Consumer EROSKIko elikadura adituen erantzunak

1 abendua de 2013

Consumer EROSKIko elikadura adituen erantzunak

Urtarrilaren 1a iristen denean, gure amak fruta janez pasatzen du eguna, edo barau egiten du. Aurreko egunetan egindako gehiegikeriak berdintzeko omen da. Nik errieta egiten diot, jokabide desegokia iruditzen zaidalako. Zer-nolako kalteak ekar ditzake horrek?

Berez, urtean egun batez barau egiteak ez du arriskurik osasunarentzat. Ez epe motzera (barau egiten den egun horretan bertan, alegia), eta ez epe luzera ere. Eta are gutxiago eguna fruta janez ematen bada. Baina bada salbuespen bat: diabetesa duten gaixoentzat arriskutsua izan daiteke barau egitea botikak hartzen ari badira gaixotasuna kontrolatzeko (intsulina, adibidez). Izan ere, baraua eta sendagaiak konbinatuta, hipogluzemia sor daiteke, eta hori larritzeko modukoa izan daiteke. Zure ama ez badago egoera horretan, lasai egon zaitezke, egun batez kaloriarik edo mantenugairik ez hartzeak -oso noizbehinka egiten bada- ez baitu eragin txarrik, gure gorputzak badaki-eta nola orekatu egoera hori. Edonola ere, ez da komeni Eguberrietan tripakada handiak egitea: gauza jakina da Eguberrietako betekada horiek areagotu egiten dutela bihotzekoak izateko arriskua (%5 ugaritzen dira Gabon garaian) eta gizendu ere egiten dutela (batez beste, kilo erdi hartzen dugu festa horietan). Hainbeste jateak, gainera, digestioa egiteko arazoak eta urdaileko gorabeherak ere eragiten ditu (astun sumatzen dugu urdaila, ondoeza izaten dugu, bihotzerrea, eta gerta daiteke goitika egitea ere).

Bederatzi hilabeteko haurtxo bat daukagu eta oraintxe hasi gara jaki solidoak ematen. Aitona-amonek izugarri atsegin dute hari janari berriak eskaintzea, eta egunotan hainbeste gauza izango direnez mahai gainean, ez dute aukera galduko. Zein izan daitezke desegokiak gure haurrarentzat?

Arriskutsuenak, zalantzarik gabe, haurra ito dezaketenak dira. Adin horretan, haurrek irents ditzakete elikagai solidoak (hortzak izan edo ez), baina zenbait elikagaik buxatu edo tapatu egin ditzakete arnasbideak: azenario gordinak, mahats ale osoek, fruitu lehorrek (kakahuetea, hurra, almendra…), gereziek, olibek, patata gisako aperitiboek eta gozokiek. Elikagai horiek saihestea komeni da haurrak hiru urte egin arte. Dena den, ez da gauza bera jaki bat eztarrian trabatzea eta itotzea. Elikagai solidoekin hasten direnean, ohikoa izaten da haurrei eztarrian trabatzea (oinez hasten direnean ohikoa izaten den bezala lurrera erortzea). Gauza normala eta espero izatekoa da. Janaria eztarrian trabatzen denean, esan nahi du erdibidean geratu dela urdailerantz zihoanean; “itotzeak”, berriz, esan nahi du janaria biriketara doala. Haur bati eztarrian zerbait trabatzen zaionean, eztula egiten du, marranta edo soinu arraroak, eta, azkenerako, irentsi egiten du zatia edo bota (edo bota eta gero berriz irentsi).

Elikaduraren oinarriak: magnesioa

Gizakion gorputzean ageri diren mineraletan, magnesioa da ugarienetakoa (laugarren dago zerrenda horretan). Ehunka erreakzio biokimikotan eta sistema entzimatikotan parte hartzen du: proteinen sintesian, zelulen hazkundean, energia ekoizpenean, nerbio-funtzioan, giharren kontrolean eta beste hainbatetan. Hain da garrantzitsua, ezen gorputzak mekanismo bat baino gehiago baititu magnesio mailak egonkortzeko eta gabezia nabarmenak eragozteko (halakorik ez dute izaten osasuntsu daudenek, bai, aldiz, alkoholikoek eta gibeleko eta giltzurrunetako eritasunak dituztenek). Erraz lortzen da elikagaietatik, batez ere landare-jatorrikoetatik. Ugari izaten dute hosto berdeko berdurek, lekaleek, osoko aleek (osoko arrozak, adibidez), fruitu lehorrek eta haziek. Ikerketa askotan esan da magnesioa hartzeak murriztu egiten duela zenbait gaixotasun izateko arriskua, baina ez dago argi zerk egiten duen onura: magnesioak berak edo magnesio ugari duten elikagaiek. Magnesioa gehigarri bidez hartzeak (gaixotasun gutxi batzuetan edo egoera jakin batzuetan izan ezik) ez dio onura argirik egiten osasunari.

