Hamabost preserbatibo, aztergai

Prezio batetik besterako aldea ez dago justifikatua

Segurtasun arauak merkeenek ere soberan betetzen dituztenez, aukeraketa norberaren zaletasunen eta prezioen arabera egin daiteke
1 maiatza de 2007

Prezio batetik besterako aldea ez dago justifikatua

Izan nahi ez diren haurdunaldiei saihets egiteko era merke, eroso eta eraginkorra dira eta, era berean, sexu-transmisio bidezko gaixotasunetatik eta hiesetik babesteko modu bakarra. Egun merkatuak eskaintzen duen kondoi aukera zabal-zabala ikusirik, kontsumitzailea, zaletasun pertsonaletatik haratago, preserbatibo-mota guztiak seguru-seguruak diren galdezka ari zaio bere buruari. Hori horrela den egiaztatzeko hamabost preserbatibo aztertu dira, bost motatakoak (arruntak, lodi-lodiak, kolore eta zaporetakoak, ildodunak eta finak); horien prezioak, aleko, 0,51 eurotik (Prime Original) 2,48 eurora arte doaz (Safex Forte: garestienak, askozaz ere). Horietako hamabi dozena aleko kutxetan merkaturatzen dira, Durex Contacto total eta Durex Pleasuremax sei aleko ontzietan datoz eta Safex Forte, berriz, hiru kondoiko kutxatxoan. Laborategiak 750 kondoi aztertu ditu, guztira, den-denak latexezkoak (ez dira egokiak, beraz, substantzia horrekiko alergia dutenentzat).

Azterturiko kondoi guztiek gainditu behar izan zituzten proba zorrotz guztiak pasatu zituzten Durex Extra-Seguro laginak izan ezik, bere izendapenak adierazten duen segurtasun-estra hori erakutsi ez baitzuen egin: preserbatibo “arruntakak” bezain segurua da, ez gehiago. Horrenbestez, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena kategoria bakoitzeko kondoi merkeenak ematen du: arruntenetan Prime Original-ak (0,51 euro), kolore eta zaporeetakoetan Benetton Colores-ek (0,54 euro), Prime Estriado-k (0,54 euro) eta Control Forte-k (0,90 euro) sendo-sendoenetan. Sentikorrenetan, berriz, garestiena aukeratu dute adituek: Durex Contacto Total (1,33 euro), denetan finena baita.

Sendo-sendoak eta gainerakoak

Legeak argi eta garbi bereizten ditu kondoi sendo-sendoak eta horrelakoak ez direnak eta, Espainian, ?extra fuerte?, ?extra resistente? edo ?hiper seguro? hitzak agertzea exijitzen die. Durex Extra Seguro laginak ez du hiru horietako bat ere erakusten baina, CONSUMER EROSKI-ren iritziz, ?extra seguro? lema hori beste hiruren baliokide da. Horregatik ezarri zaio preserbatibo sendo-sendoei bezain zorrotza iragazkia. Dena den, kondoi lodiagoak gutxiagotan hausten diren sendo egiazta lezakeen azterketa klinikorik ez da egin oraino. Besteak baino sentikortasun urriagokoak direla, berriz, baieztatu egin daiteke.

Erresistentzia neurtzeko, kondoia hautsi arte luzatu behar da. Arauak ez du xedatzen kondoi arruntentzako gutxieneko trakzioa zein den, bai, ordea, sendo-sendoen kasuan: hauek 100 Newtoneko (N) indarrari eutsi behar diote. Sendo-sendoetako bik ozta-ozta gainditu zuten proba: Control Forte (101 N) eta Safex Forte (99 N, probak onartzen duen akats-tarte horren barnean). Durex Extra Seguro laginak preserbatibo arruntek bezalako jokaera agertu zuen: 75 Newtoneko trakzioa baizik erresistitu ez zuenez, gainditu gabe utzi zuen proba. Beste bi motetako kondoien erresistentzia, espero zen bezala, 70 Newtonetik gertu dabil: Control Estriado aruntetan hoberena da (96 N) eta ondotik Control Nature (86 N) eta Control Fussion (83 N) datozkio. Durex Contacto (68 N) erresistentzia urrienekoa bada ere, erabilera konbentzionalerako aski da. Hautsi aurretik gehien luzatzen direnak dira Durex Plesuremax (jatorrizko tamainatik %890 luzatzen da), Control Fussion eta Durex Extra Seguro (%860); gutxien luzatzen dena, aldiz, Durex Contacto Total (%740era baizik ez da iritsi).

