Bizarra mozteko makinak

Soilena da denetan hoberena

Makinak prezio handiagoa izatea pieza osagarri eta funtzio ugariagoen adierazle da; bizarra hobeki kentzearekin edo larruazalean narritadura gutxiago egitearekin ez du zerikusirik garestiago izate horrek
1 urria de 2005

Soilena da denetan hoberena

Bizarra mozteko zazpi makina elektriko aztertu dira oraingoan. Horretarako sistema desberdinek kontsumitzailearen bizarra moztean eta larruazala narritatzean nolako eragina duten ikertzeko, beraien artean alde handiak dituzten makinak aukeratu dira. Laginen prezioak 70 eurotik (Braun 5444) 137 eurora bitartean daude (Philips HQ7740). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Braunek eskaintzen du: bera merkeena izateaz gainera, erabiltzaileen balorazio hoberena jaso zuen, bizarra mozterik egokiena egin baitzuen, prestazio ugariegirik ez badu ere.

Bizarra kentzeko makina hauek, aparatu elektrikoak diren aldetik, proba zorrotz-zorrotzak gainditu behar dituzte, erabiltzailearentzat arriskutsu ez direla frogatzeko. Laborategian bidezko azterketak egin ondoren, zazpi laginek ere seguru direla erakutsi dute. Elkargarritasun elektromagnetikoa -hau da, beste aparatu elektrikoetan perturbazioak eragiteko ahalmena edo deskarga elektriko batek makina hauetan alterazioak sortarazteko aukera- egiaztatzean, aldiz, emaitzak ez dira horren bikainak izan. Zazpietatik bakar batek ere gainerako aparatuetan perturbaziorik eragiten ez duen arren, Philips HQ7740 laginaren kargadoreak ez du berriro funtzionatuko baldin eta ± 4kV-ko deskarga elektrostatikoa kontaktuz aplikatzen bazaio. Beraz, ezingo da makina aurrerantzean erabili, bateriaz bakarrik funtzionatzen baitu aparatuak. Akats larri-larria da hori, eguraldia “karga-karga” eginda dagoenean gertatzen direnak (metalezko azalera eskuarekin ukitzean karranpa sentitzen dugunean) baino arinagoak baitira horrelako deskargak.

Mozteko sistemak

Bizarra bi sistemen bidez mozten dute makina hauek: xafla birakariei eraginez batzuek eta lama dardarkariak baliatuz besteek. Erabilera-proban ez da gailendu sistemarik: emaitzarik hoberena lamez hornituriko makinak agertu du; bigarren eta hirugarrenak, xaflak dauzkatenak; hurrengo biak lamadunak dira eta azken biek, berriz, xaflaz ebakitzen dute bizarra. Sistema, beraz, ez da funtsezko elementua.

Xaflak txertatuak doazen buruak kulunkariak direnez, makinak aurpegiaren gorabeherei egokitzen zaizkie eta bizarra beheragotik mozten dute. Braun markako bi laginek, ordea, “modu estatikoan” aritzeko aukera ematen diote erabiltzaileari, honek makinako burua kulunka ez ibiltzea nahiago badu. Xaflak -eta elementu ebakitzaile guztiak- erabili ahala higatu egiten dira. Aztertu ditugun makinetakoak aldatu egin daitezke, makina zakarrontzira jaurti gabe. Argibide-liburuetan adierazi dutenaren arabera, gutxien irauten duten xaflak Remington markako biak eta Panasonic markakoa dira, urtero-urtero aldatu egin behar baitira. Iraupen luzeenekoak, aldiz, Philips markakoak dira, bi urte ere egin baitezakete martxan.

Aztertu ditugun laginak estalki babesleaz, belarrondoko ileak mozteko elementuaz eta aparatua eramateko zorroaz hornituta daude (Braun 5444 laginak honelakorik ez dauka). Panasonic, Remington R9400 eta Braun 6680 laginen buruak iturripean garbi daitezke eta Philips HQ7740 makinak dutxapean bizarra mozteko aukera ere ematen du. Gainerakoak lehor garbitu behar dira, horretarako daukaten eskuila baliatuz.

