Hirietako eskuragarritasuna

Zinema, museo eta igerilekuek baztertu egiten dituzte ezinduak

Gurpildun aulkien erabiltzaileek eta itsuek bertatik bertara egiaztatu ahal izan zuten Espainiako estatuko hamabi hiritako 36 zinema, 36 museo eta 12 igerilekuren eskuragarritasuna
1 abendua de 2002
Img temap 125

Zinema, museo eta igerilekuek baztertu egiten dituzte ezinduak

Espainiako estatuko hamar pertsonatik ia batek ezgaitasun garrantzitsuak ditu. Horietatik, ia milioi batek ikusmeneko arazo larriak ditu eta 3.325.000 pertsonak zailtasun handiak dituzte joan-etorrietara, INE erakundearen datuen arabera. Guztiok ezagutzen ditugu erabiltzaile berezi horiek eguneroko hainbat ekintzatan ongi konpondu ahal izateko izan ohi dituzten eragozpenak, adibidez lanera garraio publikoetan joateko nahiz edozein dendatan erosketak egiteko. Erabiltzaile talde honek oztopoak aurkitu ohi ditu beste arlo batean ere, aisialdian hain zuzen ere, eta gai horren ingurukoa da azterketa hau.

Aisialdiko hainbat aukeratarako eskuragarritasuna aztertzeko asmoz, CONSUMER aldizkariko teknikariek, ONCE eta PREDIF (estatuko ezgaitu fisikoen plataforma) erakundeetako ezinduen laguntzaz, 12 hiritako 36 zinema-areto, 36 museo eta 12 igerileku aztertu dituzte eta horietan zehar ibili dira ezinduak, museora, zinemara edo igerilekura iristeko egin behar izan duen ibilbidean autonomiaz eta erosotasunez mugitzea eragozpen edo oztoporik (hiri altzariak gaizki kokaturik, bidean objektuak, kartelak, iragarki hesiak…) dagoen ala ez jakiteko.

Eskuragarritasunaren inguruko 200 aldagai baino gehiago erabili dituen azterketa honen ondorioek diotenez, zinema, museo eta igerilekuek eskuragarritasun aldetik dituzten hutsuneak hain dira handiak ze, zaildu, edo areago, eragotzi egiten die ezinduei aisialdiaz gozatzea. Oso instalazio gutxik dituzte zerbitzuak egokituta, gurpildun aulkian dauden erabiltzaileek edo erabiltzaile itsuek aisialdia erosotasunez eta autonomiaz gozatu ahal izan dezaten. Honako hiri hauek aztertu dira: Bilbo, Madril, Bartzelona, Valentzia, A Coruña, Malaga, Donostia, Alacant, Gasteiz, Iruñea, Oviedo eta Santander.

Gurpildun aulkian mugitzen direnei dagokienez, ikerketa honek frogaturik uzten du Espainia osoan bisitaturiko zinema guztien %72 ez daudela behar bezala egokituta eta beste horrenbeste gertatzen dela museoen %55ekin eta udal igerilekuen %58rekin. Beste proba praktiko batean aisialdiko toki horietara joatean ezgaituek bidean aurkitu ohi dituzten oztopoak jaso ziren (kale eta espaloietako oztopoak, ibiak, garraio publikokoak…). Eta datuak argiak dira: hamabi hiriek ez dute proba gainditu. Itsuei dagokienez: hiru zinematik bat ez dago egokituta, hiru museotatik bik ez dute gainditu eta lau udal igerilekutatik bat ez dago eskuragarri ikusmena murriztuta duten pertsonentzat. Eta itsuek egiten dituzten joan-etorrietan ere erabat argia da erantzuna: ez du hiri batek ere proba gainditu.