Presioa eta bolumena

Kondoiak lehertu arte airez puzten dira, jasan dezaketen presioa determinatzeko. Legeak xedatua duenez, sendo-sendoek 2 kilopascal (kPa) pairatu behar dituzte, gutxienez. Durex Extra Seguro laginak proba hau ere ez zuen gainditu, 1,7 kPa-tara iritsitakoan lehertu egin baitzen. Preserbatibo arruntek, ildodunek, koloretakoek edo fin-finek 18 dezimetro kubiko (dm3) aire eta 1 kPa-ko presioa pairatu behar dituzte. Safex Sensitive izan da erresistentzia urrieneko lagina, legeak xedatutakoa aise betetzen duelarik: 1,3 kPa eta 33 dm3. Control Fussion eta Durex Extra Seguro (biek ere, 53 dm3) lehertu aurretik aire gehien hartu zutenak izan ziren. Presioari dagokionez, Control Forte (2,7 kPa), Safex Forte (2,4 kPa) eta Benetton colores (2,3 kPa) izan ziren erresistentzia handienekoak.

Arauak xedatuak dituen luzera eta zabalera erraz gainditzen dute kondoi guztiek: hamabostak ere 20 cm-ko luzera dute (legeak xedatutako 16 cm horretatik baino dezente gehiago) eta zabalera doa 51 mm-tatik (Control Estriado) 55 mm-tara (Durex Plesuremax eta Durex Tuttifruti). Lodieraz ari garela, sendo-sendoek 0,06 mm baino lodiagoak izan behar dutela baizik ez dio arauak, baina neurri hori arruntek ere gainditzen dute. Denetan lodiena Control Forte lagina da: 0,119 mm; denetan meheena eta, hortaz, sentikorrena, Durex Contacto Total da (0,068mm).

Kondoiek zulorik ez zeukatela egiaztatzeko laginak 300 mililitro ur destilatuz bete ondoren, eskegi eta aztertu egin ziren. Mikro-ihesik ere ez zutela berresteko koloreztaturiko paper xukatzaile baten gainetik errodarazi zitzaien. Lagin guztiek gainditu zuten froga hau ere.

Preserbatibook lubrifikatuak daude eta denek daukate nahikoa lubrifikagarri, batetik bestera horretan ere aldeak dauden arren: Durex Contacto Total (433 mg lubrifikagarri) eta Prime Original (439 mg) lubrifikagarri gutxien zeukatenak ziren, ondotik Benetton Colores (443 mg) zetorkiela. Krema gehien zeukatenak, aldiz, Safex Forte (622 mg), Control Estriado (601 mg) eta Durex Extra Seguro (597 mg) izan ziren.

Laborategian zaharturik

Kondoien presio, bolumen, erresistentzia eta luzapen-balioak, laginak laborategian zahartutakoan berriro ere kalkulatu ziren, preserbatiboa muga-epetik gertu erabiliz gero zer gerta litekeen ikusteko. Zahartze-prozesua burutzeko preserbatiboak 70º C-tara berotu ziren 168 orduz, laginen eraginkortasuna aldarazteko. Emaitzak, zahartutako eta zahartu gabeko laginetan ez ziren biziki desberdinak izan; alderik nabarmenenak Durex Natural eta Durex Tuttifruti laginek erakutsi zituzten, hauen erresistentzia 60 N-etaraino jaitsi baitzen (lehenago 70 N inguru zebilen); Benetton Colores lagina, zahartu ostean, 7,5 aldiz baizik ez zen luzatu.

Hamabost kondoietako hiruren etiketa ez dago zuzen: Durex Contacto Total laginarenak ez du adierazten kondoiaren zabalera nominala (betebeharrekoa bada ere) eta Safex markako biena, argibideak ingelesez bakarrik ematen baitituzte.

