Erosketa gida: haurrentzako gailetak

Haurrentzako gailetak, gozotasun mokadutxoak

Balio energetiko handiko elikagaiak izaten dira, ugari ematen dituztelako karbohidratoak eta gantzaK, eta, ondorioz, noizbehinka eta neurrian jatekoak dira
1 ekaina de 2015
Img alimentacion listado 1039

Haurrentzako gailetak, gozotasun mokadutxoak

Pertsona bakoitzak urtean bost kilo gaileta jaten ditu Espainian, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren arabera. Zifra hori gorantz eta gorantz joan da azken hirurogei urteetan, batez ere gailetak jateko ohitura mendeetako kontua delako gure elikaduran. Elikagai horiek hezetasun gutxi izaten dute, eta horrek luzatu egiten du haien bizia eta murriztu egiten du mikroorganismoen erruz hondatzeko arriskua. Horrek azaltzen du historian zehar zergatik jan izan diren hainbat bidaia epikotan. Lehenbiziko gailetak labe bero batean egiten zituzten eta gero labe hotz batean lehortzen; “labealdi bikoitza” esaten zaio teknika horri (orain ez dituzte horrela egiten).

Dirudienez, gaileta hitza frantsesezko galette terminotik dator (pastel biribil bat da, lodiera txikikoa). Garai batean, itxura biribilekoak izateaz gain, oso noizbehinka jateko elikagaiak izaten ziren gailetak; gaur egun, berriz, ia egunero agertzen dira gure etxeetan (haurrak egon edo ez), eta askotariko neurriak eta formatuak izaten dituzte. Zalantzarik gabe, elikadura arloko industriak zeresan handia izan du horretan, zeinak produktu horiek zentzuzko prezioan eta hainbat eratan aurkeztuta eskaintzen baititu. Orain dela 50 urte arte etxean egiten ziren gailetak, eta gehienetan, amonaren ardura izaten zen, hura zen-eta aditua.

Gaileten arloak jakin izan du kontsumitzaileen beharrizan berrietara egokitzen; garaiotan, gero eta gehiago eskatzen dituzte formatu erosoak (poltsatxoetan datozen banakako errazioak) eta produktu berritzaileak. Kontsumitzaile horiek, gainera, osasunari ere garrantzia ematen diote, eta oso aintzat hartzen dute produktuaren nutrizio ezaugarrietan egiten den edozein aldaketa ere (adibidez, azukre, gantz eta gatz gutxiago izan dezatela, eta zuntz, bitamina eta mineral gehiago); elikadura arloko industria ere ohartu da horretaz, eta ahaleginak egiten ditu produktuak hobetzeko eta osasun arloko aipamenak egiteko, gisa honetakoak, adibidez: “balio energetiko murriztua”, edo “zuntz ugarikoa”.

Merkatuan aurki dezakegu gaileta aukera ugariaren artean, gozoak saltzen dira gehien: bolumena aintzat hartuta, gozoek %96,3ko merkatu kuotak dituzte Espainiako kontsumitzaileen artean. Gaziak askoz ere gutxiago saltzen dira, eta are gutxiago gaileta dietetikoak. “Maria” gailetak dira guztietan zabalduenak, baina beste hauek ere ez dabiltza urruti: txigortuak, barne-beteak, bainatuak eta estaliak, erliebe erakoak, gaziak, askotarikoak, olatak edo barkilloak, eta bizkotxo erakoak. Hainbesteko aukera dagoen arren, gida honetan haurrentzat diren gailetak baino ez ditugu aztertuko.

Merkatuan aurki daitezkeen gaileta guztien %10 inguru dira propio haurrentzat eginak, nahiz eta “Maria” erakoak diren ezagunenak (saltzen diren 10 gaileta bakoitzeko, 3 dira era horretakoak).

Zenbat haurrentzako gaileta jan ditzakete txikienek?

Zer leku hartu behar dute dietan

Familia askok egiten dute leku bat gailetentzat ohiko dietan. Hain zuzen, Espainiako etxeek elikaduran egiten duten gastuaren %3,6 joaten da opilak, gozoak, gailetak eta zerealak erostera.

