Moldeko ogia

Pixka bat koipetsuago bai, baina ez ogi arrunta baino kaloria gehiagokoa

Marka jakin bateko bi laginak nutrizio-osaera onenekoak ziren, baina dastaketan txarrenak izan ziren
1 ekaina de 2005
Img analisisap

Pixka bat koipetsuago bai, baina ez ogi arrunta baino kaloria gehiagokoa

/imgs/20050601/analisisa01.jpg
CONSUMER EROSKIk moldeko ogi zurien lau lagin aztertu ditu eta moldeko osoko ogien beste lau. 475 g eta 600 g arteko ontzikiak ziren eta lau markak honako hauek: Bimbo, Panrico, La Bella Easo eta Brook’s. Ogi zuri garestiena Brook´s zen (3,22 euro/kiloko) eta merkeena Panrico, (2,40 euro/kiloko); osokoak, bestalde, kiloko 2,64 eta 3,22 euro artean kostatzen ziren. Moldeko ogiek ogi arruntak baino koipe gehiago dute, baina ez kaloria gehiago. Bestalde, mastekatzen errazago dira eta euren kontserbazio-aldia ogi arruntarena baino askoz luzeagoa da.

Ogi arruntaren lehengaiak ogi-irina, gatza, legamia eta edateko ura dira eta ogiaren balio mantentzaileari eragiten ez dioten gehigarriak eta laguntzailekide teknologikoak erantsi dakizkioke. Moldeko ogia ogi berezien kategorian sartzen da eta honako osagai hauek erabiltzen dira: irin aberastua, gari-glutena, zahia, esnekiak (esnea, esne kondentsatua, esne-hautsa, erabat edo partzialki gaingabetua, serum-hautsa, esne-gazura…), arrautzak, lekadun-irina edo malta-irina, malta-aterakina, azukrea eta eztia, landare-koipea, zerealak, espeziak eta ongailuak.

Analisiak dioena

Brook’s-en eta La Bella Easoren bi laginek (zuriak eta osokoak) Panricorenak eta Bimborenak baino xerra gutxiago dituzte ontziki bakoitzean: 14na unitate marka batekoek eta 22 bestekoek. Bestalde, lehenengo marketako unitate bakoitzak ia 40 g pisatzen du eta bigarren marketakoek 25 g inguru.

Hezetasuna da moldeko ogiarentzako espezifikoki araututako parametro bakarra: ezin du gainditu %40 ogi zurietan eta %42 osokoetan. Dena arauen barruan zegoen: lagin bakarrak ere ez zituen mugak gainditu.

Bestalde, moldeko ogiaren oinarrizko mantenugaiak karbono-hidratoak dira eta, horien artean, almidoia. Ogi zurian %45 eta %48 artean daude eta osokoan %40 inguru. Jatorria irinean duen almidoiaz gain (karbono-hidrato konplexua), ogia egitean gehitzen zaion azukrea (hidrato sinplea) ere badu. Bimboren bi ogien berezitasuna alde batera utzita (azukre gutxiago dute, bai batak eta bai besteak %3 inguru), zuriek azukre gehiago dute (%7 baino gehiago) osokoek baino (%4 eta %6,5 artean).

Moldeko ogiek kalitate ertaineko proteinak dituzte (%7 eta %10 artean) ez dutelako funtsezko aminoazidoa den lisinarik. Moldekoak ogi arruntak baino koipe gehiago du: koipe-balio ohikoenak (salbuespena Bimbo izan zen %2,3rekin) %5 ingurukoak izan ziren. Ogi arruntak, bestalde, %1,5 koipe du.