Aisialdiko gune horiek itsuentzako egokitzapenean zertxobait puntuazio hobea lortu duten kasuetan, erabakigarria izan da langileen laguntza; gurpildun aulkiak erabiltzen dituzten minusbaliatuen kasuan, berriz, beharrek lotura handiagoa dute sarbide, berariazko komun, igerilekuraino “jaisteko” garabi edo zinemaren barruan eurentzat gorderiko tokiekin. Zinema eta museoetan ez da kontuan izan instalazioek itsuak orientatzeko zoruan marka-gidarik zuten ala ez, inon ere ez baitzegoen horrelakorik. Eta museoen %16k bakarrik dituzte pertsona itsuek bisita probetxuz egin dezaten aukera ematen duten gailuak (sakatu eta obrari buruzko azalpenak ematen dituzten narrazioak edo braille sistemako kartelak).

Zinemak eta gurpildun aulkiko minusbaliatuak

Zinema-aretoen %70ek arrazoi argi batengatik suspenditu dute: sarreran eta txartelegietan eskuragarritasuna ez da egokia eta proiekzio aretoetan ere ez dago gune egokiturik. Zinemen %22k oztopo gaindiezinak ditu (eskailerak eta arrapala arriskutsuak) eta %14tan, sartzeko aukera eduki arren, sarrera posible zen arren, eragozpenak zeuden; harmailak adibidez. Sarrera egokituta edo eroso duten zinema-aretoetan, hutsuneak antzeman ziren minusbaliatuentzat erreserbaturiko plaza kopuruari dagokionez, berriz, (azterturikoen artetik %78): %18k gabeziak zituen, ez zuen ezinduentzako gune egokiturik eta %21ek pasilloetan kokatu zituen gurpildun aulkiko erabiltzaileak. Aretoen %61ean plaza erreserbatuak zeuden, baina hirutik baten lehen ilaran zeuden jarleku horiek eta erabiltzaileek “torturatzat” kalifikatu zituzten tokiok, ikusmenaren kalitate txarra eta filma ikusteko postura deserosoa zela eta. Praktikan, hamar zinematik lauk eragotzi egiten zien minusbaliatuei komunak erabiltzea; hiru kasutatik baten komunaren egokitzapen-akatsak ziren horren arrazoia (komunera joateko eskailerak igo beharra zegoen; egokitutako komuna beste zerbaiterako erabiltzen zen; kabinak ez zuen aukerarik ematen biratu edo atea ixteko,…) eta hirutik bitan zinemek ez zuten komun egokiturik bat ere.

Zinema barruan erosotasunez mugitzea erosten duten oztopoak direla eta, pasillo estuak, aretoetara sartzea eragozten duten eskailerak eta gurpildun aulkia mugitzea zailago egiten duten moketak aurkitu dira. Aretoen %22an minusbaliatuek zailtasun latzak aurkitu zituzten barruan mugitzeko. Eta gurpildun aulkian dabilen ezindu batek zinematik hurbil autoa aparkatu beharra baldin badu, berriz, kasuen erdia baino gutxiagotan bakarrik aurkitzen ditu berariazko aparkalekuak.

Itsuentzako zinea, zaila

Zinemen %36k ez zuen azterketa gainditu; hala ere, ez zen zigortu zine batek ere itsuei informazioa emateko doako telefonorik edo braille sisteman egindako esku-orririk ez izatea. Kasuen %83an langileren batek lagundu zion itsuari aretora sartzen, baina %64k bakarrik egin zuen beste horrenbeste proiekzioa amaitzean. %64 hori da azterketa gainditu duen zine portzentajea. Zine guztiak oztoporik gabe zeuden, edo horrelakorik zegoenean, areto barruan aurkitzen ziren oztopook.

Museoak eta gurpildun aulkiak

Zineen %55ek suspenditu egin zuen azterketa. Gurpildun aulkiko erabiltzaileentzako aldagairik kritikoenak museorako sarrerak eta barruko oztopoak izan ziren. Museoen %92ra sartu ahal izan ziren, baina bostetik baten, ezinduei CONSUMEReko teknikariek lagundu zietelako sartu ahal izan ziren. Kasu batzuetan harmailak zeudelako eta beste batzuetan, berriz, museoko langileek kanpoko atean minusbaliatuentzat bereziki jarritako txirrinari erantzuten ez ziotenez, aldizkari honetako teknikariak museoko langileren bat bilatu eta aurkitu zuelako. Sartzea posible izan zen museoetan, ezinezko izan zen gune edo aretoren batera sartzea, oztopoak baitzeuden. Museo horiek suspensoa atera zuten horren ondorioz. Museoen %42an, hala ere, minusbaliatuek ez zuten inolako eragozpenik izan bisita erosotasunez egiteko. Gainerakoetan, pasabideko deserosotasunak edo kokapenagatik zenbait obra erabiltzailearentzat eskuragarri ez egotea gertatu zen (altuegi edo gurpildun aulkitik ikusteko zailak diren bitrinetan zeudelako). Komunak: museoen %48k bakarrik zituzten ongi egokituta. Eta azkenik, museoen erdiak bakarrik esan dezake inguruan minusbaliatuentzat erreserbaturiko aparkaleku bat duela.

