1.900 kontsumitzaileri baino gehiagori galdetu diegu, 9 autonomia erkidegotan, zer-nolako kontsumo-ohiturak dituzten jostailuen inguruan

Haur bakoitzeko 70 euro gastatuko dituzte jostailuetan, batez beste

Lautik batek adierazi du beti ez duela argi eduki zer jostailu erosi
1 abendua de 2011
Img tema listado 190

Haur bakoitzeko 70 euro gastatuko dituzte jostailuetan, batez beste

Bakoitzak bere erara bizi ditu Eguberriak, eta haurrentzat, Olentzero eta opariak izaten dira berezitasunik gustagarriena. EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zer-nolako ohiturak dituen jendeak jostailuak erosteko orduan, eta horretarako, inkesta egin die 1.906 laguni, 9 autonomia erkidegotan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), Galizia, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentzia. Kontsumitzaileei galdetu nahi izan diegu, besteren artean, Eguberrietan zenbat diru gastatuko duten jostailutan, krisiak nola eragingo dion alderdi horri, zer-nolako jostailuak erosiko dituzten eta zer saltoki motatan egingo dituzten erosketa horiek. Inkestan parte hartu duten 1.906 etxeetatik, haurrekin bizi dira % 73; gainerako % 27ek ez dute haurrik etxean, baina erosiko dituzte haurrentzako opariak. Etxe bakoitzean, batez beste, bi haur daude, 4 eta 10 urte artekoak.

Laburbilduz, honako emaitza hauek eman ditu inkestak: parte hartu dutenen % 80k, Eguberri hauetan, 205 euro gastatuko dituzte jostailuetan, 71 euro inguru haur bakoitzeko (gainerakoek ez dute jakin kopuru bat esaten). Lau kontsumitzailetatik batek adierazi du aurrekontu murritzagoa izango duela aurten (batez beste, iaz baino 79 euro gutxiago), nagusiki krisi ekonomikoaren eraginez eta aurten gauza guztiak garestiago daudelako. Lautik hiruk jostailu hezigarriak hautatuko dituzte, baina haurrek eskatzen duten hori erosteko joera izaten dute gehienek. Horretarako, dendaz dena ibiltzeko asmoa dute hirutik bik, prezioak eta produktuak alderatzeko.

71 euro haur bakoitzeko

Eguberrietan diru asko joaten da jostailuetan. Halere badira aldeak erkidegoen artean: Andaluzian, esaterako, 253 euro gastatuko dituzte, batez beste, eta Balearretan, 188 euro. Gaztela-Mantxan, Galizian eta Valentzian 190 euro inguruan ibiliko dira, eta Nafarroan, EAEn, Madrilen eta Katalunian, 200en bueltan. 20 eta 44 urte artekoek, batez beste, 195 euro gastatuko dituzte jostailuetan eta 45 urtetik gorakoek 200 euro baino gehiago. Bestalde, gizonek gehiago gastatzeko asmoa dute emakumeek baino: gizonek, batez beste, 215 euro, eta emakumeek, 201.

Galdekatuen % 78k erantzun du 71 euro gastatuko dituela haur bakoitzeko baina horretan ere badago aldea erkidego batetik bestera, % 40koa ere bai zenbaiten artean: Gaztela-Mantxan, esaterako, 60 euro gastatuko dituzte seme-alaba bakoitzeko, eta EAEn, berriz, 84 euro. Jostailuen prezioari buruzko iritzia ere eman digute kontsumitzaileek: % 80ren ustez, garestiegiak dira, baina % 15ek, aldiz, egokitzat jo dute prezioa, eta % 1en irudiko, merkeak dira.

Eragin al dio krisiak ilusioari?

Hirutik bik adierazi dutenez, iaz adina gastatuko dute aurten ere jostailuetan, baina % 31k aldatu egingo du kopurua. Eta horiek, oro har, gutxiago gastatuko dute (hala adierazi dute lautik batek). Murrizketa hori krisiari egotzi diote % 41ek; prezioen igoeraren eragina izan dela nabarmendu dute % 25ek; lan arazoak edo ekonomikoak dituztela diote hamarretik bat baino gehiagok; eta % 8ren esanetan, urtean zehar egindako gastuek eragozten diete aurrekontu handiagoa edukitzea. Erkidegoka, valentziarrek, Gaztela-Mantxakoek eta andaluziarrek murriztuko dute gehien jostailuetan egin beharreko gastua.

Galdekatu ditugunen % 7k soilik agertu dute gehiago gastatzeko asmoa. Horien artean, Eguberrien berezitasunari lotu diote % 45ek; gauzak garestitu izanaren errua izango dela azpimarratu dute % 34k (gauza berak erosita ere, gehiago kostako direla), eta % 21ek jakinarazi dute egoera ekonomikoa hobetu zaielako gastatuko dutela gehiago. Balearretan eta Madrilen sumatu da gehien aurten diru gehiago gastatu beharra izango dutelako ustea (% 9k adierazi dute hori).

Gainera, aurtengo aurrekontua aldatu egingo zaiela adierazi duten guztien artetik (590 pertsona), zifra zehatz bat eman dute % 92k: gehiago gastatuko omen dutenei, 86 euroan igoko zaie, eta gutxiago gastatuko dutenei, 79an apaldu. Iaz baino gehiago gastatuko dutenen artean, Madril nabarmendu da, eta 120 euroko igoera aurreikusi dute. Iaz baino gutxiago gastatuko dutenen artean, galiziarrek egingo dute murrizketarik handiena: batez beste, 100 euro gutxiago gastatuko dituzte.