Kontsumitzailearen iritzia

Irekitzeko preserbatiborik soilena zein den ikusteko, 20 eta 40 urte bitarteko sei emakumeri eta sei gizonezkori kondoi bakoitzaren diseinuaz eta irekitzeko erraztasunaz galde egin zitzaien. Irekitzeko errazenak Durex, Benetton eta Control Fussión dira, 5 puntutik 3,8 lortu baitituzte; Safex (2,5 puntu) eta Control Nature eta Control fino (biak ere, 2,6 puntu) dira atal honetan erabiltzaileei gutxien gustatu zaizkienak.

Control markako bost laginek daukaten irekidura errazeko elementua ez da funtsezko lagungarririk erabiltzaileen iritziz. Kontsumitzaileak eskertzen duena, ordea, irekitzeko hartzen den egitura koskaduna luzeagoa izatea. Bestetik, kontsumitzaileen aburuz ontzi guztiak dira seguruak.

Diseinuari dagokiola, kolore argi eta leunak edota metalikoak dituzten ontziak atseginago zaizkie erabiltzaileei (diskretuagoak baitira), hala nola Control Nature eta Control Fino laginak. Benetton laginaren diseinu orijinala gustatu zitzaien bereziki. Eta gutxien gustatu zitzaizkienak Safex Sensitive (2,4 puntu: kolore hori- okrea eta letra beltzak) eta Prime markako biak (2,6 puntu).

Control Fusión lagineko bilgarriaren atzealdea kondoia agerian uzten duen film gardena izatea ez zaie gustatu lau erabiltzailetik hiruri. Safex Forte da preserbatiboak formatu indibidualean ontziratu dituena: oso-oso ongi baloratu dute hori kontsumitzaileek. Gainerako laginetan, kondoi bakoitza gainerakoekin elkartua dago eta alderdi hori urratu egin behar da, lagina bereizteko.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