Proteinak eta haurren osasuna

Ikerketa bat argitaratu dute berriki Umeako Unibertsitateko Elikadura eta Nutrizio Saileko ikertzaileek (Suedia) Food & Nutrition Research aldizkarian. Haurtzaroan hartu ohi den proteina kantitate handiak haurren osasunari nola eragiten dion aztertu dute lan horrek. Ikertzaile talde horrek ikusi duenez, proteina ugari hartzea eta pisu gehiago izatea bata bestearen ondorio jotzen dituzten froga zientifikoak “sinesgarriak” dira. Garairik delikatuena, gainera, bi urte egin bitartekoa dela dirudi. Ikerketak lotura argia aurkitu du proteina ugari hartzearen eta hazkundearen artean. Animalia-jatorriko proteinek (batez ere esnekienak) eragin handiagoa dute horretan, landare-jatorrikoek baino. Egileen iritziz, proteina ugari hartzeak estimulatu egingo luke “hazkunde intsulinikoaren faktorea” (gorputz-sistema bat da, gihar-masan eta gantz-masan hazkunde azkarra eragiten duena). Baieztapen hori, dena dela, ez da ona osasunarentzat: gizentzeko arriskuari lotua dago. Hau da, zenbat eta handiagoa den hazkunde tasa, hainbat eta probabilitate gehiago gizen egoteko.

Hilabete honetako aholkua: begiratu osasunari, eta ez hainbeste pisuari

Orain dela gutxi egin den ikerketa batek galdera egin die 50 urtetik gorako emakumeei: ea gustura ote dauden beren pisuarekin. Horien arteko %12k soilik (ia 2.000 emakumek) erantzun dute baietz. Horien pisua, batez beste, neurri normalen barrenekoa izan da, baina ez daude argalak. Zer beste ezaugarri eduki dituzte emakume horiek guztiek elkarrekin? Bada, guztiek astean bost orduz egiten dute ariketa fisikoa (300 minutu). Gainera, astean behin edo bitan pisatzen dira. Gauza jakina da estrategia hori ona dela urteetan aurre egin ahala nahi baino gehiago ez gizentzeko: gure pisua igotzen ari dela konturatzen garenean, neurriak hartzeko modua izaten dugu. Aldiz, ez badugu kontrolatzen pisua nola doan, gerta liteke, ohartzen garenerako, nekezagoa izatea egoera bideratzea (pisu gehiegi izateak areagotu egiten du lesioak izateko arriskua, eta hori eragozpen bihurtzen da behar den ariketa fisikoa egiteko).

Hirugarren ezaugarria -hau ere garrantzitsua- zera izan da: gehienek ez dute argaltzeko dietarik egin azken bost urteetan. Ikerketaren egileek oso aintzat hartzeko gomendio hau egin dute: “Begiratu osasunari, eta ez hainbeste pisuari”. Osasuna ez du baskulak neurtzen, gure bizi-ohiturek baizik.

Hilabete honetako aholkua: 3 otordu edo gehiago familian

Pediatrics aldizkariak ikerketa jakingarri baten berri eman zuen 2011ko ekaineko zenbakian. Egileek esaten dutenez, astean hiru otordu edo gehiago familian egiteak %12 inguru murrizten du haurrek pisu gehiegi izateko arriskua. Ohitura horrek murriztu egiten du, halaber, haurrek elikagai ez-osasungarriak jateko duten arriskua (%20 inguru) eta elikadura arloko nahasmenduak pairatzekoa (%35 inguru). Eta elikagai osasungarriak jateko probabilitatea %24 handitzen da. 2013. urteko ekainean Journal of the Academy of Nutrition and Dietetics aldizkarian argitaratu den ikerketa batek berretsi egin du mahaian elkarrekin jatea estrategia ona dela gizentasunari aurre hartzeko. 2013ko uztailean, berriz, Tuffs-eko Medikuntza Unibertsitateko ikertzaileen lan bat agertu da Journal of Youth and Adolescence aldizkarian, eta esaten dutenez, familian jatea lagungarria izan daiteke nerabeek alkoholik, tabakorik, marihuanarik eta bestelako drogarik kontsumi ez dezaten, jokabide oldarkorrik edo bortxazkorik ager ez dezaten, eskolan emaitza hobeak atera ditzaten, eta buruko osasun-arazoek eta elikadura arloko nahasmenduek erasan ez diezaieten.

Azken puntu horri dagokionez, Elikadura Ohituren Nahasmenduari buruzko Gida Praktikoak esaten du, adingabeetan patologia hori saiheste aldera, besteak zenbait neurrirekin batera, otorduak “familiakoekin eserita” egitea komeni dela (2009an argitaratu zuen lan hori Espainiako Osasun Ministerioak). Argi dago, beraz, familian jatea oso mesedegarria dela.