Gauza gehiago moldeko ogiaren koipeari buruz

Bimboren bi laginek bakarrik erabiltzen dute oliba-olioa, gainerakoek landare-olioa erabiltzen dute, jatorria espezifikatu gabe. Brook’s-ek eta La Bella Easok onartzen dute erabiltzen duten olioa hidrogenatua edo partzialki hidrogenatua dela. Horregatik dute koipe-saturazio handiagoa. Janariak duen koipe-kantitatea bezain garrantzitsua da bere lipido-profila edo gantz-azido saturatuen eta insaturatuen arteko erlazioa: zenbat eta handiagoa saturatuen proportzioa, lipido-profila kaltegarriagoa da. Koipe insaturatuek odoleko kolesterol-maila jaisten eta odola jariakorrago egiten laguntzen dute. Horrela, tronboak eratzea galarazten dute eta bihotzari eta odol-hodiei mesede egiten dien koipetzat jotzen dira. Bestalde, landare-olioen hidrogenazio-prozesuan azaltzen diren trans koipeek koipe saturatuaren antzera jokatzen dute: maiz kontsumitzen badira, odoleko kolesterol-maila igotzen dute eta kalte egiten diote osasunari. Bimboren bi laginek (zuria eta osokoa) gainerako laginek baino koipe erdia izateaz gain, koipe osasungarrienetakoa ere badute: %25 eta %21,6 koipe saturatu, hurrenez hurren. Moldeko gainerako ogietan, bestalde, koipearen erdia saturatua da eta La Bella Easo eta Brook’s-en osoko ogiek ere %50 inguru dute. Panricok, aldiz, %17 bakarrik du koipe saturatua eta hori txalogarria da./imgs/20050601/analisisa02.jpg

Kaloriak eta zuntza

Moldeko ogiaren balio energetikoa ogi arruntaren antzekoa da. Handiagoa izango da azukrea, olioa, koipea, esnea, gurina edo beste osagai batzuk gehitzen bazaizkio. Hemen aztertu ez diren moldeko ogi bereziak egiten dituzten zenbait fabrikatzailek gehitzen dizkie osagai horiek. Ogi arruntak 250 kaloria ditu ehun gramoko, moldeko ogi zuriak baino 20 bat kaloria gutxiago. Moldeko osoko ogiak, bestalde, 238 kaloria ditu ehun gramoko. Moldeko ogi zurien laginek euren markako osokoenek baino kaloria gehiago dituzte, baina Bimboren ogi zuriak kaloria gutxiago ditu beste marketako osokoek baino. Moldeko bi ogi-motetan energetikoena Brook’s da: zurian 272 kaloria ehun gramoko eta osokoan 250.

Digestio-aparatuak ez du janari-zuntza digeritzen eta, horrek, heste-mugikortasunari laguntzen dio. Egunean 25-30 g kontsumitzea gomendatzen da. Moldeko ogiak ogi-irinarekin egiten dira, baina ogi zuria egitean azala eta hazia kendu egiten zaizkio, zuntz gehiena duten osagaiak, alegia. Osoko ogian, ordea, ehotako gari-ale osoa erabiltzen da. Laborategiak argi utzi zuen zenbat zuntz zuten moldeko ogiek. “Zurietan”, La Bella Easoren %4,1etik hasi eta Bimboren %5,5eraino zeukaten eta, osokoek, aurreikusi zitekeen bezala, zuntz gehiago zuten: ia %8 Brook’s-ek eta La Bella Easok eta %8,5 Panricok eta Bimbok. Brook’s-en eta La Bella Easoren moldeko osoko ogiaren lau xerrak 13 gramo zuntz dituzte eta Bimborenak eta Panricorenak, txikiagoak direnez, 9 gramo osatzen dituzte lau xerrarekin.

Aztertutako moldeko ogien gatz-edukia La Bella Easoren ogi zuriaren 500 mg/100 g eta Panricoren osoko ogiaren 710 mg/100 g artekoa izan zen; azkenekoa gehiegizkotzat jo zen. Bestalde, Brook’s-en bi ogi-motek B12 bitamina dutela adierazten dute. Azterketaren arabera, zuriak 0,68 µmg/100 g eta osokoak 0,94 µmg/100 g dituzte. Kantitate handiak dira (pertsona heldu batentzako 1 µmg gomendatzen da egunean) eta etiketan iragarritakoak baino lau bider handiagoak.