Puntu honetan, jakin beharrekoa da gailetak, azukre eta gantz asko izaten dutenez, “opilen” sailean sartzeko elikagaiak direla. Halaxe dio Espainiako Osasun Ministerioak, eta Espainian Dieta bidez hartzen denari buruzko Nutrizio Inkestan (ENIDE) ere “opilen” sailean sartu zituen, pastelekin, opilekin, kruxpetekin eta txurroekin batean.

Gailetek balio energetiko handia izaten dute, karbohidrato eta gantz ugariko elikagaiak dira eta. Batez beste, 450 kaloria ematen dute 100 gramo bakoitzeko, eta, hortaz, osagarri egokiak dira gosaritan, hamaiketako garaian eta askaritan hartzeko, baina kontuan hartu behar da zenbat jaten den. Ahalegin fisiko handia eginez gero, aparteko energia emango digute, eta hori ere oso aintzat hartzekoa da.

Light erakoak hautatzen direnean, garrantzitsua da kalorien jatorriari erreparatzea, zenbaitetan gantzak kenduz murrizten dituztelako, baina azukreak, aldiz, bere horretan uzten dituzte. Datu horiek garrantzitsuak dira, batez ere bere dietan gantzak eta azukreak kontrolatu behar izaten dituztenentzat, adibidez diabetikoentzat, gizentasuna dutenentzat… Edonola ere, kontuan hartu behar da, hartzen den kaloria kantitatean alde nabarmenak sumatzeko, 12 gaileta inguru hartu behar liratekeela, hau da, 100 gramo inguru, eta kantitate hori gehiegizkoa da.

Oroitarazi behar da, izan ere, kaloria dentsitate handia duten elikagaiak gehiegizko kopuruetan jateak (gailetak sail horretakoak dira) handitu egiten duela epe luzera gizentasuna izateko arriskua. Enkid inkestaren arabera (Espainiako haurren arteko lagin adierazgarri bat hartuz egin da), gailetak dira haurrei kaloria, gantz, gantz saturatu eta azukre gehien ematen dieten elikagaietako batzuk. Are gehiago, helduek ordu artean gehien jaten dituzten elikagaien artean ere ageri dira gailetak. Gero eta ohikoagoa da mantenugai jakin batzuekin aberastuta dauden gailetak aurkitzea, baina oroitarazi behar da, 2012. urteko irailean Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak adierazi zuen bezala, ez dela komeni azukre ugariko elikagaiak jatea, nahiz eta bitaminak, mineralak edo zuntza izan erantsita.

Zer esan nahi du horrek, gailetak “txarrak” direla eta baztertu egin behar direla? Inola ere ez. Edozein elikagairekin gertatzen den bezala, horiek osasunean izango duten eragina bi alderdi hauek baldintzatuko dute: zenbateko maiztasunarekin jaten diren eta gainerako dieta zenbateraino den osasungarria. Ez da gauza bera gosaritan, askaritan eta ordu artean gailetak jatea, edo gosaritan edo askaritan bakarrik hartzea, eta gainerako otorduetan fruta freskoarentzako lekua uztea. Eta ez da gauza bera, halaber, gailetatxo pakete erdia jatea esne osoarekin, edo zentzuzko errazio bat hartzea eta esne gaingabetuarekin jatea. Eta, jakina, ez da gauza bere gaileta mota bat edo bestea. Adibide gisa, txokolatez estalita daudenek ugariago emango dituzte kaloriak, gantzak eta azukreak txokolatez estali gabe daudenek baino.

Bestalde, hartu den errazioa ere funtsezkoa da kaloria kantitatea neurtzeko. Produktuei arretaz begiratzen badiegu, ohartuko gara haurrentzako gailetak egiten dituzten etxe askok banakako errazioak eskaintzen dituztela, eta errazio bakoitzak 10 gramoko lau gaileta izaten dituela. Zalantzarik gabe, errazio horrek (40 gramo) ugariago emango ditu kaloriak, gantzak eta azukreak “principe” erako gaileta batek baino.

Orekatu eta arindu

Ohikoa izaten da haurrek eta helduek gailetak hartzea gosaritan, hamaiketakoaren garaian edo askaritan. Gailetak ez dira desagerrarazi behar dietatik, baina garrantzitsua da nola osatuta dauden jakitea eta oreka batekin jatea, ez ditzagun kaloria, azukre eta gantz gehiegi pilatu gure elikaduran.

