Mineralak

Bizitzako gatza...

1 urtarrila de 2005
Img alimentacion listado 275

Bizitzako gatza...

/imgs/20050101/img.alimentacion.01.jpg
Ezinbestekoak ditugu mineralak gure organismoak ondo funtzionatuko badu: horren %4 inguru osatzen dute eta ehun guztietan proportzio berdintsuetan banatuak daude. Den-denak dira ezinbestekoak, hau da, organismoa mineral horietako bakar bat ere ekoizteko gauza ez denez, gabeziei saihesteko, eguneroko dieta osatzen duten elikagaietatik atera behar izaten ditu. Mineral horietako batzuk kopuru handian behar ditugu (makromineralak) eta beste batzuk, aldiz, kopuru txikian (mikromineralak).

Mineralik garrantzizkoenak

Kaltzioa

Gure organismoak 1.500 gramo kaltzio dauzka, horren %99 hezurretan dautzala.

  • Funtzioak. Hezur eta hortz-haginen egitura osatzen du eta muskuluen uzkurduran, nerbioen kitzikagarritasunean eta odolaren koagulazioan hartzen du esku.
  • Iturri dietetikoak. Elikagai batek kaltzio ugari izateak ez du esan nahi kaltzio hori ongi aprobetxatuko denik. Faktore batzuek kaltzioa organismoan sartzea laguntzen dute eta beste batzuek, aldiz, eragozten dute. D bitamina, proteinak, laktosa (esnearen azukrea) eta, dela elikagai horretan, dela dieta osoan, kaltzioa eta fosforoaren arteko proportzio egokiak, esate baterako, mineral honen asimilazioa errazten du.
  • Esnekiak (esnea, jogurta, mamia, gazta…), ospez, kaltzio iturri hoberenak diren arren, badira bestelako alternatibak ere. Soja eta sojazko konposatuak, hezur eta guzti kontsumitzen diren arrainak (latako sardina, adibidez), sesamoa, melazak, almendra-, koko- edo olo-esnea, osagarri dietetikotzat baliatzen diren alga batzuk, ur kaltzikoak… Lekaleak, hainbat barazki eta fruta eta fruitu lehorrak ere kaltzio iturri politak dira baina organismoak ez du horko kaltzioa bestelako elikagaietakoa bezain ongi aprobetxatzen, landarezkoetan kaltzioak eginkizun estrukturala betetzen baitu: zuntz eta antzeko substantziekin konplexuak osatzen dituenez, nekez balia dezake gure organismoak horrela.
  • Gabezia. Kaltzio gabeziak haurraren hazkunde gelditua (errakitismoa), osteoporosia (hezurraren dentsitate-galera), osteomalazia (hezurraren samurtzea, D bitamina faltarekin batera ohi doana) eta konbultsioak eragiten ditu.
  • Toxizitatea. Kaltzio larregi kontsumitzeak, kaltzifikazioak osatzeko arriskua.

Fosforoa

Gure organismoak 860 gramo fosforo dauzka, horren %80 hezurretan dautzala.

  • /imgs/20050101/img.alimentacion.02.jpg
    Funtzioak. Hezur eta hortzen osagaietako bat da eta nerbio eta muskuluen jardueran hartzen du esku. Lipido jakin batzuekin konbinatzen denean fosfolipidoak osatzen ditu (zelula-mintzen osagai estrukturalak). Energiaren metatze eta erabileran ere berebiziko eginkizuna betetzen du.
  • Iturri dietetikoak. Haragi, arrain, arrautza eta esnekiak, koladun freskagarriak, fruta lehortu eta fruitu sikuak, labore integralak eta lekaleak.
  • Gabezia. Ahuleria eta hezurra desmineralizatzea.
    Toxizitatea. Hezurraren desmineralizazioa.

Magnesioa

Gure organismoak 25 gramo kaltzio dauzka, hezurretan.

  • Funtzioak. Proteinen sintesian esku hartzen du eta eragin laxante arina izaten du. Nerbio bulkaden transmisioan garrantzi handia dauka eta behazun sekrezioa areagotzen du.
  • /imgs/20050101/img.alimentacion.03.jpg
    Iturri dietetikoak. Barazki eta lekale berdeak, frutak, fruitu sikuak, labore integralak, kakaoa, arraina, itsaskia eta ur magnesikoak (litroko 50 mg baino gehiago).
  • Gabezia. Hazkundean hutsuneak, jokabidean alterazioak, ahuleria eta espasmoak.
  • Toxizitatea. Beherakoa.