Azkenik, Panrico moldeko ogi zuriak esne-proteinak dituela adierazten du eta halaxe ditu (beste batzuek ere adierazten dute baina ez dute). Hori kontuan izan behar dute esnearekiko jasanezintasuna dutenek. Bestalde, zeliakoek (glutenarekiko, hau da, gariak, zekaleak, garagarrak, oloak, tritikaleak, gari-hibridoak eta zekale-hibridoak duten proteinarekiko jasanezintasuna dutenek) ere ezin dute kontsumitu moldeko ogia, baldin eta artirinez, arroz-irinez edo beste zereal baten irinez egindakoa ez bada.

Etiketatua eta ontzikia

Moldeko ogi horien etiketen irregulartasun bakarrak (derrigorrezko informazio guztia zeukaten) nutrizio-legendakoak soilik izan ziren.

Honako hau da nabarmenena: Bimboren bi laginak “%99 koiperik gabekoak” zirela adierazten zuten, baina azterketaren arabera %2,3 koipe dute biek (esan beharra dago azterketa egindakoen artean koipe gutxienekoak zirela).

Bestalde, ezaugarri horiek dituzten moldeko ogiek ez dute kolesterolik, kolesterola animalia-jatorriko koipeetan bakarrik egoten baita eta, horregatik, ez dirudi beharrezkoa “Kolesterolik gabekoa” dela adieraztea, La Bella Easoren laginetan izan ezik, gainerako guztietan adierazten den bezala. Gainera, kontsumitzaileak nahastu egiten dira: moldeko ogiek koipe saturatuak dituzte, kantitate txikiak badira ere, eta koipe saturatuek erantzukizun zuzena omen dute odoleko kolesterolaren gehikuntzan.