LABURBILDUZ

  • Hamabost preserbatibo aztertu dira, bost motatakoak: arruntak, sendo-sendoak, kolore eta zaporetakoak, ildodunak eta finak, denak ere latexezkoak, lubrifikatuak eta gordailudunak.
  • Laborategiko probek frogatu dutenez, funtzioa merkeenek ere betetzen dute; beraz, balizko haustura okerreko erabileraren ondorio litzateke eta ez, ordea, produktuaren kalitatearen akatsagatik.
  • “Sendo-sendo” kategoriako kondoiek arautegi zorrotzagoa bete behar dute. Azterturiko laginetako bik betetzen badituzte ere, Durex Extra Seguro laginak kondoi arrunt batek bezalako emaitzak baizik ez du erakutsi.
  • Durex Contacto Total laginak etiketaren gaineko araua urratzen du, zabaleraren berririk ez adieraztearren; Safex markako biek ere ez dute ongi betetzen araua, argibideak ingelesez bakarrik ematen baitituzte.
  • Erabilera-proban, kontsumitzaileen iritziz, irekitzeko errazenak diren preserbatiboak Durex, Control Fussion eta Benetton colores laginak dira; okerrenak, aitzitik, Safex markako biak, Control Nature eta Control Fino. Erabiltzaileek banan-banan ontziratuak daudenak eta irekitzeko alderdi koskaduna daukatenak nahiago dituzte. Diseinuaz ari garela, kolore diskretuak eta berritzaileenak dira gustukoenak (irudiak edo pertsonak agertzne dituztenak).
  • Segurtasun-probak lagin guztiek (Durex Extra Seguro-k izan ezik) gainditu dituztenez, nahi duen lagina aukera dezake erabiltzaileak. Hortaz, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena kategoria bakoitzeko merkeenak ematen du (Prime Original, Benetton Colores, Prime Estriado eta Control Forte), sentikorrenen kategorian izan ezik: honetan Durex Contacto Total aukeratu da, denetan finena delako.
PRIME Original CONTROL Nature DUREX Natural plus BENETTON Colores CONTROL Fussión DUREX Tutti Fruti
Prezioa (euro kondoiko) 0,51 0,54 0,62 0,54 0,65 0,82
Kutxako ale kopurua 12 12 12 12 12 12
Bilgarri eta etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Luzera (mm) 1 197 198 >200 >200 >200 >200
Zabalera (mm) )2 53 52 54 52 52 55
Lodiera (mm) 3 0,080 0,088 0,084 0,095 0,084 0,082
Leherketa-bolumena (dm3) 4 42 42 47 45 53 51
Leherketa-presioa (kPa) 5 2 1,8 1,6 2,3 1,8 1,5
Zuloen detekzioa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Lubrifikatzailea (mg) 439 556 558 443 554 530
Hastapeneko hausturaren aurreko erresis- tentzia (N)6 75 86 73 75 83 72
Hastapeneko hausturaren aurreko luzadura (%) 800 830 850 780 860 800
Leherketa-bolumena, zahartutakoan (dm3) 4 41 48 54 46 53 49
Leherketa-presioa zahartutakoan (kPa) 5 1,8 1,9 1,6 2 1,8 1,6
Hausturaren aurreko erresistentzia, zahartutakoan (N) 68 80 61 66 67 60
Hausturaren aurreko luzadura, zahartutakoan (%) 830 810 820 750 850 840
Erabilera proba:
Irekitzeko erraztasuna 2,8 2,6 3,8 3,8 3,8 3,8
Bilgarriaren diseinua 2,6 3,5 2,8 3,7 3,3 3,2
PRIME Estriado CONTROL Estriado DUREX Pleasuremax DUREX Contacto Total CONTROL Fino SAFEX Sensitive
Prezioa (euro kondoiko) 0,54 0,82 1,30 1,33 0,85 0,58
Kutxako ale kopurua 12 12 6 6 12 12
Bilgarri eta etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Ez dago zuzen Zuzen Ez dago zuzen
Luzera (mm) 1 198 194 >200 >200 199 200
Zabalera (mm) )2 53 51 55 54 52 52
Lodiera (mm) 3 0,094 0,108 0,105 0,068 0,081 0,081
Leherketa-bolumena (dm3) 4 40 35 44 45 47 33
Leherketa-presioa (kPa) 5 2 2 1,8 1,7 1,7 1,3
Zuloen detekzioa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Lubrifikatzailea (mg) 530 601 559 433 573 553
Hastapeneko hausturaren aurreko erresistentzia (N) 6 76 96 72 68 70 74
Hastapeneko hausturaren aurreko luzadura (%) 810 840 890 740 800 800
Leherketa-bolumena, zahartutakoan (dm3) 4 38 40 37 45 38 41
Leherketa-presioa zahartutakoan (kPa) 5 1,9 2,2 1,5 1,5 1,5 1,4
Hausturaren aurreko erresistentzia, zahartutakoan (N) 74 70 68 64 73 67
Hausturaren aurreko luzadura, zahartutakoan (%) 800 800 830 800 860 840
Erabilera proba:
Irekitzeko erraztasuna 3,1 2,8 3,8 3,8 2,6 2,5
Bilgarriaren diseinua 2,6 3,1 3,2 3,2 3,5 2,4
CONTROL Forte SAFEX Forte DUREX Extra Seguro
Prezioa (euro kondoiko) 0,90 2,48 0,84
Kutxako ale kopurua 12 3 12
Bilgarri eta etiketa Zuzen Ez dago zuzen Zuzen
Luzera (mm) 1 197 200 >200
Zabalera (mm) )2 52 52 54
Lodiera (mm) 3 0,119 0,112 0,110
Leherketa-bolumena (dm3) 4 40 44 53
Leherketa-presioa (kPa) 5 2,7 2,4 1,7
Zuloen detekzioa Zuzen Zuzen Zuzen
Lubrifikatzailea (mg) 564 622 597
Hastapeneko hausturaren aurreko erresistentzia (N) 6 101 99 75
Hastapeneko hausturaren aurreko luzadura (%) 790 830 860
Leherketa-bolumena, zahartutakoan (dm3) 4 38 44 59
Leherketa-presioa zahartutakoan (kPa) 5 2,7 2,5 1,9
Hausturaren aurreko erresistentzia, zahartutakoan (N) 113 82 63
Hausturaren aurreko luzadura, zahartutakoan (%) 830 820 840
Erabilera proba:
Irekitzeko erraztasuna 2,8 2,5 3,8
Bilgarriaren diseinua 3,1 3,1 3,2

(1) Luzera: arauaren arabera, laginak gutxienez 160 mm. Izan behar du. Azterturiko preserbatibo guztiek betetzen dute hori.