Itsuentzako museoak

Museoen %67k ez zuen erabiltzaile itsuen azterketa gainditu. Eta %16k bakarrik hartu dituzte neurriak museoko egonaldia eta bertako ikusgarriez gozatzeko aukera emateko. Hala egin dutenek, gainera, obra kopuru mugatu batean bakarrik eskaintzen dute aukera hori. Positiboki baloratu da itsuei eskulturak ukitzeko aukera ematea, obraren bolumena eta testura ezagutu dezaten. Igogailua zuten museoen erdiak bakarrik zituen zenbakiak braille sisteman egokituak edo/eta gelditzearen edo solairuaren berri soinu bidez ematen duten gailuak. Azterketa gainditu zuten apurretan (%33) langileren batek itsuarekin batera bisita gidatua egin eta museoko obrei buruz azalpenak emateko bere burua eskaini zuelako gainditu zuten -gasturik gabe eta aurrez ordutegirik hartu gabe, gastua eragitea edo aurrez txanda hartu beharra ez baitzen hain positiboki baloratu-.

Igerilekuetan, uretara sartzeko arazoak

Igerilekuen %58k suspenditu egin dute azterketa, baina azterturiko 12etatik bitan izan ezik, sarrerako egokitze lanak onak ziren. Oztoporik agerikoenak kiroldegietako gune batzuetara sartzea eragozten dutenak dira. Baina igerilekuetan minusbaliatuentzat berebiziko garrantzia duen aldagairik badago, uretara sartzeko mekanismoen egokitzapena da hori. Oso gutxi balio du instalazioak egokituta izateak igerilekura bertara sartzeko bidea erraztuta ez badago. Azterturiko hamabi igerilekuetatik bostek ez zuten proba gainditu erabiltzailea uretan utziko duen “garabi” edo antzeko mekanismorik ez zuelako, horrek erabiltezin bihurtzen baititu igerilekuak gurpildun aulkian dabilen pertsonarentzat. Eta igerileku batek ez zuen orokorrean proba gainditu, uretarako sarbidea egokituta eduki arren.

Igerilekua erabili nahi duten itsuen kasuan, berriz,…

Hamabitik batek suspenditu egin zuen azterketa. Horien %83tan (azterturiko hamabietatik hamarretan), langile batek lagundu zien itsuei. Eta %75ek ez zuen aipatzeko moduko oztoporik. Hutsune arruntenetako bat egoerari buruzko itsuentzako informazio elementurik eza izan da (kartelak, panelak, etab.). Igerilekuetako batek ere ez du eskaintzen informaziorik braille sisteman, igogailuan izan ezik. %83k kortxozko bereizgailuak zituen, kale guztiak edo batzuk bereizteko. Horrelakorik ez duten bi igerilekuetan itsuentzat zailago da orientazioa igerian ari direnean; hala ere, kasu bietan ere igerian laguntzeko bere burua eskaini zuten laguntzaileek.