Azkenik, nutrizio-propietateak iragartzen dituzten markak, esaterako, “Kolesterolik gabekoa”, “%99 koiperik gabekoa” edo “Zuntzarekin” (zortzi laginetatik seik hala egiten dute), nutrizio-informazioa jartzera behartzen dituzte. Zortzi etiketek dute kontsumitzaileentzat hain baliagarria den informazioa.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Bimboren, Panricoren, La Bella Easoren eta Brook’s-en moldeko ogi zuriaren eta moldeko osoko ogiaren laginak aztertu ziren, 475 eta 600 gramo arteko ontzikietan zeudenak. Moldeko ogi zuri garestiena Brook’s-ena da (3,22 euro/kiloko) eta merkeena, Panricorena, 2,40 euro/kiloko). Osokoen prezioa kiloko 2,64 eta 3,22 euro artekoa zen.
  • Ogi arruntarekiko alde nabarmenena koipe gehiago izatea da: moldekoek %5 inguru dute (%2,3 duten Bimboren ogiek izan ezik) eta ogi arruntak %1,5 besterik ez.
  • Bimboren bi ogien etiketatua desegokia da: %99 koiperik gabea dela adierazten du, nahiz eta %2,3 koipe eduki.
  • Moldeko osoko ogiek (%8 inguru) zuriek baino zuntz gehiago dute (%4 eta %5,5 artean).
  • Zortzi laginen kalitatea, higiene-egoera eta egoera sanitarioa egokiak ziren. Lagin bakarrak ere ez zuen genetikoki eraldatutako osagairik.
  • Bimboren bi laginek, nutrizio-osaera osasungarriena zutenek, emaitzarik txarrenak lortu zituzten dastaketan. Moldeko ogi zurien artean kalitate-prezio erlazio onenekoa Panrico izan zen eta osokoen artean La Bella Easo. Bi kasuetan, dastaketako merkeenak eta gogokoenak izan ziren.
Panrico La Bella Easo Brook’s Bimbo
Prezioa (euro/
kiloko)
2,40 2,9 3,22 2,78
Etiketatua Egokia Egokia Egokia Desegokia
Xerra-kopurua 1 22 14 14 22
Xerraren pisu unitarioa 24,9 40,4 39,0 25,3
Hezetasuna (%)2 34,9 36,1 33,1 37,1
Proteina (%) 8,8 7,4 9,1 9,4
Koipea (%) 5,1 4,8 5,1 2,3
Saturatuak (%) 47,7 53,7 50,4 25,0
Mono- insaturatuak (%) 39,6 38,5 34,5 45,0
Poli- insaturatuak (%) 12,7 7,8 15,1 30,0
Karbo-
hidratoak (%)
45,6 46,9 47,5 45,2
Azukre erantsia (%) 7,6 7,9 7,2 3,1
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 264 260 272 239
Zuntza guztira (%) 3 4,8 4,1 4,5 5,5
Sodioa (mg/100 g) 4 630 500 640 640
Esne-alergenoa 5 Positiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa
Mikro-
biologia- egoera
Egokia Egokia Egokia Egokia
GEO 6 Batere ez Batere ez Batere ez Batere ez
Dastaketa (1etik 9ra) 6,8 6 6,2 4,7
Panrico Primera Línea Integral La Bella Easo Integral Brook’s Integral Bimbo Silueta Integral
Prezioa (euro/
kiloko)
2,95 2,64 3,22 3,04
Etiketatua Egokia Egokia Egokia Desegokia
Xerra-kopurua 1 22 14 14 22
Xerraren pisu unitarioa 24,5 45,4 40,4 27,8
Hezetasuna (%)2 36,7 37,7 35,9 39,5
Proteina (%) 9,4 7,7 9,2 10,3
Koipea (%) 5,7 5,1 5,5 2.3
Saturatuak (%) 17,5 45,6 51,2 21,6
Mono- insaturatuak (%) 26,3 39,2 33,2 45,1
Poli- insaturatuak (%) 56,2 15,2 15,6 33,3
Karbo-
hidratoak (%)
38,9 40,7 40,8 38,6
Azukre erantsia (%) 4,0 5,3 6,4 3,3
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 245 240 250 216
Zuntza guztira (%) 3 8,5 7,9 7,8 8,5
Sodioa (mg/100 g) 4 710 580 520 540
Esne-alergenoa 5 Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa
Mikro-
biologia- egoera
Egokia Egokia Egokia Egokia
GEO 6 Batere ez Batere ez Batere ez Batere ez
Dastaketa (1etik 9ra) 6,5 7,2 7 4,9

(1) Xerra-kopurua: gaineko estalki-funtzioa egiten duten xerrak barne.

(2) Hezetasuna: arauak gehienezko %40ko hezetasuna finkatu du moldeko ogi zuriarentzat eta %42koa moldeko osoko ogiarentzat. Aztertutako batek ere ez ditu gainditu gehienezko horiek.

(3) Zuntza guztira: zuntz disolbagarriaren eta ez-disolbagarriaren edukia adierazten du.

(4) Sodioa: 100 g elikagaitan 700 mg sodio baino gehiago izatea gehiegizkotzat jotzen da.

(5) Alergenoak: alergiak sortu ditzaketen substantziak. Esne-proteinak erreakzio alergikoa eragiten die berarekiko jasanezintasuna dutenei.

(6) GEO: genetikoki eraldatutako organismoak. Ez da batere detektatu.

Banan banan

Moldeko lau ogi zuri, banan-banan eta osoko lau ogi, banan-banan

Panrico "Ogi zuria"

/imgs/20050601/panrico.jpg 2,40 euro/kg, merkeena
Moldeko ogi zurien artean kalitate-prezio erlazio onenekoa da. Esne-proteinak dituen bakarra da (substantzia horri alergia diotenek ez dute jan behar). Dastaketan baloraziorik onenetakoa lortu zuen 6,8 punturekin: jendeak gogoko izan zituen bere “zaporea”, “harrotasuna” eta “urtsutasuna” baina ez “hain gozoa izatea” eta azala

La Bella Easo "Ogi zuria"

/imgs/20050601/bella.jpg 2,90 euro/kg
Gatz gutxien duena (500 mg/100 g). Dastaketan balorazio onenetarikoa lortu zuen 6 punturekin: bere “harrotasuna” gustatu zitzaien dastatu zutenei, baina kritikak egin zizkioten “lehorra” eta “oretsua” zelako.

