Mirarizko dietak

Argaltzeko dietak eta odol-taldeak: gezur lodi-lodia

Boladan jarri dira odol-talde bakoitzak dituen ezaugarrien araberako dietak, baina lotura horrek ez du inolako oinarri zientifikorik, eta tentuz ibili beharra dago
1 otsaila de 2011
Img alimentacion listado 683

Argaltzeko dietak eta odol-taldeak: gezur lodi-lodia

Odol-taldearen araberako dietak onak omen dira argaltzeko eta osasuntsu egoteko, halaxe saltzen dute bere burua. XX. mendean hasi zen formula hori zabaltzen, 50eko hamarkadatik aurrera. Hasieran dezenteko arrakasta eduki zuen, neurri handi batean zaila gertatzen zelako metabolismoari lotuta zeuden alderdi batzuen inguruko zalantzak argitzea. Gaur egun, ordea, ez dago frogarik gisa horretako planteamenduei eusteko. Odol-taldearen arabera elikagai jakin batzuk hartzea eta beste batzuk baztertzea ez da batere eraginkorra, eta, gainera, osasun-arazoak ekar ditzake, gerta baitaiteke, murrizketa horien eraginez, oinarrizko makroelikagai batzuk hartu gabe geratzea.

Jatorria

XX. mendearen hasieran ohartu ziren, lehenengoz, desberdintasun interindibidualak daudela odol moten artean. 1901. urte inguruan, Karl Landsteiner-ek AB0 (a-b-zero) sistema aurkitu zuen, zeinaren bidez lau serotipo oinarrizkotan sailkatzen baita odola: A, B, AB eta 0 (zero). Sailkapen hori egiteko, kontuan hartzen da nola agertzen diren bi proteina mota globulu gorrien mintzetan: edo banaka (A eta B motako odoletan), edo binaka (AB motakoan), edo ez den batere agertzen (0 taldea).

Premisa horietatik abiatuta, loturak egin izan dira pertsona bakoitzak duen odol-taldearen eta jatea komeni zaionaren edo ez zaionaren artean, inolako oinarri zientifikorik gabe. Odola nolakoa, halakoak izango dira digestio-aparatuaren morfologia eta ezaugarriak, horixe dio sistema horrek, eta hari horri tiraka bereizten ditu elikadura-eredu batek edo besteak norbanakoengan izan ditzaketen onurak edo kalteak.

Elikagai batzuk eta ariketa murriztu

Sistema horrek esaten du, oker esan ere, A odol-taldea duten pertsonek, adibidez, barazkietan oinarritzen den dieta-ereduari jarraitu behar diotela. Eta dieta horri etekinik handiena ateratzeko, ahalik eta gutxien maneatuta eta eraldatuta jan behar dituztela, eta ahal bada, produktu ekologikoetatik abiatuta. B taldekoak, berriz, gizendu egiten dira artoa, tomatea, garia, dilistak, kakahueteak edo oilaskoa janez gero (jaki toxikoak izango lirateke pertsona horientzat). Horien ordez, beste elikagai batzuk jatea komeniko litzaieke. AB taldeko odola dutenei, ez omen zaie komeni jaki ketuak jatea, ez kafeina eta alkohola hartzea ere, eta horien lekuan, itsas jatorriko elikagaiak hartu behar omen dituzte, tofua, esnekiak eta hosto berdeko barazkiak.

Azkenik, 0 taldeko odola dutenen elikabidea animalia-jatorriko jakietan oinarritu behar litzateke. Aitzitik, karbohidrato ugari dituztenak oso kaltegarriak gertatuko litzaizkieke. Odol-taldearen araberako dieta eginez gero, hainbat onura lor omen litezke, sustatzaileen esanetan, betiere: pisua galtzen da, estresa eta nekea gutxitzen dira, immunitate-sistema hobetzen da, burua argiago egoten da edo artikulazioak gehiago eta hobeki mugitzen dira. Baina metodoa ez da mugatzen dietari buruzko gomendioak ematera; ariketa fisikoak ere mota batekoa edo bestekoa izan behar omen du, norberak duen odol-taldearen arabera. Ariketa akigarria, adibidez, ona omen da 0 taldea dutenentzat, yoga egitea A taldekoentzat, eta ariketa aerobikoak, berriz (lasterka eta oinez ibiltzea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea), egokiagoak omen dira B eta AB taldekoentzat.

