Ahulak izatearen handitasuna

1 otsaila de 2003
Img psicologia listado 122

Ahulak izatearen handitasuna

Bizi garen garai hauetan, askok uste du indartsu, lehiakor, dinamiko, oldarkor, ia ahalguztidun izatea (edo horrelakoa zarela erakustea) bermea dela biziraupen eta arrakasta sozialerako. Eta arrakasta soziala lortzea satisfazio iturri bilakatzen denez, badirudi gure segurtasuna eta emozio-ongizatea izaeran, lehiakortasunean eta nagusitasun sozialean oinarritu dezakegula.

Arazoa da parametro horien arabera jokatuz gero gure nortasunaren osaera azalekoak, engainagarriak eta iraupen laburrekoak diren irizpideetan oinarritzen dugula. Akats larri horrek mota honetako ondorioak eragiten ditu: psikologoen kontsultak itxuraz indartsu, oso lehiakor eta ekonomi eta gizarte mailan ondo kokatuta dauden pertsonez gainezka daude; izan ere, beren bizitzako une batean eta ingurukoentzat ia beti ulertezinak diren arrazoiak direla kausa, krak egin dute, behea jo dute, irmotasun faltsu horren oinarriak pitzatu egin direlako, oinarrietan espezialista den norbaiten eskuhartze urgentea behar izateraino; eta espezialista hori, garapen pertsonalaren eremuan, psikologoa baino ez da.

Gezurretan biziaraztera bultzatzen gaituen eta gatazka pertsonal larriak sorrarazten dizkigun segurtasun faltsu horren aurrean, benetakotasuna da alternatibarik eraginkor eta zintzoena. Bestela esanda, norberak bere buruari aurre egitea, biluztasun osoz eta norberaren mugak ezagutzeko eta horiek traumarik gabe bizi izateko behar adina zintzotasunez, heldutasunez, eta gure eguneroko errealitatearen zati bezala interpretatuz. Kontua da ahultasuna oso gizatiarra den zerbait bailitzan sentitzea, pozgarria izanik, gure mugak gero eta gehiago onartu eta orduan eta gizatiarragoak garela ikustea.

Gure ahultasuna aitortzeak bi dimentsio ditu: bata maila indibidualean eta bestea sozialean.

Geure baitara begira egin beharreko lana

Pertsona bezala zer garen uste duguna (“ni” ideala) benetan garenari (benetako “ni” hori) egokitzen ahaleginduko gatzaizkio. Ariketa inozoa edo alferrikakoa dela pentsa liteke, izan ere “norberak ezin hobeki ezagutzen du bere burua”. Hori, ordea, ez da horrela. Ez dugu gure burua ongi ezagutzen, ez, behintzat, behar bezainbeste. Edo, bestela, hainbeste gezur esan diogu gure buruari eta, azkenean, benetan garena ez bezalakoak garela sinesten amaitu dugu. Gure buruaz daukagun irudia osatzen dugu gainerakoek transmititzen diguten gure irudiaren bidez, eta gure ilusio, amets eta pentsamendu idealisten bidez; ez, ordea, gure izateko, pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko modu benetakoaren bidez.

Bestela esanda, gure buruaz dugun irudiaz oso bestelakoak gara. Adibide bat: proposa ditzagun hiru pertsona zintzo ongi ezagutzen gaituztenak, gure izaera definituko dutenak, argi eta garbi eta inolako aurreiritzirik gabe nolakoak garen, nola ikusten gaituzten, esango digutenak. Ia segurua da hiru bertsio horiek antz handiagoa izango dutela beren artean, gure buruaz dugun irudiarekin baino. Eta hori horrela da pertsona bezala gure burua pentsatu, ikusi eta definitzen dugunean ez dugulako fin jokatzen; edo, hobeto esanda, zabarkeria handiz jokatzen dugulako.

Benetako norbere izaterako hurbilpen hori egiten denean ( izan gaitezen zintzoak: hori lortzeko, esfortzu handia egiteaz gain, introspekzio pixka bat eta zintzotasun eta autokritika gaitasun handia behar dira), jada ezagutzen genituen ahultasunak ateratzen dira; eta hain zuzen ere, ahultasun horiek ber-ezagutzea eta onartzea zail egiten zaizkigun, izan ere ezinbestean hori egiteak sufrimendua sorrarazten digu edo, gutxienez, gugandik gutxien gustatzen zaigunarekin berriro topo egitea dakarkigu. Gehienok, uste duguna baino hobeak garela pentsatzeko joera izaten dugu eta, halaber, batez ere bide ezkor edo norberaren kalterako direnetan dabiltzanek eta beren buruaz iritzi kritikoa eta negatiboa dutenek sufritu egiten dute beren mugak esplizitoki azaldu eta diren bezala onartu behar dituztenean. Gauza bat da “batez ere pesimistatzat daukat nire burua” esatea, baieztapen horrek berekin daraman kutsu estetiko eta ideologikoarekin; eta beste gauza bat guztiz desberdina akats modura aitortzea egoera -problematiko edo ez problematiko- jakin baten aurrean pesimismo horrek erantzuteko, jarduteko gure ahalmena gelditu edo zuzenean okerragotzen duela.

