Aldeak tamaina, zapore eta prezioan

Otarrainska izoztuak

Otarrainska izoztuak aztertu dira oraingoan: zazpi laginetako sei, 800 gramoko ontzian merkaturatzen dira eta bestea 400 gramokoan.
1 abendua de 2000
Merkeenak, kiloko 2.500 pezetaren azpitik, Delfín, Elmar eta Compesca dira; garestienak, Pescanova (3.575 pezeta kiloko). Antártida markakoak ere garesti dira, baina ez horrenbeste: 3.225 pezetan daude, kiloko. Barandica laginekoek moduko prezioa dute (2.656 pezeta kiloko) eta Krustasur, azkenik, 3.113 pezeta kostatzen delarik kiloko, garestietatik gertuago merkeetatik baino.

Otarrainska izoztuak

Nutrizioaren ikuspegitik, otarrainskak ekarpen energetiko apaleko eta eduki proteiko nabarmenekoak dira, gantz intsaturatu eta saturatuen arteko proportzio egokian dabiltza eta mineral-ekarpen polita eragiten dute. Daukaten eragozpen bakarra, garrantzi handikoa baina, kolesterol-eduki handia da: 200 miligramo 100 gramoko, hau da, hestekienaren (urdaiazpikoa, txorizoa, etab.) eta haragienaren (txahalkia, txerrikia, oilaskoa, etab.) bi eta hiru halako.

Laborategiko probak egin ondoren gehien nabarmendu diren ondorioak jarraiko hauek dira: otarrainska izoztu guztiak egoera sanitario egokian zeuden; pisuari dagokionez, legeak onartutako mugatik haratago ez doaz fabrikatzaileak; marka batetik bestera alde handiak hautematen dira aleen kalibrean (kiloan Pescanova markako 48 ale sartzen diren bitartean, Elmar laginean 69 bururaino zeuden); baimendutako aditiboak den-denek ezartzen dituzte, legeriak onarturiko kopuruan. Azkenean, Barandica laginaren etiketak akats larriak zituen agerian: fabrikatzaileari buruzko informaziorik eza, esate baterako.

Dastaketan (otarrainskak ur gazian egosi ziren) hoberenak Antártida, Barandica eta Krustasur izan ziren, gainerako guztien aurretik. Beste muturrean, berriz, suspentsoa erdietsi zuten (zapore gexal edo txarra zutelako, edota itxura akastuna izatearren) Compesca eta Delfín laginek. Emaitza guztiak erkatutakoan, Krustasur (3.113 pezeta kiloko, prezio ertain-altua) laginak erakutsi zuen azterketa honetako denetan kalitate-prezio erlaziorik egokiena.

Elikagai ona bai, baina kolesterol askokoa

Elikagai polita da otarrainska: balio energetiko apalekoa (95 kaloria 100 gramoko), edukiaren %20 proteina du eta bere gantz poliintsaturatu eta saturatuen arteko proportzioa onuragarria dugu, osasunaren ikuspegitik; horrez gainera, mineral ugari ditu otarrainskak (kaltzioa, zinka, burdina eta iodoa); bitaminetan, aldiz, apalxeago dabil (niazina eta A bitamina). Krustazeo honen eragozpen larriena kolesterol-eduki handia da, inondik ere: 200 miligramo 100 gramoko.

Horregatik, kolesterolemiaz arduratu beharra dutenek itsaskia hein handi batean baztertu behar dute. Nutrizioaren ikuspuntutik, otarrainskak eta zigalak, ganbak edota izkirak berdintsuak dira denak. Txangurroak edo nekorak baino energi ekarpen txikiagoa dutelarik (125 kaloria 100 gramoko), beirak (84 kaloria), muskuiluak (67 kaloria), lanpernak (59 kaloria) eta ostrak (56 kaloria) baino zerbait handiagoa agertzen dute. Otarrainska baten guztirako pisuaren %78 ura da eta proteinak, goian aipatu bezala, %20raino iristen dira, batez beste. Txangurroen eta nekorenarekin batera, proteina-ekarpen horixe da handienetakoa, goian adierazitako itsaskien aldean.

