Inkesta egin diegu elikagairen batekiko alergia edo intolerantzia duten 1.100 laguni baino gehiagori

Segurtasun eta konfiantza falta sumatzen dute alergiak eta intolerantziak dituztenek

Lautik batek pentsatzen du elikagaien etiketa sekula ez dela izaten behar bezain egokia eta erdiek baino gehiagok uste dute ostalaritzako establezimenduek ez dituztela hartzen beharrezko diren neurriak
1 maiatza de 2013
Img tema de portada listado

Segurtasun eta konfiantza falta sumatzen dute alergiak eta intolerantziak dituztenek

Jatea ekintza gustagarria da. Pertsona batzuentzat, ordea, desatsegina gerta daiteke, eta arriskutsua ere bai zenbaitetan. Elikagaiekiko alergiak edo intolerantziak dituztenei buruz ari gara. Nahiz eta zaila den zehaztea zenbat pertsonak dituzten gaitz horiek, adituek diote azken 15 urteetan bikoiztu egin direla kasuak.

Gaur egun, elikagaiek sortzen dituzten alergiak eta intolerantziak funtsezko gaiak dira elikadurako arloko segurtasunean eta industrian. Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zer-nolako zailtasunak izaten dituen kolektibo horrek erosketak egitera eta etxetik kanpo jatera joaten direnean.

Eta, horretarako, martxo bukaeran eta apiril hasieran, Internet bidezko galdeketa egin diegu 1.107 laguni. Honako 17 autonomia erkidego hauetako herritarrengana jo dugu: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Balear uharteak, Errioxa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela Mantxa, Kanariak, Kantabria, Katalunia, Madrilgo Erkidegoa, Murtzia, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa. Horietako %88k alergia edo intolerantziaren bat eduki dute (edo biak), eta gainerakoek inguruan edo beren ardurapean eduki dute bi gaitz horietakoren bat (edo biak) pairatzen duen norbait.

Gaitz baten argazkia

Elkarrizketatu ditugun lau lagunetatik hiru emakumeak izan dira, eta batez besteko adina, berriz, 36 urtekoa izan da. Adin-taldeka hartuta, 40 eta 49 urte artekoak nagusitu dira (%27), ondotik 30 eta 39 urte artekoak etorri dira (%25), eta 50 urte edo gehiago dituztenak %20 izan dira. 10 urtetik beherakoak %11 soilik izan dira, 10 eta 19 urte artekoak %5 eta 20 eta 29 artekoak %12.

Inkestan parte hartu duten erdiek intolerantziaren bat eduki dute elikagairen batek sortua (laktosa, glutena eta fruktosa aipatu dituzte bereziki), %31k alergia eduki dute (gehienek esnea eta esnekiak, fruitu lehorrak, fruta eta arrautza aipatu dituzte), eta gainerakoek bi gaitzak pairatzen dituzte, intolerantzia eta alergiak.

Inkestan egiaztatu dugunez, alergiak eta intolerantziak ez dira proportzio berean agertzen adin-talde guztietan. 10 urtetik beherakoen artean, adibidez, alergikoak izan dira %68, eta 10 eta 19 urte artekoetan, %47. Proportzio horrek behera egiten du adinean aurrera joan ahala, eta intolerantziak areagotu egiten dira: 20 eta 29 urte artekoen artean, erantzun dutenen %62k intolerantziaren bat dutela adierazi dute, eta berdin 30 urtetik gorakoen erdiek ere.

Jokabide egokiak

Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak (Elika) zenbait aholku ematen ditu elikagaiek sortutako alergiak edo intolerantziak dituztenen bizimodua errazagoa izan dadin.