(2) Zabalera: arauaren arabera, bakar batek ere ez du aldendu behar fabrikatzaileak zehazturiko zabalera nominaletik ± 2 mm. Azterturiko preserbatibo guztiek betetzen dute hori.

(3) Lodiera: arauaren arabera, “sendo-sendo” kategoriakoek 0,060 mm baino gehiago izan behar dute. Hirurek betetzen dute baldintza hau.

(4) Leherketa-bolumena: arauaren arabera, azterturiko 15 preserbatiboen leherketa-bolumenak, laginak zahartu aurretik zein ondoren, ez du izan behar 18 dm3 baino txikiagoa. Azterturiko preserbatibo guztiek betetzen dute hori.

(5) Leherketa-presioa: arauaren arabera, leherketa-presioa, laginak zahartu aurretik zein ondoren, ez du izan behar 2,0 kPa baino txikiagoa, sendo-sendoen kasuan, eta 1,0 kPa, gainerako laginen kasuan. Durex Extra seguro laginak izan ziren gutxieneko balio horretara iritsi ez ziren bakarrak

(6) Hausturaren aurreko erresistentzia: arauaren arabera, “sendo-sendo” kategoriakoen erresistentziak 100 N izan behar du, gutxienez. Durex Extra seguro laginak izan ziren gutxieneko balio horretara iritsi ez ziren bakarrak

Hainbat motatako preserbatiboak, banan-banan

Hainbat motatako preserbatiboak, banan-banan

ARRUNTAK

Prime Original

  • 0,51 euro ale bakoitzeko, denetan merkeenak
  • Hamabi ale ontzian. Lubrifikagarri gutxien daukatenen artekoa (439 mg).
  • Erabilera proba: gutxien gustatzen den diseinuetako bat (5 puntutik, 2,6).

Control Adapta Nature

  • 0,54 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi ale ontzian. Laborategian eginiko proba guztietan, erdi pareko emaitzak.
  • Erabilera proba: hobekien baloratu dituzten diseinuetako bat (5 puntutik, 3,5). Kolore diskretua gustatzen da. Irekitzeko, zailenetako bat (2,6 puntu).

Durex Forma Easy On Natural Plus

  • 0,62 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi ale ontzian. Luzeenetakoak (200 mm. baino gehiago). Zahartutakoan, hausturaren aurkako erresistentzia urrienetako bat (61 N).
  • Erabilera proba: irekitzeko, errazenetako bat (5 puntutik, 3,8).

KOLORE ETA ZAPOREETAKOAK

Benetton coloreados

  • 0,54 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi ale ontzian. Luzeenetakoak (200 mm. baino gehiago) Laborategian eginiko proba guztietan, erdi pareko emaitzak. Honakoa hausteko, presio handienetako bat (2,3 kPa) eragin behar da. Luzatzeko gaitasuna zahartu aurretik (%780) eta ondoren (%750), txarrenetako bat.
  • Erabilera proba: irekitzeko, errazenetako bat (5 puntutik, 3,8). Diseinu erakargarri eta gustagarria (3,7).

Control Adapta Sex senses fussion

  • 0,65 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi ale ontzian. Luzeenetakoak (200 mm. baino gehiago). Honakoa lehertu ahal izateko aire kopurua (53 dm3) eta laginaren luzatzeko gaitasuna zahartu aurretik (%860) eta ondoren (%550), hoberenen artean.
  • Erabilera proba: irekitzeko, errazenetako bat (5 puntutik, 3,8).

Durex Forma Easy On Tuti Frutti

  • 0,82 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi ale ontzian. Luzeenetakoak (200 mm. baino gehiago) eta zabalenetakoak (55 mm.). Laborategian eginiko proba guztietan, erdi pareko emaitzak. Honakoa hausteko, presio handienetako bat (2,3 kPa) eragin behar da. Luzatzeko gaitasuna zahartu aurretik (%780) eta ondoren (%750), txarrenetako bat.
  • Erabilera proba: irekitzeko, errazenetako bat (5 puntutik, 3,8).

ILDODUNAK

Prime Estriado

  • 0,54 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi ale ontzian. Lagina zahartu ondoren, aire-edukirik gutxien erresistitzen dutenak.
  • Erabilera proba: gutxien gustatzen den diseinuetako bat (5 puntutik, 2,6).

