Txikienen zaintza

Haurtzaindegia ala kangurua?

Haurtzainen eta haurtzaindegien eskakizun soziala handituz doa etengabe. Horietako bat edo bestea aukeratzea faktore pertsonalek eta ekonomikoek baldintzatzen dute baina edonola ere kontuan izan behar direnak familiaren premiak eta umearen nolakotasunak dira
1 martxoa de 2008
Img informe listado 503

Haurtzaindegia ala kangurua?

Egunon, agur maitea, laztana eta muxu bat, haurra lotan dagoela. Horra hor, astelehenetik ostiralera lana eta familia uztartu behar dituzten guraso askoren liturgia. Espainian emakumeen %33 ikastetxeko ateak ireki aurretik lanpostuan sartzen da eta %59k, lanaldia amaitzerako, haurrak ikastegiko jardunaldia bukatua du. Egoera horrek “hirugarrengoen” zerbitzuak kontratatzea agintzen du, haurrak zainduko baditu norbaitek, umearen laugarren hilabetetik aurrera bereziki, orduantxe amaitzen baita amatasunagatiko baja laborala. Familia “pribilegiatu” batzuek aitona-amonen edo familiartekoen laguntza jasotzen dute, senide horiek estaltzen baitituzte gurasoek ?lantokian izan behar dutelako? utziriko tarteak. Gehientsuenek, ordea, haurtzaindegiko zerbitzuak baliatu edo, bestela, umezain edo kanguru bat kontratatu behar izaten dute. Lehena ekonomikoa da: haurtzaindegia (batzuk doakoak dira eta garestienek 490 euro kobratzen dute), orokorki, umezaina (hilean 360 eurotik aurrera, 900 euroraino, jardunaldi erdia eginez) baino merkeagoa da baina, halaz ere, prezioak garrantzi handia badu ere, ez da kontuan hartu beharreko elementu bakarra, ezta garrantzitsuena ere.

“Zerbait” ongi ez doan seinale?

Seme-alabaren segurtasuna eta ongizatea ezagutzen ez dugun pertsona baten eskuetan uztea erantzukizun larriko egintza da eta, halakotzat, pertsona egokia aukeratu eta bere bizibide eta erreferentziak egiaztatzeak arreta eta denbora asko eskatzen du, bai kanguru lanetan arituko dena pertsona bat denean, baita haurtzaindegia denean ere.

Seme-alabatxoek egunaren parte handi bat emango duten tokia edo pertsona aukeratutakoan, gurasoen kezka behinenetako bat umeen zaintzaz zerbitzu horiek ematen dituzten bermeak egiaztatzea da: nola atzeman, edonola ere, haurrak hartzen duen tratua egokia dela? Adituen arabera, umea pertsona batekin gustura dagoen edo ez jakiteko eman beharreko lehen urratsa, bera eta bere erreakzioak behatzea da. Umeak sentimenduak ongi disimulatzen ez badaki ere, arazorik nozitzen duenean komunikatzen ez du beti-beti asmatzen: horregatik ikasi behar dugu zerbait ondo ez dagoela atzematen, ohiko jokabideaz besterik azaltzen duenean. Arrasto horiek hamaikatxo eratan ager daitezke: apetitua galtzea, arrazoirik gabeko negarra, besteen aurkako oldarkortasuna, jarrera izutia, begirada tristea edo marrazki kezkagarriak, besteak beste. Horiek ez ezik, higienerik ezak eta okerreko elikabideak umea behar bezala zaindurik ez dagoela adierazten dute.

Umetxoa behar bezala zainduta ez dagoela susmatuz gero bera zaintzeko ardura hartu duten erantzuleekin hitz egin beharra dago; areago, ustekabean etxera azaltzea ere ?haurra umezain baten ardurapean baldin badago?, egunerokotasuna nolakoa den bertatik bertara ezagutzeko, biolentziaren (koxkor soil bat, adibidez) edo utzikeriaren (pixoihalak ukitzen duen zonan ekzema, esaterako) arrastorik dagoenean, batik bat.

