Hagin-polizak

Hortz osasuntsuak frankizia eta guzti

Dentista konbentzionalen tarifen aldean, hortz-aseguruek %40 edo %50eko aurrezkia eragin dezakete
1 azaroa de 2007
Img informe listado 479

Hortz osasuntsuak frankizia eta guzti

Ahoa pixkanaka gure osasunaren ardi gaitzetsia uzten ari zaio. Hortzeria osasuntsua eta, estetikoki, perfektua edukitzeko kezka ari da herritarren artean garrantzia hartzen. Nolanahi ere, alderdi honetan Europako beste herrialde batzuekin dauden aldeak nabarmenak dira oraino. Arrazoiak era askotakoak dira: irribarrea kontu estetiko hutsa ez izateaz jabetzea, mina nozitzeko beldurra, hortz-zerbitzuen garestia…Osasun-zerbitzuak doan hartzen ohitua dagoen pertsonarentzat ordaindu -asko ordaindu- behar izateak erabateko eragina odontologia kontsulta behin eta berriro geroratzean. Aseguru konpainia batzuek eskaintzen dituzten hortz-polizek gastu hori dezente arintzen dute eta era guztietako diagnostiko-probak eta prebentziozko tratamenduak egiteko aukera ematen diote interesatuari, tamaina egokiko prezioa ordainduz.

Komertzializatzen dituzten hortz-produktu denak, praktikan, hileko edo urteko kuotaz gainera, beharrezkoak diren interbentzioetan kasuan kasuko prezioa (aseguru konpainiek “frankizia” deritzotena) ordaintzean oinarritzen dira eta bi eratara kontrata daitezke: berariazko polizatzat edo “opari modura”, osasun-artapeneko estaldura kontratatzen denean. Lehen kasuan, hileko kuota 5 eurotik 10,81 eurora doa. Osasun-aseguru orokorraren osagarria denean “opari” horren prezioa 7,21 eurotik (hileko eta laguneko) izan daiteke, osasun-asegurua ordaindu ondoren.

Diru-kopuru horren truk erauzketak, garbiketak, kontsultak eta azterketak eskaintzen dituzte eta, gainera, frankiziapeko tratamenduetan %50erainoko aurrezkia, merkatuko batez besteko prezioarekiko. Estaltzen duten arriskuaren ezaugarriengatik eta osasun-aseguru orokorrek ez bezala, hortz-aseguruek ez dute sexuen arteko bereizketarik ezartzen tarifak aplikatzean, ez dute gabealdirik ezartzen, adin handiko asegurudunak ez dituzte “zigortzen” kuota astunagoak ezarriz, non eta berariazko poliza gisa kontratatzen diren. Bezeroei aseguru konpainia batzuek (Oral Prima, Adeslas, Asisa eta Mapfre) kobratzen dieten tarifan eragina duen aldaki bakarra bizilekua da. Konpainia guztiek doako polizak eskaintzen dituzte 5 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei, baldin eta heldu batek kontratua egiten badu.

Polizak eta polemikak

Hortz-aseguru horien agertzearekin bat ere poztu ez direnak, jakina, negozio horren parte ez diren dentista asko eta asko dira. Kolektibo horrek kalteturik hautematen ditu bere interesak, beraiek “ez segurutzat” jotzen duten horren aurrean: bertan, izan ere, aseguru konpainiek zuzenean edo tartean dabiltzan zerbitzu-enpresen bitartez bezero pazientearen eta profesionalaren arteko bitartekari gisa baizik ez dihardute. Beraien lana, berriz, eskulangintzazkoa dela diote eta, halakotzat, kopuru handiago ekoiztearen truk ezin lezake etekin-tartea murriztu. Prezio apaletan oinarrituriko hortz-zerbitzuak kalitate apalekoak direla jakinarazi dute. Espainiako Hortz Fundaziotik aholkatzen dute: hobe du espainiarrak doakotasun eta beherapeneko prezioen aurrean mesfidantza agertzea, jokaera horiek iruzurrezko edo okerrekotzat jotzen baitituzte. Nolanahi ere, ebidentziak besterik diosku: hortz-polizek aseguratuei zerbitzu batzuk (azterketak, garbiketak, fluorizazioak, erradiografiak, etab.) inolako kosturik gabe eskaintzen dizkiete batzuek eta beste batzuek prezio merkeagoan. Enpaste baten prezioa aseguru barnean, adibidez, 14 eta 38 euro artean dabil; hortik kanpora, 60 euro. Tarifen arteko aldea are eta nabarmenago bihurtzen da erro bakarreko endodontzia batez ari bagara: merkatuan 200 euro kosta daiteke eta aseguruan, aldiz, 75 euro baino gehiago ez. Halaz ere, familiako herentzia xahutu gabe hortzeria osasuntsua edukitzeko klabea aldian behin azterketa egitea da. Dentistari ahoko osasuna kexuka ari denean bakarrik bisita egiteak kostua altxa baino ez du egiten.

