Erosketa gida: mazapanak, mantekadoak eta polboroiak

Mazapanak, mantekadoak eta polboroiak, Eguberrietako mokadu gozoak

Eguberrietako gutizia horiek ugari ematen dituzte gantzak eta azukreak, eta horregatik, noizbehinka jatekoak dira
1 abendua de 2015
Img alimentacion listado 1077

Mazapanak, mantekadoak eta polboroiak, Eguberrietako mokadu gozoak

Espainian ohikoak diren postreen artean, badira bi bereziki tentagarriak eta Eguberrietan ia saihestu ezinekoak: mazapanak eta, batez ere, mantekadoak. Nork egingo dio muzin polboroi bati, halako testura, zapore eta lurrin erakargarriak izanik (berez, mantekado mota bat da), nahiz eta orduantxe bukatu bazkari edo afari oparoa? Elikagai atsegin horiek, izan ere, haurtzaroa ekartzen digute gogora gutako askori, haurtzaroa eta garai horretan Eguberriek izaten duten magia kutsua.

Eguberrietako gozo hauek urte osoan sustatzeko ahalegina egiten da, baina, hala ere, ekoizten den zatirik handiena Eguberrietan kontsumitzen da. Etxe gutxitan falta izango da mantekado motaren bat Eguberrietan. Nondik ote dator arrakasta hori? Ezin esan marketinaren eraginez denik, tradizioak eta zapore gustagarriak ematen dieten indarragatik baizik, bi ezaugarri horiek askoz ahalmen handiagoa dute-eta edozein iragarkik baino.

Mantekadoak: jatorri bitxia eta nazioarteko arrakasta

Mantekadoen osagairik aipagarrienak txerri gantza, irina eta azukrea dira (txerri gantzari manteca esaten zaio gaztelaniaz, eta hortik datorkion izena). Garai batean, dirudienez, kopuru handietan izango zituzten zereala eta esneko txerriaren gantza, eta hortik sortu izango zen. Hala izan edo ez, gaur egun txarri gantzak baino kaloria gutxiago duten beste osagai batzuk erabiltzen dituzte, besteak beste esnearen gantza eta baita oliba olioa ere (azken horiei “polboroi begetarianoak” esaten diete).

Herri batek baino gehiagok aldarrikatu izan du mantekadoak han sortu direla, baina herria gorabehera, gauza jakina jatorria Andaluzian izan zuela, hori ez du inork zalantzan jartzen. Eta gaur egun ere hantxe dago horien ekoizpenaren eta industrializazioaren bihotza, Sevillako Estepa herrian.

Mantekadoei buruzko datu bitxi batek esaten du, XVI. mendean sortu arren, merkatuetara ez zirela iritsi XIX. mendea arte. Dirudienez, Filomena Micaela Ruiz Tellez andreak (La Colchona goitizena zuen) senarrari behin eta berriz esaten zion, hura garraiolaria izaki, merkatuz merkatu zebilenean saldu zitzala berak egindako mantekadoak. Garraiatzean hondatu ez zitezen, emakume buru argi hark pentsatu zuen lehortzea izango zela onena. La Colchonaren ideiak arrakasta handia eduki zuen, eta, denbora gutxian, hamar fabrika txiki baino gehiago zabaldu ziren Estepan. 2011. urtean, Estepako mantekadoak “Adierazpen Geografiko Babestu” izendatu zituzten, 1246/2011 Araudiari esker.

Mantekado esaten denean, leku guztietan ez dute ulertzen modu berean, denek ez baitiote adiera bera ematen. Kuban eta Filipinetan, adibidez, izozki krematsu bati esaten diote mantekadoa, zeina gurina (mantequilla gaztelaniaz) eta banilla nahasiz egiten baita, nahiz eta horren oinarrian ere Andaluzian sortu zen mantekado hori egon. Eta hain urruti joan gabe, Bizkaiko hainbat herritan ere “mantakaua” esaten diote izozki bolari. Bitxikeria gisa, interesgarria da jakitea Filipinetako independentzia aldarrikapena berretsi ondorengo oturuntzan, 1898an, mantekadoak zerbitzatu zituztela. Texasen ere badira mantekadoak (“hauts ogia” esaten diete).

