Dieta, larruazala babesteko 'ukendua'

Urte sasoi hau egokia da uda ukituko menu errazak prestatzeko, non ugari agertuko diren eragin fotobabeslea, antioxidatzailea eta beltzarantzekoa duten elikagaiak, larruazala gazte egon dadin
1 ekaina de 2013
Img alimentacion listado 891

Dieta, larruazala babesteko 'ukendua'

Larruazalean ezin argiago islatzen da gure osasuna nolakoa den eta organismoa zein neurritan ari den zahartzen. Zientzialariek, medikuek eta nutrizionistek arreta handia jarri izan diote elikadurak eta mantenugaiek larruazalean duten eraginari. Bitaminek, herdoilaren aurkako gaiek, gantz azido esentzialek eta zenbait landareren estraktuek larruazalari on egiteko gaitasuna dute, zaindu eta babestu egiten dute. Jakina da zenbait osagaik hanturen eta herdoilaren aurka egiten dutela, elementuak birsortzeko eta biziberritzeko gaitasuna dutela, eta botiken, medikuntzaren eta elikagaien arloan diharduten industriek horiek erabiltzen dituzte larruazala zaintzearen aldeko mezuak hedatzeko: larruazalean ematekoak izaten dira batzuk eta ahotik hartzeko gehigarriak beste batzuk, eta guztiak saiatzen dira larruazala gazte iraunarazten. Udan are garrantzitsuagoa da larruazala zaintzea, eguzkiak eta igerilekuetako kloroak kalte egiten dio eta.

Modu okerrean elikatzeak zahartu eta lehortu egiten du larruazala

Klinikoki eta biologikoki zerikusirik ez duten bi prozesuk zahartzen dute larruazala. Lehena adinari dagokiona da: larruazala berez zahartzen da, eta adinak gainerako organoei eragiten dien bezala eragiten die azalari ere. Bigarren prozesua kanpoko faktoreen eraginez gertatzen da: larruazala zahartu egiten dute ingurumenetik jasotzen diren eraginek (kutsadura, eguzkitan maiz eta luzaro egotea, izpi ultramoreak…), tabakoak, lo faltak eta elikadura desegokiak (kaloria eta gantz gehiegi eta mantenugai dermobabesle gutxi). Elikadura arloko ikerketek esaten dutenez, elikagaien bidez hartzen diren zenbait osagaik ahalmena dute barrenetik larruazalaren osasuna sustatzeko: herdoilaren aurkakoek (karotenoideak, flabonoideak, resberatrolak), bitaminek (A, C), omega-3 gantz azidoek eta laktobaziloek, besteak beste.

C bitamina

C bitamina ko-faktore bat da kolagenoaren egitura finkatzen duten entzimentzat, eta kolagenoa da, hain zuzen, larruazalari egonkortasuna eta leuntasuna ematen dien osagaietako bat. Bitamina hori faltan izanez gero, larruazala ahul egoten da eta lesioak izaten ditu, keratosia edo pikorrak edo konkorrak agertzen dira, hematomak errazago sortzen dira eta zauriak mantsoago orbaintzen. Bitamina hori hartzeko modurik seguruena fruta eta berdura freskoa jatea da, ugari ematen dute-eta: zitrikoak, fruta gorriak (andere-mahatsak, masustak, ahabiak, mugurdiak, marrubiak), guaiaba, piperrak eta perrexil freskoa (platerak ontzeko). Aldiz, larruazalean emateko diren kosmetikoetan C bitamina erabiltzeak ez du bermatzen eragin fotobabeslea izango duenik, bitamina hori egongaitza delako oso eta degradatu egiten delako oxigenoarekin, baita larruazalean eman baino lehen ere. Gainera, prestakin horietako askok ez dute izaten C bitaminaren eratorri aktiborik, azido L-askorbikoa delakoa.