Control Adapta Estriado

  • 0,82 euro ale bakoitzeko
  • Aire-edukirik gutxien erresistitzen dutenen artekoak. Lubrifikagarri gehien dutenetan bigarrena (601 mg). Hautsi arteko erresistentziarik hoberenen arteko bat (96 N).
  • Erabilera proba: ez du nabarmendu aldetik, ez onerako, ez txarrerako.

Durex Forma Easy On Pleasuremax

  • 1,30 euro ale bakoitzeko
  • Sei aleko kutxa. Luzeenetakoak (200 mm. baino gehiago) eta zabalenetakoak (55 mm.). Hautsi arteko luzadura proban, hoberena (%890). Zahartu ondoren, lehertu artean airea sartzeko proban, (37 dm3) eta presioa eragitekoan, (1,5 kPa) txarrenetakoak.
  • Erabilera proba: irekitzeko, errazenetako bat (5 puntutik, 3,8).

SENTIKORRAK

Durex Contacto total Ultrafinos

  • 1,33euro ale bakoitzeko
  • Sei aleko kutxa. Etiketari buruzko araua ez du betetzen, produktuaren zabalera nominala adierazten ez duelako. Luzeenetakoak (200 mm. baino gehiago) eta denetan meheena (0,068 mm). Hautsi arteko erresistentzia (68 N) eta luzadura probetan, txarrena (%740). Lubrifikagarri gutxien daukatenen artean (433 mg). Zahartu ondoren, lehertu arteko presioa eragitekoan, (1,5 kPa) txarrenetakoak.
  • Erabilera proba: irekitzeko, errazenetako bat (5 puntutik, 3,8).

Control Adapta Fino

  • 0,85 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi aleko kutxa. Zahartu ondoren, lehertu artean airea sartzeko proban, (38 dm3) eta presioa eragitekoan, (1,5 kPa) txarrenetakoak. Luzatzeko gaitasun aldetik, berriz, hoberenetako bat (%860)
  • Erabilera proba: honen bilgarriaren diseinua, hobekien baloratuenetako bat, kolore diskretukoa izatearren (5 puntutik, 3,5). Irekitzeko, zailenetako bat (2,6 puntu).

Safex Sensitive

  • 0,58 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi aleko kutxa. Etiketari buruzko araua ez du betetzen, ematen duen informazio guztia ingelesez bakarrik agertzen duelako. Lehertzeko behar duten aire-bolumen (33 dm3) eta eragin beharreko presioaren probetan (1,3 kPa) txarrenetako bat.
  • Erabilera proba: irekitzeko zailenetako bat (2,5 puntu) eta gutxien gustatu diren diseinuetako bat (2,4 puntu).

SENDO-SENDOAK

Control Adapta Forte

  • 0,90 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi aleko kutxa. Denetan lodiena (0,119 mm) eta erresistentziarik handienekoa: lehertu arte eragin behar den presioan (2,7 kPa) eta hautsi arte eragin beharreko erresistentzian (100 N baino gehiago), hoberenetako bat, zahartu aurretik eta ondoren ere.
  • Erabilera proba: ez du nabarmendu aldetik, ez onerako, ez txarrerako.

Safex Forte

  • 2,48 euro ale bakoitzeko, denetan garestiena
  • Hiru aleko kutxa. Etiketari buruzko araua ez du betetzen, ematen duen informazio guztia ingelesez bakarrik agertzen duelako. Bigarren lodiena (0,112 mm). Lubrifikagarri gehien daukana (623 mg).
  • Erabilera proba: irekitzeko zailenetako bat (5 puntutik, 2,5).

Durex Forma Easy On Extra seguro

  • 0,84 euro ale bakoitzeko
  • Hamabi aleko kutxa. “Sendo-sendoak” kategoriako kondoiei exijitzen zaizkien lehertu arteko presio (1,7 kPa) eta hautsi arteko erresistentzia (75 N) probetan ez da iritsi gutxienekoetara. Luzeenetakoa (200 mm baino gehiago) eta lodienetakoa (0,110 mm). Lehertu arteko aire-sartze proban, hoberenetako bat.
  • Luzatzeko gaitasun onekoa.
  • Erabilera proba: irekitzeko errazenetako bat (5 puntutik 3,8).