Mantekado mota bat baino gehiago dago. Indutriako eta Elikadura Merkatuetako Zuzendaritza Nagusiak 2009ko azaroaren 19an hartu zuen Erabakian ageri dira mota nagusiak; agiri horretan, baben nazional iragankorra eman zitzaion «Mantecados de Estepa» adierazpen geografiko babestuari. Honako hauek dira:

  • Kanelazkoa.
  • Etxean egina eta artisau erakoa.
  • Oliba olio birjina estraz egina (txerri gantzaren ordez oliba olio birjina estra erabiltzen da).
  • Almendrazkoa.
  • Kokozkoa.
  • Kakaozkoa.
  • Limoizkoa.
  • Hurrekin egina.
  • Banillazkoa.

Polboroiak eta mazapanak

Polboroia, mantekado berezia
/imgs/20151201/PolvoronesSinFondo.jpg

Polboroiak mantekadoak dira, baina ez alderantziz. Hau da, polboroia espezialitate bat da mantekadoen barrenean. Polboroia ahoan sartu eta badirudi hauts bihurtzen dela, eta hortik datorkio izena (hautsa polvo da gaztelaniaz). Gaztelaniaren Errege Akademiak dio, hain zuzen, “polvora” hitzetik datorrela izena, eta definizio hau ematen dio hitz horri: “Gauza solido bat papurtzean gelditzen diren patikulak”. Mantekadoek dituzten osagaiez gain, polboroiek almendra ere izaten dute. Polboroiak sailkatzeko orduan (estra, gorena…), hain zuzen, erabiltzen den almendra kopurua hartzen da kontuan. Itxuraz mantekadoak baino luzeagoak eta obalatuagoak dira, eta beti egoten dira azukre hautsez edo glas azukrez estaliak.

Berriki aipatu dugun legedira jotzen badugu, ikusiko dugu nagusiki honako osagai hauek erabiltzen direla polboroiak egiteko: gari irina, txerri gantza, azukre hautsa, kanela eta almendra. Hiru motatakoak daude nagusiki:

  • Almendrazkoa.
  • Estra.
  • Etxean edo artisau eran almendraz egina.

Mazapanak, Toledoko ‘Mila eta bat gauak’ lanean
/imgs/20151201/Ositos.jpg

Mazapana ere Eguberrietako gozoen sailekoa da, baina ez dago hain argi non duen jatorria. Iturri batzuek diote Txinatik datorrela; beste batzuek, berriz, Mediterraneo inguruan kokatzen dute. Segur aski, arabiar jatorria izango du, eta VIII. mendean sartu izango zen Europan, musulmanek Iberiar penintsula inbaditu zutenean. Mazapanaren inguruko aipamenak ageri dira Mila eta bat gauak lanean, non esaten den lagundu egiten duela Ramadan garaiko baraualdia jasaten, eta ahalmen afrodisiakoak dituela ere aipatzen da.

Nolanahi den ere, dokumentu idatzietan ageri da Toledon mazapanak jaten zirela 1577. urtetik hasita. Toledon, izan ere, urte guztian saltzen eta jaten den postrea da, eta ez Eguberrietan bakarrik. Ez alferrik, Toledoko mazapanak munduan dauden ospetsuenetakoak dira. Ez da harritzekoa, hortaz, Toledoko mazapana babestuta egotea eta Espainiako Nekazaritza Ministerioak “Jatorri Izena” zigilua eman izatea. Espainiako Estatuko beste leku batzuetan ere mazapan aski gozoak egiten dituzte, Valentzian eta Andaluzian esaterako.

