125 gimnasio aztertu ditugu Estatuko 18 hiriburutan

Oraindik ere gabeziak dauzkate arreta-zerbitzuan eta kirol eta medikuntza arloetako aholkularitzan

Alde nabarmenak antzeman ditugu: gimnasioen % 14k ez dute gainditu azterketa, eta hirutik batek, berriz, emaitza 'oso ona' edo 'bikaina' lortu du
1 azaroa de 2011
Img tema listado 186

Oraindik ere gabeziak dauzkate arreta-zerbitzuan eta kirol eta medikuntza arloetako aholkularitzan

/imgs/20111101/tema1.jpg
“Mens sana in corpore sano”. Aspaldiko esaera da horrako hori, baina ez da zaharkitua geratu. Gimnasioetan mugitzen den jende kopuruari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: bederatzi milioi lagun baino gehiago dira ohiko erabiltzaileak. Bilakaera handia izan dute zentro horiek azken urteetan. Garai batean, lokal txikiak ziren, kirol-jarduera oinarrizkoak egiteko lekuak, baina egun, zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, askok, gainera, frankizia gisara, eta horrek ere izango du zerikusia hainbeste jende erakartzeko. Gimnasio horiek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea aztertu du EROSKI CONSUMERek. Aldizkari honetako teknikariek, ohiko erabiltzaileak balira bezala, hainbat gimnasio bisitatu dituzte irailean: 12 Madrilen eta Bartzelonan; 8 Bilbon, Valentzian, Sevillan, Murtzian, Zaragozan eta Malagan; 6 Alacanten, Kordoban eta Valladoliden; eta 5 A Coruñan, Granadan, Logroñon, Oviedon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen. Gimnasio horien guztien tarifak eta ordutegiak aztertu dituzte teknikariek, instalazioak zer egoeratan dauden begiratu dute, zer ekipamendu eta zerbitzu eskaintzen dituzten, zer segurtasun-neurri dauzkaten, zer-nolako irispideak, bezeroari nolako arreta- eta aholkularitza-zerbitzuak ematen dizkioten, eta horren barrenean, ea mediku-azterketarik egiten dioten hasieran edo haren egoera fisikoaz arduratzen diren.

Aurten aztertu ditugun gimnasioek, batez beste, emaitza ‘ona’ atera dute orokorrean (2008an, maila ‘onargarria’ bano ez zuten lortu), nahiz eta % 14k ez duten gainditu azterketa (proportzio bera izan zen duela hiru urte ere). Ez da hori izan, ordea, daturik deigarriena: emaitza ‘bikaina’ edo ‘oso ona’ lortu duten gimnasioak % 30 izan dira, eta emaitza ‘ona’ erdietsi dutenak, berriz, % 26 izatetik % 35 izatera pasatu dira hiru urtean, eta maila ‘onargarrian’ geratu direnak, % 31tik % 21era. Dena den, bilakaera on hori gorabehera, badira gabeziak ere, eta erabiltzaileari eskaintzen dioten arretan antzeman ditugu handienak, eta kezkagarria da hori, 2008. urteko urtarrilean egin genuen azterketak ere horixe bera erakutsi baitzuen. Arreta-zerbitzu horretan sartzen dira, adibidez, zer-nolako informazioa ematen den, egoera fisikoaren jarraipen eta kontrol pertsonalizatua egiten duen edo ez profesional batek, edo bezeroaren osasunaz eta jarduera fisikoaz arduratzen diren edo ez. Atal garrantzitsua izanik ere, gimnasioen % 42k ez dute gainditu. Instalazioen egoera eta oinarrizko zerbitzuak ‘oso onak’ eta ‘onak’ izan dira, hurrenez hurren. 2008an, batekoz bestera gertatu zen: zerbitzuek lortu zuten emaitza ‘oso ona’ eta instalazioen mantentze- eta zainketa-lanek ‘ona’.

