Pirinioen bihotzean zizelkatutako gozokia

1 uztaila de 2011
Img en imagenes listado 209

Pirinioen bihotzean zizelkatutako gozokia

Hasi da uda Ordesako Parke Nazionalean eta Perdido mendian. Eguna argitzearekin batera, ugatz bat ageri da Tres Sorores mendigune enblematikoaren inguruan hegan. Mila metro beherago, sarrio multzo bat ikusten da, nagiak ateratzen bezala, pinu beltzekin eta errododendrozko mantu ikusgarri batekin nahasian. Ibar hondoan, Arazas ibaiaren urek jauzi egiten dute Cola de Caballotik behera, mendizale zailduak eta txangozaleak iritsi bitartean.

Ehun urterako bidean

Hor daude Ramond de Carbonnières frantziar botanikoak eta geologoak egin zituen espedizioak, zeinak lehenengoz zapaldu baitzuen Perdido mendiaren gailurra, 1802an; hor Lucien Briet argazkilari eta idazlearen dibulgazio-lana, eta beste pirineista batzuen ibilerak. Horiei esker, Parke Nazional izendatu zuten Ordesa, 1918an. Espainiako Estatuan izendatu zuten bigarrena izan zen, Europako Mendien ondotik, eta 15.608 hektareatara handitu zuten 1982an. Orduz geroztik, Perdido mendiak eta lau ibarrek osatzen dute: Ordesa, Pineta, Escuain eta Añisclo.

Mendia ezagutu eta sentitu

Huescako parkeari neurria hartzen hasteko, Torlako bistari-etxea da lekurik aproposena. Han dauden informazio-panelek, maketek eta ikus-entzunezko piezek ezin hobeki islatzen dute mendiak berekin dituen erronkak, jakinduria eta indarra. Informazio- eta erakusketa-gune iraunkor horretan biltzen dira Ordesako flora, fauna, geologia eta etnografia, eta baita duela 57 milioi urte han bizi izan zen krokodilo baten masailezurraren fosila ere.

Beldurrik gabe, baina arretaz

Dozenaka ibilbide daude seinale bidez adieraziak, Parke Nazionala batetik bestera zeharkatzen dutenak. Mendira doanak, lagunduta joan behar du beti, ez bakarrik; beldurrik ez zaio eduki behar, baina arretaz ibili behar da, eta ibilbide bakoitzak eskatzen duen esperientzia eta prestaketa fisikoa ere ezinbestekoak dira. Arropa eta tresneria egokiak behar dira, eguraldia eta tenperatura aldatu egin baitaitezke ibilaldia egiten ari garela, eta arreta jarri behar zaie parkeko langileek ematen dituzten eguraldi-iragarpenei. Abiapuntu guztietan, kartelak jarri dituzte aholkuak emateko, indarrean zer araudi dagoen adierazteko eta ibilbide bakoitzak, gutxi gorabehera, zenbat irauten duen eta zer ezaugarri dituen jakiteko. Cola de Caballo ur-jauziraino daraman ibilbideak erakartzen du jende gehien, argazkiak ateratzeko leku paregabea da eta. Ibilbideak 550 metroko desnibela gainditzen du, eta bidean, baso misto sarri bat zeharkatuz, hiru ur-jauzirekin topo egingo du ibiltariak: Arripas, La Cueva eta El Estrecho. Behin desnibela gaindituta, Soasoko zirkua agertuko zaio, belarrez inguratutako sakonune handi-handia; handixe egiten du jauzi urak, argazkilarien liluragarri.

Ordesako zerurantz daraman xenda

Ibilbide gogorragoa nahi duenak, berriz, Ehiztarien Xendari ekin diezaioke, Ordesako zelaitik bertatik. Ordu eta erdi pasatxoan, 650 metroko desnibela goitituko du, eta pagadian barrena sigi-saga bihurriak eginez, mendi-pinuen (Pinus uncinata) eremura helduko da; harkaitz artean leku eginez hazten da zuhaitz gogor hori, 1.600 metrotik gora, eta errododendroak ere hantxe ibiltzen dira, bazka bila. Igo ahala, Cotatueroko Zirkuari itsatsita geratuko dira mendizalearen begiak, ur-jauzi amaigabea isurian ari dela; urrutian, aparkalekua eta abiapuntuko zelaia ikusiko ditu. Gailurra iritsita, Calcilarruego begiratokia izango du zain, zorabiatzeko moduko anfiteatroa, behera begiratuz gero. Aurrean, ikuspegi paregabea: Racon, Gallinero eta Loreen Zerrenda. Hauspoa oxigenoz berdindu ostean, ordekan jarraituko du Pelayren Zerrendatik, eta Sierra de las Cutas esaten zaion mendilerroaren azpitik ibiliko da, Ordesako ibarrari airetik begira joango balitz bezala. Begi-kliska batekin, argazki-kameran betikotu ahal izango ditu Arazas ibaiak pago artean uzten duen arrastoa, Soasoko Zirkua, Custodia mendilerroa eta Tres Sororen mendiguneko gailur nagusiak.