Energiaren gainerakoa gantzek aportatzen dute, hau da, guztiaren %1,5 inguru. Gantzen ekarpena, apala bada ere, interesgarria dugu, gantz-azidoen osakerari begiratzen badiogu: osotasunaren herena gantz-azido poliintsaturatuek osatzen dutenez, gantz-azido poliintsaturatuak eta saturatuen arteko proportzio handiagoa (egokiagoa, horrenbestez) dauka beste hainbat itsaskik (muskuiluak eta ostrak, adibidez) eta arrainek (antxoa, lupina, legatza, merlenka, sardina eta izokinak) dutena baino. Bukatzeko, hona poliintsaturatu eta saturatuen arteko erlazio txit osasuntsua duten beste elikagai batzuk: nekora, txangurroa, buia, langosta, amuarraina eta mihiarraina.

Kolesterolaren kontsumoari dagokionez, eguneko 300 miligramo baino gehiago hartzerik ez da aholkatzen; beraz, ehun gramo otarrainskak -zati jangarria bakarrik kontuan dugula- eguneko har dezakegun kopuruaren bi herenekoaren parekoa da. Eduki horri esker, kolesterol gehien daukaten elikagaien parean jartzen da otarrainska, hestekien (urdaiazpikoa, mortadela, txorizoa, saltxitxoia, lukainka, etab) gainetik, izan ere, hauen kolesterola ehun gramoko 70 miligramo inguru besterik ez baita, hau da, txahalki, txerriki, arkume eta oilaskoaren gainetik, haragiok apalago baitaude oro har parametro horretan: ehun gramoko, 60 miligramotik 110era bitartean, alegia. Nolanahi ere, bere prezio handiagatik edo gure elikabidea honelakoxea delako, otarrainskaren kontsumoa dezente urriagoa da aipaturiko gainerako elikagai guztiena baino.

Izozte azkar-azkarraren garrantzia

Itsaskia hitzaren bidez adierazten ditugu bai moluskuak (muskuiluak, ostrak, txirlak) baita krustazeoak ere: hauetako bat dugu otarrainska. Jakina denez, itsaskiaren bizitza baliagarria arrunt laburra da. Kalitate hobezina lortzeko, itsasoan harrapatu eta lehenbailehen hoztu behar dira otarrainskak jelatan; orduan, ahalik eta azkarren prozesatzea nahitaezkoa da, hurrengo bost egunetan, edonola ere. Mikroorganismoek eraginiko aldakuntzez gainera, krustazeoaren ehunetako hainbat entzimaren eraginez melanosia (hau da, gorputza belztea) nozi dezake otarrainskak. Lehorreratuz gero, aleak uretan ikuzi eta tamainen arabera sailkatu ondoren, ikuskariek gainbegiratzen dituzte; azkenean, ontziratu egiten dira, saldu bitartean izozturik iraun dezaten.

Kalitate handiko otarrainska lortzeko prozedurarik egokiena izozte ultra-azkarra edo ultra-izozketa da. Horrelako izozketak bai elikagaien egituran bai nutrizio-balioetan aldaketa gutxiago eragiten du, makina bat izotzezko kristal txiki (kristal gutxiago baino, era berean, handiago sortu ordez) sortarazten baititu: horrela, produktuaren egitura zelularrean kalte gutxiago eragiten du. Elikagai bakoitzari dagokio bere izozte-gune kritikoa (-1ºC eta -5ºC bitartean): gune hori azkar asko gainditzea komeni da, tamaina txikiko izotzezko kristal ugari sor daitezen.

Era horretan lortuko dira kolore, ukitu eta zaporerik hoberenak eta “izerditzearen” ondoriozko galerak ere dezente murriztuko dira. Elikagaia mantso izoztu baldin bada, ordea, desizoztu ondoren ukitu samurra agertu eta ur-galera handia nozituko du, gainera: ur horrekin batera galduko dira bitamina eta mineral asko. Otarrainskaren azken kalitatea hobea izango da itsasoan harrapatu dituen ontzian bertan egiten bada izozketa ultra-azkar hori, lehorrean egin ordez.

