Zeliakoek ere ospatu nahi

Eguberrietako errezeten ohiko osagaietan aldaketa txiki batzuk egitea nahikoa da zeliakoek inolako arriskurik gabe jan ditzaten menu horiek
1 abendua de 2012
Img alimentacion listado 843

Zeliakoek ere ospatu nahi

Ikusi-makusi. Zer ikusi? Ikusten dut, ikusten dut… mahaia janariz betea! Kroketak, ganbak gabardina eran, kaneloiak bexamelarekin, askotariko tartak… Eguberrietan ez da harritzekoa izaten gisa horretako jakiak izatea otorduetan. Baina zer esango ote luke zeliako batek mahai gainean zer ikusten duen galdetuta? Hauxe, segur aski: glutena. Zeliakia edo glutenarekiko intolerantzia daukaten pertsonek ziurtatu egin behar dute jaten dituzten elikagai guztiak arriskugabeak direla haientzat, eta zer esanik ez Eguberrietan, jaki asko eta askotarikoak jateko ohitura izaten baita. Arrisku oro saihesteko, nahikoa da aldaketa txiki batzuk egitea erosketen zerrendan, errezeta batzuen osagaietan eta jakiak prestatzeko moduan; hartara, denak lasai eseriko dira mahaira.

Helburua: Eguberrietako menuarekin gozatzea

Erosketak egitera joandakoan, bi elikagai, behintzat, zerrendatik kanpo utzi behar ditugu, oso ohikoak eta erabiliak izan arren, erabat kaltegarriak direlako zeliakoentzat: gari-irina eta ogi-birrina. Irinaren ordezko gisa, arto-irina edo -almidoia erabil daiteke, bestela arroz-irina edo -almidoia, zereal anitzez egina (glutenik gabea, jakina), edo patata-fekula edo tapioka. Ogi-birrinak, berriz, glutenik gabea izan beharko du. Etxeko norbaitek intolerantzia baldin badauka glutenarentzat edo gariarentzat, aurrerantzean osagai berri horiek erabili beharko dira zenbait jaki prestatzeko (kroketen orea, enpanadak, bizkotxoak, arrautza-irinetan eta ogi-birrinetan pasatuak) eta kremak eta saltsak loditzeko.

  • Sarrerakoak. Zeliakoek ez dituzte jan behar orez egindako frijitukiak (kroketak, enpanadillak, muskuilu beteak…), non eta ez diren osagai egokiak erabiltzen orea egiteko eta arrautza-irinetan pasatzeko. Hostoreak eta antzekoak ere askotan jartzen dira sarrerako gisa, barnean era askotako osagaiak dituztela, baina horiek ere ez dute balio zeliakoentzat, gari-irinez eginak izaten dira-eta gehienean.

    • Iradokizuna: itsaskiekin egindako pintxoak eta aperitiboak (otarrainxkak, ganbak, txirlak, ostrak, karrakelak…), egoki prestatuak; tartaletarik edo ogitxorik behar ez duten biribilkiak: izokin ketuz egindakoak, adibidez, edo urdaiazpiko iberiarrez eta arrautza-hariz eginak; berduraz eta arrainez edo itsaskiz egindako hostopilak, itxura eta neurri askotako moldeetan zerbitzatuak; itsaski- edo arrain-budina (legatza eta ganbak, izokin freskoa, zainzuriak…) eta beste hainbat proposamen har daitezke kontuan.
  • Entsaladak eta guarnizioak. Sarrerakoen saltsa batzuk eta entsaladei eta guarnizioei eransten zaizkienak arriskutsuak izaten dira zeliakoentzat, batzuk irinarekin loditzen baitituzte (ohiko maionesa, saltsa gazi-geza) eta beste batzuk ogi xigortuarekin edo frijituarekin (romesko saltsa, eta abar). Zenbait entsalada edo guarnizio apaintzeko, ogi-xerra edo -dado frijituak erabiltzen dira; zalantzarik sortuz gero, segurtatu egin behar da zer-nolako osagaiak dituen platerak.

    • Iradokizunak: plater bereizietan atera daitezke saltsak, olio-ozpin bereziak, elementu apaingarriak eta osagarri diren jaki zati guztiak, norberak har dezan nahi duen hori.
  • Lehen eta bigarren platerak. Patata erabili ohi da gehienean kremak eta pureak loditzeko, eta hala bada, ez dago arazorik, baina gerta daiteke irina edo bexamela erabili izatea; segurtatu egin behar da platerak ez duela halako osagairik. Gisatuak loditzeko edo saltsa bati behar duen trinkotasuna emateko ere irina erabiltzen da maizenik (espainiar saltsa, saltsa berdea, Bizkaiko erakoa, amerikarra…).

    • Iradokizunak: patata bezala, lodigarriak dira arto-irina, yuca, tapioka eta arruruza ere. Zalantzaren bat edukiz gero, sukaldean aritu denari galdetu behar zaio, etxean egon edo jatetxe batean.
  • Postreak. Gari-irina izaten da orerik gehienen oinarrizko osagaia (hostorea, bizkotxoa, kausera, brisa pasta…). Zeliakoentzat prestatu behar denean, arroz-irina erabiltzea da seguruena, nahiz eta beti ez den eskuratzen emaitza ona, glutenari eskerrak lortzen baita orea igotzea edo eman nahi zaion trinkotasuna eta testura ematea. Ohiko turroien osagaiak, berriz (gogorrarena eta guriarena), eztia, almendrak eta azukrea izaten dira, eta horiek guztiak egokiak dira zeliakoentzat, baina orea estaltzen duen olata gari-irinez egina izaten da gehienean, eta hori ez zaie komeni zeliakoei. Polboroiak ere baztertzekoak dira, gari-irina erabiltzen denez gero horiek egiteko. Era berean, arretaz irakurri behar izaten da zaporeetako turroien osagai-zerrenda (txokolatezkoa, pralinea, kokozkoa, esne gainez egina, intxaurduna…).

    • Iradokizunak: Eguberrietako menuak oso trinkoak izan ohi dira, eta, horregatik, aukera osasungarria da postreak arintzea eta frutak erabiliz prestatzea, brotxeta eginda, sorbete eran edo edari izoztu gisa. Turroi zati bat edo Eguberrietako gozo horietako bat jan gabe etsi ezin duenarentzat, hortxe daude “glutenik gabeko” turroiak eta gozoak; ohar horrek argi eta garbi agertu behar du etiketan, kontsumitzaileek ikusteko moduan.

Uste ez izan arren, glutena daramaten elikagaiak

Beste zenbait jakiri egonkortzaileak, lodigarriak edo aglutinatzaileak erantsi ohi dizkiete, almidoia esaterako, eta zer motatakoa den zehazten ez dutenean, gari-irinarena izaten da gehienetan. Honako elikagai hauekin gertatzen da hori: saltxitxak, pateak, hestebeteak, fianbreak edo jaki hotz-egosiak, urdaiazpiko egosiak eta surimiak (chatka-ziriak, gula…).

Ohikoa izaten da produktu horiek sarrerako gisa zerbitzatzea edo aperitiboen betegarriak egiteko erabiltzea; hori kontuan hartu beharko du zeliakoak, eta saihestu egin beharko ditu jaki horiek.