Gaztelaniaren Errege Akademiaren esanetan, mazapan hitzaren jatorria bi hitz hauetatik etorriko da segur aski: masa (orea) eta pan (ogia). Mazapanaren osagaiak, hala ere, gehiago dira: postre gustagarri horrek azukrea, almendra eta, batzuetan, patata izaten ditu. Era berean, txokolatez estalitako mazapanak ere aurki ditzakegu, edo fruta eta barazki txikien itxurakoak. “Mazapan de Toledo” jatorri izena hartu ahal izateko, pisu guztiaren %50 gutxienez almendrek eman behar diote.

/imgs/20151201/Alfajores.jpg

Mazapanekin, polboroiekin eta mantekadoekin batean, Eguberrietan ohikoak izaten dira beste gozo batzuk ere, besteak beste ardo erroskak eta alfajorak. Lehenbizikoak oso ohikoak dira Gaztela Mantxan eta Malagan; irina, azukrea, limoi birrina, oliba olioa, ajonjolia, pattarra eta, nola ez, ardoa izaten dituzte osagaien artean. Alfajorak, berriz, almendrak, intxaurrak, eztia eta espeziak nahasita egiten dira, eta beste fruitu lehor batzuk ere eduki ditzakete, irinaz eta ogi birrinaz gain. Esapide hispanoarabiar batetik dator izena, “al-hasu” esapidetik hain zuzen (betegarria esan nahi du, relleno gaztelaniaz).

Almendrak, Eguberrietako harribitxiak

Turroiak, txokolateak, polboroiak, mazapanak… Eguberrietako postreen osagaietan, bada bat beste guztien gainetik: almendra. Nutrizioaren ikuspegitik, ordea, gure osasunean ez du berdin eragiten, inondik ere, almendra oso edo txigortuak jateak eta Eguberrietako gozoek dituztenak jateak.

Ezinbestekoa da adieraztea fruitu lehorrak dentsitate handiko elikagaiak direla nutrizioaren ikuspegitik, hau da, ugari ematen dituztela gantz osasungarriak eta, horrekin batean, baita bitaminak, mineralak eta substantzia fitokimikoak ere. Hala ere, Eguberrietako gozo horietako zenbaitetan azukreak edo gantzek (izan txerri gantza edo izan oliba olioa) hartzen dute produktuak duen pisuaren erdia ia, eta horregatik ez daitezke alderatu almendrek dakartzaten onurak mantekadoek, polboroiek eta mazapanek dituztenekin (nahiz eta almendra batzuk eduki osagaien artean). Nolanahi ere, fruitu lehor gustagarri hori maite dutenek Eguberrietan gozatu ederra har dezakete, neurrian janda betiere.

Ze leku behar dute gure dietan?

Zer leku hartu behar dute dietan

Nutrizioaren ikuspegitik, Eguberrietako gozo guztiek antzeko osaera dute (mantekadoek, polboroiek, mazapanek eta alfajorek): ugari izaten dituzte gantzak eta azukreak. Pentsatzekoa da, beraz, kaloriak ere ugari emango dituztela. Oliba olioarekin eginak badira, kalitate hobekoak izango dira, txerri gantzak askoz ugariago izaten baititu gantz saturatuak (kopuru handietan hartzeak areagotu egiten du bihotz-hodietako arazoak izateko arriskua).

Elikagai horiek kaloria askokoak izanagatik ere, ordea, almendrak ere asko dituztenez, nutrizioaren ikuspegitik hobeak dira ohiko opilak baino (opil horiek maiz samar jaten dituzte herritarrek). Eztia ere izaten dute gozo horiek, eta eztiak osasunari on egiten diola esaten da, besteak beste bakterioen, onddoen eta herdoilaren aurka egiten duela. Baina, egia esan, zorroztasunez egindako azterketek ez dute antzeman hori baieztatzeko frogarik. Ez da ahaztu behar, halaber, eztiak ematen duen kaloria kopurua azukreak ematen duenaren antzekoa dela, eta, hortaz, neurrian hartu behar dela.