Azkenik, diru-kontuei ere erreparatu diete. Gimnasio batzuek (lautik hiruk, hain zuzen), hileroko kuotaz gain, matrikula bat kobratzen dute izena emateagatik. Matrikula hori, batez beste, 65 eurokoa, baina ez da berdin ordaintzen gimnasioak ur-eremua eduki edo ez: halakorik ez badu, matrikula hori 48 eurokoa da, batez beste, eta ur-eremua baldin badu badu, 83 eurokoa.

Bezeroarentzako arreta-zerbitzua, pattal

/imgs/20111101/tema2.jpg
Ariketa fisikoa egitea onuragarria da osasunarentzat, baina kaltegarria ere izan daiteke inolako kontrolik gabe edo osasun-egoera desegokian egiten denean. Ezinbestekoa da zentro horiek lehentasuna eman diezaiotela bezeroen osasuna zaintzeari eta profesional prestatuak eduki ditzatela gidari-lanak egiteko. Arreta berezia jarri behar zaie, adibidez, lesio fisikoak dituztenei, erretzaileei, bihotzeko eritasunen bat dutenei, kolesterola daukatenei edo familian kardiopatia-kasuak dituztenei. Baina ez da hala gertatzen, EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez; gimnasioetan ez da zaintzen alderdi hori. Guk aztertu ditugun hamar gimnasiotatik bitan soilik adierazi dute bezeroari mediku-azterketa egiten diotela hasieran, zer egoera fisikotan dagoen jakiteko (2008an, % 14k egiten zuten). Azterketa hori egiten duten gimnasioen erdietan, aski osatua izaten da: osasun-azterketa, hezur-masaren azterketa, arteria-presioa, esfortzu-proba… egiten dituzte. Gainerakoetan, ordea, pisua eta neurria hartzera mugatzen dira, bihotz-taupadak neurtzera edo norberaren ezaugarri fisikoei buruzko galdetegi bat betearaztera. Atal honi erreparatuta, honako hiri hauetako gimnasioak izan dira profesionalenak: Gasteiz, Bartzelona, Madril, Valentzia eta Valladolid; kaskarrenak, aldiz, Bilbon, Kordoban, Iruñean, A Coruñan, Murtzian eta Logroñon aurkitu ditugu (hiri horietako gimnasio bakar batek ere ez du egiten azterketa garrantzitsu hori).

Mediku-kontsulta edo -zerbitzua daukaten zentroetan ere badira gabeziak atal horretan: % 27tan soilik galdetu diete teknikariei zer-nolako osasun-egoera daukaten eta zer bizimodu egiten duten (sendagairik hartzen duten, zenbat ariketa fisiko egiten duten, erretzaileak diren…). Ez dute era horretako galderarik egin honako hiri hauetako gimnasio bakar batean ere: Bartzelona, Bilbo, Murtzia, Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Gasteiz, Alacant eta Logroño. Sevillan, aldiz, ia gehienek agertu dute interesa, Madrilen lautatik hiruk, eta Valentzian eta Donostian, erdiek baino gehiagok.

Begirale tituludunak

/imgs/20111101/tema3.jpg
Kirola egiten hasteko, begirale profesional baten aholkuak behar izaten dira, eta hark prestatzen dituen ariketa- eta jarduera-taulei jarraitu behar zaie. Horretarako, jakina, zerbitzu hori eskaini egin behar dute gimnasioek, eta guk aztertu ditugunetatik, 15ek ez dute eduki halakorik (Granadan, bostetik hirutan falta izan da, eta Donostian, bitan). Gainera, gimnasioen % 14tan ez da egon begirale bat areto guztietan, erabiltzaileak ongi ari ziren kontrolatzeko (Iruñekoak, Valentziakoak, Gasteizkoak eta Bartzelonakoak ibili dira okerren).