Gosaritako gailetak, adibidez, gozoak izaten dira gehienean. Eta gailetak ez ezik, bestelako gozo batzuk ere sartzen dira gosaritarako; opilak eta gozoak, txigorkiak eta marmelada, esnea azukrearekin edo kakaoarekin, zereal azukretsuak… Helburua da aldaketa txiki batzuk egin eta eguna hasteko otordu horretan urriago hartzea kaloriak, azukreak eta gantzak. Horrela, txandatu egin daitezke elikagairik trinkoenak, eta beti ez hautatu gailetak, opilak edo marmelada gosaritarako. Egun batzuetan fruta freskoa jan daiteke eta produktu gutxi prozesatuak, adibidez bezperako ogia, olioa eman eta txigorkiak eginda.

Berdin gertatzen da hamaiketakoarekin eta askariarekin ere. Beti ez du gailetak izan behar lehenbiziko aukera. Konbinatu egin daiteke fruta freskoarekin, mazedoniekin edo ogitarteko osasungarriekin (urdaiazpiko egosia, indioilarra, arraina, gazta freskoa, begetalak…). Aukera asko daude.

Gailetek mendekotasuna sortzen al dute?

Gaileta gozoz beteta dagoen zorro batek tentaldi izugarria eragiten digu. Jaten hasi, eta askotan ez dugu bukaerarik ikusten. Helduei bezala haurrei ere, kosta egiten zaigu mokadu gustagarri eta gozo horiek jateari uztea, eta, horregatik, mendekotasuna sortzen dutela pentsatu ohi dugu askotan. Baina hala al da egiaz?

Erantzuna ezezkoa da, gailetek ez dute mendekotasunik sortzen. Egia da gehiago kostatzen zaigula jateari uztea oso elikagai gustagarrien aurrean gaudenean, baina ez da egokia mendekotasunaz mintzatzea. Mendekotasuna sortzen denean, mendekotasun hori emozionala eta fisikoa izaten da, eta handituz joaten da; elikagai gustagarriekin ez da halakorik gertatzen. Jose Maria Ordovas doktorearen ustetan, egokiagoa da “joeraz” hitz egitea, eta joera hauxe da Espainiako Errege Akademiaren arabera, “zerbaiten alde egitea, berez, zaletasunez edo beste arrazoiren batengatik”.

Haurrentzako 11 gaileten azterketa nutrizionala

Semaforo nutrizionala

Nutrizio arloko azterketa bat egiteko, haurrentzat diseinu erakargarria duten gaileta batzuk sartu ditugu semaforoan. Errazioaren neurria bateratu egin dugu eta 40 gramoan jarri, horietako asko banakako zorroetan heldu direlako eta 40 gramo gaileta izaten dituztelako (plastikozko poltsatxo itxia izaten da, eta helduei ulertarazten diete hori dela haur batek jan beharreko errazioa).

Ikus daitekeen bezala, hautatu ditugun produktuetan, bakar batek ere ez ditu ageri atal guztiak berde kolorez. Zehazki, “Diver Crusty The Simpsons” eta “Mini Príncipe” gailetek dezente ematen dituzte gantz saturatuak, eta, hortaz, oso noizbehinka jateko utzi behar dira.

Ildo horretan, semaforo nutrizionalean sartutako gaileten gatz kantitatea ez den arren kezkagarria, kezkatzeko modukoak dira, aldiz, kaloria, azukre eta gantz kantitateak. Ezaugarri hori oso kontuan hartu behar dugu gure inguruan, non hiru haurretatik batek pisu gehiegi duen.

Gailetetan pertsonaia famatuen irudiak erabiltzeari buruz (Simpsons sendia, esaterako), garrantzitsua da oroitaraztea zer esaten duen Paos Kodeak (Adingabeei Zuzendutako Elikagaien Publizitatea Autoarautzeko Kodea da): “Elikagaien edo edarien publizitateak ez dio etekinik aterako adingabeek gurasoengan, irakasleengan edo beste pertsona batzuengan duten konfiantza bereziari (hor sartzen dira haurrentzako programetako profesionalak eta filmetako eta saioetako pertsonaiak, izan egiazkoak edo izan fikziozkoak)”. Ikus daitekeen bezala, arau hori ez da beti betetzen, borondatezkoa baita ekoizleentzat.