  • Erosketa egitean:

    • Etiketa irakurri, eta une horretan eskura eduki alergia edo intolerantzia sortzen duten elikagaien zerrenda.
    • Zalantza izanez gero, ez erosi produktu hori.
    • Zeliakoa izanez gero, “glutenik gabea” edo “zeliakoek jateko modukoa” oharra ageri duten elikagaiak bilatu.
  • Elikagaiak prestatzean eta manipulatzean

    • Alergia/intolerantzia duenaren otordua prestatu lehenbizi, kutsadura gurutzatuak saihesteko.
    • Kontu handiz erabili tresnak (hobe da alergikoentzat edo intolerantziak dituztenentzat soilik erabiltzea tresna batzuk).
    • Ez erabili alergia edo intolerantzia sortzen duen elikagairen bat frijitzeko erabili den oliorik.
    • Ongi garbitu elikagaiak egongo diren gainazal guztiak.
    • Gorde ontzi hermetikoetan elikagai bereziak, hozkailuan bezala armairuetan ere.
  • Etxetik kanpo

    • Desagerrarazi elikagai arazotsua dietatik, bai elikagaia bera eta bai osagai gisa eduki dezaketen produktu guztiek ere.
    • Ez jan elikagai bat, baldin eta ziur ez badakigu ez daukala alergia edo intolerantzia sortzen duen osagaia.
    • Kontuz ibili jaki elaboratuekin (oreak, bexamelak, zopatarako saldak eta zopak, ogi-birrinak, eta abar), gerta daiteke-eta alergia/intolerantzia sortzen duen osagaia izatea.

Segurtasun eta konfiantza falta

Inkestak garbi erakusten du kolektibo horrek segurtasun eta konfiantza falta sumatzen duela erosketak egitera eta etxetik kanpo jatera irteten direnean.

Lehenik eta behin, bostetik bati iruditzen zaio gehienean ez dutela erabateko segurtasunik izaten edozein saltokitan erosketak egiteko, eta %37k diote batzuetan soilik gertatzen zaiela hori. Are gehiago: lautik batek pentsatzen du produktuen etiketa sekula ez dela izaten behar bezain egokia. Aspergarria eta zaila gertatzen zaie erosketak egitea, eta informazio xehea, zehatza eta irakurterraza eskatzen dute.

Era berean, bostetik hiruk adierazi dute beren osasunarentzat arriskutsua dela etxetik kanpo jatea. Izan ere, inkestan parte hartu dutenen erdiek baino gehiagok uste dute ostalaritzan sekula ez dituztela hartzen beharrezko diren neurriak: platerek alergenoren bat izan dezaketela jakinaraztea, kartan eta menuan xehe-xehe adieraztea osagaien zerrenda, kutsadura gurutzatua saihestea produktuak biltegiratzean eta manipulatzean, eta berariazko tresneria erabiltzea haurren menuak prestatzeko. Horrexegatik iruditzen zaie ostalaritzako establezimenduek informazio gehiago eman behar luketela elikagaiek sortzen dituzten alergien eta intolerantzien inguruan.

Erosketa: garestiagoa eta sakabanatuagoa

Gaur egun hainbat markatako produktuak daude merkatuan, prezioetan ere badira aldeak eta produktuen ezaugarriak ere askotarikoak izaten dira. Ondorioz, inorentzat ere ez erraza ugaritasun horretan egoki moldatzea, eta are gutxiago alergiak eta intolerantziak dituztenentzat, eta haiek diotenez, gainera, gainerakoek baino ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar dute.

Inkestan parte hartu duten lagunen %90ek uste dute elikadura arloko alergiak eta intolerantziak dituztenei garestiagoa ateratzen zaiela erosketa. Irudipen hori hedatuagoa dago intolerantziak dituztenen artean (erantzun dutenen %92k adierazi dute hala, eta alergikoen %86k). Eta batez besteko bat ere ematen dute: %46 garestiagoa.

Horretaz gain, azpimarratzekoa da inkestan parte hartu dutenek nabarmendu duten beste alderdi bat ere: ez dute modurik oinarrizko produktuak saltoki bakar batean erosteko, eta batetik bestera ibili behar izaten dute behar duten guztia eskuratzeko. Extremadurako herritarren artean nagusitu da iritzi hori; alderdi horri garrantzi gutxien eman diotenak, berriz, nafarrak izan dira. Arazo hori antzeko proportzioetan nabarmendu dute alergikoek eta intolerantziak dituztenek.

