Adiskidetasuna

Aurkitu eta iraunarazi beharreko altxorra

1 otsaila de 2004

Aurkitu eta iraunarazi beharreko altxorra

Gauza normala da adiskideak edukitzea gustuko izatea: gizakia izatez da soziala, beste pertsonekiko harremanetan hazi eta heltzen da. Eta familiak funtsean lagunartea, eguneroko maitasuna, baldintzarik gabeko laguntza, egonkortasun emozionala eta bizitzaren dimentsio transzendental bat (partekatutako proiektu bat, gure seme-alaben aurrerabidea) ematen digun era berean, adiskideek aire freskoa, dibertsitatea, denborapasa, zaletasunak garatzeko eta giro amultsu eta ozarrean komunikatzeko aukera ekartzen dute gehienbat. Eta, sarritan, eguneroko arazoetatik ihes egiteko aukera. Hala ere, adiskide guztiek ez dute garrantzi berbera; gaur hitz egin dezagun gertatzen zaigunagatiko ardura agertzen duten haietaz, betiere aholkuak, laguntza, hurbiltasuna eta maitasuna ekartzeko prest dauden haietaz; bestela esanda, adiskide onez, ezinbestekoez.

Gutako gehienok adiskideak ditugu, edo izan ditugu. Baina, denboraren joanean, izaera aldatzen dugu, ezkondu eta seme-alabak izaten ditugu, eta horrek arreta beste lehentasun batzuetan jartzera eramaten gaitu. Badira beste eragozpen batzuk, hala nola bizileku aldaketa baten ondoriozko distantzia, esate baterako. Litekeen beste eragozpen bat da adiskideak gure bikotekidearekin eta haren adiskideekin partekatzea.

Gainera, urteak joan ahala, batzuek ohitura txarrak hartzeko, isilago, egoistago, maniatikoago edo indibidualistago bihurtzeko joera dugu. Hartara, zorrotzago eta hertsiago, tolerantzia eta ulerkortasun gutxiagoko bihurtzen gara, eta horren ondorioz ikaragarri kostatzen zaigu adiskide berriak lortzea eta are genituenak mantentzea ere. Adiskide bat galtzea hain erraza izanik, bai zaila berreskuratzea, pentsatzen dugu errua gurea ez balitz bezala. Baina jakin behar genuke adiskide berriak egiteko gaitasuna erakusten duen pertsona batek hura lortzeko gauza ez denak baino buru irekitasun eta jendetasun handiagoak agertzen dituela.

Nolanahi ere, pertsona bakoitza mundu bat da: batzuek adiskide minak dituzte gogoko eta bestetzuek harreman azalekoagoa nahiago dute, baina halaber badira lagun min bakan batzuk izan eta besteekin hain pertsonala ez duen bizitza soziala partekatzen dutenak. Gakoa ez da adiskide asko izatea, baizik eta familiaz, auzoaz edo lantegiaz kanpoko gure harreman-beharra asetzeko adina. Gerta liteke adiskide asko izan eta, hala eta guztiz ere, “beteta” ez sentitzea. Kasu horretan, geure lagun sarea aldatu edo emendatzeko beharra aztertzeko garaia da.

Eman eta hartu

Adiskidetasuna elkarrekikotasun harremana da. Ez da nahikoa norbaitekin adiskidantza mantendu nahi izatea, bi pertsonek nahi izan behar dute eta adiskidetasunaren esanahiaren eta berarekin daraman parte hartzearen kontzeptu bertsua izan behar dute. Gogoeta egin eta geure zalantzei buruz erabakitzeko, lur jota geratu gabe frustrazioak eta mina onartzeko, esperientziak, ziurtasunak eta ezagutzak behar ditugu, gure baitatik eta gure familiatik kanpotik ere etorri behar dutenak. Adiskideei esker geure burua ezagutuz joaten gara, aurrera egiten dugu eta erorikoen gehiegizko beldurrik gabe bizitzan zehar ibiltzeko beharrezko lagunartea dugu, adiskideak motelgailu gisa jokatzen baitute, aurrera jarraitzeko sostengu-gune gisa, alegia. Lagun guztiekin ez dugu hurbiltasun emozional berbera. Desberdintasuna zenbat eta nola partekatzen dugun kontuan hartzean datza, gure elkarrekintzan dugun parte hartze eta intimitate mailaren araberakoa da. Denok igarotzen ditugun egoera zailek gure adiskideen kalitatea bereizten dute. Izan ere, oso ohikoa da betiko adiskideek duten harremana azalekoa izanik, haren isla bakarra aisialdia partekatzea izatea. Bestalde, adiskideekiko harremana bikotekidearekikoaren desberdina da; izan ere, badihardute gure bizitzako plano desberdinetan, eta azken hauek osagarriak badira ere, nekez asimilagarriak. Geure bikotekidearekin zenbait adiskide parteka ditzakegu, baina aberasgarriagoa da gureak baino ez diren zenbait mantentzea.

