Elikadura arloan ongi hezteko, gurasoek eredu ona ematea da gakoa, eta argi edukitzea zer etor litekeen elikagai baztergarriekin amore emanez gero

Eguberrietako gutiziak: nola jokatu haurrekin?

1 abendua de 2013
Img alimentacion listado 933

Eguberrietako gutiziak: nola jokatu haurrekin?

Bozgorailuen bolumena lehendik ere oso altua bada, ez da batere ideia ona are gehiago igotzea. Eta lehendik modu desorekatuan jaten dutenei elikatzeko modua are gehiago desorekatzea ere da jokabide egokia. Eguberrietan hori gertatzen da sarritan haurrekin. Ez da ahantzi behar Espainiako Estatuan ia epidemia bihurtu dela haurren gizentasuna: hamarretik ia hiruk pisu gehiegi daukate. Kaloria asko hartzeko ohitura dute, eta Eguberrietan mahaia zerk betetzen duen jakinda (oso noizean behin jan behar liratekeen produktuez gainezka egoten da), pentsatzekoa da onik ez diola egingo lehendik ere arazo handi denari. Aperitibo frijituak, olatak edo barkilloak, bizkotxoak, bonboiak, izozkiak, flanak, polboroiak, turroiak (litxarreriaz betetako poltsak ez aipatzeagatik)… energia ugarikoak dira guzti-guztiak (azukreek ematen diete energia hori, gantzak edo biek) eta askotan gatza ere erruz izaten dute.

Gurasoen eredua

Nutrizioaren aroan lan egiten duten eragileek gero eta garrantzi gehiago ematen diote gurasoen eta zaintzaileen zereginari, baina ez hainbeste hezitzaile gisa, jokabide eredugarrien erakusle gisa baizik. Haurrek imitatu egiten dituzte helduak, baina ez keinuetan eta esamoldeetan bakarrik: beste jokamolde batzuk ere hartzen dituzte haiengandik, biraoak esateko eta oihu egiteko ohitura, adibidez. Adingabe baten ardura duen heldu baten elikatzeko moduak ere eragin erabatekoa izaten du haurrarengan, tabakismoarekin gertatzen den bezalaxe: guraso erretzaileen seme-alabek ez dute izaten hain jarrera ezkorrik tabakoarentzat eta, gainera, helduaroan erretzeko joera handiagoa agertu ohi dute. Eredu ona emateak (eta ez errietan egiteak, zigorrak jartzeak eta erretolika amaigabean aritzeak) emaitza onak ematen ditu epe motz eta luzera haurren osasunari dagozkion ia alderdi guztietan. Gainera, gurasoek ez badute ohiturarik elikagai baztergarriak jateko, etxean ere gutxiago sartuko dira halakoak, eta haurrek bakanago jango dituzte. Heldu gehienek atsegin izaten dute Eguberrietan gutiziak hartzea, gozoak edo gaziak, baina jakin beharrekoa da, proportzioan, elikagai baztergarriek helduei baino kalte handiagoa egiten dietela haurrei.

Gorputz txikiak, arrisku handiak

Txokolatezko izozki batek egun osoan hartu behar duen energia guztiaren %13 emango dio heldu bati, eta haur bati, berriz, bi halako: %26 hain justu (egun osoan hartu behar lituzkeen kaloria guztien laurdena. Eta elikagai bakarrarekin!). Gantzen kasuan are okerragoa da kontua: heldu batek egun osoan hartu beharreko guztien %23 ematen ditu izozki horrek, eta haur batek hartu beharrekoen %45 (erdia ia). Berdin gertatuko da kaloria asko dituen edozein elikagai janez gero. Ez da ahaztu behar elikagai horiek oso gustagarriak izaten direla, ahogozo ederrekoak, eta, beraz, haurrek nekez egingo diete uko eskura samar badituzte. Horregatik, etxera oso noizean behin eramatea komeni da.

Errazioak ere neurtu

Eguberrietakoa garai ona izaten da noizean behin jatekoak diren jakiei tokitxo bat egiteko (turroiak, polboroiak eta lehen aipatu ditugun beste hainbat), baina orduan ere oso kontuan hartu behar da kantitate mugatuetan atera behar direla mahaira. Erretilu handi bat hartu eta magdalenaz edo galleta gaziz betetzen badugu, haurrek (eta helduek) gehiago jango dute; errazio txikiagoak ateraz gero, aldiz, gutxiago. Ikerketa askok esaten dutenez, platerak zenbat eta jaki gehiago eduki, jendeak hainbat eta gehiago jateko joera izaten du. Elikagai horiek erosteko orduan, hobe izaten da motz antzean geratzea: postrea jan eta norbait goseak geratzen bada, beti izaten da aukera mazedonia bat prestatzeko fruta freskoarekin.

Freskagarriak: hobe da saihestea

Eguberrietan mahaian agertzen diren elikagai batzuek desorekatu egin dezakete elikadura. Horien artean, edari azukretsuak dira kaltegarrienetakoak (freskagarri esaten zaien horiek), eta halaxe frogatzen dute, gainera, hainbat ikerketak. Freskagarri hitza ez dute askorik maite nutrizio arloan eta osasun publikoan lan egiten duten adituek, konnotazio baikorra ematen diolako produktuari, eta, egiaz, deus gutxi duelako onetik. Berriki egin den ikerketa batek frogatu duenez, edari azukretsua duen ohiko lata batek %22raino areagotu dezake diabetesa pairatzeko arriskua. Ikerketa horren egileetako batek nabarmentzen duenez, ikusita edari azukretsuen kontsumoa zenbat igo den Europan, jendeari mezu argiak eman behar zaizkio, ohar daitezen zer-nolako kaltea egiten dioten osasunari. Gaur egun eztabaidaezina da edari azukretsuek gizendu egiten dutela eta lotura zuzena dutela gizentasunari atxikitako patologia batzuekin (diabetesa, hiperkolesterolemia, hipertentsioa, eta abar), eta, horregatik, osasunaren arloan eredutzat jotzen diren erakundeek saihestu egin behar direla nabarmentzen dute. Eta horretaz gain kafeina baldin badute, “kolazko” edari azukretsuek bezala, are arrazoi gehiago saihesteko, kafeinak sintoma txarrak eragiten baititu haur eta nerabeengan: asaldura, urduritasuna, antsietatea, jokabide aldaketa, loaren nahasmendua, takikardia eta bularraldeko oinazea ere bai zenbaitetan.