Erosketak egiteko orduan, erantzun dutenen %77k supermerkatuak hautatzen dituzte eta %66k hipermerkatuak. Beste %40k denda espezializatuetara ere jotzen dute, eta heren batek betiko saltokietara edo ohiko azoketara. Horretan ez dago alderdik alergikoen eta intolerantziak dituztenen artean, baina bai autonomia erkidego batzuetatik besteetara. Nahiz eta gehienetan supermerkatuak eta hipermerkatuak izan aukera nagusiak, bigarren aukera gisa beti ez dira ageri betiko saltokiak edo ohiko azokak: Andaluzian, Aragoi, Asturiasen, Extremaduran, Galizian, Gaztela eta Leonen, Kanarietan, Madrilgo Erkidegoan eta Valentziako Erkidegoan nahiago dituzte denda espezializatuak.

Errutinak

Inkestan parte hartu duten lagunen %47k adierazi dute eurek bereiz erosten dituztela alergiak edo intolerantziak dituzten pertsonentzako produktuak. Eta %89k azpimarratu dute beti begiratzen dutela etiketak ohar edo jakinarazpen espezifikorik egiten ote duen. Etiketa, izan ere, funtsezkoa da elikagaiek sortutako intolerantziak eta alergiak dituztenentzat, han agertzen baita informaziorik garrantzitsuena. Etiketatzeko araudiek esaten dute ekoizleak behartuta daudela alergiak edo intolerantziak sortzen dituzten osagaien berri ematera, eta saihestu egin behar dutela beste produktu batzuetan ageri diren alergenoen bidez elikagaiak kutsatzea.

Gai horren inguruan, ordea, lautik batek pentsatzen du produktuen etiketa sekula ez dela izaten behar bezain egokia, eta %48k uste dute batzuetan soilik izaten dela desegokia. Iruditzen zaie etiketetan ez direla behar adina zehazten gehigarriak, osagaiak, espeziak edo kontserbatzaileak, ezta horien kopuruak ere. Haien ustez, gainera, “trazak eduki ditzake” (“puede contener trazas”) esaldia orokorregia da, eta ez du balio zalantzak argitzeko. Eta zenbaitetan, ekoizleari deitu beste aukerarik ez dute izan produktu batek osagai jakin bat baduen edo ez argitzeko.

Informazioak zehatzagoa izan behar luke haien iritziz, eta irakurterrazagoa ere bai, letra oso txikia izaten da eta. Gaztelania ez den beste hizkuntzetara egindako itzulpenek nahasmena sortzen dutela ere adierazi dute. Hori dela eta, honako irtenbide hau proposatu dute: etiketan atal berezi bat jartzea elikadura arloko alergiak eta intolerantziak dituztenentzat, erraz identifikatzeko modukoa eta ahalik eta zehatzena.

Erosketa segurua?

Elikadura arloko segurtasuna funtsezkoa da guztientzat, baina gure inkestan parte hartu duten bost lagunetatik batek adierazi du sekula ez duela erabateko segurtasunik izaten erosketa edozein dendatan egiteko. Beste %37k diote batzuetan soilik sentitzen dutela segurtasun falta hori, eta %41ek, aldiz, erabateko segurtasuna izaten dutela beti. Horretan ez dago alderik alergikoen eta intolerantziak dituztenen artean, baina bai erkidegoen artean. Balear uharteetan, erosketak erabateko segurtasunez egiten dituztela diote parte-hartzaileen %53k, eta errioxarren erdiek, aldiz, beldurrez-edo erosi ohi dutela adierazi dute.

Ildo horretan, %57ren iritziz, ohiko saltokietan sumatzen dute segurtasun falta gehien, %41ek hipermerkatuetan eta heren batek supermerkatuetan. Azkenik, Internet eta alergikoentzat eta intolerantziak dituztenentzat espezializatuta dauden dendak ez dira seguruak bostetik batentzat.