Haurtzaindegi plaza gehiago

Espainian milioi eta erdi haur hiru urtez beherakoak dira, bertako Estatistikaren Institutu Nazionalak emaniko datuen arabera; horien %17k (234.500 umek, beraz) haur-zentroren batean du plaza baina eskakizuna %43koa da eta umeen %9 kanguruek zaintzen dute, Gizarte Gaietarako Ministerio espainiarrak dioenez. Eskakizun eskerga eta eskaintza ñimiñoaren arteko alde hori arintzeko, Europar Batasunaren (2002ko Bartzelonako Gailurra) agindu batekin hartu du konpromisoa: 2010 urtean, hiru urte baino gutxiagoko 100 umetik 33ri eskola-plaza eskaintzea.

Aresti iragarri dute hedabideek Ministerio horrek 0 ? 3 urte arteko umeentzat beste 300.000 plaza sortzeko asmoa duela: horrek egungo eskaintza %128tan areagotuko luke eta, horri esker, bi urteko ume (milioi erdia, guztira) gehien-gehienen eskolaratzea bermatu ahal izango litzateke. Gogoan izan egun haurtzaindegian plaza dutenak 130.000 baizik ez direla. Ahalegin hori gorabehera, beste 40.000 umetxo lirateke oraino plazarik gabeak, bi urtetik hiru urtera bitartekoetan bakarrik. Egin beharreko ibilbidea luzea da, benetan: hurrengo tarteko (3 ? 6 urte artekoa, derrigorrezko hezkuntzan) eskakizunaren %99 betea dago.

Kanguru eredugarria aukeratzeko aholkuak

  • Hitz egin ezazu pertsoalki hautagai guztiekin erabakirik hartu aurretik.
  • Ez fidatu, itxurak ikusirik bakarrik. Jokoan dagoena zure umearen ongizatea denez, izan zaitez zorrotz. Egiaztatu arreta handiz hautagaiek dakartzaten erreferentzia guztiak.
  • Egiazta ezazu umezain izan nahi duten pertsona horiek umea zaintzeko adin egokian daudela; 18 urtetik beherakoa izatea, adibidez, ez da komeni. Umeak oraino bi urte ez baditu, zaindaria puerikultura ikasia izatea litzateke egokiena.
  • Elkarrizketa pertsonalean baliozta itzazu ekimena, pazientzia, ardura, bokazioa, heldutasuna eta maitasunezko jarrera, besteak beste. Zaindari arduratsua da umearen interesak lehenesten dituena.
  • Plantea iezaiozu larrialdiren bat, nola erreakzionatuko lukeen jakin dezazun.
  • Elkarrizketan zehar umearen segurtasuna agertu behar da behin eta berriro, arriskuak non diren eta horrelakoak prebenitzeko nola jardungo lukeen badakiela segurta dezazun.
  • Elkarrizketan umeak ere bertan izango dira, horrela hasiera-hasieratik elkar ezagutuko dutelako eta gurasoek haurraren eta zaindariaren erreakzioak aztertu ahal izango dituztelako.
  • Haurtzaina aukeratutakoan, ezar ezazu astebete eta hilabete bitarteko probaldia. Tarte horretan adieraz iezaiozu nolako pausoak eman behar dituen eta lagun ezazu lana zuri gustatuko litzaizukeen bezala egiten. Ohitu arte zu aurrean bazara, umeak zaindaria hobeki onartuko du.
  • Idatz ezazu kontratuan obligazioak, soldata, ordutegiak, etab.
  • Egon zaitez harremanetan etengabe haurtzainarekin. Jakin ezazu uneoro nolako kezkak eta asmoak dituen, zure umeari dagokionez. Lanean gustura dabilen, umeak nolako aurrerapenak egiten dituen, etab. jakitea funtsezkoa duzu. Azter ezazu zure jarduera-programa, errutina, etc.
  • Azter ezazu haurraren jarrera egunero. Ez fidatu.

Haurtzaindegia aukeratzeko aholkuak

Erabaki zuzena hartzeko funtsezko elementuak zeure helbidetik gertu izatea, bertako instalazioak eta, batez ere, zentroko pertsonala dira.