Joan-etorriak

Ezindu batek, igerilekuak, museoak edo zinemak erabiltzeko, hirian zehar mugitu behar izaten du. Hamabi hiriek suspenditu egin dute azterketa alderdi horretan, minusbaliatu zein itsuei dagokienez. Gurpildun aulkiko erabiltzaileen kasuan kaleen egoerak eragin du suspentso orokorra (espaloiak estututa, mugimendua eragozten duten piboteak, beira edukiontziak eta hiri-altzariak -zakarrontzi, banku, falora eta seinaleak- gaizki kokatuta, espaloietan ibilgailuak gelditurik…); horrez gain, aipagarri dira bestalde egokitu gabeko ibiak -koska kendu gabe dutelako edo horietan ibilgailuak aparkatuta daudelako-, zenbait pertsonaren kontzientzia sozial urria, eta minusbaliatuentzat egokituriko taxi edo autobusak hartzeko egin beharreko itxaronaldi luzeak. Egoera aldatu egiten da hiri batetik bestera, baina hiri batek ere ez du gainditu azterketa. Eurotaxiak (taxi egokituak, normalizatuak) ez daude eskuragarri txanda guztietan eta beste batzuetan kopurua ez da aski eskaera guztiei erantzuteko. Alacanten ezin izan zen eurotaxirik aurkitu eta Malaga, Bartzelona eta Donostian 50 eta 65 minutu artean itxaron behar izan zuten erabiltzaileek. Hiriko autobusen kasuan, hartu zirenen %73 egokituta bazeuden ere, ia erdiak hutsuneak zituen egokitzapenean: gidaria ez da espaloira behar adina hurbiltzen eta, beraz, arrapala ez da espaloiaren gainean gelditzen eta koska geratzen da (errepidetik autobusera), edo autobusaren arrapala ez da lurreraino jaisten.

Itsuen kasuan ere, bi multzotan sailka daitezke joan-etorrietako oztopo nagusiak. Lehena hiri-altzarietakoak ez diren elementuek osatzen dute: bizikleta, motor, auto eta banaketako kamioiek, publizitate-hesiek, dendetako lorontziek eta abarrek, ez baitzeuden kaleetan behar bezala jarrita eta pertsona itsuentzat arriskutsu zirelako. Bigarren multzoa baldosa hautsiek eta gaizki kokaturiko farola, seinale, arbola eta paperontziek osatzen dute eta multzo berean sartzen dira espaloi estutuak, autoen joan-etorria duten oinezkoentzako kaleak, suteetako hartuneak eta antzekoak -euren kokapena dela eta estropezuak eragin baititzakete- edo zoruaren testura aldaketarekin bereiztu gabeko maila aldaketak, ongi lerrokatu gabeko birziklatzeko edukiontziak… Bestalde, proba honetan azterturiko semaforoen %63k ez zuten itsuentzako soinudun gailurik. Eta garraio publikoari dagokionez, autobusen %17k bakarrik zuten informazio eta kokapenerako soinudun gailua; metroa, berriz, itsuentzat egokiturik dago garraio sistema hori ezarririk duten hiri guztietan (Valentzia, Bilbo, Bartzelona eta Madrilen). Taxiei dagokienez, hartu zirenetatik batek ere ez zuen aldian behin kontsumituriko diru kopuruaren berri pertsona itsuari soinu bidez jakinarazteko sistemarik.

Nola egin zen CONSUMERen ikerketa?

Azterketaren diseinua 2002ko irailean hasi zen eta proba praktikoak 2002ko azaroaren 11 eta 25a bitartean egin ziren.

Proba praktikoa hiri bakoitzeko erdialdeko gune batean hasi zen. Gune horretan, CONSUMEReko teknikariak eta gurpildun aulkiko erabiltzaileak eta erabiltzaile itsuak (guztiak ere Predif edo Once erakundeetako kolaboratzaileak), udal igerileku bat, hiru zine-areto eta hiru museotara bidean abiatu ziren, horiek guztiak ausaz aukeratuta. Instalazio horietarantz abiatu ziren une beretik hasita, bidean erabiltzaile bakoitzak aurkitzen zituen oztopoak eta erraztasunak baloratzeari ekin zitzaion. Indarrean den legeria hartu zen erreferentzia gisa, baina ezgaitasunak dituzten bi kolektibo horiek aisialdiaz gozatzeko unean aurkitzen dituzten eragozpen eta erraztasunak alderdi praktikotik ere baloratu ziren. Horrela, itxura batean egokituak ziren zenbait instalazio praktikan ez zirela egiaztatu ahal izan zen. Horietan guztietan oso kontuan eduki da proba praktikoa egin duten ezgaituek beren azken helburua lortzea (ahal den normaltasunik handienarekin museoko bisitaldia, zine-areto bateko filma edo igerilekuko bainua gozatzea) eta hori guztia zein baldintzatan egin den jakitea. Kalifikazio partzial eta totaletan puntuazio eta ponderaziorako sistema propioa ezarri da, CONSUMEReko teknikariek eta aldizkari honek berariaz kontsultaturiko adituek elkarlanean sortua; hala ere, proba egin zuten erabiltzaile ezgaituen eurek egindako balorazioa hartu zen irizpide nagusitzat.


