IRUDIETAN

Hondartza bati azken ukituak ematea

Espezialisten lantaldeek gau, goiz eta arratsaldero lanordu asko sartzen dituzte, hondartza toki seguru eta atsegina ez ezik, aspaldi honetan, leku iraungarri ere izan dadin
1 uztaila de 2006
Img informep

Hondartza bati azken ukituak ematea

23:00 Hondarra bahetzea

Jardunaldia amaiturik eta bainulariak etxeratu izanaz baliatuz, bulto handieneko zaborra bilduko eta hondarra makinaz bahetuko du lantaldeak. Hondarra garbitzea funtsezkoa da hondartza higieniko eta segurua eskainiko bazaio jendeari. Hondarra egunero-egunero iraulketa bidez oxigenatu beharko da: horri esker, bakterio patogenoen inkubazio-arriskuari saihets egin ahal izango zaio.

6:00 Itsasaldi-ertza garbitzea

Egun osoan zehar jende gehien bilduko duen espazioari “aurpegia garbituko” dio langile talde batek. Horretarako, itsasoak gau osoan ekarri dituen hondakinak -ura noraino iritsi den adierazten dutenak- jasoko dituzte. Irudipenak irudipen, hondartzara biltzen diren zabor eta hondakin gehienak ez dituzte bainulariek uzten, itsasoak baizik: honakoa ere, dena den, gizakiak sortarazitako zaborra da, itsasontzietatik eta isurbide-hoditerietatik dator eta.

7:00 Sarbide eta zerbitzuak egokitzea

Hondartza zeharkatzen duten pasabideak, sarrerako arrapalak eta gainerakoak ur eta eskuilez garbitzeko unea da hau. Itsas plataformetan metaturiko zikinkeria erauzi, oinak ikuzteko aparatuak higienizatu, dutxak ikuskatu eta komunak desinfektatu behar dira, era berean. Baina paperontzi eta zakarrontziak hustu eta hainbat elementu berritu (hala nola material ez-biodegradagarriak -zigarrokinak, pipak, etc.- botatzeko plastikozko kono indibidualak) egin behar dira.

9:00 Kabina, informazio-gune eta sorospen-guneak irekitzea

Osasun alorreko pertsonala, sorosleak eta aisialdiko monitoreak ordu honetan bilduko dira hainbat eginkizun betetzeko: denen artean lana banatzea, botikineko materiala gainbegiratzeko, seinaleztapenaren egoera begiratzeko, segurtasuneko balizak antolatzeko, itsas egoeraren arabera bandera berde, horia edo gorria ipintzeko eta megafonia frogatzeko. Hemendik aurrera atsedenik hartu gabe jardungo dute lanean, sei orduko txandatan.

10:00 Zerbitzuak martxan hasi dira

Txosna musika jartzen hasi da, hamakak bere tokian antolatu dituzte, toldoek itzala ematen dute. Hondartza prest dago hamabi orduz eguzkiz eta hotsez aritzeko. Zarata, hondarraren porotsutasunari esker, hein handi batean moteltzen da: bestelako espazio batean adituko balitz, gortzeko moduko burrunba litzateke.

12:00 Bainatzeko zona ikuskatzea eta uraren kalitatea neurtzeko laginak biltzea

Prestaturiko profesionalak adierazitako kontrol-uneetara joaten dira aldian behin, uraren azterketa mikrobiologikoa egiteko. Lagin-gune bakoitza bainu-zona bati dagokio eta halakotzat aukeratu dira horiek, isurbide, fabrika edo bestelako toki kritikoetatik gertu egotearren, kutsagarritzat jo direlako. Urak onargarri eta hobezintzat baloratzen badira ez da zertan esku hartu beharko; halakotzat ez jotzekotan, hori jakinarazi beharko da eta ur horien erabilera debekatzeko neurriak hartu.

16:00 Arratsaldeko txanda: itsasaldiek utziriko hondakinak kendu eta paperontziak aldatzea

Gune garbiak (hots, zaborren garbiketa birziklatze irizpideen arabera egiten diren esparruak) dauzkaten hondartzen kopurua ugalduz doa egunetik egunera baina hondartza bakar batean falta ez dena paperontziak dira.

Espainiako hondartzak zenbakitan

Datu orokorrak:

  • 8.125 km-ko itsasertza
  • 3.586 km hondartza
  • 3.106 hondartza katalogatu (2001 urtean, aurreko zentsua egin zenean, 2.842 zeuden erregistratuak)
  • 480 hondartzatan bandera urdina (zazpitik batean)
  • 390 udalerri hondartzadun

Garbiketari buruzko datuak:

  • Udaldian (uztail erdialdetik irail erdialdera) zehar hondartza bakoitzean batez beste 115 tona zabor batzen da.
  • Hondakinen %30 bainulariak sortzen du; gainerakoa itsasoak dakar.
  • Hondartza garbitzen duten langileen taldeak uda partean hamarrez biderkatzen da.
  • Hondartza eta itsasoan datzan zabor gehientsuena jan-edarien bildukiak dira (plastikozko estalkiak, paper eta plastiko pusketak, latak, beirazko botilak, ea.).
  • Material ez-biodegradagarriak -zigarrokinak, azalak, txikleak, pipak, etc.- botatzeko plastikozko kono indibidualen erabilera masiboak hondarretan jasotzea zailena den zikinkeriaren %43 murriztuko luke.

Uraren eta bainu-zonaren gaineko datuak:

  • Uraren eta bainu-zonaren laginketa 1.826 gunetan egiten da.
  • Uren %98 (Europar Batzordearen datuen arabera) bainatzeko egokitzat jotzen diren arren, guztien %43k bakarrik agertzen dute hobezineko kalitatea.
  • Hondartza zenbaitetara -Castello-ko Benicassimera, adibidez- egun bakar batean 50.000 lagun biltzen dira.

Bitxikeriak

Hirietako hondartzetan geroz eta maizago ipintzen ari da tailen alokairu-zerbitzua. Aspaldiko ohitura den arren, motxilarik eraman nahi ez duen arren, uretan murgilaldi bat egin nahi duen bisitariari eskaintzen zaion zerbitzu hau indarra hartzen ari da. Toldo bat alokatzea egunean hamar euro kostatzen da, batez beste. Eguzkitakoa, 12 euro eguneko. Hondartza gehienetara animalien sarrera debekatua dago baina Lepe-koan (Huelva, Espainia) bada txakurrentzako berariazko hondartza. Oraingo joera, hondartzetako ur edangarria birziklatzea da.