IRUDIETAN

Hobitik galdara arte

1 urtarrila de 2008
Img fotorreportajep 123

Hobitik galdara arte

Gas naturala proportzio desberdinetan dauden hainbat gasek osatzen duten arren, metanoa (CH4: karbono atomo bat lau hidrogeno atomori elkartuta) %70etik gora dabil nahaste horretan. Proportzio handitan topa daitezke beste hainbat gas ere, hala nola nitrogenoa (%20taraino), karbono dioxidoa (%20taraino) eta etanoa (C2H8, %10etaraino). Oxigenorik gabe eta presio altuan, milioika urtez bilakatu den materia organikoaren endekapenak sortarazi du gas hori. Kasu askotan petrolio-hobiei elkarturik kausitu izan da eta beste hainbatetan, isolaturik, bereiz. Erauztean, lantzean, garraiatzean zein baliatzean, erabiltzen den beste zeinahi erregai fosilek baino ingurugiroan inpaktu gutxiago eragiten du honek.

Itsasontziz edo itsas azpian

Gas naturala gasbideetatik eroaten da hobitik banakuntza-arearaino. Diametro itzeleko altzairuzko hodi horietan barrena gasa 72 bareko presiopean (hots, bere ohiko bolumenean baino 72 aldiz txikiagoturik) doa, gehienez ere 40 kilometro orduko abiaduran. Marokkotik Cadizera Gibraltar itsaso azpitik zeharkatzen duen Medgaz izenekoarekin batera, Algeriatik Almeriara iritsiko den gasbidearen eraikuntza aurten hastea aurreikusita dago, Espainiaren erregai-kontsumoa aseko bada. Itsaso azpian gasbidea egiterik ez dagoenean, gasa -160ºC-ko tenperaturara hoztu eta likidotu egiten da: horrela, bolumena 600 aldiz txikiago bihurturik, 300 metroko luzera duten berariazko itsasontzietan garraiatzen da.

Gas-lantegitik sarera

Gasa itsasontziak ekarri badu, biltegira -energia-krisiei aurre egiteko, gasa biltzen duten lurrazpiko gordailuetara- edo likido hori ostera ere gas bihurtuko duten lantegietara igorriko du portuak. Ondoren, Espainia osoan barrena gasa banatzen duen gasbide-sarean injektatuko da. Estatuak egun dauzkan gas naturalerako azpiegiturak hauek dira: gas natural likidotua atzera gas bihurtzeko hiru lantegi, lehengaia garraiatzeko 6.000 kilometroko gasbidea eta beste 31.000 kilometro hoditeria, gasa banatzeko hiru biltegi lur azpian, hiru hobi eta lau nazioarteko konexio (Marokko eta Frantziarekin bana eta Portugalekin bi) eta beste hainbat instalazio osagarri, konpresio-estazio, e.a.

Milaka kilometroko gasbide-sarea

Presio garaiko gasbideak energia mota honen funtsezko garraiobideak dira. Malgutasun-muga altua duten 12 metroko luzera eta 12 hazbeteko (30 zentimetro inguru) diametrodun altzairuzko hodiez osatua dago; hiru soldatzaile-lantaldek elkartzen dituzte pieza keta beren lana erradiografiaz aztertuko da, zirrikiturik txikiena utz ez dadin. Korrosioaren aurkako babes pasibo gisa, gasbidearen kanpo aldea polietilenozko lama batez estalia dago, altzairua lurrak uki ez dezan. Hoditeriak inoiz mendizerraren gailurretan barrena doa, 2.000 metroko garaieran, inoiz itsas sakoneran, azaleratik ehunka metrotara. Hainbat kilometrotako tarte bakoitzean urrutitik kontrolatzen den balbula-estazioa dago: bertan neurtzen dira emaria, presioa eta tenperatura eta, horri esker gas-jarioa eten egin daiteke, larrialdirik gertatzekotan.

Erregulazio-estaziotik etxez etxeko banakuntzara

Garraioko gasbidearen iriste-gunea eta banakuntza-gasbideen irteera-gunea da erregulazio-estazioa. Bertara gasa 72 bareko presioan heltzen da eta estazio horietan presioa 16 baretaraino arintzen da, azken presiora egokitzeko prozesuaren hasiera gisa; izan ere, baliteke enpresa eta partikularrek erabiliko duten gasa 20 milibarreko presioraino jaitsi behar izatea. Tenperatura ere egokitu beharko da: lantegian -196º C delarik, erregai modura kontsumitu ahal izateko 15ºC-taraino berotu beharko da. Instalazio horietan entregatutako gas-kopurua neurtzeaz gainera, gasari THT (merkaptanoak) erantsiko zaio: gas naturalak berez usainik ez duenez, kontsumitzaileak berehala identifikatuko duen usaindun produktua gehitu behar zaio.

Gasa etxean

Tokiko konpainia banatzaileak erregulazio-estaziotik gasa jasotakoan, produktua eskaini behar den presiora (4 bar eta 20 milibarren artean) egokitu eta bezeroaren etxe edo enpresaraino eroango du. Gas naturala etxean hainbat zereginetarako balia daiteke: sukaldean, janaria prestatzeko, arropa garbitzeko eta lehortzeko, ura berotzeko, kalefakzioa eta klimatizazioa erdiesteko, etab. Instalazioari lantzean behin (lau urtez behin, indarrean dagoen legeriaren arabera) egin beharreko inspekzioan gas-instalazio osoa eta kalefakzioaren zirkuitu hidraulikoa aztertzeaz gainera, gas-galdara eta aparatuen mantenua eta bidezko kontsumoa ere egiaztatzen dira.