Lau bloke nagusitan bereiztu da azterketa:

Joan-etorriak

Ezgaituek museo, zinema edo igerilekurako bidean egindako ibilbide guztian zehar honako alderdiotako egoera egiaztatu zen:

  • Espaloietako eragozpen eta oztopoak: motorrak, eraikuntzako materiala, obrako edukiontziak, baldosa harrotuak, etab.
  • Gaizki kokaturik dauden edo arriskutsu diren hiriko altzari edo ekipamenduak berezko dituen eragozpenak: postontziak, telefono kabinak, oindun telefonoak, semaforoak, zakarrontziak…
  • Ibilbidean zehar aurkitu ziren toldo, kartel, publizitate-hesi edo bestelako objektuak, 210 cm-tik beherako altueran kokatuak.
  • Espaloian 10 cm baino gehiago hartzen duten fatxadako irtenguneak.

Eta oinezkoentzako zebra bideak ere aztertu dira:

  • Zeharkako zerrenda-gidak espaloian zabaletara jarrita izatea.
  • Zeharkako zerrenda horretan zorua testura edo/eta kolore desberdinez jartzea.
  • Gutxienez 150 cm-ko zabalera.
  • Zintarriak, egokiturik izan ala ez, oinezkoen pasabideetako kainu-zuloak, saretak etab.
  • Semaforoetan soinu bidezko abisu-gailuak izatea.

Garraio publikoari dagokionez, proba egiteko hartu ziren hiriko autobusek arrapalarik edo gurpildun aulkian dabiltzan erabiltzaileen mugimendua errazten duen bestelako gailurik eta ainguraketa, gelditzeko gailu eta egoera eta geltokiei buruzko soinu bidezko gailurik zuten ala ez begiratu zen. Metroaren kasuan, sarbide kontuetan ohikoa denaz gain, igogailurik zegoen eta egoerari buruzko soinudun gailurik (uneko geltokiari eta hurrengoari buruzko informazioa emateko gailurik) zuen ala ez egiaztatu zen. Taxien kasuan, bi kolektibo horientzat behar bezala egokiturik ote zeuden egiaztatu zen. Gurpildun aulkian dabiltzan ezinduentzat prestaturiko taxiak (eurotaxiak), auto monobolumenak dira kasu gehienetan eta erabiltzaileari igotzea eta jaistea errazteko arrapalak dituzte. Taxietan, zerbitzua eskatu eta iritsi arteko denbora jaso zen eta baita ibilgailuaren egokitzapen maila ere (arrapala, ainguraketa eta abarrak). Erabiltzaile itsuen kasuan, taximetroa diru kopuru jakin batzuetara iritsi dela soinu bidez jakinarazteko gailurik eta ibilbidea amaiturikoan ordaindu beharreko zenbateko osoa soinu bidez adierazteko gailurik zuen egiaztatu zen.

Museo, zinema, igerilekuak eta konparaketako taula

Alderdi orokorrak:

Instalazio guztietatik hurbil minusbaliatuentzat erreserbaturiko aparkalekurik zegoen begiratu zen eta kasu horretan plazak behar bezain handiak ziren, pertsona ezinduen ibilgailuek okupatzen zituzten eta espaloietarako sarbidea egokituta ote zegoen.