Begiraleen lanak berebiziko garrantzia du, eta, horregatik, dagokien tituluaren jabe izan behar dute. Gimnasioen % 45etan adierazi digutenez, tituludunak dira begiraleak, baina hirutik batean ez dute argibiderik eman nahi izan teknikariek galdera egin dietenean. Gainerako gimnasioetan (% 22), erantzun anbiguoa edo nahasia eman dute, eta ez da argi geratu zer titulazio daukaten langileek. Emaitzarik txarrena honako hiri hauetako gimnasioek atera dute atal honetan: Murtzia, Oviedo, Logroño, Iruñea, Bartzelona, Zaragoza, Madril eta Kordoba; erantzunik onenak, berriz (zehatzak eta egokiak), Valentzian, Malagan, Sevillan, A Coruñan, Donostian eta Granadan eman dizkigute. Arrazoi hori dela medio, zenbait gimnasiotan (% 17tan) eman diguten tratua ezin da egokitzat jo. Traturik onena eta informaziorik osatuena Bilbo, Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Oviedo eta Donostiako gimnasioetan jaso dugu, eta kaskarrena, Gasteizkoetan eta Logroñokoetan: bi hiri horietako bakoitzean aztertu ditugun bost gimnasioetatik hirutan, tratu eta azalpen eskasak eman dizkigute.

Gimnasioen % 45ak esan digute begirale tituludunak dituztela

Aipatzekoa da, halaber, jacuzzia eduki duten gimnasioen % 41etan ez dutela ohartarazten zer arrisku eduki ditzakeen zenbait eritasun dauzkatenentzat (arteria-tentsioa, kardiopatia larria, zirkulazio-arazoak…) edo haurdun dauden emakumeentzat. UVA izpiak eskaintzen dituzten hiru gimnasiotatik batean, berriz, ez dute eman arriskuen berri, eta nola erabiltzea komeni den ere ez dute adierazi. Kasu horretan, honako hiri hauek nabarmendu dira txarrerako: Alacant, Sevilla, Logroño eta, berriro ere, Valladolid.

Matrikula eta hileroko kuota

/imgs/20111101/tema4.jpg
Gimnasioen ezaugarrien eta eskaintzen dituzten zerbitzuen araberakoak izaten dira tarifak, baina hiriak ere badu eragina. Ia lau gimnasiotatik hirutan, matrikula ordainarazten dute izena emandakoan (antzeko proportzioa zen 2008an), baina teknikariak bisitan joandakoan (irailean), matrikula kobratzen duten gimnasioen % 17k ez diete eskatu, eta % 20k beherapenen bat eskaini diete. Ur-eremua edo SPA delakoa daukaten gimnasioetan (igerilekua, sauna edo jacuzzia), 83 euro kostatzen da, batez beste, matrikula (90 euro balio zuen 2008an), baina alde handiak daude hiritik hirira. Gimnasiorik garestienak Gasteizkoak eta Bilbokoak izan dira arlo horretan (batez beste, 135 euro balio izan du matrikulak horietan), eta merkeenak, berriz, Kordoban eta Valladoliden (35 euro, batez beste). SPArik ez duten gimnasioetan, berriz, 48 euro kostatzen da, batez beste, matrikula (2008an, 44 euro). Kasu horretan, aldeak ez dira hain nabarmenak hiritik hirira: 60-70 euro balio du, batez beste, Gasteizen, Zaragozan, Donostian eta Valentzian, eta 20-30 euro Granadan eta Murtzian. Hileroko kuota, berriz, 56 eurokoa da batez beste, baina, berriz ere, ez da berdin ordaintzen gimnasioak ur-eremua eduki edo ez: halako zerbitzuren bat eskaintzen dutenetan, 63 euroraino igotzen da kuota. Gimnasiorik garestiena Madrilen aurkitu dugu (125 euro hilean), eta Bilbon ere bada oso urruti ez dabilen beste bat (115 euro hilean). Merkeenak, berriz, Valladolideko bat (33 euro hilean), Kordobako bat (35 euro) eta Bartzelonako beste bat (37 euro) izan dira. Beraz, hiri berean dauden gimnasioen prezioak alderatzea komeni da, zeren diru dezente aurreztu baitaiteke zenbait lekutan: Madrilen, adibidez, 89 euro hilean; Bilbon, 50 euro; eta Valentzian, Bartzelonan eta Zaragozan, 40 euro. SPArik ez duten gimnasioetan, 53 eurokoa da, batez beste, hileroko kuota. Kasu horretan ere, hiri bereko gimnasioen prezioak alderatzea komeni da inon izena eman aurretik: Valentzian, esaterako, hilean 125 euroko aldea dago garestienaren eta merkeenaren aldean, eta Madrilen, 65 eurokoa; gainerako hiriburuetan askoz txikiagoak dira aldeak, 10 eta 30 euro artekoak, baina urtearen buruan, diru asko da hori ere.