Egonkortze teknikoaren ondoren, elikagaia -18º C edo tenperatura hotzagoetan mantenduko da. Ontziratze ondorengo biltegiratzea fase kritikoa da, tenperatura-fluktuazio txikiek elikagaiaren kalitatean galera latzak eragin ditzaketelako. Gure azterketan analizatutako laginen artean, ultra-izoztua izan dela (berariaz) adierazten ez duen bakarra Compesca da.

Otarrainska izoztuak une batez ur hotzetan murgil daitezke: horrela, aleak uretatik ateratzean beren azalera osoan izotzezko geruza zurruna sorturik hautemango ditugu: horixe da “hotzeko glaseatua”. Murgiltze- eta izozte-prozesua hainbat aldiz errepika daiteke, aski geruza glaseatu potoloa lortu arte: honek arraina edo itsaskia, izozturik eta biltegiraturik dauden bitartean, azaleko oxidaziotik eta hotzagatiko erreduratik (lehorketatik) babesten du. Glaseatzeko urari antioxidatzailea eransten baldin bazaio, babespen hori are eta eraginkorrago bihurtuko da.

Pisua, kalibreak, glaseatua

Zazpi laginetatik seik 800 gramoko pisu garbia dutela adierazten dute, eta Antárdida markakoak, berriz, 400 gramokoa. Salbuespen bakarra Krustasur da, honen egiazko pisua (811 gramo) aitortutakoa baino handiagoa delako, lagin guztiek etiketan iragarri baino pisu gutxiago erakutsi zuten balantzan. Nolanahi ere, okerra aski garrantzizkoa da Antártida markako laginean, 376 gramo besterik ez baitzuen: indarrean dagoen arauteriak xedatutakoa kontuan harturik, ontzi bakarrak izan dezakeen gehieneko akatsaren ertzean dabil hori. Kalibreari dagokionez, fabrikatzaileek beren otarrainsken tamainaren berri gaztigatzean era guztietako agerkerak ikusi ziren: horrek, noski, kontsumitzaileari behar bezala aukeratzea oztopatu egiten dio.

Batzuek 0tik 5era bitarteko zenbakia darabilte (0-koak ale handienak eta 5ekoak txikienak izaki): Compesca eta Elmar (3. kalibrea), Barandica (2. kalibrea) eta Antártida (1. kalibrea) laginek, esate baterako. Pescanova, Delfín eta Krustasur markakoek bestelako sistema bat baliatu dute: honen arabera, txikia, ertaina, handia eta oso handia izan daiteke otarrainska. Pescanova laginak “Ertaina”, eta Delfín-ek “M” baizik ez du adierazten; Krustasur markakoak handia eta ertaina (batera) direla dio, bi tamainei ere dagozkien espazioak markatu baititu lerro batez. Etiketek aleen kopurua (ontziko, oro har) ere xedatzen dute. Baina kalibre berekoa izateak ez du esan nahi ale-kopuru berbera biltzea, fabrikatzaile guztientzat.

Otarrainsken tamainaz informatzeko erarik egokiena, kiloan sartzen diren aleen kopuru zehatza adieraztea litzateke. Lagin bakoitzak, kiloko, zenbat ale dituen egiaztatu da laborategian. Otarrainskarik handienak Krustasur eta Pescanova laginetakoak dira (48 eta 49 ale kiloko). Ondotik datozkien markak dira Antártida (51 ale kiloko), Barandica (61), Compesca eta Delfín (64). Denetan txikienak Elmar markakoak dira: 69 ale kiloko. Lagin batetik bestera ere, otarrainsken tamainan alde handiak hauteman ziren: Krustasur markakoen pisua, batenaz beste, ia 21 gramokoa da; Elmar laginekoak, berriz, 14,5 gramora iristen dira ozta-ozta, hau da, batetik besterako aldea %43koa da.