Segurtasun falta sumatzen dutenek honako arrazoi hauek eman dituzte hala sentitzeko: produktu espezifiko gutxi eskaintzen direla alergikoentzat eta intolerantziak dituztenentzat, informazioa falta dela, langileek ez dutela izaten aski informazio, eta kutsadura gurutzatua gerta daitekeela, bereziki produktu freskoetan.

Inkestan parte hartu duten bost lagunetatik ia lauren ustez, markek ez dute ahal duten guztia egiten alergeno nagusirik gabeko produktuak lortzeko. Eta hamarretik zazpiri iruditzen zaie elikadura arloko erakundeak ere ez direla behar adina ahalegintzen kolektibo hori babestuko duten arauak eta kodeak lantzeko.

Joango al gara zerbait jatera?

Nola sentitzen da kolektibo hori etxetik kanpo jatera doanean? EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen hiru lagunetatik bik adierazi dute alergia edo intolerantzia bat izateak baldintzatu egiten dituela. Are gehiago: bostetik hiruri iruditzen zaie osasuna arriskuan jartzea dela, bereziki 10 urtetik beherakoei (halaxe adierazi duten haien gurasoen edo zaintzaileen %94k). Alderdi horretan, dena den, badira aldeak alergikoen eta intolerantziak dituztenen artean: alergikoen %69ri iruditzen zaie arriskutsua dela eta intolerantziak dituztenek %54ri.

Adin guztietakoen artean ageri den kezka da osagai kaltegarria ez ote duten plateretik kenduko hala eskatu arren, eta kutsadura gurutzatua gertatuko ote den janaria prestatzean. Eta beste beldur bat ere badute alergikoek (bereziki, 10 urtez beherakoek eta 10 eta 19 urte artekoek): medikuaren laguntza ez garaiz iristea edo inguruko inork ez jakitea nola jokatu behar den alergiazko erreakzio bat izanez gero.

Elkarrizketetan parte hartu duten pertsonek eurek zenbait neurri hartzen dituzte. Lehenik eta behin, saihestu egiten dituzte zenbait establezimendu: janari lasterrekoak (%47k), asiar sukaldaritzakoak, Italiakoak eta Mexikokoak (%40k, hurrenez hurren) eta buffet erakoak (%30ek).

Gainera, azkenean norabait joatea erabakitzen bada, batzuek prozedura jakin bati jarraitzen diote beti. Hasteko, %34k aurrez hartzen dute tokia, eta horien artean, %54k bere gaixotasunaren berri ematen diete langileei (jokabide hori ohikoagoa da alergikoen artean, intolerantziak dituztenen artean baino, eta, gehienbat, 10 eta 19 urte arteko gazteengan).

Behin jatetxera joanda, inkestan parte hartu duten lagunen %91k arreta handiz irakurtzen dituzte plateren inguruko azalpenak, elikagai kaltegarriren bat duten edo ez jakiteko, eta %79k zerbitzariarekin aztertzen dute plater bakoitzak zer-nolako osagaiak dituen. Azkenik, janaria eskatzen dutenean, erdiek baino zertxobait gehiagok egiaztatzen dute zerbitzariak mezua eman ote dion sukaldariari.

Arreta kaskarra edo desinformazioa?

EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen guztiek izan dute noizbait esperientzia txarren bat etxetik kanpo jan dutenean. Erantzun duten lagunen %13ri soilik esan izan diete ez dietela otordurik emango alergia edo intolerantzia dutelako. Alderdi horretan ez dago alderik gaitz bat edo beste dutenen artean, baina bai erkidegoetan. Bereziki, Extremaduran, Madrilen eta Kantabrian suertatu izan dira halakoak: erantzun dutenen %37-20k jasan behar izan dute egoera desatsegin hori.

Hori baino ohikoagoa izaten da, dena den, beste hau: jatetxeko langileak jakinaren gainean jarri eta, hala ere, elikagai kaltegarria platerean ageri dela ikustea. EROSKI CONSUMERek elkarrizketatu dituen lagunen erdiei baino gehiagori gertatu izan zaie hori. Halakoetan, %85ek adierazi egiten diete langileei, baina %15ek ez dute egiten, eta, adituek gomendatzen dutenaren aurka, platerean datorrena jateko arriskua hartzen dute (intolerantzia dutenen %17k egiten dute hori eta alergikoen %9k). Izan ere, gaitz horiek dituztenen ahotan gisa honetako esaldiak entzuten dira: “Nahiago duk nire arazoekin eragozpenik ez sortu” edo “Maniaz beteta nagoela pentsatuko dute eta nahiago dut isilik egon”.