Ia lau gimnasiotatik hirutan matrikula ordainarazten dute izena emandakoan

EROSKI CONSUMERek 20 gimnasiorik garestienak eta 20 merkeenak hartu, eta kalitate-prezioen artean zer harreman dagoen aztertu du. Alde batzuk antzeman ditugu, baina ez dira izan oso aipagarriak: 20 garestienek (batez beste, 90 euro kobratzen dute hilean) 7,2 puntu atera dituzte batez beste, eta 20 merkeenek (36 euro kobratzen dituzte hilean), 6,3 puntu. Baina merkeenen artean badira 7,5 puntu baino gehiago atera dituztenak ere (Kordobako bat, Valladolideko bat eta Alacanteko beste bat); hau da, kalitate-prezio oso onak dituzten gimnasioak dira hiru horiek. Garestienetako bi, aldiz, ez dira iritsi azterketa gainditzera ere; hau da, kalitate-prezio oso txarrak dauzkate (garestiak dira, eta ez dute gainditu kalitate-azterketa). Dena den, garestienetako 2k emaitza ‘bikaina’ lortu dute, eta beste 12k ‘oso ona’.

Tarifak eta ordutegi-aukera ugari

Denbora behar da gimnasiora joateko, eta beti ez da izaten. Horregatik, zenbait zentrok tarifa merkatuak eskaintzen dituzte ordutegiaren arabera: % 44k prezioa beheratzen diete bezeroei goizez soilik joaten badira. Jokabide ohikoa da hori Bartzelonan, Granadan, Sevillan eta Malagan (lau gimnasiotatik hiruk baino gehiagok eskaintzen dute), eta, aldiz, ez da batere ohikoa Murtzian, Oviedon eta Donostian (gimnasio bakarrak ere ez eskaintzen). Hileko kuota, batez beste, 45 euroan geratzen da merkatuta. Gimnasioa arratsaldez soilik erabiltzeko aukera are murritzagoa da (% 14k soilik eskaintzen dute), eta hileko kuota 58 euroan ateratzen da, batez besteko kuota orokorra (65 euro) baino zertxobait gutxiago. Bestelako beherapen edo eskaintza batzuk era aurkeztu zizkieten teknikariei: % 10 eta % 20 artean merkatzen dute kuota hilabete batzuetako dirua aurreratuz gero, edo urte osokoa. Oso ohikoa da hori Murtzian (erdiek eskaintzen dute), Malagan, Alacanten eta Madrilen (% 40-45ek ematen dute aukera hori); lau gimnasiotatik batean baino gehiagotan, beherapena egiten diete 60 urtetik gorakoei, 15etik beherakoei edo familia bereko kide bat baino gehiagok izena ematen badute; eta badira ikasleentzat kuota merkeagoak dituztenak ere (% 7).

Gimnasiorik gehienak, astegunetan ez ezik, asteburuetan ere zabalik egoten dira: hamarretik zazpi irekitzen dituzte asteburuan, nahiz eta horietako asko itxi egiten dituzten larunbat edo igande arratsaldean); % 15 soilik egoten dira itxita larunbat eta igandeetan, eta beste hainbeste, larunbatetan baino ez dituzte zabaltzen. Adibidez, Kordobako guztiak eta Bartzelonako lautik hiru irekita egoten dira larunbat arratsaldeetan, eta Zaragozan eta Logroñon, aldiz, bat bera ere ez dute irekitzen. Igandeetan, berriz, goiz eta arratsalde irekita egoten dira Bartzelonako gimnasioen erdiak.