Hortzeria osasuntsua, bai; baina ez kosta ahala kosta

  • Ez itsutu doako lehen bisita, garbiketa edota erradiografiekin. Seguruenik, egingo dizkizuten tratamenduen presioan “txertatuko” dizute kostu hori.
  • Eskatu beti beste norbaiten iritzia. Pikareskak, batzuetan, “gehiegizko” tratamendua (hots, beharrezko dena baino tratamendu gehiago) egitea dakar.
  • Fakultatiboa aukeratzeko garaian prezioak ez du garrantzi handiena izan behar. Odontologorik hoberena agian ez da prezio garestiena kobratzen duena, ezta zerbitzu merkeenak eskaintzen dituena ere; baliteke hori, epe luzera, garestiago gertatzea. Zerbitzu ona bidezko prezioan eskatzea da egokiena.
  • Hortzeria zaintzean dirua aurrezteko modurik onena haginak behar bezala garbitzea eta dentistari urtean behin gutxienez bisita egitea da. Odontologoarenean dirua aurrezteko modurik hoberena prebentzioa da.
  • “Ez egin kasurik besteen esanari”, espezialista ona hautatzeko unean irizpide hori eskasa baita.
  • Kontsultaren sarrerako atean ez badago odontologo eta estomatologoen kolegioak instalaturiko plaka identifikatzailea, egiazta ezazu dentistak titulu ofiziala toki ikusgarrian duela.
  • Klinika edo kontsultan higiene eta garbitasun baldintza hobezinak hautemango dituzu. Profesionalek maskara eta eskularruak baliatu behar dituzte.
  • Pazientearen arazoak konpontzeko behar den denbora hartu behar du dentistak. Presaka ari dela eta itxarongela pazientez josita dagoela ikusten baduzu, oso litekeena da haren helburua etekin ugari irabaztea izatea, zerbitzu ona eskaintzea izan ordez.

Pazientearen eskubideak

  • Odolik eta minik eragin gabe detekta daitekeen zeinahi patologia estomatologiko atzeman ahal izateko miaketa egin dakion eskubidea.
  • Diagnostiko zehatzago eta egokiagoa ahalbidetuko duten miaketa osagarri edo gehigarriez onuradun izateko aukeraz, baita miaketa horien emaitzaz, arriskuez eta kostuaz informazioa eta aholkua jasotzeko eskubidea.
  • Bere patologia sendatzeko aukerez xehakapenezko informazio argia (bere pronostiko, itxaropen, ordezko kalitate, arrisku, aurrekontu eta guzti) dentistarengandik jasotzeko eskubidea.
  • Zure dentistak eskaintzerik ez badu ere, besteren batek eman diezazukeen sendabiderik ba ote den eta, izatekotan, nolakoa den, informazioa jasotzeko eskubidea.
  • Hastapenean aurreikusteko modukoak diren itxaropenak edota kostuak aldaraz ditzakeen zerbitzu klinikorik ba ote den eta, izatekotan, nolakoa den, informazioa jasotzeko eskubidea.
  • Zure etorkizuneko osasuna optimizatzeko eta kostua minimizatzeko, zure egoera klinikoari hobekien dagokion azterketa edo mantentze-planaz informazioa jasotzeko eskubidea.
  • Jasotako zerbitzuengatiko faktura hartzeko eskubidea
  • Unitateka dispentsatzen diren osasun-produktu ez-egokigarrien kostuaren berri izateko eskubidea; baita, era berean, fakultatiboak, bere zerbitzuak eman ahal izateko beharrezko obra gisa, neurriz eginiko osasun-produktuena ere, bere adostasun-adierazpen eta guzti, bere lanari (adierazpen, preskripzio, proba, egokipen, ezarpen, etc.) dagozkion lansarietatik behar bezala banakaturik.
  • Bere organismoan baliatzen diren osasun-produktuen -hala nola produktu aloplastiko edo giza organismoari arrotz zaizkionak- marka eta fabrikatzailea ezagutzeko eskubidea.
  • Bere errealitate klinikoa konfidentzialtasunez tratatua izateko eskubidea.
  • Bere adierazpenak, iritziak eta zaletasunak ez ezik, fakultatiboari ematen dion informazio pertsonal guzti-guztiak ere konfidentzialtasunez hartuak izan daitezen eskubidea.