Tamaina eta pisua

Erraz maneiatzeko modukoa izango bada, honelako makina batek txikia eta arina izan behar du. Denetan txikiena, inondik ere, Braun 5444 da (58x135x32 cm), ondotik Panasonic (%56 handiagoa) eta Braun 6680 (%59) datozkiola. Handienak, aldiz, Remington R9400 eta Philips markako biak (txikienaren bi halako eta gehiago). Remington R950 arinena da (175 gramo) eta Braun FreeGlider 6680 astunena (250 gramo). Elektrizitate kontsumo txiki-txikia dute denek, etiketan adierazitakoa bera: 2,2 wattetik (Philips 6445) 9 wattera (Philips HQ7740).

Philips 6445 laginak sarean entxufaturik bakarrik funtzionatzen du eta marka bereko beste lagina (HQ7740 modeloa), berriz, bateriaz baizik ez dabil; beraz, honakoa deskargatzen denean, ostera kargatu arte itxaron behar da, berriro erabili ahal izateko. Gainerako bostek elikadura-sistema bietara funtzionatzen dute.

Ekiporen batek daukan lozio-hedagailuaren bidez, aurpegia hidratatu egiten du, bizarra kentzean gertatu den narritadura baretzeko; “hezea” deritzon sistema hori Philips HQ7740 eta Braun 6680 laginek bakarrik daukate.

Erabilera-proba, giltzarria

Bizarra honelako makinekin ebakitzen duten lau erabiltzailek probatu dituzte zazpi lagin hauek, kasuan kasuko argibide-liburuak adierazitako moduan. Emaitzak 1etik 10era bitarte balioztatu dira, honelako aparatuen erabileraren egokitasuna neurtzen duen protokolo estandaritzatu (UNE-EN 61254:1997) baten arabera.

Bizarra kendu ondoren, erabiltzaileek mozketari buruzko hainbat galdera erantzun zituzten: lepoan, masailan, kokotsean eta sudurpean bizarra ebakitzearen eraginkortasunaz eta larruazalean gertaturiko narritaduraz, hain zuzen. Bizarra kentzearen eraginkortasunari eta narritadurarik ez sortzeari dagokienez, lagin gehienek puntuazio ona jaso zuten. Salbuespenak izan ziren, dena den: Remington R9400 (6 puntuz) eta Remington R950 (5,8 puntuz), larruazalean -lepoan, batik bat- uzten den narritadura-sentsazioagatik atal honetan, beraz, kaskarrenak dira. Braun 5444 (8,3 puntu), Philips HQ7740 (8,1 puntu) eta Philips 6445 (7,8 puntu) dira hoberenak, bai ebakitzeko eraginkortasunean, baita narritadurarik ez sortzean ere (hau da, azterketa osoko atalik garrantzitsuenean, seguru asko). Belarrondoko ilea ebakitzen hoberena Braun 5444 laginaren pieza osagarria da eta kaskarrena, aldiz, Remington R9400 laginarena (6,5 puntu).

Eraginkortasunak gorabehera, makinen balorazioari goazkiola, denek gainditu dute proba, aise gainditu ere. Philips markako biak eta Braun 5444 laginen kalifikazioak 8tik gorakoak izan dira. Dirudienaz beste aldera, erabiltzaileek ez diote garrantzi handiegia aitortzen elikatze-sistemari: balorazio onena jaso duten laginak, sarean entxufaturik bakarrik funtzionatzen duen bat (Philips 6445), bateriaz baizik ez dabilen beste bat (Philips HQ7740) eta bietara ibiltzen den bat (Braun 5444) izan dira.

Garbitzeko erraztasunetik, antzekoak

Erabiltzaileen iritziz, makina guztiak erraz garbitzen dira eta, aurrikusi bezala, atal honetan hoberena uretan garbi daitekeenetako bat izan da: Philips HQ7740 (9,3 puntuz). Bigarren hoberena, lehor eta eskuilarekin garbitu beharreko laginetako bat izatea da harrigarriena: Philips 6445, alegia. Panasonic (8,3 puntu) eta Braun FreeGlider 6680 (8 puntu) ere “oso ongi” garbi daitezke, iturripean./imgs/20051001/analisisb2.jpg

Makina isilenak Philips markakoak dira eta zaratatsuenak, aldiz, Braun FreeGlider 6680 eta Panasonic ES7026, erabiltzaileen aburuz. Zergatik ez da neurtu hots hori laborategian objektibotasunez? Aparatuak emititzen dituen dezibelioak ez dira makina horren higuinaren adierazle zorrotzak, zaratan hainbat faktorek (frekuentzia, adibidez) baitute eraginik. Horregatik nahiago izan dugu funtsezko atal honetan -norbait lo dagoen bitartean erabiltzen baita bizarra kentzeko makina- azterketa subjektiboa egitea.