Esan berri dugunez, glaseatua da elikagai izoztu batzuek azaleran duten izotz-geruza: honek, neurri handi batean, azaleko lehorketa eragin lezaketen hotzaren ondoriozko erreduratik babesten du jakia. Geruza horrek ez du otarrainsken pisuan eraginik (honakoa zuzen dagoela berretsi da laborategian eginiko azterketetan), itsaskien pisu garbiak kanpo utzi baitu izotza. Soltean saltzen diren elikagai izoztuekin, berriz, kontsumitzaileak arduraz ibili beharko du, hauek pisuaren arabera ordaintzen direlako, izotz eta guzti. Glaseatuen portzentajeetan ere alde handiak hauteman ditu azterketa konparatibo honek, produktu batetik bestera: pisu osoaren %1,1etik (Compesca) ia-ia %18ra (Barandica) doaz.

Aditiboez eta produktuaren freskotasunez, ongi

Antioxidatzaileak erabiltzeari esker, otarrainskak bere koloreari helduko dio bere “bizitza baliagarri” osoan zehar. Melanosiaren aurreneko zantzuak zefalotoraxa eta buztana elkartzen diren alderdi horretan eta oskolaren segmentuen elkarketetan azkar asko agertzen dira. Belzte-prozesu hori ez gertatzeko, duela urte batzuk azido borikoa erabiltzen zen, baina aditibo hori baliatzea debekatu egin zen, ez baitzen jazotzen kaltegabeko. Gaur egun erabiltzen diren antioxidatzaileen artean, sulfitotzat ezagun ditugun anhidrido sulfurosozko gatzak (E-220 – E-224) erabiltzen dira, muga zehatz batekin: 150 zati milioiko edo, bestela esateko, miligramo bakarra kiloko.

Azterketek jakinarazi dutenez, zazpi fabrikatzaileetako bakar batek ez du azido borikorik baliatu otarrainsken antioxidatzaile bezala. Denek ere anhidrido sulfurosozko gatzak darabiltzate, legeak onarturiko gehieneko kopuruen azpitik, beti ere. Antártida, Barandica eta Krustasur laginetako dosia handiagoa izan zen (108 – 130 zati milioiko) gainerakoetan baino (45 – 73 zati milioiko).

Produktuaren freskotasunaz ari garela, amina biogenoen (histamina ezaguna, besteak beste) sorburua aminoazidoen bakterioen bidezko endekapenean datzanez, amina horiek kopuru handitan agertzeak otarrainskaren freskura nahi genukeen bezain hutsa ez dela adieraz liezagukete. Itsaski zenbait kontsumitu ondoren, pertsona batzuek erreakzio alergikoak edo toxikazioak nozitzen dituzte: amina biogenoen (histaminak, bereziki) multzo handiak agertzea eta pertsona sentiberek erreakzio alergikoak nozitzea lotu izan da.

Laborategiko teknikoek ez zituzten aurkitu amina biogeno (oro har) gehiegi, ezta histamina (bereziki) larregi ere, azterturiko zazpi laginetatik bakar batean ere. Horrenbestez, elikagai horien freskotasun-maila egokitzat jo dezakegu.

Kontsumitzeko egokiak

Prozesatzeko lantokira garraiatzen den bitartean, otarrainskaren azaleko mikroorganismoak, harrapatu zen itsas uretan krustazeoak zeuzkan berberak izango dira baina, horiez gainera, arrantzontzian harrapatuko zituzkeenak ere eduki litzake gainean.

Giroko eta uretako tenperatura hotza baldin bada, krustazeoak kutsatzeko arriskua ez da ur tropikaletan harrapatzen direnean bezain larria, eskualde hauek epelagoak direlako beti. Elikagaiak ultraizozteak, gogora dezagun, mikroorganismoen jarduera geldiarazi egiten du baina izakiak ez ditu hiltzen. Izozte hori burutzeko azkartasunak zuzeneko eragina izango du azken produktuaren kalitate mikrobiologikoan. Era berean, otarrainskak desizoztu ondoren, bakterioen ugalketa berriro ere hasiko denez, denbora-tarte laburrean kontsumitu behar dira itsaskiok. Azterketa mikrobiologikoak frogatu zuenez, laginen egoera mikrobiologikoa zuzena zen eta, horrenbestez, kontsumitzeko egokiak dira otarrainskak.