Ez du osasun-agintarien babesik

Odol-taldearen araberako dieta egitearen aldekoek sinesten dute, gainera, lotura estua dagoela talde bakoitzaren ustezko jatorriaren eta gizakiaren bilakaeraren artean, eta mugarriak ere jartzen dituzte bilakaera horretan. Esaterako, 0 taldea hartzen dute antzinako edo lehentzat, eta hortik abiatuta sortu omen ziren gainerakoak. 0 taldekoak lirateke ehiztari-borrokalariak, A taldekoak biltzaile-laborariak, B taldekoak abeltzainak eta ABkoak, berriz, aurreko bien nahasketa izango lirateke. Eritasunen eragina ere taldeka banatzen da, metodo horren arabera, eta batzuek gehiago erasaten diete talde batekoei eta besteek bestekoei. Komunitate zientifikoa, dena den, inola ere ez dator bat teoria bi horiekin.

Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN), bere web-orrian, ohartarazten du kontuz ibili behar dela dieta miragarriekin, eta horien barnean dago odol-taldearen araberakoa ere. Eta kontuz ibiltzekoa da, bai, zeren nahasmendu larriak ekar baititzake osasunarentzat. 2007an dieta horiei buruzko txostena egin zuen AESANen batzorde zientifikoak, zeina ospe handiko erakunde zientifikoek eta osasun arloko profesional taldeek osatzen baitute (Kide anitzeko Mediku-Erakundea, Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia, Gizentasuna Ikertzeko Espainiako Elkartea, Endokrinologiako eta Nutrizioko Espainiako Elkartea eta Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Espainiako Federazioa). Hauxe esaten du txostenak, besteak beste: “Ikuspegi zientifikotik begiratuta, ez da frogatu harremanik dagoenik odol motaren eta ehun gantzatsuaren erabileraren artean. Elikagai jakin batzuk debekatzeak, zera dakar, gose- eta sufrimendu-sentsazioekin lotzea dieta, eta gantzik gabeko masa galtzera garamatza, gantz-masa galdu beharrean”.

Argaldu soilik ez, norbere babes-sistema ere
hobetu egiten dela esaten dute halako dietetan
sinisten dutenek

Era berean, dieta horiei buruz ari delarik, modako dieten testuinguruan kokatzen ditu beti Medline Interneteko atariak (AEBetako Medikuntzako Liburutegi Nazionalaren zerbitzu bat da), eta gauza bera esaten du Familia Medikuen Ameriketako Elkarteak ere. Moda horiek iragankorrak izaten dira, eta horiei buruz hitz egiteari utzi zaionean, estrategia berritzaile gisa aurkezten dituzte noizean behin, eta berriz ere mintzagai bihurtzen dira.

Ez da erraza sistema horri buruzko informaziorik topatzea Interneten zientzia-gaietan espezializatuta dauden bilatzaileetan (Pubmed, Cochrane, eta abar), nahiz eta odol-taldeari lotutako dieten printzipioak ez diren berriak (XX. mendearen erdialdean agertu ziren).

Mirariak eguneratu egin nahi du

Denboran eta aurkikuntza zientifikoetan aurrera egin ahala, berritu egin dira odol-taldearen araberako dieten arauak, eta orain, era horretako dieta batekin hasi nahi duenari zera eskatzen diote, analisi genetikoa egin dezatela (ordainduta, nola ez), nahiz eta garai batean aski zen norberak zer odol-talde zuen jakitea. Analisi horrek ere, ordea, zientziaren ikuspegitik, ez du balio elikagai batzuk hobetsi eta besteak baztertzeko. Genetikaren gaia aldagai berria den arren, dieta miragarrien saileko beste bat gehiago da hori ere.

Beraz, sistema horrek ez dauka oinarri sendorik arrakastatsu gertatuko dela esateko, eta are arriskutsuago dena, osasunari kalte egin diezaioke, elikagai oinarrizkoak edo elikagai talde osoak jateari utziz gero. Gainera, argaltzeko sistema guztiz fidagarri ez direnek eduki ohi dituzten bederatzi ezaugarri orokorretako zortzi betetzen ditu, eta horietako bat da, hain zuzen, elikagai-osagarrien katalogo garesti eta eraginkortasunik gabea jartzea erabiltzaileen eskura, osagarri horiek “sistema horretan soilik erabiltzekoak” direla esanez.