Omega-3 gantz azidoak

Gantz azido esentzial horiek erregulatu egiten dute immunitatea eta inhibitu egiten dute hantura eragiten duten osagaiak sortzea, zeinak areagotu egiten duten larruazalean arazoak izateko joera, epidermisean sartzen dira eta (larruazalaren kanpo-kanpoko geruza): dermatitisa, ekzemak, gorriuneak… Gainera, udan ohikoagoak izaten dira eguzkia hartzeagatik sortzen diren erreakzio alergikoak edo hipersentiberak, hantura-prozesuekin batera agertzen direnak, eta larruazala markatua geratzen da. Hori dela eta, oso komeni izaten da sasoiko arrain urdinak jatea (antxoak, sardinak, hegaluzea, hegalaburra…) eta itsaski fresko-freskoak, ugari ematen dute eta omega-3. Polifenolek ere blokeatu egiten dute hantura-bitartekarien sintesia, eta horiek ere leku bat behar lukete udako menuetan; fruta koloredunetan agertzen dira (mahatsa, granada, aranak…).

Karotenoideak eta A bitamina

Frogatua dago betakarotenoa, likopenoa, luteina eta zeaxantina gaitasun fotobabeslea duten mantenugaiak direla. Honeyman, Gaete eta Arias doktoreek txosten batean dioetenez (Nutrizioaren zeregin dermobabeslea), “betakarotenoa dermisean eta epidermisean ageri da (larruazalaren geruzarik azalekoenak dira), eta eguzkia hartzeak murriztu egiten ditu horien balio plasmatikoak”.

Eragin hori lortzeko, fruta eta barazki laranjakarak, gorrixkak edo hori biziak jan behar dira: azenarioa, kalabaza, batata, mangoa, melokotoia, abrikota, mami hori-laranja duen meloia, baita berdura berdeak ere (brokolia, espinakak, endibia, letxuga…).

Laktobaziloak

Probiotikoen barrenean, laktobaziloak nabarmentzen dira; Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, “mikroorganismo mota horrek, bizirik eta kopuru egokietan hartuz gero, eragin fisiologiko onuragarria egiten dio hartzaileari”. Larruazalari zeharka eragiten diote: modulatu egiten dute hesteetako muki-mintzaren immunitatea, eta erregulatu egiten dute erantzun alergikoa gaixo atopikoetan (dermatitis atopikoa, ekzema, psoriari mota batzuk…). Eragin babeslea, dena den, anduiaren eta erabiltzen den dosiaren araberakoa da, eta, beraz, espezialistak gomendatuta hartu behar litzateke eragin hori lortzeko.

Larruazalarentzako antioxidatzaileak, neurrian

Fruta eta berdura freskoak elikagai ezin hobeak dira herdoilaren aurkako gaiak eskuratzeko, eta horiek jatea da modurik onena eta osasungarriena larruazala gazte, leun eta hidratatua egon dadin. Ondorio hori atera dute alemaniar ikertzaileek nutrizioaren eta larruazala zahartzearen arteko harremanari buruz argitaratu duten berrikusterik berrienean (Dermato Endocrinology aldizkarian, 2012an). Egileen esanetan, egin diren saioen emaitzek adierazten dutenez, “larruazala estres herdoiltzailearen aurka babesteko estrategia itxaropentsua da antioxidatzaileen berezko ekoizpena laguntzea antioxidatzaileak dituzten produktuak hartuz, zeinak normalean larruazalean izaten baitira”. Egileek, hala ere, ohartarazten dute ez dela komeni antioxidatzaile isolatuen dosi handiak etengabe hartzea, eta izatekotan ere dieta osasungarriaren osagarri izan behar dutela, zeren eta, herdoilaren aurkakoak dosi handietan hartuz gero, kontrako eragina sor baitezake eta pro-oxidatzaile gisa jokatu; hau da, larruazala azkarrago zahartuko litzateke eta larruazaleko nahasmenduak edo gaixotasunak agertzeko joera areagotuko lukete.