Argibide-liburuek eta gainerakoek eskaintzen duten informazioa zuzena da, Panasonic laginaren berme-aldiari dagokiona izan ezik: legeak bi urteko epea xedatua duen arren, prospektuak urtebete baizik ez du agertzen. Remington laginak 30 eguneko epea ematen du makina probatzeko; horren ostean aparatua bueltatzeko aukera du erostunak.

Osoko kalitateaz ari garela, Braun 5444 eta Philips 6680 “oso ongi” daude; ondotik Braun 6680 eta Panasonic datozkie (“ongi”), atzean Remington R9400 eta Remington R950 (“onartzeko modukoak”) eta, azkenean Philips HQ7740 laginak ez du proba gainditu: nahiz eta makina bikaina den, elkargarritasun elektromagnetikoaren proba gainditzeke utzi du; akats horrek aparatua behin betiko gal dezake, erraz asko galdu ere.

Zenbat irauten du bateriak?

Bateria bakoitzaren autonomia neurtzeko (Philips 6445 laginak sarean entxufaturik bakarrik funtzionatzen du) ekipo bakoitza behin kargatu eta behin deskargatu zen; ondoren, berriro kargatu ziren denak. Proba honetan makinak (ez aurpegirik eta ez beste ezer ukitu gabe) martxan jarri ziren, bost minutuko tarteetan, 24 orduz behin, bateria erabat deskargatu arte.

Gehien irauten duena, entxufatzerik ez den horixe da (Philips HQ7740): 85 minutu eman zituen martxan. Ondotik 6680 (66 minutuz) zetorkion. Iraupen laburrenekoa Remington R950 (42 minutuko autonomiaz).

Kontuan izan, dena den, ohiko erabileran igurtziak elektrizitatearen kontsumoa eragingo duenez, autonomia laburtu egingo dela.

Bateriaren iraupena bezain garrantzitsua, gutxienez, hauxe kargatzeko behar den denbora da: Remington R950 eta Braun 5444 laginek ondo betetzeko 16 ordu behar dituzte, hau da, Braun 6680, Panasonic eta Remington markako besteak baino dezente denbora luzeagoa: horiek ordubetea aski dute eta. Makina guztiek ohartarazten dute bateria agortzen hasia dela.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Bizarra kentzeko zazpi makina elektriko aztertu dira. Prezioak 69,49 eurotik (Braun 5444) 136,74 eurora doaz (Philips HQ7740.
  • Lagin batetik bestera alde handiak hautematen dira, bai funtzioetan, bai pieza osagarrietan ere: busti gabe erabili eta garbitu behar direnetatik, bizarra moztu ahala lozioa hedarazten dutenetaraino, iturripean garbitzen edo dutxan erabiltzen direnetan barrena. Elikadura-iturriak ere desberdinak dira: batzuek sarean entxufaturik funtzionatzen dute, beste batzuek bateriekin eta gehientsuenek bietara. Funtzio horiek, produktuaren prezioan eragina badute ere, bizarra mozketa ez dute hobetzen.
  • Erabilera-proban 6,6 eta 6,8 puntuetatik (Remington markako biei) gora eman zitzaizkien laginei; hoberenak Braun 5444 eta Philips markako biak dira.

Bizarra hobekien mozten dutenak: Braun 5444 eta Philips HQ7740; biek ongi ebakitzen dute, larruazala ia narritatu gabe. Philips 5444 laginaren mozketa ere ona da, baina larruazala aurreko biek baino areago narritatzen du.