Zergatik dira hain erakargarriak haurrentzat?

Haurrentzako gailetak bilgarri deigarrietan aurkezten dituzte, koloretsuak izaten dira eta, askotan, haurrek ezagutzen dituzten pertsonaiak ageri dituzte. Paketeen diseinuak eta produktu horien publizitateak eragin handia du haiengan, ez alferrik marketinaren arloko adituek lantzen dituzte, hain zuzen haurren arreta erakartzeko. Baina, gainera, berriki Julie Mennella doktore andreak nabarmendu duen bezala (Physiology & Behavior aldizkariaren maiatzeko zenbakiak), haurrek joera handiagoa izaten duten zapore gozoak jateko helduek baino, eta horregatik maite dituzte gailetak hainbeste.

Logotipoen eragina

Haurrei zuzentzen zaizkien gaileta batzuek, itxuraz, pediatra eta mediku elkarte batzuen bermea eskaintzen dute. Elementu horrek helduengan sortzen duen eragina marrazki bizidunetako pertsonaiek haurretan sortzen dutenaren berdina da: amu indartsua da, batez ere haurrak modu egokian elikatzeko kezka duten gurasoentzat eta elikagai osasungarriak eskaini nahi dizkietenentzat. Gurasoek konfiantza dute halako erakunde baten logotipoak ematen duen bermean eta autoritatean, nahiz eta gailetak ez diren haurrentzako nutrizio ezaugarri egokiena duten elikagaiak. Gerta liteke, ostera, gurasoek hori argi ez izatea.

Zein erosiko dut?

Erosketa egiteko gomendioak

Nutrizioaren ikuspegitik ez dago alde handirik haurrentzako gaileta batzuen eta besteen artean. Batzuek kaloria gutxiago dituzte besteek baino edo azukre eta gantz gutxiago, baina guztiek osaera berdintsua dute. Aukeratzeko orduan, beraz, pisu gehiago izaten dute norberaren gustuak edo familiako ekonomiak, eta ez hainbeste nutrizio arloan egon daitezkeen aldeek. Hori esanda, gomendio batzuk eman daitezke, lagungarri izateko helburuarekin:

Gosaltzeko edo askaltzeko egokienak.

Kafesne katilukada bat, esne hutsezko basokada bat edo kakao pixka bat duena ohiko osagaiak izaten dira gosaritan eta askaritan. Betiko gaileta sinpleak dira egokienak esnetan bustita jateko, Maria erakoak. Gosari azkar bat egingo badugu, biderako gaileta osatuago bat hauta daiteke, karbohidratoak ez ezik zuntza ere emango duena, gutxi janda ere ase egingo baikaitu (zereal anitzekoak adibidez, edo fruitu lehorren zatiak dituztenak). Hala ere, nutrizioaren ikuspegitik, aztertu ditugun gaileta guztiek 40 gramoko errazioan bateratu ondoren, ikusi dugu ez dagoela alde handirik mantenugai arazotsuei dagokienez (azukreak eta gantzak sartzen dira sail horretan). Hortaz, garrantzitsua da haurrentzat ez izatea gailetak gosaritarako edo askaritarako lehenbiziko aukera. Hobe da horiei leku gutxiago egin eta fruta freskoari lehentasuna ematea.

Goiz erdian jateko.

Fruta pieza bat edo olioa eta tomatea duten txigorki batzuk aukera hobeak dira hamaiketakoa egiteko. Hala ere, gaileta batzuk hautatzen baditugu gero zerbait arina jateko asmoa dugulako edo txango bat egitera joan eta zerbait praktikoa eta eramanerraza behar dugulako, gailetarik arinenak aukeratuko ditugu: Tosta Rica, Hartzatxoak (ezti zaporekoak), Dibus Mini. Horrekin batera, gomendio bat: hobe da txokolatezko gailetarik ez eramatea, kaloria eta azukre gehiegi izaten dutelako (bazkaltzeko gogoa kendu dezakete) eta bero handiarekin oso erraz desegiten direlako.

Postreak egiteko.

