Zergatik zaizkigu erakargarriagoak batere osasungarriak ez diren elikagaiak?

Gizakiak berezkoa du gantz eta azukre ugariko jakiak hautatzeko joera, historiako beste garai batzuetan ezinbestekoak izan zaizkiolako bizirik irauteko
1 urtarrila de 2014
Img alimentacion 6 listado

Zergatik zaizkigu erakargarriagoak batere osasungarriak ez diren elikagaiak?

Elikagaien ahogozoak eragin handia izaten du gure aukeretan. Janari bat zenbat eta gustagarriagoa izan, hainbat eta gehiago jango dugu, eta askotan goserik gabe ere bai. Birminghamgo Unibertsitateko ikertzaileek berriki zehaztu dutenez, gehien gustatzen zaizkigun elikagaiek badute ezaugarri bat elkarrekin: hiru osagaik indartzen dute horien zapore tentagarria, gatzak, azukreak eta gantzak. Eta hiru osagai horiek, neurriz kanpo hartuta, arriskutsuak dira osasunarentzat: areagotu egiten dute pisu gehiegia eta gizentasuna izateko arriskua. Baina ez da batere erraza osagai horiek saihestea, elikagai askotan eta askotan ageri direlako, hainbat itxura, testura, lurrin eta zaporerekin. Baina zergatik maite ditugu hainbeste? Zergarik erakartzen gaituzte hainbeste patata frijituek, eta ez horrenbeste azenario edo apio dado batzuek? Plazerak badu zerikusia, nola ez; biologia arloko arrazoiek ere bai, eta historiari eta filosofiari dagozkion alderdiek ere badute beren eragina.

Jatearen plazera

Epikuro greziar filosofoaren ustez, plazerak eragin egiten dio gure jokabideari, eta etorkizuneko ekintzak eta aukerak moldatzeko gaitasuna du. Horrela, bada, elikagai bat jateak plazer handia ematen badigu (adibidez, kremaz estalitako gofre batek), horrek erruz baldintzatu dezake harekin elkarreraginean aritzeko modua.

“Jatearen poza” ez zaio soilik lotzen beharrizan fisiologiko ezinbesteko bat asetzeak ematen duen atseginari. Gosea erregulatzeko prozesua aski konplexua da. Badakigu garuneko mekanismo batek modulatzen duela, zeinak “energia-oreka” kontrolatzen baitu. Mekanismo horri “erregulazio homeostatikoa” esaten zaio, eta haren zeregina izaten da gastatzen dugun energia eta elikagaiekin barneratzen duguna orekatzea. Erregulazio homeostatiko bat gertatzen da epe motzean, baina epe luzean ere funtzionatzen du, eta gorputzeko hainbat substantziak parte hartzen dute horretan: urdail-hesteetako peptidoek, gorputzeko gantz ehunetako hormonek eta hipotalamoan dauden mekanismoa zentralek.

Elikagaiak hautatzea: energiaren bila

Elikagai atsegingarrienak gai dira gure jateko moduari eragiteko, bai goseak gaudenean eta bai aseta gaudenean ere. Elikagai gustagarriak jateak atsegin handia eman dezake. Eta hor sartzen dira jokoan kaloria ugariko elikagaiak edo elikagai gaziak. Ikertzaileek adierazten dutenez, animaliok, energia beharrizanak asetzetik harago, joera dugu substantzia gozoak eta gaziak hartzekoa, eta, aldiz, saihestu egiten ditugu substantzia oso mingotsak edo mikatzak, eta janaririk ez duten animalietan ere ageri da jokabide hori. Egokitze prozesuen ondorioz egiten dira aukera horiek: zapore mingotsak alkaloide toxikoei atxikitzen zaizkie maiz, eta substantzia azido askoren azidotasuna, berriz, ager liteke elikagaia hondatua dagoelako edo behar bezala umotu gabe. Zapore gozoek, gantzatsuek eta gaziek, aldiz, adierazten dute elikagai horiek mantenugai garrantzitsuak dituztela bizirik irauteko.

Energia-dentsitatea esaten zaion kontzeptuak adierazten du elikagai edo edari batek zenbat energia ematen duen pisu unitate bakoitzeko. Apio gordinak, esaterako, kilokaloria gutxi ematen ditu pisu unitate bakoitzeko (0,11 kcal/gramoko), eta, beraz, energia-dentsitate txikiagoa izango du, adibidez, txokolateak baino (5,19 kcal/gramoko). Zergatik agertzen ote dugu halako joera energia-dentsitate handia duten elikagaiak neurriz kanpo hartzeko? Zalantzarik gabe, atsegin ematen digulako, eta, ondorioz, gure garunak mezuak bidaltzen ditu jaten jarrai dezagun, baita goserik ez badugu ere.

Stephanie Fulton doktoreak 2010. urteko urtarrilean adierazi zuen bezala (Montrealgo Unibertsitateko Nutrizio Saileko kidea da), jaiotzetik daukagu gantz eta azukre ugari dituzten elikagaiak hautatzeko joera (hau da, energia-dentsitate handikoak), eta hori gertatzen da bere garaian, elikagaiak eskas zeudenean alegia, gizakiak egokitzeko mekanismo batzuk sortu behar izan zituelako bizirik iraungo bazuen (historian zehar hainbat aldiz). Orain, aldiz, gisa horretako elikagaiak ugari eta oso eskura daude munduko zenbait lekutan, gure inguruan esaterako, eta gehiegi jateko joera izaten da. Ondorioz, erruz hartzen ditugu kaloriak eta gizendu egiten gara.

Tentagarrienak

Dena den, biologiak eta kimika organikoak ez dute guztia azaltzen, beste zenbait aldagaik ere eragiten diote-eta gosea kontrolatzeko prozesuari. Energiaren erregulazioa ez ezik, “erregulazio hedonikoa” esaten zaiona ere hartu behar da kontuan, non emozioekin eta motibazioaren zerikusia duten faktoreek parte hartzen baitute, eta horietan nabarmen eragiten du elikagaien ahogozoak. Tentagarrienen artean honako hauek jarri dituzte Birminghamgo Unibertsitateko ikertzaileek:

  • Gozoak eta postreak: txokolatea, kruxpetak, galletak, pastelak, gozokiak eta kremazko izozkiak.
  • Aperitibo gaziak: patata frijituak eta galleta gaziak.
  • Janari lasterra: hanburgerrak, pizza edo oilasko frijitua.
  • Edari azukretsuak: gaseosa, te gozoa, irabiakiak, kafe gozoa eta azukrea duten beste edari batzuk.