Ardietatik artilea

Ilerik gabeeeee

1 ekaina de 2010
Img en imagenes listado 119

Ilerik gabeeeee

Neolitikoan hasi zen gizakia artilea ehun moduan erabiltzen, eta nazioartean sortu zen lehen erakundeetako bat ere, artilearen inguruan sortu zen: Artilearen Nazioarteko Idazkaritza (Londresen du egoitza, eta egun ere eusten dio bere funtzioari). Hirurehun urteko bidea egina da erakunde hori, eta horrexek uzten du agerian zenbateko garrantzia eduki duen zuntz natural hori eskuratzeko eta merkaturatzeko ahalmenak; bilakaera ekonomiko eta kulturalak sortzerainokoa, hain zuzen. Garai batean, ardiak mozteko lanak egin ondotik, artilea garbitu eta Flandesera bidaltzen zuten; han prezioa jarri eta ehungintza-lantegietara eramaten zuten. Egun, ez du egiten gisa horretako bidaiarik, baina egun ere nahitaezkoa da ardiak moztea: hil egin daitezke ilaje hori guztia kendu ezean. Merkatuan ere ez du lehengo pisurik, eta beste erabilera batzuk ematen hasi zaizkio artileari: hormetan isolatzaile moduan jartzen dute, xurgatzaile industrial moduan baliatzen, eta garbiketa-tresnen zati moduan. Ile-moztaileek, berriz, lanean jarraitzen dute, milaka urte dituen lanbide beharrezko eta zehatz baten testigantza emanez.

Eskuz, bost minutu

Apirila heltzearekin bat, uda gainera erori aurretik, moztaileek gogotik egin behar izaten dute lana, animalien osasunak eskatzen du eta: artilerik gabe aurre egiten diete beroari, horretara ohitzen dituzte-eta txiki-txikitatik. Atzeko laurdenak mozten dizkiete, saihetsaldea eta sorbalda ingurua. Artileak lehor-lehorra egon behar du mozteko unean. Bere bolumena halako berrogei xurga dezake ura artileak, eta, horrexegatik, moztu baino egun batzuk lehenago, estalpean sartzen dute artaldea, beharrezko bada. Eskuz ari den moztaileak bost minutu behar izaten ditu ardia zuri-zuri uzteko.

Makinaz, bi minutu

Makinaren laguntzarekin, bi minutu aski izaten ditu ardi bakoitzarekin. Azkar eta ongi egin nahi izaten dituzte lanak, eta ardiari minik ez emateko, oso garrantzitsua da ongi jarrita egon dadin: hankak lotzen dizkiete, edo kutxa moduko batean sarrarazten dituzte. Estres pixka bat sortzen zaio animaliari, baina derrigorra izaten da artilea kentzea. Adin batetik aurrerako ardiek, adibidez, ez dute eragozpenik jartzen mozterakoan.

Ordena eta zehaztasuna

Sabel azpitik hasten dira mozten, hankak egiten dituzte gero, eta gainerako guztia ondoren. Artzain bakoitzak izaten du, hala ere, bere hurrenkera. Sabelaldeko artilea kalitate apalekoa izaten da, eta ez zaio ematen erabilera handirik, hondatua eta etena egoten baita; kokotsekoa izaten da onena. Hondo-hondotik mozten diete ilea, larruaren arrasean, eta gauzak ongi eginez gero, aski izaten da behin moztea. Guraizeak bigarren aldiz sartuz gero, punta batzuk nabarmenduta geratzen dira, eta horrek gutxitu egiten du artilearen kalitatea.

Guraizeek ere badute zeresana

Ardiaren arrazak, genetikak eta elikadurak, hiru alderdi horiek baldintzatzen dute artilearen kalitatea, baina baita ilea moztu aurretik, mozterakoan eta moztu ondotik erabiltzen diren teknikek ere. Goi mailako artileak ile-xerlo ongi zehaztua edukitzen du, kizkur onekoa, luzea, sendoa eta kolore homogeneokoa. Ilea moztu aurretik, ezin izaten da jakin zer ezaugarri izango dituen; moztu eta gero jakiten da hori, era guztietako material hondarrak kenduta: landare arrastoak, arantzak, lastoa, zaborrak eta beste hainbat zikinkeria.

Zakuetan bildu

Eskuila pasatzea izaten da hurrengo lana, ur-xaboiekin garbitu, eguzkitan lehortzera jarri eta zakuetan gordetzen da artilea. Duela urte batzuk -ez hainbeste ere-, tratularia etorri zain egoten ziren, eta hari saltzen zioten artilea. Hark ere utzi zion ibiltzeari. Garai berriek beste ehun batzuk ekarri dituzte, sintetikoak: akrilikoa, nylona, poliesterra eta polipropilenoa. Artile-biltzailea ere desagertu da, artilea bildu eta tolesteaz arduratzen zen artzaina. Ardiak mozteko lana, askotan, ez da joaten ilea moztetik harago, bere horretan bukatzen da.

Eko-moda eta industriarako materiala

Artilea gai preziatua da orain ere. Kalitatezko ehunek zigilu bereizgarria eraman ohi dute, Nazioarteko Idazkaritzak emana, eta horren bidez jakin liteke Artile Garbi Birjina erabiliz egin dituztela. Horrez gain, eko-modaren arloa ere indarra hartzen ari da. Zuntz naturalen aldeko korronteak sortu dira (kotoia, lihoa, kalamua, zeta…), eta horien helburua da arropa iraunkorra lortzea eta tokiko ekonomia laguntzen duten aukera arduratsuak sustatzea. Gainera, material bikaina gertatu da goi mailako teknologiarentzat, eta halaxe erabiltzen hasi dira automobilgintza-industrian, eraikuntzan eta panel termoplastikoetan ere bai.