Edozein gailetak balio du postre gisa, baina jakin behar da semaforo nutrizionalean aztertu ditugunen artetik “Diver Crusty The Simpsons” eta “Mini Príncipe” direla desegokienak. Gailetekin beste postre bat egiteko asmoa badugu, aukerarik egokiena (eta merkeena) Maria erako gailetak dira. Horiekin, gaileta eta kakao tarta ospetsua egin daiteke. Postre trinkoagoa egin nahi badugu, berriz -une berezietarako egiten den horietakoa-, Oreo etxeko gaileta barne-beteak erabil ditzakegu, adibidez, cupcake batzuen gurin krema egiteko.

Diabetesa duten haurrentzat.

Diabetesa duen haur batek jan ditzake behar-beharrezkotzat jotzen ez diren elikagaiak, baina doitu egin beharko du intsulina dosia hartu duen azukre kantitatearen arabera. Edonola ere, bihotz-hodietako arazoak izateko arrisku handiagoa duenez, hobe da ez maiz jatea nutrizioaren ikuspegitik kalitate txikia duten elikagaiak.

Aurrezteko aholkuak

Haurrentzako gaileta kilo batek 3 eta 14 euro artean balio du. Aldea handi samarra da, kontuan hartuta guztiek antzeko osagaiak dituztela eta nutrizio osaera ere berdintsua dutela. Azter ditzagun markak lehenbizi:

  • Merkeenen artean, “Tosta Rica” (Cuétara) eta “Tuestis Angry Birds” (Gullón) etxeetakoak daude, biak 3,50 euroren azpitik.
  • Zertxobait garestixeagoak dira, baina batez bestekoaren azpitik dabiltzanak, “Dibus Dragons” (Gullón), zerealak eta txokolatea dituzten Eroski gailetak eta “Dinosaurus” direlakoak (Artiach); kiloa 6,70 euroren azpitik dabil guztietan.
  • Garestienen artean, berriz, “Mini Osito Lulú” (Fontaneda) eta “Minidinosaurus con Miel” (Artiach) daude; kiloa 10,50 eurotik gora dabil bietan.

Baina gaileten munduan -eta, bereziki, haurrentzako direnetan-, guztia ez da marka kontua. Horietan eragin handia dute pertsonaiak, diseinuak eta gailetaren tamainak. Adibide bat nahi? Artiach etxeko dinosauroak, prezio bat baino gehiago dutenak.

  • “Dinosaurus” sinpleetan 6 euro pasatxo balio du kiloak.
  • “Dinosaurus Huevos” irudimentsuetan (arrautza itxura eta txokolatezko haziak dituzten gailetatxoak), 9 eurotik gora dabil kiloa.
  • “Minidinosauros con Miel” direlakoen kiloak ia 11 euro balio du.

Haurrek pertsonaia horiek “bakarrik” maite badituzte (edo Simpsondarrak, “Hartxatxoak edo “Angry Birds” direlakoak), multzo horietako gailetarik merkeenak hautatzea da aurrezteko modurik onena.

Prezioak alderatzerakoan, ontziaren tamaina (pisua) ere hartu behar da kontuan; izan ere, gerta liteke, lehen begiratuan, gaileta batzuk merkeagoak iruditzea beste batzuk baino eta, egiaz, garestiagoak izatea. Marka bereko gaileta berdinetan ere ikus daiteke hori. Adibide gisa:

  • “Tosta Rica” gailetatxoak, Cuétara etxekoak, 3 euroan ateratzen dira (kiloa) “formatu erraldoia” hautatzen bada, 1,2 kilokoa.
  • Aldiz, gaileta horiek berak formatu txikiagoan erosiz gero (adibidez, 860 gramokoa), kiloaren prezioa 40 zentimo igotzen da.
  • Eta formatu guztietan txikiena aukeratzen badugu -“Mini Go” direlakoak, 240 gramokoak-, kiloaren prezioa bikoiztu egiten da: 6 eurotik gorakoa da.

Kasu honetan, formatu handia erostea da aurrezteko modurik onena, eta gailetak mantso-mantso jatea. Dena dela, pakete txikiek ere badute abantaila bat: erabilgarriagoak dira eta egokiagoak izan daitezke haurrek elikagai horiek noizbehinka jan ditzaten; hau da, “gutizia” gisa har ditzaten, eta ez dietan ohiko lekua duten elikagai gisa.