  • Bisita itzazu zentro bat baino gehiago; galdetu antolamenduaz eta jardueraz.
  • Begira ezazu zentro bakoitza merezi duen arretaz, azter ezazu pertsonalak umeekin nolako harremana duen: nola mintzatzen diren, hitz “gogor” edo “goxoekin”. Gogoan izan ume txikiak besarkaden, laztanen, maitasunaren premia duela. Azter ezazu, era berean, umeek pertsonalari nola hitz egiten dioten, gertutasun eta maitasun-frogarik ematen duten.
  • Zure haurrak berariazko hezkuntza-premiarik baldin badu, dagokion hezkuntza-administrazioak determinatzen dituen giza baliabideak eta sostengu materialak eduki behar ditu zentroak.
  • Haurtzaindegia zure helbidetik gertu dagoen oso kontuan izan behar duzu. Ibilbidea laburragoa izango da eta umeak bizi duen ingurune sozialarekin kontaktuan segituko du horrela, haurtzaindegiko lagunak auzoko lagunak izango direlako etorkizunean.
  • 0 ? 3 urte arteko umeez arduratzen diren zaintzaileek haurtzaindegian aritzeko titulua izan behar dute, gutxien-gutxienez; 3 eta 6 urteko umeak zaintzen dituztenek, berriz, Haur Hezkuntzako maisu izan behar dute.
  • Egiazta ezazu zaindari bakoitzeko zenbat ume dauden eta horrek indarreko araudia betetzen duen. Legeak dioenez, urtebete arteko umeen arduradunek gelako zortzi haur izan ditzakete gehienez ere; urtebete eta urte biren artekoenek, 13 ume; 2 eta 3 urte artekoenek, 20 ume.
  • Galde ezazu janaria haurtzaindegiak berak egiten duen; bisita ezazu sukaldea eta, ahal bada, ezagut ezazu sukaldaria. Janaria enpresa batek baldin badakar, galde ezazu otorduak nork aukeratzen dituen.
  • Galde ezazu etapa honetan berebiziko garrantzia duen atsedenaldia nola duten antolatua, zaintzaz zenbat hezitzaile arduratzen diren eta zer egiten duten ume batek lo egin nahi ez duenean edo behar baino lehenago esnatzen denean.
  • Aukeratu haurtzaindegi on bat, umeak “begiratu” soilik egingo ez duena, umea giro goxoan garatzeko oinarri egokiaz jantziriko profesionalez osatutakoa.

Harremanetan, kontuan izan beharreko alderdiak

Gurasoen eta umezainaren artekoan

  • Umezain egokiena bilatzea ez da kontu erraza baina, horrelakorik topatuz gero, zaindu harremana ?zaindariaren premiak ere hartu behar baitira kontuan- eta jardun kontaktuan hasieratik, etengabe. Zaindariak bere burua aintzat hartua ikusiko du, gurasoak lasai egongo dira eta haurra horren guztiaren onuradun izango da.
  • Lehiarik gabe, lantaldean aritzea oso garrantzitsua da. Umeak zaindariarekin lotura afektibo sendoak sortzen baditu ere, familiaren betekizuna ordezkaezina da. Rolak erabat zehaztu eta mugaturik egon behar dute, bata bestearen gainetik inola ere ezarri gabe. Gurasoak guraso izango dira, ordu batzuetan etxean ez badira ere.
  • Zaindaria immigrantea denean (pertsonak zaintze-zerbitzuetan diharduten langileen %50 inguru hegoamerikar jatorriko immigranteak omen dira), gurasoen adierazpenak ongi ulertu dituela egiaztatu behar da. Hizkuntza edo mintzaira batetik besterako aldeak, maiz, gaizki ulertu larrien iturri dira

Gurasoen eta haurtzaindegiaren artekoan

  • Umeak haurtzaindegira joan behar badu, zortzigarren hilabetea bete aurretik joan dadin aholkatzen dute, hobeki egokitzen delako, edo urte eta erdia betetakoan, bere burua ingurune berriari arazorik gabe aurre egiteko bezain ondo kontrolatzen duelako.
  • Umea bertan geratu aurretik, aukeratutako zentrora berarekin joatea, tokiarekin, lagunekin eta irakasleekin ohitzen hasteko modu egoki bat da.
  • Haurtzaindegiko aurreneko egunetan aski du ume txikiak ordubete edo pare bat orduz azaltzea. Edonola ere, ez da komeni zentroan umeak egunean lauzpabost ordu baino gehiago ematea eta inola ere ez zortzi ordutik aurrera han izatea.
  • Umea haurtzaindegira estreinakoz iritsi denetik, zaindariek haren garapen afektibo, intelektual eta eragilea gertu-gertutik segitzen dutenez, hauekin etengabe harremanetan egon behar dute gurasoek, elkarlanean eta giro goxoan jardunez.
  • Umea haurtzaindegiari egokitzen ez bazaio ez da zertan itxaron, neurriak hartzeko, umeak antsietate edo paniko koadrorik azaldu arte. Egokiera horretan zaintzailearekin hitz egin eta umearekin ordu gehiago eman behar dira eta, areago, hobeki sentituko den zentro baten edo etxean bera zainduko duen pertsona baten bila hastea ere komeni da.