Salmonellarik agertzen ote zen ere ikertu zuten teknikoek eta, era berean, guztirako enterobakterioak eta aerobio mesofiloak zenbatu egin ziren. Patogeno ezaguna da salmonella baina, guztirako enterobakterio ugari agertzeak, prozesuan zehar produktua gaizki maneiatu dela edo hotz-katean etenik gertatu dela adierazten du; aerobio mesofilo ugari azaltzeak, berriz, produktuaren kutsadura orokorra adieraziko luke. Oraingo azterketan, otarrainsketan ez zen salmonellarik, ezta enterobakteriorik atzeman eta aerobio mesofiloak zenbatzean, aplikatu beharreko arauteriak xedatzen dituen mugen barnean zeuden kopuruak.

Etiketa: zuzen bai, baina…

Indarrean dagoen legeriaren arabera, etiketek erakutsi behar duten informazioa lagin guztietan agertzen da, Barandica laginean izan ezik: honek, izan ere, nahitaez adierazi behar diren hainbat datu ez ditu ematen, hala nola fabrikatzailearen edo inportatzailearen helbidea, edo “Mantendu produktua -18º C-tan” edota “Desizoztuz gero, ez jelatu berriro”. Krustasur laginak kontsumitzailearen nahasketa sortarazten du, bi tamaina batera adierazten baititu ontzi berean: handia (33-40) eta ertaina (41/48). Antárdida lagineko otarrainsken kalibrea eta aleen kopurua, kutxaren hondoari atxikitako eranskin batean agertzen dira, hau da, kontsumitzaileak oso eskura ez duen tokian, hain zuzen.

Pescanova, Delfín, Compesca eta Antártida laginek produktua desizozteko edota prestatzeko jarraibideak ematen dituzte. Aurkezteko iradokizunak eskaintzen dituenez, Barandica laginak ez du adierazten otarrainskak desizozteko metodorik. Pescanova, Compesca eta Antártida laginek bakarrik agertzen dute nutrizioari buruzko informazioa. Aditiboen adierazpenari goazkiola, gehientsuenek ematen dute erantsitako antioxidatzaileen berri, “antioxidatzaile” (espainolez) hitzaren ondotik europar kodea adierazita. Barandica laginak, ordea, “Aditiboak: Bacterol M.C.” baizik ez du gaztigatzen, hau da, berak erabilitako antioxidatzailearen izen komertziala, seguruenik (anhidrido sulfurosoa, azterketak egiaztatu zuenez): jokaera hori ez da arauaren araberakoa.

Egun, honelako produktuetan eragina izango lukeen eta, ondorioz, gaur egun aukerazkoa baizik ez duten informazioa jartzera fabrikatzaileak behartuko lituzkeen Errege Dekretuaren proiektua taxutzeko lanean ari da espainiar Estatuko Administrazioa. Berebiziko garrantzia dute izen komertzialarekin batera produktuaren izen zientifikoa ezartzeak (horrela, otarrainska-mota desberdinak bereizteko aukera izango luke kontsumitzaileak: zuria, tigrea, bolikoa, australa, etc.), arraintokia, produkzio-metodoa (arrantza ala akuikultura) eta izozketa itsasoan ala lehorrean gauzatu den adierazteak.

Dastaketan ere, alde handiak

Tenperatura eta gatz-puntu berdintsuan, uretan egositako otarrainskak ikusi eta dastatu ondoren, azterturiko zazpi laginen itxura, usain, zapore eta ukitua balioztatu zituzten dastatzaileek eta osoko balioztapena atera zuten, azkenean. Itxuraz ari garela, baloraziorik hoberenak Antártida, Barandica eta Krustasur laginek jaso zituzten bitartean, beste muturrean Compesca markakoak geratu ziren. Usainari dagokionez, Antártida, Barandica, Krustasur eta Elmar atsegin gertatu ziren, mahaikideen zaletasunentzat. Zaporeaz, bi multzo egin zituzten dastatzaileek: batean, puntuazio altuak jaso zituzten laginek osatua (Krustasur, Barandica, Antártida, Elmar eta Pescanova, alegia). Eta bestean, Compesca eta Delfín kide zirela: bi hauek, zaporearen atalean, bederen, dezente motelago agertu ziren. Ukituaren alorrean ere, atseginenak Antártida, Krustasur, Barandica eta Pescanova marketako laginak izan ziren.