Museo eta zinemetan zein igerilekuetan, sarbideak gurpildun aulkian dabiltzan erabiltzaileentzat egokituta dauden aztertu zen: eskailerarik izanez gero, sarrera arrapala edo plataforma jasotzaile bidez egokiturik dagoen etab. Zigortu egin dira -arinki bada ere- ate nagusitik sartzeko aukerarik eman ez eta ezinduentzat beste sarbide bat jarririk duten instalazioak. Hiru zentro motetan ere komunak ( eta igerilekuetan aldagelak) egokituta dauden baloratu da. Sarrerako ateak gutxienez 80 cm-ko zabalera duen, kabina kanpoko aldera irekitzen den (albora korritzen dena ere izan daiteke, edo barrutik ixteko aukera ematen duena), barruan bira egiteko aukera gutxienez 150 cm-koa den, zorua labaintzearen aurkakoa den, barra eraisgarririk eta behar den tokian eta behar bezalako heldulekurik dagoen; konketa 70-80 cm-ko altueran kokaturik dagoen, aulkian hurbiltzeko eran, aginte bakarreko iturririk duen, eta komuna 45 eta 55 cm-ko altueran dagoen. Aldageletan, arazorik gabe mugitzeko behar adina toki zegoen aztertu da eta takilak altuera aldetik nola dauden. Barruko espazioei dagokienez, oztopo arkitektonikoren batek (eskailerek, objektuen kokapenak -kartel, paperontzi eta abarrek- eta altzariek: banku, aulki eta abarrek) gurpildun aulkiaren mugimenduak eragozten ote zituen. Kiroldegiko gelaren bat bisitatu ezina zigortu egin zen. Hiru zentro mota horietan itsuentzat braille sisteman idatzitako kartelik ba ote zegoen ere begiratu da.

Museoak:

Areto eta artelan guztiak ikusgarri ziren egiaztatu da, artelanen eta informazio kartelen altuera egokia zela (gurpildun aulkian mugitzen diren erabiltzaileentzat), gailu espezifikorik dagoen (artelanari buruzko informazioa ematen duten grabazioak edo braille lengoaian idatzitako kartelak), edo museoko langileek beren burua bisita gidatua egiteko eskaintzen duten (hobeto baloratu da zerbitzu hori dohainik eta aurrez ordutegia ezarri gabe egiten denean). Museoak igogailua zuenean, irisgarria zen aztertu da (barruan bira hartzeko aukera edo sartzen den aldearen aurkako aldetik irteteko aukera, botoiak iristeko moduan eta altuera egokian eta itsuentzat braille sisteman….). Eta positibo baloratu zen itsuei museoetan ikusgai diren eskulturak ukitzeko aukera ematea.

Zinemak:

Orain arte azaldutakoaz gain, zinemetan gurpildun aulkian dauden pertsonentzat erreserbaturiko tokirik ba ote dagoen egiaztatu da. Horrelakoetan, toki jakin bat zen begiratu da; eta kasu horretan, toki horretatik filma ongi ikus zitekeen. Toki erreserbaturik ez zuten zine-aretoetan zigortu egin ziren kokapen arriskutsu edo desegokiak, gehienetan pasilloaren erdian. Itsuen kasuan, karteldegia braille bidezko esku-orrietan edo doako telefono sistema bidez kontsultatzeko aukerarik ba ote duen, zinemako langileek erabiltzaileari jarlekuraino laguntzeko beren burua eskaintzen duten eta hori zinemaren sarreratik ala aretoko atetik egiten den eta emanaldia amaitu ondoren ere laguntzen duten; langileek beren burua eskaintzen duten ala laguntza hori eskatu egin behar den. Zinemak igogailurik baldin badu, azterketako ezgaitu mota bientzat zenbateraino zeuden prestatuta begiratu zen.

Igerilekuak:

Zinema eta museoetan aztertu eta kiroldegietan ere aplikagarri den guztiaz gain, igerilekuetan uretara sartzeko erraztasuna aztertu da bereziki eta gurpildun aulkiko erabiltzaileei uretara sartzea errazteko gailurik (berariazko garabia adibidez) ba ote dagoen. Igerilekuko langileak erabiltzaile itsuei aldageletaraino laguntzeko prest azaldu ziren ere jaso zen eta igerilekuko kaleek igerilari itsuei orientatzen laguntzeko kortxozko bereizgailurik zuten ala ez.