Astegunetan, batez beste, 15 orduz egoten dira zabalik gimnasioak (halaxe zen 2008an ere), eta 8 orduz larunbat eta igandeetan (2008an, 7 orduz). Bartzelonako gimnasioek eskaintzen dute erraztasun gehien (astegunetan, 16 ordu edukitzen dituzte irekita, eta 10 larunbat eta igandeetan), eta Madrilen, Granadan eta Valentzian ere aski ordutegi zabalak dituzte. Ordu gutxien, berriz, Oviedokoek eta Logroñokoek egiten dituzte zabalik (lanegunetan, 13 ordu, batez beste, asteburuetan, eta 5 ordu).

Ongi hautatzeko, zer ezaugarri dituzten aztertu

Zenbaitetan, askorik pentsatu gabe erabakitzen du jendeak gimnasio batean izena ematea: oporren ostean, urtea ongi hasteko modu gisa… Baina aukera hori ere ez da nolanahi egitekoa: lasai hartu behar da kontua, eta ongi aztertu zenbait alderdi:

Kokapena

  • Tokia: ez da alderdirik garrantzitsuena gimnasio bat edo bestea hautatzeko orduan, baina norbera ibiltzen den lekuetatik gertu samar egotea komeni da. Bestela, urruti geratzen bazaigu, aitzakia hori tarteko dela, errazago utziko diogu joateari.
  • Ordutegiak: garrantzitsua da jakitea zer ordutegi daukaten, norberak egin nahi dituen jarduerak egin ditzakeen edo ez erabakitzeko. Jaiegunetan, udako oporretan, eta abarretan ixten duten edo ez jakitea ere komeni da.

Jarduerak, zerbitzuak eta eta tarifak

  • Kontratua: sinatu aurretik ongi irakurri behar da kontratua (letra txikia ere bai), zer-nolako konpromisoak hartuko ditugun jakiteko: adibidez, ordainketa nola egingo den (kuota helbideratzera behartzen dute batzuek), zer gertatuko den aldi batez gimnasioa uzten badugu, eta abar.
  • Instalazioak, materiala eta jarduerak: egiaztatu egin behar da norberak nahi dituen jarduerak edo ikastaroak eskaintzen dituztela. Gainera, aski material baden edo ez ere ikusi behar da (makina bat baino gehiago ariketa bakoitza egiteko), kalitatezkoak diren, erabiltzeko moduan dauden (matxurarik gabe) eta ongi ordenatuta. Halaber, garrantzitsua da ikustea ea instalazioak behar bezain handiak diren eta ongi argiztatuak dauden.
  • Mediku-azterketa: ezinbestekoa da gimnasioek arretaz zaindu dezatela erabiltzailearen osasuna. Horregatik, hobe da mediku-azterketa osatua egiten duen gimnasio bat hautatzea.
  • Kostua: tarifei ere erreparatu behar zaie, nola ez, eta beste gimnasio batzuetakoekin alderatu behar dira. Hileko kuotaren barrenean zer zerbitzu eta jarduera sartzen diren aztertu behar da.

Garbitasuna eta higienea

  • Garbiketa- eta zaintze-lanak: horixe da alderdirik garrantzitsuenetakoa gimnasio bat edo bestea hautatzeko orduan, guztiek bete behar dituzte-eta higiene-arau batzuk. Aldagelek, komunek eta instalazioek ongi zainduta eta garbi egon behar dute, arrisku oro saihesteko moduan.
  • Aireztapena: aireztatze-sistema egokiak eduki behar dituzte gimnasioek, giroa ez dadin oso pisu bihurtu eta usain txarrak eta tenperatura handiegiak saihestu ahal izateko.

Langile prestatuak

  • Titulua: makina-geletako jarduera zaintzea, ikastaroak gidatzea, zalantzak argitzea eta aholkuak ematea da langileen zeregina. Haren lana oso garrantzitsua da, eta, beraz, dagokion titulua eduki behar du: heziketa fisikoko lizentziaduna izan behar du, jarduera fisikoen goi-mailako teknikaria, kirol-prestatzailean titulu homologatu eta ofiziala eduki behar du…
  • Bisita: komeni izaten da instalazioak nork bere begiz ikustea. Langileei esan diezaiekegu bisita gidatu bat egin nahi dugula eta areto guztiak ikusi nahi ditugula; hori egin ondoren, argiago edukiko dugu zer gimnasio hautatu.