Lagin bakoitzaren osoko kalifikazioan, hona hemen onenen sailkapena: Antártida, Barandica eta Krustasur (denak ere 7 punturen gainetik). Pescanova eta Elmar laginek ere balioztapen politak lortu zituzten, 6 punturen bueltan. Compesca eta Delfín suspentso bana eraman zuten, 4,4 eta 3,5 puntu baizik ez zuten erdietsi. Dastatzaileei, zein lagin izan zitzaien atseginena ere galdetu zitzaien: aipatuenak Krustasur (epaileen %30) eta Barandica (%29) izan ziren. Antártida eta Pescanova laginek mahaikideen %19k eta %14k izan zuten gogokoena. Compesca, Elmar eta Delfín markakoek, azkenik, atxikimenduen %3 baizik ez zuten eskuratu.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Otarrainska izoztuak aztertu dira oraingoan: zazpi laginetako sei, 800 gramoko ontzian merkaturatzen dira eta bestea 400 gramokoan. Merkeenak, kiloko 2.500 pezetaren azpitik, Delfín, Elmar eta Compesca dira; garestienak, Pescanova (3.575 pezeta kiloko). Antártida markakoak ere garesti dira, baina ez horrenbeste: 3.225 pezetan daude, kiloko. Barandica laginekoek moduko prezioa dute (2.656 pezeta kiloko) eta Krustasur, azkenik, 3.113 pezeta kostatzen delarik kiloko, garestietatik gertuago merkeetatik baino.
  • Nutrizioaren ikuspegitik, otarrainskak ekarpen energetiko apaleko eta eduki proteiko nabarmenekoak dira, gantz intsaturatu eta saturatuen arteko proportzio egokian dabiltza eta mineral-ekarpen polita eragiten dute.
  • Daukateneragozpen bakarra: garrantzi handikoa baina, kolesterol-eduki handia da: 200 miligramo 100 gramoko, hau da, hestekienaren (urdaiazpikoa, txorizoa, etab.) eta haragienaren (txahalkia, txerrikia, oilaskoa, etab.) bi eta hiru halako.
  • Laborategiko probak egin ondoren gehien nabarmendu diren ondorioak jarraiko hauek dira: otarrainska izoztu guztiak egoera sanitario egokian zeuden;
  • pisuari dagokionez, legeak onartutako mugatik haratago ez doaz fabrikatzaileak; marka batetik bestera alde handiak hautematen dira aleen kalibrean.
  • baimendutako aditiboak den-denek ezartzen dituzte, legeriak onarturiko kopuruan.
  • Azkenean, Barandica laginaren etiketak akats larriak zituen agerian: fabrikatzaileari buruzko informaziorik eza, esate baterako.
  • Dastaketan (otarrainskak ur gazian egosi ziren) hoberenak Antártida, Barandica eta Krustasur izan ziren, gainerako guztien aurretik.
  • Beste muturrean, berriz, suspentsoa erdietsi zuten (zapore gexal edo txarra zutelako, edota itxura akastuna izatearren) Compesca eta Delfín laginek. Emaitza guztiak erkatutakoan, Krustasur (3.113 pezeta kiloko, prezio ertain-altua) laginak erakutsi zuen azterketa honetako denetan kalitate-prezio erlaziorik egokiena.