Umezaina edo haurtzaindegia aukeratzea: aldeko eta aurkakoak

Umezaina

Aldekoak

  • Famili giro ezagunean dago umea.
  • Tratu indibidualizatua hartzen duenez, horri esker bere garapen emozionala lagunduko duen lotura sendo iraunkorra sortuko du.
  • Haurtxo txikiak, bizitzako lehen urtean behintzat, artapen handiaren premia dute: umezaina aldean edukita, arreta etengabea eta pertsonalizatua da.
  • Kanguruak, printzipioz, umeak hartu behar dituen zaintzari dagokionez, amak emaniko aginduak (zer jan behar duen, zenbat ordu lo egin, errutinak, etab.) jasoko ditu.
  • Umea txikia bada eta bere sistema immunologikoa oraino behar bezain sendo ez badago, gainerako umeek kutsa diezazkioketen gaitzetako bati saihets egingo die.

Aurkakoak

  • Zailagoa da umezain on bat bilatu eta, batez ere, kontserbatzea. Haurtzaina maiz aldatzeak egongaiztasuna sortaraz liezaioke umeari.
  • Umezaina kontratatzeak prezio handia du: kanguru batek jardunaldi erdiagatik hilean, gutxienez, 360 euro kobratzen ditu; jardunaldi osoan badihardu, 600 euro inguru baina 900 ere izan daitezke, zaindaria kualifikatua baldin badago (lanbide-heziketadun pertsona denean, batik bat).
  • Adin bereko umeekiko sozializazioa urria da. Gabezia hori arintzen ahalegintzeko, umeak egunero parkera joan behar du, adin bereko haurrekin jolastera.
  • Gurasoak pertsonalki arduratu behar dira umezainaren hainbat eginkizunez: umeari hazten laguntzeaz, garapen-premia guztiak etapaz etapa betetzeaz, etc.

Haurtzaindegia

Aldekoak

  • Umearen garapenerako aukera ugariagoak ematen ditu haurtzaindegiak, oinarrizko hezkuntza-premia denak betetzen dituelako. Horrez gainera, haren osasun mental, psikologiko eta fisikoa zaintzen da haurtzaindegian.
  • Bizitzako bigaren urtetik aurrera eskolaratzeak, ondoko ibilbidea egiteko biziki baliagarriak izango dituen trebezia sozial, emozional, kognitibo eta psiko-eragileak hartzeko lagungarri gertatzen zaio umeari.
  • Umeak urte eta erdia edo bi urteak betetakoan, beste umeekin kontaktuan izatea funtsezkoa du haurraren soziabilitatearen garapenak, seme edo alaba bakarra baldin bada, batez ere. Haurtzaindegian lagunak egin eta arau sozialak ikasiko ditu: ondo jokatzen, jostailuak partekatzen, denetik jaten, etab.
  • Haur-heziketan edota puerikulturan prestakuntza sendoa duten profesionalak arduratzen dira umeaz.
  • Gaitz gehiago nozi ditzakeen arren, bere sistema immunologikoa indartzen da.
  • Hilabete gutxiko haurrak geroz eta zentro gehiagok onartzen dituzte.
  • Haurtzaindegi publikoek ongi zaindutako instalazioak eta pertsonal espezializatua dituzte, hilean 0 – 289 euroren truk; prezioak egonaldiaren, hartutako janarien eta gurasoen diru-sarreren arabera aldatzen dira. Haur eskola eta haurtzaindegi pribatuetan prezioak 120 eta 479 euro artean dabiltza.

Aurkakoak

  • Zentro publikoetarako itxarote-zerrendak luze-luzeak dira eta haurtzaindegi pribatu askok ere kupoa betea dute hilabete askotan.
  • Haurtzaindegiko ordutegia eta gurasoen lanbide batzuena ez dira beti bateragarriak. Arratsalde-gauez txandaka edo asteburuan lanean dabiltzanen premiak ez daude beteak.
  • Gaixo dagoenean, orokorki, haurtzaindegia ez da umeaz arduratzen.
  • Umea txiki-txikia denean oso litekeena da gaixotasun infekziosoekin maiz kutsatzea eta, ondorioz, etxean luze egon behar izatea.