Elektrolitoak: sodioa, kloroa eta potasioa

Gorputzeko likidoetan dautza

  • Funtzioak. Zelulen barne eta kanpoko ur edukia erregulatzen dute, muskuluen jardueran eta nerbioen kitzikagarritasunean esku hartzen dute.
  • /imgs/20050101/img.alimentacion.04.jpg
    Iturri dietetikoak. Gatza da, berez, sodio eta kloro asko daukan elementua, haragizkoetan, kontserbetan keztatuetan, gazituriko elikagaietan… ugari. Potasio iturri egokiak landarezkoak dira: fruta eta barazkiak, lekaleak, fruitu sikuak, fruta lehortuak, labore integralak eta patata.
  • Gabezia. Sodio edo kloro gabezia karranpekin, nahasmenduarekin eta apetiturik ezarekin elkartu izan ohi da. Potasio gabezia, berriz, muskulu ahulezia eta paralisiarekin.
  • Toxizitatea. Sodio gehiegi edukitzea arterietako presioaren igoerarekin (hipertentsioa), likidoen atxikipenarekin eta giltzurrunen gehiegizko kargarekin zuzenean lotu izan da. Kloro larregi hartuz gero, goraka egitearekin eta potasio gehiegi kontsumitzeak, berriz, muskulu ahuleriarekin, bihotz alterazioak nozitzeko arrisku eta guzti.

Burdina

  • Funtzioak. Oxigenoa zeluletaraino eroaten duen hemoglobinaren osagaietako bat da. B multzoko bitaminak baliatzeko beharrezkoa dugu, sistema inmunologikoan eta neurotransmisoreen (mezulari kimikoen) funtzio eta sintesian esku hartzen du.
  • /imgs/20050101/img.alimentacion.05.jpg
    Iturri dietetikoak. Animaliazko elikagaiek daukaten burdina, iturri behinenak gibela, haragia (zaldikia, bereziki) eta arrainak izaki: horrelakoetan era heminikoan (hemo burdina) datza eta arrautzakoa edo landarezko elikagaietakoa baino hobeki xurgatzen du organismoak. Landarezko iturrietan aipatzekoak: lekaleak, fruitu sikuak, fruta lehortuak, orridun barazkiak burdina eduki handikoak dira baina ez da gure organismoarentzat metabolizatzeko egoki-egokia, era ez-heminikoan (ez-hemo burdina) baitatza. C bitamina eta proteinak burdinaren asimilazioa hobetzen dute; aitzitik, B9 bitamina edo azido foliko zein fitato gehiegik (laboreen oskolean datzan konposatua), tanino (ardo beltza, kafea, tea, ziazerba, mahaspasa, mahats eta beste hainbat fruta: granada, kakia, irasagarra edo sagarra, adibidez) edo oxalato gehiegik (ziazerba, erremolatxa, zainzuria, perretxikoak, garagardoa, tea, txokolatea…) eragotzi egiten dute. Horregatik pertsona batek burdina-osagarriak ahotik hartu behar dituenean, fakultatiboak aholkatzen dio gosaria irentsi aurretik har ditzan, C bitamina ugari duen elikagairen batekin (kiwia, zitrikoak, etc.).
  • Gabezia. Anemia ferropenikoa, ahuleria eta zoldurak nozitzeko arriskua areagotzea.
  • Toxizitatea. Nekez hauteman da honelako toxizitaterik; gehienetan metabolismoari egotz dakiokeen arazoren batengatik izango zen. Burdina-maila handiak gibelaren, pankreasen eta bihotzaren alterazioekin elkartu izan dira.
Mineralen sailkapena eta funtzioak

Bitaminek bezala, mineralek ere ez gaituzte energiaz hornitzen, baina…

  • Hezur eta hortz-haginen egitura osatzen dute (kaltzioa, fosforoa, magnesioa, fluorra…).
  • Zelulaz kanpo eta barruko ur-balantzea erregulatzen dute (elektrolitoak).
  • Nerbioen kitzikagarritasunean eta muskuluen jardueran esku hartzen dute (kaltzioa, magnesioa…).
  • Zeluletara substantzia batzuen sarrera errazten dute (glukosak sodioaren premia izaten du, zelula-mailan, energi iturri gisa baliatua izateko).
  • Metabolismo prozesuetan esku hartzen dute (kromoa beharrezkoa da intsulina behar bezala funtzionatzeko; selenioa, erradikal asketatik defendatzen gaituen organismoaren sistema antioxidatzaile bateko osagaia da, etc.).
  • Sistema inmunologikoaren funtzionamendu egokian esku hartzen dute (zinka, selenioa, kobrea).

Nola sailkatzen diren

  • Makromineralak. Ugarien daudenak eta, era berean, organismoak ugarien kontsumitu behar dituenak dira hauek (kaltzioa, fosforoa, sodioa, kloroa, potasioa, magnesioa eta sufrea).
  • Mikromineral edo oligoelementuak. Kopuru txikitan dautza hauek, noski, organismoak horrela kontsumitzen dituelako (burdina, fluorra, zinka, iodoa, kromoa, selenioa, litioa…).