Produktu horietan ere badira “azukre erantsirik gabeak”, eta horrek esan nahi du ez dutela izango fruktosarik. Horiek askoz azukre gutxiago izango dute, baina, hala ere, guztira gantz asko dituen produktua izaten jarraituko du, eta gantz saturatuak ere asko ematen dituena. Gomendioa, hortaz, berdina da horientzat ere: gozatu bai, baina neurria hartuz. Gozo horiek etxean egiten badira, osoko irina erabil daiteke finduaren ordez, eta, horrela, zuntz dietetiko gehiago izango du.

Zenbat gozo jan daitezke? Ez dago kopuru gomendaturik Eguberrietako gozo horientzat, eta egokiena da nutrizio arloko adituen gomendioa hau izatea: noizbehinka jatekoak direla. Zalantzarik gabe, noizean behin jaten baditugu, ez da izango inolako arazorik. Egia da, ordea, Eguberrietan mantekadoak, polboroiak edo mazapanak jan ohi ditugula otordu handiak egin aurretik edo ondoren, eta halakoetan, hobe izaten da tentaldiari eutsi eta otordua egin baino ordu batzuk lehenago edo geroago jateko uztea. Eta ez da ahaztu behar, bestalde, produktu horiek gero eta urte sasoi gehiagotan jaten direla. Orain dela urte batzuk, adibidez, Eguberrietan baino ez ziren izaten saltokietan, baina gaur egun gero eta lehenago agertzen dira supermerkatuetako apalategietan, eta, nahi izanez gero, abuztuan ere aurki daitezke. Horregatik da garrantzitsua beti gogoan izatea, oso gustagarriak izan arren, kaloria asko ematen dituztela.

Semaforo nutrizionala

Merkatuan marka eta produktu asko daude, neurri eta pisu askotakoak. Gozo batzuk 20 gramoko formatuan heldu dira, eta beste batzuek 70 gramo baino gehiago izaten dituzte. Nutrizio arloko alderaketa egiteko, 40 gramoko errazioa hartu dugu eredutzat.

  • Semaforoan ikus daitezkeenez, gatza bakarrik ageri da berdez. Hau da, elikagai horietako bakar batek ere ez du ematen gatza kezkatzeko moduko kopuruetan. Horrek ez du esan nahi, hala ere, hipertentsioa duten pertsonek nahi adina mantekado, polboroi eta mazapan jan dezaketenik, gehiegizko pisua oso lotua baitago arteria tentsioarekin. Ohar garrantzitsua da hori, zeren semaforoan argi ikusten baita elikagai horiek ugari ematen dituztela azukreak eta gantzak, eta, ondorioz, baita kaloriak ere (hori oso kontuan hartzekoa da pisuak kezkatzen bagaitu).
  • Gantz saturatuari dagokionez (mantenugai hori kopuru handietan hartzeak areagotu egiten du bihotz-hodietako arriskua), polboroiak eta askotariko gozoak laranjaz ageri dira, eta horrek esan nahi du asko dituztela gantz saturatuak.
  • Zuntz dietetikoari begira jarrita, berriz, komeni da jakitea 40 gramo almendrak 4,5 gramo zuntz dutela. Dena den, ez polboroiak eta ez mantekadoak iristen dira zifra horretara (0,6 gramo dituzte 40 gramo bakoitzeko). Mazapanak zertxobait gehiago du zuntza, baina ez da iristen almendra kopuru berak daukanaren erdira ere (2 gramo 40 gramo bakoitzeko).

Laburbilduz, energia asko ematen diguten elikagaiak dira honako hauek, eta nutrizioaren ikuspegitik zerikusirik ez dutenak fruitu lehorrekin; hori dela eta, jakin egin behar da neurrian eta noizbehinka jaten, elikagai osasungarriagoei lekurik kendu gabe, besteak beste fruitu lehorrei, fruta freskoei, barazkiei, lekaleei eta osoko zerealei.

Zein aukeratuko dut?

Erosteko gomendioak

Gozoa askorik maite ez dutenentzat.

