseginaren peskizan goazela emakumearen genitalak, haurdun geratzeko posibilitatea edo sexu transmisioz kutsatzen diren gaitzak mamu gisa azaltzen dira. Horiekin batera, behar bezain ongi ez geratzeko, porrot egiteko eta, hortaz, arbuioa nozitzeko beldurrak ere harrotu ohi dira.

  • Astirik eza

    Maitatzea, mimatzea, partekatzea ezinezkoa da horretarako astirik hartu ezean, bizitzan geure buruari adierazi diogun lehentasunetako bat bailitzan dihardugunean.

  • Haserrealdi eta borrokak

    Une horietan ez dugu kontaktu fisikorik nahi izaten, beste pertsona zigortzeko asmoz, zenbaitetan: haserrealdiak oker kudeatzen ditugun seinale. Gatazkaren konponbidea komunikazio ireki, onuragarri, enpatikoaren bidez aurkituko dugu: laztan bat, hurrenkerazko keinu bat lagungarri gertatuko zaigu hautsitako komunikazio hori suspertzeko.

  • Estresa

    Horixe da sexu atseginaren etsai gaiztoenetako bat eta horrelaxe hartu behar dugu: sexu apatian eta gurarik ezean amilduko gaitu, azkenean.

  • Botika batzuk

    Antsiolitiko, antidepresibo eta hipertentsio arteriala tratatzeko hainbat botikak desirarik ez izatera eraman dezakete pazientea; dena den, horien alboko ondorioak ez dira zehatz-mehatz ezagutzen, aski saiakuntza frogaturik ezean.

  • Komunikaziorik eza

    Komunikazioaz ari garela, ez goazkio informazio asko edo gutxi iragateari: elkarrekin mintzatzea, gustukoa dugunaz jardutea, nahi duguna eta higuingarri duguna, min ematen diguna, zoriontsu egiten gaituena elkarri adieraztea da kontua. Elkarrekin hitz egitea kutuntasuna partekatzea da, gure ahuldadeen berri elkarri jakinaraztea.