  • Osoko kalitate ona erakutsi dute makina guztiek, Philips HQ7740 izan ezik: honek ez du proba gainditu, aski ohikoak diren deskarga elektrostatikoak aplikatzean aparatua erabat honda dezake eta. Dena den, erabiltzailearentzat seguruak dira den-denak.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Braun 5444 laginak ematen du: prestazio gutxien dituen arren, erabiltzaileen aburuz, bizar mozketa hoberena egiten duena delako. Eta, gogoan izatekoa: merkeena da denetan (69,5 euro).
Marca
Modelo
BRAUN 5444 PHILIPS 6445 BRAUN FREEGLIDER 6680 PANASONIC ES7026
Prezioa (eurotan) 69,49 77,96 127,66 132,00
Bizarra mozteko sistema Lama dardarkariak Xafla birakariak Lama dardarkariak Lama dardarkariak
Ura jasaterik Ez Ez Iturripean garbitzen da Iturripean garbitzen da
Kontsumitzailea informatu eta babestea Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Produktuaren bermea Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Segurtasun elektrikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa
Emisio eroana Betetzen du Betetzen du Betetzen du Betetzen du
Deskarga elektrostatikoaks Betetzen du Betetzen du Betetzen du Betetzen du
Ezaugarri teknikoak
Neurriak (cm) 58x135x32 57x151x66 64x156x40 60x151x43
Pisua (g) 185 195 250 205
Adierazitako kontsumoa (watt) 5 3 7 Ez du adierazten/TD
Gehieneko kontsumoa (watt) 4,6 2,2 6,4 5,1
Elikadura-iturria Haria eta bateria Haria Haria eta bateria Haria eta bateria
Bateria kargatzeko denbora (orduak) 16 Ez du aplikatzen 1 (4 ordu aurreneko aldian) 1 (8 ordu aurreneko aldian)
Bateriaren adierazitako iraupena (min) 35 Ez du aplikatzen 50 60
Bateriaren iraupena (min) 1 57 Ez du aplikatzen 66 56
Erabilera-proba (1 – 10)
Mozketaren egokitasuna 2 8,3 7,8 7,4 7,0
Produktuaren balioztapena 3 8,1 8,1 7,1 7,5
Osoko balioztapena 8,2 8,01 7,3 7,3
Osoko kalitatea Oso ongi Oso ongi Ongi Ongi
Marca
Modelo
REMINGTON R9400 REMINGTON R950 PHILISHAVE COOL SKIN HQ7740
Prezioa (eurotan) 109,99 84,95 136,74
Bizarra mozteko sistema Xafla birakariak Xafla birakariak Xafla birakariak
Ura jasaterik Iturripean garbitzen da Ez Dutxan bizarra moztea
Iturripean garbitzen da
Kontsumitzailea informatu eta babestea Zuzen Zuzen Zuzen
Produktuaren bermea Ez dago zuzen Zuzen Zuzen
Segurtasun elektrikoa Zuzen Zuzen Zuzen
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa
Emisio eroana Betetzen du Betetzen du Betetzen du
Deskarga elektrostatikoaks Betetzen du Betetzen du Ez du betetzen
Ezaugarri teknikoak
Neurriak (cm) 58x145x72 54x143x66 57x159x66
Pisua (g) 225 175 215
Adierazitako kontsumoa (watt) 7 5 9
Gehieneko kontsumoa (watt) 6 4,8 0,9
Elikadura-iturria Haria eta bateria Haria eta bateria Bateria
Bateria kargatzeko denbora (orduak) 1 (24 ordu aurreneko aldian) 1 (24 ordu aurreneko aldian) 8
Bateriaren adierazitako iraupena (min) 60 40 45
Bateriaren iraupena (min) 1 50 42,5 85
Erabilera-proba (1 – 10)
Mozketaren egokitasuna 2 6,0 5,8 8,1
Produktuaren balioztapena 3 7,5 7,3 8,2
Osoko balioztapena 6,8 6,6 8,2
Osoko kalitatea Onartzeko modukoa Onartzeko modukoa Eskas

1.– Bateriaren iraupena: proba honetan makina inon ukitu gabe funtzionatu zuenez (gutxiago kontsumitzen du horrela), hemen adierazitako denbora ohiko erabilerakoa baino laburragoa da.

2.– Bizarra mozketaren egokitasuna: bizarraren mozketa ez ezik, larruazalaren narritadura ere hartu da aintzat.

3.– Produktuaren balioztapena: hainbat alderdi baloratu dira, hala nola maneiua, belarrondoko bizarra mozteko dispositiboa, hotsa, dardarak, makinaren burua garbitzea, maneiatze eta gordetzearen gaineko argibideak, erraztasuna eta konforta.

Bizarra mozteko zazpi makina elektrikoak, banan-banan

Bizarra mozteko zazpi makina elektrikoak, banan-banan

Braun "5444"

/imgs/20051001/braun.jpg 69,49 euro, denetan merkeena
Osoko kalitatea: oso ona.
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
Ebakitzeko sistema: lama dardarkariak. Alderdi onak: denetan txikiena da; sarean entxufaturik eta bateriez funtzionatzen du, bizarra eta belarrondoko ileak hobekien mozten dituena da (narritadurarik eza eta mozketa). Alderdi txarrak: kargatzeko denbora gehien (16 ordu) behar duen bateria du eta 57 minutu baizik ez dirau martxan.
Erabilera proba: 8,2 puntu, altuenetako bat.