Banan-banan

Otarrainska izoztuen zazpi laginak, banan-banan

Krustasur

  • 3.113 pezeta kiloko. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Otarrainska handiak (48 ale kiloko). Aditibo antioxidatzaile gehien dauzkatenak (130 zati milioiko), legeak onartutakoaren azpitik, dena den. Egoera mikrobiologiko zuzena. Etiketa, hobetzeko modukoa: kalibre handia eta ertaina adierazten ditu. Dastaketan, 7,3 puntu: kolore egokia, itxura atsegin eta erakargarria. Tamaina polita, handia. Usain naturala. Zapore atsegina, goxoa, freskoa. Ukituari dagokionez, iritziak ez datoz bat (trinkoa, haragitsu-gogorra, gomatsua).

Antártida

  • 3.225 pezeta kiloko, bigarren garestienak. Legez, ontzi bakarrari onartzen zaion gehieneko okerraren mugan dabil (egiazko pisua 376 gramo den bitartean, laginaren etiketak 400 gramo adierazten du). Tamainaz, handienetakoak: 51 ale kiloko. Etiketa, hobetzeko modukoa. Dastaketan hoberena, 7,6 punturekin: kolore ona, naturala. Tamaina handia, zuzena. Itxura ona, erakargarria. Usain atsegina. Ukitu zuzen, trinkoa. Zaporeari dagokionez, iritziak ez datoz bat: suabea/geza.

Barandica

  • 2.656 pezeta kiloko. Erantsitako aditibo antioxidatzaileetan bigarrenak, legeak onarturiko gehieneko mugara iristen ez badira ere. Etiketa, oker: fabrikatzailearen helbidea eta elikagai ultra-izoztuetan derrigorrez adierazi beharrezko aipamen batzuk ez ditu jarri. Dastaketan, bigarren hoberena, 7,4 punturekin: itxura ona, naturala. Tamaina handia, zuzena. Usain suabea, zuzen, naturala. Ukitu zuzena, trinkoa. Zapore atsegina, naturala. Koloreari dagokionez, iritziak ez datoz bat: sakona/gorriegia, artifiziala; beste horrenbeste, ukituari dagokiola: trinkoa, ez oso trinkoa.

Pescanova

  • 3.575 pezeta kiloko, garestienak Krustasur laginarekin batera, otarrainska handienak: 49 ale kiloko. Aditibo antioxidatzaile gutxi (48 zati milioiko). Dastaketan, 6,2 puntu: tamaina, ona. Ukitua, zuzena eta trinkoa. Iritziak ez datoz bat itxurari (zuzen/hitsegia, zurbila, erakargarritasunik gabea), usainari (ona/motelegia) eta zaporeari (naturala/motela, ez oso atsegina) dagokienez.

Elmar

  • 2.356 pezeta kiloko, bigarren merkeenak. Otarrainska txikienak dira hauek: kiloan 69 ale sartzen dira. Aditibo antioxidatzaile gutxi (63 zati milioiko). Dastaketan, 6 puntu: ukitu trinkoa, zuzena. Iritziak ez datoz bat itxurari (arrosa kolorekoa, atsegina/zurixka, erakargarritasunik gabea), usainari (sakona, motela, ez da oso atsegina) zaporeari (naturala/motela, ez da oso atsegina) eta zaporeari (ona/ geza) dagokienez.

Compesca

  • 2.438 pezeta kiloko, merkeak. Otarrainska txikiak: kiloan 64 ale sartzen dira. Aditibo antioxidatzaile gutxien daukatenak (45 zati milioiko). Dastaketan, 4,4 puntu baino ez: kolore hitsa, horista, ez oso freskoa. Itxura atsekabea. Zaporea, ez oso atsegina, motela, geza, gexala. Iritziak ez datoz bat usainari (ona/motela) eta ukituari (trinkoa/ez oso trinkoa) dagokienez.

Delfín

  • 2.320 pezeta kiloko, merkeenak. Txikiak dira (64 ale kiloko). Dastaketan, okerrenak: 3,5 puntu. Itxura txarra, kolore hitsa, ez du erakargarritasunik. Ukitu belaxka, ez oso trinkoa. Zapore txarra, geza. Usainari dagokionez, iritziak ez datoz bat (ona, sakona/txarra, geza).