Instalazioak, 'sasoi onean'

/imgs/20111101/tema5.jpg
Instalazioak oso egoera onean egon dira ia gimnasio gehienetan. Hiru soilik geratu dira azterketa gainditu ezinik, antzeman dizkiegun gabeziak direla eta. Bilboko, Granadako, Donostiako eta Zaragozako gimnasioak nabarmendu dira onerako (emaitza ‘bikaina’ lortu dute). Gainerako hiriek ere pozik egoteko moduko emaitza izan dute (‘oso ona’). Murtziako gimnasio batean soilik egon dira ariketa-gela kolektiboak zikin eta gaizki zainduta. Gimnasio gehienek, esaterako (% 95 ingurutan), zoru oholeztatua eduki dute eta ispiluak ere bai; lautik batean, ordea, bankuak eta arropa esekitzekoak falta izan dira. Gimnasioen erdietan baino gehiagotan (% 53tan, hain zuzen), iturririk ez dugu ikusi ez aretoetan, ez aldageletan ere.

Makinen egoera ere oso aintzat hartzekoa da, hori ere kalitatearen adierazgarri izaten da eta. Bi gimnasiotan soilik antzeman dugu min hartzeko arriskua makinen ertzak jota (13 izan ziren 2008. urtean), Murtziako batean eta Alacanteko beste batean, hain zuzen. Aztertu ditugun gimnasiorik gehienetan, materiala oso ongi ordenatuta egon da, eta % 4tan soilik egokitu zaigu makina hondatu edo oso zaharturen bat. Aldagelak ere egokiak izan dira, oro har: gimnasioen % 91k aldagela handiak eduki dituzte, banakako dutxak ere bai behar adina, eta uraren tenperatura erregulatzekoa. Eta zoru ez-irristakorra egon da gehien-gehienetan. Era berean, aldagelen % 92k armairuak eduki dituzte (Gasteizkoak, Logroñokoak eta Alacantekoak ibili dira eskasen). Garbitasunaren atala ere ongi zaindua egon da (% 3tan soilik antzeman ditugu gabeziak arlo horretan): % 98k dauzkate paperontziak eta % 73k ile-lehorgailuak ere bai erabiltzaileentzat. Komuneko papera eta ispiluak, berriz, aldagela guzti-guztietan ikusi ditugu.

Gimnasio pribatu gehienak, ongi prestatuta daude gurpil-aulkian doazen pertsonentzat

Gimnasioek zer-nolako irisgarritasuna duten ere aztertu dugu. Teknikariek berariaz galdetu dute ea gurpil-aulkian dabilen norbaitek izena eman dezakeen, eta baiezkoa erantzun dute % 60k (2008an, % 40k onartzen zituzten); Logroñon, hala ere, ezezkoa erantzun dute gimnasio guztiek. Segurtasun-neurriei dagokienez, % 78k kopuru egokian eduki dituzte su-itzalgailuak, eta behar bezala banatuta, gainera (2008koa baino hobea da datua, orduan % 60 izan baitziren). Dena ez da hain ona, ordea: % 42k ez dute eduki larrialdiko irteerarik (2008an % 63koa zen portzentajea), eta eduki dituztenetan, seinale bidez adierazi gabea egon da % 3tan edo oztoporen batek eragotzi egin du atea erabiltzea. Gainera, hiru gimnasiotatik bitan, ez dugu kartelik ikusi, larrialdi egoeretan erabiltzaileek nola jokatu behar duten adierazten duenik.