Aztertu ditugun produktu guztiek azukre asko dutenez, gozoekin gozatzen ez duten pertsonek hobe dute kopuru txikietan jatea. Polboroiek dute azukrerik gutxien.

Gutizia batekin gozatzeko.

Geure buruari gutizia bat eskaini nahi badiogu, jatorri izena duten mantekadoak, mazapanak eta alfajorak aukeratzea da onena.

Otordu oparo bat egin ondoren.

Ez da komeni otordu handi bat egin ondoren gozoak jatea, baina lagunek eskaintzen diguten postreari uko egin nahi ez badiogu, esan diezaiekegu ordu batzuk geroxeago jango dugula mokadu bikain hori. Beste aukera bat izan daiteke mantekado edo polboroi zati txiki bat hartzea edo bi-hiru lagunen artean bat jatea. Mantekadoek zertxobait gantz eta gantz saturatu gutxiago daukate gainerako gozoek baino.

Diabetesa dutenentzat.

Diabetesa duen pertsona batek jan ditzake Eguberrietako postre hauek, baina ongi irakurri behar du etiketa eta zenbat azukre duten ikusi. 1 motako diabetesa izanez gero, baliteke doitu egin behar izatea intsulina dosia. 2 motako diabetesa badu, kontuan hartu beharko du oso noizbehinka jan behar dituela gisa horretako elikagaiak. Jakin beharrekoa da azukrearen edo eztiaren ordez fruktosa daramaten produktuek (“diabetikoentzat” direla esaten dute etiketan) ez dutela onura frogaturik diabetesa duten pertsonentzat, eta, gainera, uste da epe luzera kalte egin diezaietela odoleko lipidoei (odoleko kolesterolari, adibidez). Gomendioa, beraz, neurrian jatea da.

Gozoak eta haurrak, gogoan hartu beharreko gomendioak

Espainiako Estatuko haurrek, Enkid inkestaren arabera, baztergarri jotzen diren produktu ugari hartzen dituzte. Egunetik egunera, gainera, handitzen ari da produktu mota horren kontsumoa, eta nutrizio arloko adituak oso kezkatuta dabiltza. Eguberrietan, gozo ugari izaten dira etxeetan, eta horrek esan nahi du haurrek are kaloria gehiago hartuko dituztela azukreetatik eta gantzetatik. Helduoi asko kostatzen bazaigu ezetz esatea, nahiz eta ongi dakigun zer-nolako ondorioak dakartzan elikagai horiekin gehiegikeriak egiteak, are gehiago kostako zaie haurrei; izan ere, mundu guztiak eskaini egiten dizkie, eta hain dira gozoak… Nola egin aurre gehiegikeriei? Hiru gomendio hauek emango ditugu “erronka” horri aurre egiteko:

  • Gutxiago erostea. Etxerik gehienetan urtero soberan gelditzen dira turroiak, polboroiak eta Eguberrietan ohikoak diren beste elikagai batzuk. Etxean gutxiago badago, hobeto.
  • Kopuru txikiagoak zerbitzatzea. Ez dago dena lehenbiziko egunean jan beharrik. Kopuru txiki bat jar daiteke elikagai horietatik.
  • Elikagai osasungarriekin txandakatzea. Oso komenigarria da Eguberrietako egun guztietan ez eskaintzea polboroiak edo bestelako gozoak. Egun batzuetan fruta freskoa eskain dezakegu, berdura cruditeak edo fruitu lehor naturalak. Zer entretenimendu hoberik fruitu lehorrei oskola kentzea baino?

Hori bai, gozoekin, fruitu lehorrekin eta haur txiki-txikiekin kontuz ibili behar da. Itotzea eta janaria eztarrian trabatzea ez dira gauza bera. Zerbait eztarrian trabatzen zaigunean, eztula eginez konpontzen dugu (askotan nahi gabe ateratzen zaigu eztula), baina itotzeak esan nahi du erabat buxatu dela arnasketa kanala (ia beti objektu gogor eta biribilek eragiten dute, fruitu lehorrek edo oliben edo gerezien hezurrek adibidez).