Emakumezko eta gizonezko adiskideak izateko balaztak

Besteentzat itxitako bizimodua. Ez badigu harremanak izateko aukerarik ematen eta aldatzeko ezer egiten ez badugu, bakartasuna izango dugu lagun bakarra.

Autoestimu txikia eta gutxiagotasun konplexua. Gure ekarpenaren balioan konfiantzarik ez badugu, geure burua gutxietsi eta bakartzeko joera izango dugu. Beren buruaz kontzeptu eskasa duten pertsonak ez dira batere interesgarriak gertatzen. Baldin uste badugu ez dugula ezer balio, zaila izango da edozein gauzari ekitea, eta are zailagoa porrot egiteko arriskurik badu. Eta harremanetarako proposamena kanpotik datorrenean, seguruenik, beldurrez, ez diogu deiari behar duen arreta eskainiko edo ez dugu eraginkortasunez egiten jakingo.

Beldurrak. Norbera gogoko ez izateko, guregandik espero dela uste duguna ez betetzeko, egoerak eskatzen duen mailan ez egoteko beldurra. Ondo ezagutzen bagaituzte abandonatu egingo gaituzten beldurra.

Komunikatzeko trebetasun falta. Arazoa ez da pentsatzen dena esatea, nola esaten den baizik. Enpatia (bestearen lekuan jartzea) eta asertibitatea dira gakoa (geure burua askatasunez eta egiati adieraztea, mindu eta gutxietsi gabe).

Autoengainua. Dena ematen dugula, beti bestearen esanetara gaudela uste izan eta, beraz, geure adiskideengandik dena espero izatea. Adiskideak geureganatu eta tentsiopean jartzen baditugu, hurbildu dena azkenean urrundu egingo da eta horrek ulertezintasun sentimendu batera eramango gaitu; sentimendu horrek autoengainua indartuko du.

Beti arrazoi izan nahia, modu harro, intolerante edo zekenean jokatzea.

Hoztasuna, hala hitzezko arloan nola keinuzkoan. Hunkiberatasun, hurbiltze falta, besarkada edo laztan baten falta.

Adiskide ona izateko...
  • Atera zaitez zeure oskoletik: kanpoan ez daude arriskuak, besteen bidez zeure burua aurkitzeko aukerak baizik.
  • Balora ezazu nor zaren, baita zeure trebetasunak ere, eta saia zaitez ematen ari zarena eta nahi izanez gero eman dezakezuna jakiten.
  • Zain itzazu zeure adierazpen modua: izan ezazu jarrera positibo eta adeitsua. Eska ezazu behar duzuna. Eman itzazu eskerrak eman dizutenagatik eta barkamena eskatu inor mindu baduzu.
  • Ager zaitez zaren bezala, ez besteek zu izatea nahi dutela uste duzun bezala. Egiazaletasuna norberarengan hasten da
  • Partekatzeko garaian izan zaitez eskuzabala, hala gauzak nola sentimenduak eta iritziak partekatzeko garaian.
  • Eskain iezaiezu denbora erregularki zeure adiskideei, haiek ez baitira beste zereginik ez duzunerako konponbidea. Jakinaraz iezaiezu, zeure eguneroko jokabideaz, zeure bizitzan leku garrantzitsua betetzen dutela.
  • Zain ezazu ondo harremana, arretaz eta arduraz.
  • Ager ezazu sentiberatasuna eta estimua. Erabil itzazu keinu atsegin eta maitekorrak. Hitzak soberan daudenean, sostengua, estimua eta elkar ulerkortasuna behar dugu.
  • Adiskidantza on bat iraunarazi beharreko altxorra da. Benetako adiskideen artean nekez gertatzen dira haserre gaindiezinak. Utz dezagun harrokeria bazter batera eta egin ditzagun ahaleginak gogaidetasuna berreskuratzeko.
  • Eta garrantzitsuena: adiskide on bati kasu egin eta entzun beharra dago benetan behar duen guztietan.