Nola egin ariketa modu osasungarrian
  1. Pertsona bat kirola egitera motibatzeko, beste norbaitekin kirola egitea da modurik onena.
  2. Lehen egunetan 10 edo 15 minutuko saioak eginez hasi behar da, eta asteak pasatu ahala, poliki-poliki saio luzexeagoak egin daitezke. Hasi eta jarraitu, horixe egin behar da helburuak iristeko. Atseden hartzen ere jakin behar du: kontua ez da egunero-egunero ariketa fisikoa egitea.
  3. Hasi aurretik, beroketa- eta luzatze-ariketak egin behar dira, eta berdin bukatzean ere. Saioak ez dira bat-batean eten behar: erritmoa apalduz joan behar da, erabat gelditu arte. Era horretan, saihestu egingo ditugu lesioak eta giharretako minak.
  4. Sekula ez da ibili behar norberaren gaitasun fisikoaren gainetik. Arnasa behar baino gehiago estutuz gero, erritmoa apaltzea izaten da onena; eta oso nekatuta eta deseroso egonez gero, ariketa egiteari uztea da onena.
  5. Arnasa egoki hartzea komeni da: sudurretik hartu, eta ahotik bota. Giharrak oxigenatu eta emaitza hobeak lortuko ditugu horrela.
  6. Ura oso ona da gorputzaren tenperatura erregulatzeko, lagundu egiten baitu izerdia egiten, eta hori, era berean, mesedegarria da kaloriak erre eta toxinak desagerrarazteko. Ariketa egiten den lekua hezea eta/edo beroa bada, ongi hidratatu behar da ariketa egiten hasi aurretik, ariketa egiten ari garela eta egin ondoren.
  7. Otordu arina egin behar da kirola egin aurretik (fruta freskoa eta berdurak jan litezke, adibidez). Ariketa fisikoari ekin baino ordu eta erdi edo bi ordu lehenago jan behar da. Dieta orekatua eta ariketa fisikoa konbinatzea funtsezkoa da osasun ona edukitzeko.
  8. Arropa egokia erabili behar da kirola egiteko: arina, izerdia eta gorputzaren beroa kanporatzen uzten duena eta mugitzeko modua ematen duena. Kolore argiko jantziak erabiltzea komeni da, zuntz naturalekin eginak (adibidez, kotoiarekin).

Nahi adina jarduera

Gimnasio asko daude, eta askotariko jarduerak eskaintzen dituzte batzuek eta besteek. Hori dela eta, ez da erraza gimnasio bat hautatzea. Kirol-zentro horiek gero eta handiagoak dira, eta zerbitzuz gero eta hornituagoak daude urtetik urtera. Horregatik, bakoitzak zer eskaintzen duen jakin behar da, eta norbere ezaugarriei ongien egokitzen zaiona aukeratu. Gehien eskaintzen dituzten jardueren artean, honako hauek daude: aerobik, step, fittness edo muskulazioa, Pilates, GAP (ipurmasailak, sabelaldea eta zangoak), mantentze-gimnasia eta spinning edo indoor txirrindularitza. Hamarretik zortzi gimnasiotan eskaintzen dituzte horiek guztiak. Oso ohikoak dira, halaber, dantza-jarduerak, arte martzialak eta yoga.

Erabiltzaile asko makinetan ariketak egitera joaten dira gimnasiora. Gimnasioen erdiek aukera oparoa eskaintzen dute, % 44tan behar adina ikusi ditugu eta % 6tan soilik ibili dira eskas antzean (Madrilen, Valentzian, Alacanten, Murtzian eta Iruñean, gimnasio banatan). Makinatik makinarako tartea zaintzea ere garrantzitsua da, bai erosotasunagatik eta bai segurtasunagatik ere. Elkarren gainean egonez gero, kolpeak har daitezke beste erabiltzaileekin edo makinekin. Arlo horretan, gabeziak antzeman ditugu aztertu ditugun gimnasioen % 6tan.

Taldeko kirolak egiteko joera ere aski hedatua dago erabiltzaileen artean, baina oso gimnasio gutxik dauzkate horretarako pistak: lautik batek, ozta-ozta. Bilbon, Iruñean, Donostian, Logroñon eta A Coruñan, esaterako, gimnasio bakar batek ere ez dauka halakorik. Taldeko kiroletan, squasha eta padela egiten ditu jenderik gehienak; tenisean, saskibaloian edo areto-futbolean aritzeko pistak are bakanagoak dira.