Horrela jokatzen duen pertsona gizakiaren izateaz jabetuko da: multzo harmoniatsua osatzen duten kolore eta testura mota guztiez osatutako piezen mosaikoa izango da, nahiz eta pieza horietako zenbait oso egokiak ez izan eta multzoarekin kontraesanean egon.

Norbere mugak onartzeko jokabide honen bidez, ahultasuna atal batzuetan pertsonalitatearen beraren nahitaezko osagai bezala onartzen da, eta pertsonalitate hori batzuetan aberastu egiten du eta berezitasuna ematen dio. Gainerakoek ahuldade edo “akats” horiek gizatiarrago, hurbilagoko egiten gaituzten ezaugarri pertsonal bezala jotzen dituzte.

Besterenganako eginkizuna

Beste dimentsioa, soziala, honetan datza: sozialki ahul, gizaki ez-perfektu eta mugatu bezala agertzeko axolarik ez izatea lortzea. Ez da kontua, hala ere, autobihozbera izatea, gainerakoen aurrean autoimmolatzea, gure miseriak haizatzea edo gure mugak handiagotzea. Gure ezaugarri pertsonal ilunenak non, noren aurrean, nola eta horietako zein azaldu behar ditugun neurtu egin behar dugu.

Badira gure inguru pertsonalean ezer gutxi ematen diguten pertsonak edo gureganako axola gutxi dutenak; eta zergatik ez, badira gure ezbeharrez pozten direnak ere. Jakina, ingurune hori ez da aproposena zintzotasuna lortzeko, psikologikoki biluzteko. Zintzotasuna eta gure barnetasunen komunikazioa bultzatuko duten eremu sozialak hautatu behar ditugu.

Eremu asko daude, hala nola gure senide heldu (seme-alaba txikiekin erabateko zintzotasuna ez da beti komenigarria), lagun min edo harreman estua daukagun lankideena; eremuotan gure ni barrukoenaren erakustaldia (beti kalkulatua eta neurtua) praktikan jarri dezakegu edo jarri behar dugu, izan ere emankorra eta komenigarria izan daiteke. Inguru sozial aldekoa hautatu eta gero, ariketa oso positiboa da gure mugak adieraztea; hori bai, inor nahastu gabe une horretan bizi den egoera konkretuarekin zerikusirik eta loturarik ez duten aitormen gogor edo zakar pila eginda. Gure zintzotasuna neurtu eta kokatzen jakin behar dugu kezkarik ez sorrarazteko eta eragin positibo bikoitza lortzeko: hobeto ezagut gaitzatela (eta, beraz, ez diezagutela ezinezkorik eska) eta gure izateko benetako moduaren arabera bizi gaitezela, besteek gutaz duten irudiak edo guk, okerki, sortzen lagundu dugun irudiak behartzen gaituen irizpideak ez jarraituz.

Kontua ez da besteren errukia piztea, baizik eta gure izateko eta sentitzeko modua ezagutzera ematea, gure buruari aukera ematea gizatiarrago, mugatuago eta errealago azaltzen garenean gure inguruko pertsonek hobeto ulertzen gaituztela eta, are, erosoago sentitzen hasten direla ikus dezagun. Egia esan, hobeto sentitzen gara gertuko, ez-perfektu eta hurbilerraz direnekin eta beren konfidentziak entzutea merezi dugula uste dutenekin. Aitzitik, ez dira hain atseginak itxuraz indartsu daudela erakutsi eta ezertarako behar ez gaituztela diotenekin. Mundua lider faltsuez beteta dago, gainerakoak nahastarazi eta engainatzeaz gain, eurena ez den papera eginez sufritzen dutenez, alegia. Gure eskuetan dago koordenatu horiek zuzendu eta berriro dagokion lekuan kokatzea.

Gure ahuldadeak onartu eta ezagutu

Komenigarriena, benetan osasungarriena da norbanakoak bere mugak onartzea eta horiek lasaitasunez eta hobetzeko espirituz bere egitea; hau da, gertaera ukaezin modura eta gizaki ez-perfektu bezala bere berezitasunaren, bere historia pertsonalaren zati modura ulertzea. Horrela, baliteke akatsak egin eta porrotak jasan izanaz damu izatea, baina bere bizi-ibilbidean integratuko ditu, horietatik ikasi egingo du eta ez da lotsatuko, egoera hobetzen ahalegindu dela argudiatu ahal izango duelako, behintzat. Eta, ohar gaitezen: arazo jakin baten aurrean lehendabizi egoera aztertu eta ondoren irmotasunez eta gogoz jokatzen badugu, nahiz eta gure jarduteko moduaren bidez inolako arrakastarik ez lortu, gustura egongo gara ahal duguna egin dugulako; eta bide batez, gerora sor daitezkeen egoeretan hobetzen eta egindako akatsak berriro ez egiten lagunduko digun informazioaz baliatu ahal izango gara.