Oso ohikoa ez den arren, ez da ezinezkoa haur bat polboroi batekin itotzea. Eta askoz ere arrisku handiagoa izango du fruitu lehor oso batekin; hori dela eta, haurrei ez zaie fruitu lehorrik eskaini behar hiru urte egiten dituzten arte.

Postre gozoak jandakoan, bestalde (izan Eguberrietakoak edo izan beste edozein), oso garrantzitsua da hortz-haginak eskuilatzea txantxarra sortzeko arriskua murrizteko. Hori are garrantzitsuagoa da gero lotara joango bagara.

Almendrarik gabeko polboroia fruitu lehorrekiko alergia dutenentzat

Espainiako Estatuan pertsona askok dute fruitu lehorrekiko alergia. Polboroiak, mantekadoak eta mazapanak egiteko, ordea, almendra erabiltzen da, eta hori dela eta, Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) gomendatzen du fruitu lehorrekiko alergia dutenek saihestu egin behar dituztela gozo horiek.

Badago modua, dena den, etxean almendrarik gabeko polboroiak egiteko. Elikagaiekiko eta Latexarekiko Alergia duten Pertsonen Espainiako Elkarteak argitaratu zuen errezeta bere webgunean, 2013. urtean. Hauek dira osagaiak:

  • 600 g irin
  • 250 gramo azukre hauts (glas)
  • Limoi bat
  • Pattar kopa bat
  • 200 gramo txerri gantz
  • Kanela

Prestatzeko, lehenbizi txigortu irina labeko erretilu batean tenperatura ertainean (zaindu egin behar da erre ez dadin). Txigortu denean, utzi hozten eta egin sumendi bat irin horrekin. Erdialdean, erantsi gantza, azukrea, kanela, limoi birrina, limoi ura eta pattar kopa. Hori guztia nahasiz ore bat egin ondoren, eman bola itxura, estali zapi batekin eta utzi ordubetez egonean. Denbora hori igarotzen denean, zabaldu irin txigortua sukaldeko marmolaren gainean eta zabaldu orea arrabol batekin (zentimetro bateko lodiera izan behar du). Ondoren, moztu orea bost zentimetroko diametroa duen molde batekin (edalontzi bat izan daiteke, besterik ezean), eta jarri zatiak labeko erretilu batean (aurrez, irina zabalduko dugu erretiluan, polboroiak ez itsasteko). Eduki polboroiak labean tenperatura ertainean gorritzen diren arte (25 minutu inguru behar izaten dute), eta utzi hoztera erretiluan bertan. Bota azukre hautsa gainetik. Hoztu direnean, zerbitzateko moduan egongo dira, eta gozatzeko moduan ere bai.

Prezioak

Aurrezteko aholkuak

Plazer handia formatu txikian. Horrelakoxeak dira Eguberrietako gozoak, mokadu apartak, urte sasoi jakin batean eskura izaten ditugunak (bai behintzat garai honetan izaten den ugaritasunarekin).