Langileei oharra egiten dietenen artean, berriz, egoera bat baino gehiago sortzen dira, baina ohikoena izaten da platera aldatu eta arazoa horrela konpontzea (halaxe gertatzen dela jakinarazi dute galdekatuen %84k: alergikoen %88k eta intolerantzia dutenen %82k).

Laburbilduz, inkestari erantzun diotenen %25ek soilik uste dute ostalaritzako langileek arduraz jokatu ohi dutela alergikoen eta intolerantziak dituztenen kolektiboekin, eta %40ri iruditzen zaie batzuetan behintzat hala egiten dutela. Haatik, inkestan parte hartu duten ia guztiek adierazi dute ostalaritzako profesionalek beren burua formatu edo prestatu behar luketela elikagaiek sortzen dituzten alergiekin eta intolerantziekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Kontuz zer jaten duzun!

Elikaren arabera, 170 elikagaik baino gehiagok sor ditzakete alergiak edo intolerantziak. Espainiako Estatuan, honako hauek ematen dute arazo gehien:

  • Zerealak: garia da Espainian alergia gehien sortzen duen zereala. Gainera, glutena ere izaten du gariak, baita garagarrak, oloak eta zekaleak ere.
  • Frutak eta barazkiak: alergiarik gehien sortzen dutenak arrosakarak dira (sagarra, udarea, melokotoia, abrikota, aranak, gereziak eta marrubiak). Espainian, 6 urteko haurrengan, frutek eragiten dituzte alergien %11 eta barazkiek %4. Hamabost urtetik aurrera, alergia kasuen %85-90 barazkiek eraginak izaten dira.
  • Oskola duten fruitu lehorrak: 15 urtetik aurrerako pertsonek izaten dituzten alergien %73 eragiten dituzte Espainian. Almendrek eta intxaurrek ematen dute arazo gehien.
  • Lekaleak: 6 urtetik aurrera, lekaleak dira maiztasun handienarekin alergiak sortzen dituzten elikagaiak; nagusiki, dilistak, garbantzuak eta kakahueteak.
  • Arrautza: haurtzaroan alergia gehien sortzen duena da. Haurrak bi urte egin baino lehen agertzen da, eta desagertu egiten da lehen sei urteetan.
  • Behi-esnea: Hainbat erantzun anomalo eragiten ditu, batzuk alergikoak eta besteak ez. Esnearen proteinak, laktosak, intolerantzia-fenomenoak sortzen ditu. Herritarren %2ri eragiten die.
  • Itsaskia: helduengan alergia gehien sortzen duten elikagaien artean, hirugarren lekuan ageri dira itsaskiak, batez ere krustazeoak.
  • Arraina: Espainian, bakailaoak, legatzak, mihi-arrainak eta oilarrak eragiten dute alergiazko erreakzio gehien. Ezohikoagoak dira sardinak eta atunak sortzen dituztenak.
  • Soja: ugaritu egin da azken urteetan, elikagai transformatu askotan ageri delako: labean eginak, latako atuna, zerealak, galletak, haurtxoentzako esnea, saltsak eta zopak…
  • Gehigarriak: kalkuluek diotenez, helduengan agertzen diren urtikaria kronikoen %5-10 inguru, hein batean, zenbait gehigarrik sortuak dira (sulfitoek, glutamato monosodikoak edo benzoatoek). Gehigarri horiek erantsita, elikagaien ezaugarriak hobetu nahi izaten dituzte (kontserbatzaileak, koloratzaileak, zapore-indartzaileak…). Prozesu akutuek zerikusi gehiago dute intolerantziekin, eta ez hainbeste alergiekin.