Herbon-Padrongo piperrak

Mina izango ote da?

1 iraila de 2011
Img en imagenes listado 215

Mina izango ote da?

Ameriketatik etorri, Galizian finkatu eta handik egin du mundurako jauzia ortuari horrek. Hauxe da Padrongo piperraren historia.

Frantziskotar baten abitupean

Mexikotik itzuli zelarik, San Antonio de Herbon frantziskotarren komentura iritsi zen misiolari hura, Capsicum piperraren haziak aldean zeramatzala. Padrongo udalerrian zegoen komentu hura, A Coruñan, eta hantxe landatu zituzten frantziskotarrek, Mundu Berria esaten zioten hartatik ekarritako beste zenbait ortuari, fruta exotiko eta gainerakoekin batera. Inguruko laborariek ere ikasi zuten nola egin, eta menderik mende, piperrautsa egiteko soilik ehotzen zen piper hura, inguru horietako gastronomiaren ikur nagusietakoa bihurtu da.

Belaunaldiz belaunaldi transmititu den lanbidea

Pementeiroak dira piperra landatzen duten familiak, eta betidanik omen datozen ohiturak bezala, arbasoengandik jaso dituzte lurrak eta jakinduria. Herbon-Padrongo inguruetan, mikroklima berezia daukate, eta horri esker, piper horiek ere guztiz berezi eta bakanak dira. Mikroklimak ez ezik, jakina, lan ongi eginak ere badu zerikusia horretan. Urte osoko zeregina da, izan ere. Hasteko, piperrik onenen haziak bildu eta lehortu egiten dituzte, eta urtea amaieran, hazitegiak egin eta lurra prestatzen dute. Urte berriarekin batera, berotegian landatzen dituzte, eta apirilean loratzen dira. Maiatzetik urri bukaera bitarte biltzen dute uzta. Handik aurrera, Herbongo Piperra Jatorri Izen Babestua edukiko dute. 2009. urtean lortu zuten izendapen hori, eta honako udalerri hauetan landatzen direnei soilik dagokie: Padron, Dodro, Rois, Pontecesures eta Valga.

Berdetan berde

Piper-biltzaileek mantal moduko bat izaten dute gerrian lotuta, eta harexekin egiten dute poltsa, piperrak biltzeko. Eguneko lehen orduetan hasi eta eguerdiko azken orduetan bukatzen dute. Zentzumenak zorroztuta ibili behar izaten da, ikusmena eta ukimena, gehienbat: alerik distiratsuenak eta egokienak hautatzen dituzte, bost zentimetro inguru dituztenak eta ongien trinkotuta daudenak, sekula ez kurruska egiten duten eta min-usain nabarmena daukatenak.

Gautu arteko lanaldi gogorra

Arratsalde erditsuan, biltegira iristen dira biltzaileak, eta hantxe izaten dute zain goizean egindako lanaren emaitza: kaxa piperrez beteak. Pazientzia bildu, eta hauta-lanean hasiko dira berriz ere: batzuk baztertu, gainerakoak banan-banan garbitu eta hosto- eta lore-hondarrak kenduko dizkiete. Lan hori eginda, ontziratu egingo dituzte, iluntzeko bederatziak inguruan beti. Piperren % 2 soilik izaten dira minak, baina mahaira iristen direnean, beti geratuko zaigu zalantzatxo bat: mina izango ote da?