Philips "6445"

/imgs/20051001/philips.jpg 77,96 euro, bigarren merkeena
Osoko kalitatea: oso ona.
Ebakitzeko sistema: xafla birakariak. Alderdi onak: bizarra hobekien mozten duena da, narritadura-mailan makina hoberenak bezain emaitza onak lortu ez dituen arren. Burua erraz-erraz garbitzen da. Isilenetako bat da eta bertako xaflak gehien irauten dutenak dira (2 urte). Alderdi txarrak: sarean entxufaturik bakarrik funtzionatzen du.
Erabilera proba: 8 puntu, altuenetako bat.

Braun "Freeglider 6680"

/imgs/20051001/braun2.jpg 127,66 euro
Osoko kalitatea: ona.
Ebakitzeko sistema: lama dardarkariak. Alderdi onak: bai sarean entxufatua, bai bateriekin funtzionatzen du. Bizarra moztu ahala, aurpegian (packean dagoen) lozioa hedatzeko aukera ematen du; burua iturripean garbi daiteke. Bateria ordubetean kargatzen da eta 66 minutuko autonomia du. Alderdi txarrak: denetan astunena (250 g) eta zaratatsuena da.
Erabilera proba: 7,3 puntu.

Panasonic "ES7026"

/imgs/20051001/panasonic.jpg 132 euro, bigarren garestiena
Osoko kalitatea: ona.

Ebakitzeko sistema: lama dardarkariak. Bermeen gaineko araua urratzen du, derrigorrezko bi urteen partez, urte bakarra ematen baitu. Alderdi onak: bai sarean entxufatua, bai bateriekin funtzionatzen du. burua iturripean garbi daiteke. Bateria ordubetean kargatzen da eta 56 minutuko autonomia du.. Alderdi txarrak: bigarren zaratatsuena da. Gutxien irauten duten xaflak dauzka (urtebete).
Erabilera proba: 7,3 puntu.

Remington "R9400"

/imgs/20051001/remington.jpg 109,99 euro
Osoko kalitatea: onartzeko modukoa.
Ebakitzeko sistema: xafla birakariak. Alderdi onak: bai sarean entxufatua, bai bateriekin funtzionatzen du. burua iturripean garbi daiteke Bateria ordubetean kargatzen da eta 50 minutuko autonomia du. Alderdi txarrak: handiena da, larruazala gehien narritatzen duen bigarrena, belarrondoko ileak okerren mozten dituena da. Gutxien irauten duten xaflak dauzka (urtebete).
Erabilera proba: 6,8 puntu, okerrenetako bat

Remington "R950"

/imgs/20051001/remington2.jpg 84,95 euro
Osoko kalitatea: onartzeko modukoa.
Ebakitzeko sistema: xafla birakariak. Alderdi onak: denetan arinena (175 g). Bai sarean entxufatua, bai bateriekin funtzionatzen du. Alderdi txarrak: bateria honek kargatzeko denbora luzeena behar duena eta martxan gutxien irauten duena da. Larruazala gehien narritatzen duena. Gutxien irauten duten xaflak dauzka (urtebete).
Erabilera proba: 6,6 puntu, okerrenetako bat

Philips "HQ7740"

/imgs/20051001/philips2.jpg 136,74 euro, denetan garestiena
Osoko kalitatea: eskas.
Ebakitzeko sistema: xafla birakariak. Kargadorea hautsi egiten da, atal metalikoetan (aski ohikoak diren) deskarga elektrostatikoak aplikatzean. Alderdi onak: bizarra moztu ahala, aurpegian (packean dagoen) lozioa hedatzeko aukera ematen du, burua iturripean garbi daiteke eta bizarra dutxan egin dezake erabiltzaileak. Autonomia luzeena. Bizar mozketarik hoberenetako bat (ebaketa eta narritaduraz). Errazen garbitzen den burua. Isilenetako bat; gehien irauten duten xafletakoak (2 urte). Alderdi txarrak: bigarren handiena da eta bateriaz baizik ezdu funtzionatzen.
Erabilera proba: 8,2 puntu, hoberenetako bat