  • Artisau eran egiten dituzten produktu tradizional guztiekin gertatzen den bezala, Jatorri Izena (JI) daramatenek edo Adierazpen Geografiko Babestua dutenek (AGB) kalitate estandar zorrotz-zorrotzak bete behar dituzte. Horien bikaintasuna bermatua egongo da, baina garestiagoak ere izango dira. Horregatik, produktu berezi horiek une berezietarako utz ditzakegu, opari bat egiteko adibidez, edo gutizia gisa jateko (eta gastatzeko).
  • Mazapanak garestiagoak dira mantekadoak eta polboroiak baino; bereziki, Toledoko mazapana. Zenbaitetan, ez gara ohartzen horretaz, gozo horren aleak txikiagoak direlako eta paketeek ere formatu txikiagoa dutelako. Produkturik garestiena Toledoko mazapan lingotea da, 100 gramoko zatietan merkaturatzen dena. Kiloak 45 euro balio du. Beste muturrean, EROSKIren gozo askotarikoak ageri dira (santu hezurrak, gorringo eta loria pastelak, pinazi opilak…); horiek ere handizka saltzen dira, eta kiloak 9,95 euro balio du.
  • Mazapanen batez besteko prezioa 18 eurokoa da (kiloak). Aukerarik merkeenen artean, EROSKIren askotariko gozoekin batean, Soto Segura etxeko mazapanak daude, 500 gramoko poltsan saltzen direnak (16 euro kiloak), eta Delaviuda etxeko mazapan gorenak, iruditxo itxura dutenak (160 gramoko kaxetan saltzen dituzte, eta kiloak 18,70 euro balio du).
  • Mantekadoak eta polboroiak (horiek ere mantekado mota bat dira) merkeagoak dira, eta neurriz handiagoak eta testuraz trinkoagoak direnez, etekin gehiago ateratzen zaie. Kiloak, batez beste, 8,50 euro balio du. Aukerarik merkeenak EROSKI etxekoak dira: askotariko mantekadoak batetik (400 gramoko poltsa) eta polboroi zuriak eta polboroi almendradunak; bietan ere 4,60 euroren azpitik dabil kiloa. Batez bestekoaren azpitik dabiltza, halaber, La Estepeña etxeak artisau eran egiten dituen mantekadoak (400 gramoko poltsa) eta etxe bereko mantekado askotarikoak (540 gramokoa) eta polboroi tradizionalak ere (650 gramoko kaxa): 8,50 euro balio du kiloak.
  • Nutrizio arloko beharrizan bereziak kontuan hartzen dituzten produktuak dezente garestiagoak dira gainerakoak baino (adibidez, azukrerik gabeak edo glutenik ez dutenak). Airos etxeak baditu kokoz eta txokolatez egindako mantekadoak, glutenik gabeak, baita glutenik gabeko almendra polboroiak ere. Bi horien prezioa, berriz, batez bestekoa halako hiru da. EROSKIk, berriz, mantekado askotarikoak ditu, azukrerik gabeak, eta kiloa 5,50 euroan ateratzen da, marka bereko mantekado normalak baino garestixeago (euro bat pasatxo).
  • Markak eta prezioa alderatzeaz gain, aurrezteko modurik onena da ez erostea behar den baino gehiago. Ohikoa izaten da gauza berri bat ikusi dena etxera eramateko gogoa sortzea, baina ez da ahaztu behar gozo hauek neurrian jatekoak direla. Egokiena izaten da behar ditugun kopuruak etxean kalkulatzea, errealistak eta zuhurrak izatea, eta familian dagoen kide kopuruaren eta mahaian izango den lagun kopuruaren arabera erostea. Bazkaritan eta afaritan asko jango ez bada, gozo bat jar dezakegu pertsona bakoitzeko, postrearen ondotik jateko (hau da, pare bat mantekado edo mazapan eguneko). Aldiz, menuak ugariak eta astunak izango badira, beste uneren baterako utziko dugu gozoa, arratsaldeko kafearekin hartzeko, adibidez (gozo bat egunean). Askotan, aski izaten da 400 gramoko poltsa bat edo bi erostea; eta etxekoen zaletasunak askotarikoak badira, irtenbide ona izaten da askotariko gozoak erostea. Egokiena izaten da, gastuekin gehiegikeriarik ez egiteaz gain, kaloriekin ere ez egitea. Gutxiago gehiago da.
  • Hainbatetan, badaezpada ere zertxobait gehiago erosten da, bisitak etortzen direnerako edo azken orduan gonbidaturen bat eransten bada ere. Gehixeago izateko erosten diren gozo horiek jan gabe gelditzen dira askotan. Zorionez, oso luze irauten dute, eta hori abantaila bat da, aurrerago jan baitaitezke, beste plater batzuetako osagai gisa eta postreak egiteko (adibidez, polboroi bizkotxo bat edo mazapan mousse bat).