Urte berrirako asmoa: "Dieta moldatzera noa"

Landare-jatorriko elikagaiei lehentasuna ematea, zereal finduak eta edari azukretsuak mugatzea eta janari lasterra baztertzea dira aholku nagusiak
1 urtarrila de 2014
Img alimentacion 1 listado

Urte berrirako asmoa: "Dieta moldatzera noa"

Hasi dugu beste urte bat ere. Hamabi hilabete dauzkagu aurretik, eta aski denbora bada helburu berriak jarri eta asmo onak asmo hutsean gera ez daitezen. Saiatzen jarraitzea dagokigu. Era askotako gogo eta itxaropenak pizten ditu urte berriak, eta elikadura gehixeago zaintzeko nahia ere jende askok izango du. Nor ez da ohartzen zein garrantzitsua den ohitura dietetiko onak izatea? Bada, gehiago zain egon gabe, 2014. urtean ekitea izango da onena. Eta, gainera, oso kontuan hartzekoa da ongi elikatzea eta ariketa fisikoa egitea elkarren eskutik doazela, eta ez erretzea, eta pisu osasungarria izaten saiatzea, haurtxoei bularra ematea, eta bizitzari baikortasunez begiratzea… Ez dago botika merkeagorik eta eraginkorragorik osasuna hobetzeko, ohitura horiek guztiak konbinatzea baino.

Osasungarri ez diren dietak, gero eta hedatuago

Duela 30 urte inguru, PubMed ikerketa biomedikuen datu-basean argitaratzen ziren artikulu zientifikoen artean, 2.200 ingurutan ageri zen “nutrition” hitza (nutrizioa). 2013. urtean, 17.400 ziren, zortzi halako beraz. Arlo horrekin zerikusia duten beste hitz batzuk ere gehitzen badizkiogu (dieta, elikadura, elikagaiak…), izugarrizko artikulu zerrenda osatuko dugu (sei zeroko zifra egingo lukete). Horiek guztiak aztertuta, elikatzeko modurik osasungarriena zein den jakiteko modua izango genuke, baina, horretarako, gaiaren inguruko ezagutza handia behar da (eta pazientzia ere ez nolanahikoa). Zorionez, Suediako zientzialari talde batek egin du lan hori, eta atera dituzten ondorioek, ustekabe gutxi badakarte ere, berebiziko garrantzia dute herritarren osasunarentzat.

Food & Nutrition Research (Elikadura eta Nutrizio arloko Ikerketa) zientzia aldizkarian argitaratu dituzte beren ondorio nagusiak, joan den martxoan. Azterketari ekin orduko, zera azpimarratzen dute: oso garrantzitsua dela elikatzeko ohitura onak izatea. Eta are gehiago gaur egungo testuinguruan, non batere osasungarriak ez diren dietak mundu guztira zabaltzen ari diren abiada handian, azterlanaren egileek adierazten dutenez. Horretaz gain, elikadurarekin zerikusia duten gaixotasun kronikoak gero eta ugariagoak dira. Hain zuzen ere, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) “gaixotasun ez-kutsakorrak” izendatzen ditu. Horien artean, badira hiru “dieta osasungaitzei” estu-estu lotuta daudenak(halaxe esaten die OMEk) eta arrunt arriskutsu bihurtu direnak (zifretan ikusten da hori): bihotz-hodietako gaixotasunak (urtean 17 milioi heriotza eragiten dituzte), minbizia (urtean 7,6 milioi heriotza) eta diabetesa (urtean 1,3 milioi heriotza). Gaixotasun horiek eragiten dute heriotza gehien munduan: guzti-guztien %60, hain zuzen.

Zer komeni da gehien

Beste hainbat patologia ere lotuta daude dieta txarrari, besteak beste giharretako eta hezurdurako nahasmenduak, arnasketari dagozkionak eta burukoak ere bai. Horregatik guztiagatik, gisa horretako gaixotasunei aurre hartzeko dieta-eredurik egokiena zein den zehaztu nahi izan dute suediar ikertzaileek. Literatura zientifikoa berraztertu ondoren atera dituzten ondorioetan esaten dutenez, honako ezaugarri hauek betetzen dituzten dietak dira egokienak gaixotasun horiek izateko arriskuak saihesteko:

  • Landare-jatorriko elikagaietan oinarritzen dira: berdurak, barazkiak, fruta freskoa, fruitu lehorrak, lekaleak eta osoko zerealak (osoko arroza, pasta, ogia..).
  • Gutxitan agertzen dira arraina, gantz gutxiko esnekiak eta landare-jatorriko olioak.
  • Oso gutxitan ageri dira zereal finduak (ogia, arroza eta pasta zuria), azukrea edo elikagai azukretsuak (opilak, gozoak, edari azukretsuak) eta haragi gorri eta prozesatuak.

Suerdiar ikertzaileek diotenez, dieta-eredu osasungarriak izen bat baino gehiago hartzen ditu, herrialdearen arabera edo dieta ebaluatu duen oinarrizko ikerketaren arabera (Mediterraneoko dieta, DASH dieta, eredu zuhurra…), baina osaera beti izaten du zerrendatu ditugun ezaugarriei atxikia.

Zer gutxien

Kontrako aldetik ere begiratu diote dietari, eta gaixotasun kronikoak pairatzeko arrisku gehien zer ereduk sortzen duten ere zehaztu dute. Honako ezaugarri hauek ageri dituzte beste dieta horiek:

  • Haragi gorriak eta prozesatuak izaten dira nagusi.
  • Janari lasterra maiz agertzen da (“fast food”).
  • Zereal finduak gehiagotan kontsumitzen dira osokoak baino.
  • Ohikoa izaten da gozogintzako produktuak jatea, gozokiak, edari azukretsuak eta elikagai oso prozesatuak.
Asmo onen zerrenda

Orain arte esandako guztiaz gain, oroitu behar da mahai gainekoa bezain garrantzitsua dela mahai inguruko giroa eta elkarrekin une atsegin eta goxo bat igarotzeko aukera izatea. Platerean dagoena baino garrantzitsuagoa batzuen ustez. 2014. urtea egokia da hainbat gauza aintzat hartzeko:

  • “Dieta egitea” ez da biderik egokiena. Kontzeptu horrek zentzu ezkorra izaten du, eta hobe da ohitura dietetiko onak zein diren ikasten saiatzea egunero-egunero.
  • Nonbaitetik hasteko, egokia izan daiteke jaten ditugun plateretan landare-jatorriko elikagai ugari jartzea. Eta horrek ez du esan nahi entsalada berdera mugatu behar dugunik (hori ere oso ongi dago); beste hainbat barazki, lekale, fruta eta fruitu lehor ere eskaintzen dizkigu naturak, eta horiek ere probatu behar lirateke.
  • Eta horrekin batera osoko elikagaiei ere lekua egiten badiegu eta gozo kontuei mugak jartzen badizkiegu, dieta hori, beharrezko mantenugaiez eta bitamina ugariz hornitua egoteaz gain, orekatua eta askotarikoa ere izango da.
  • Zergatik ez garbantzu albondiga batzuk porru eta arroz erregosiekin? Eta zer moduz dilista zopa bat laranja azalez lurrinduta? Eta perretxiko lasagna bat plantxan egindako kalabazarekin?
  • Sukaldaritza osasungarria egiteko, zer osagai erabili jakitea da kontua, eta gogoan hartzea aukerak amaigabeak direla eta ia beti oso goxoak izaten direla.