Brook´s "Ogi zuria"

/imgs/20050601/brooks.jpg 3,22 euros/kg, garestiena
Denetan energetikoena da: 272 kaloria ehun gramoko. B12 bitamina asko du. Dastaketan balorazio onenetarikoa lortu zuen 6,2 punturekin. Dastatu zutenei bere zaporea eta harrotasuna gustatu zitzaizkien, baina kritika egin zioten “ertzetan erre-zaporea” zuelako.

Bimbo"Ogi zuria"

/imgs/20050601/bimbo.jpg 2,78 euro/kg
Etiketatu desegokia: %99 koiperik gabekoa dela dio %2,3 koipe duen arren. Oliba-olioa duen bakarra da (gainerakoek landare-olioa dute). Osasungarriena da: besteen koipe erdia du eta koipe saturatuaren proportzio txikienetarikoa; gainera, berak du zuntz gehien (%5,5) eta kaloria gutxien. Dastaketan txarrena izan zen 4,7 punturekin: dastatu zutenen iritziz, “zaporegabea” eta “lehorra” zen.

La Bella Easo "Osoko ogia"

/imgs/20050601/bella2.jpg 2,64 euros/kg, osokoen artean merkeena
Osokoen artean kalitate-prezio erlazio onenekoa. Zuntza: %7,9. Dastaketan balorazio onenetarikoa lortu zuen 7,2 punturekin: dastatu zutenei bere “tamaina”, “kolore zuria”, “osokoaren zaporea”, “urtsutasuna” eta “samurtasuna” gustatu zitzaizkien; eta kritika egin zieten “latz samarra” eta “gogor samarra” zelako.

Panrico Lehenengo Linea "Osoko ogia zuntzarekin"

/imgs/20050601/panrico2.jpg 2,95 euro/kg
Bimborekin batera, koipe-profil osasungarrienekoa eta zuntz gehien duena (%8,5). Gainerako laginek baino gatz gehiago. Dastaketan onenetarikoa izan zen 6,5 punturekin: dastatu zutenei bere “zapore ona”, “samurtasuna” eta “harrotasuna” gustatu zitzaizkien; bestalde, kritikak egin zizkioten “txikia” delako, “zapore gutxi” eta “azal gogorra” dituelako eta “osokoa” ez delako.

Brook's "Osoko ogia"

/imgs/20050601/brooks2.jpg 3,22 euro/kg, garestiena
Osokoen artean kaloria gehien duena (250 kal/100 g). B12 bitamina asko du. Dastaketan onenetarikoa izan zen 7 punturekin: dastatu zutenei biguna eta harroa delako eta “uzten duen zaporeagatik” gustatu zitzaien; baina kritikatu egin zuten “gozo samarra” eta “lehor samarra” delako eta “hazi lodiak” dituelako.

Bimbo Silueta "Osoko ogia"

/imgs/20050601/bimbo2.jpg 3,04 euro/kg
Etiketatu desegokia: %99 koiperik gabekoa dela dio etiketak %2,3 koipe duen arren. Oliba-olioa duen bakarra da. Osasungarriena da: besteen koipe erdia du eta saturatuen proportzio txikienetarikoa; zuntz gehien dutenetakoa da (%8,5) eta kaloria gutxienekoa. Dastaketan eskasena izan zen 4,9 punturekin: dastatu zutenei bere tamaina eta zaporea gustatu zitzaien eta baita “hozka egitean uzten zuen sentsazioa” ere; bestalde, kritika egin zioten “motela”, “lehorra” eta “gogorra” zelako.