Informazio pedagogikoa falta da

Itxura batean, guk galdekatu ditugun kontsumitzaileek oso argi dute zer ezaugarri eduki behar dituen jostailu egoki batek: segurua izan behar du haurrarentzat, haren adinari egokitua, ekoizteko orduan ingurumenarekin errespetuz jokatu duena, erabilera-oharrak dakartzana, kalitate-bermea ziurtatzen duena, balio egokiak sustatzen dituena haurraren garapenarentzat… Ezaugarri horiek dituzten jostailuen bila abiatu izan direnean, ordea, galduta sentitu omen dira hainbat kontsumitzaile, eta zalantzan ibili izan dira jostailu bat edo bestea komeni ote den. Eta zalantza horiek areagotu egiten dira jostailu hezigarriak erosterakoan, edo bideo-jokoak edo elektrikoak.

Hamarretik zortzik segurtasun-oharrei erreparatzen diete, eta hamarretik zazpik kontuan hartzen dute jostailua toxikoa izan ote litekeen haurrarentzat eta piezak txikiegiak ote diren eta, ondorioz, arriskutsuak, haurrak ahora eramanez gero. Segurtasunaren gaiarekin kezka gehien dutenak katalanak, valentziarrak eta madrildarrak dira. Zorionez, oso kontsumitzaile gutxik (ez da iristen % 7ra) eduki dute ezbeharren bat jostailuaren segurtasun-akatsak direla medio.

Inkestan parte hartu duten gehienek (% 88k)kontuan hartzen dute jostailua egokia ote den haurrak duen adinarentzat

Segurua ote den begiratzeaz gain, inkestan parte hartu duten gehienek (% 88k) kontuan hartzen dute jostailua egokia ote den haurrak duen adinarentzat (Katalunian, erantzun dutenen % 91k, eta Gaztela-Mantxan, % 84k), eta % 70arentzat garrantzitsua da jostailuak sormena, irudimena eta haurraren garapena sustatzea (EAEn erantzun dutenen % 81,6rentzat eta Gaztela-Mantxakoen % 69rentzat). % 70ek CE letrekin ageri den bermea bilatzen dute ontzian; jostailuaren osaera, berriz, hirutik batek soilik hartzen du aintzat, eta berdin non ekoitzi den edo erabilera-oharrak badakartzan edo ez.

Erosterakoan izaten diren hutsegiteak

Sarri askotan, hutsegiteak izaten ditugu haurren jostailuak erosterakoan; horietako batzuk oso ohikoak izaten dira, eta maiz errepikatzen direnak:

  • Etiketak ongi ez irakurtzea: hor ageri dira erabilera-baldintzak, edukiak eta segurtasun-oharrak. Garrantzirik ez emateak arriskuan jar dezake haurraren segurtasuna.
  • Publizitateak eragin gaitzan uztea: haurrei azaldu egin behar zaie, jostailu batzuk telebistan ez agertu arren, atseginak eta hezigarriak direla.
  • Ez aintzat hartzea haurren nahia edo haiek esandakoari soilik erreparatzea: erdibidea aurkitu beharra dago; hau da, haurrei entzun egin behar zaie eta zer nahi duten jakin behar da, eta, aldi berean, beste aukera egokiago batzuen berri ere eman behar zaie. Jostailu askotarikoak bilatu behar dira, hainbat jolas-esperientzia izatea komeni baitzaio haurrari.
  • Haurraren adinari ez dagozkion jostailuak oparitzea, edo sexuaren araberako opariak egitea edo balio egokiak sustatzen ez dituztenak: haurraren hazkuntzak dakartzan beharrei erantzun behar diete jostailuek, libreak izan behar dute eta ez dute islatu behar bortxakeriarik, arrazismorik eta/edo sexismorik.
  • Jostailu asko oparitzea: jostailu gehiegi edukitzeak interes-falta eragiten die haurrei. Zenbaitetan, itsumustuan erosten dira jostailuak, egiaz zer erosi den jakin gabe. Baina jostailu bat oparitu aurretik, pentsatu egin behar da haurrak egiaz behar ote duen edo harentzat egokiena ote den.
  • Jostailu hezigarriak baina aspergarriak erostea: nahiz eta jostailuak baliabide bikainak diren haurrek ikas dezaten, zabal erabiltzekoak eta jostagarriak izan behar dute.
  • Haur nagusiei edo pertsona helduei jostailurik ez oparitzea: jolasa eta jostailuak haurtzaro osoan dira garrantzitsuak haurren heziketarako, ez soilik lehenbiziko urteetan. Haurrentzat ez ezik, ordea, adin guztietako pertsonentzat dira onak: hobetu egiten dute jendearen bizitza-kalitatea, eta lagundu egiten diete trebetasunak lantzen eta ikasiak sendotzen.

Aurrekonturik egin gabe

Aurrekontua egitea oso lagungarria izaten da aurrezteko, baina inkestan parte hartu dutenen erdiek ez dute horrelakorik egiten. Hala ere, aurrekontua egiteraino iristen ez badira ere, batzuek badute joera paper batean idazteko jostailuetan zenbat gastatuko duten; ez da oso ohitura hedatua, egia esan, baina gero eta gehiagok egiten dute (inkesta honetan, bostetik batek). Guztietan zuhurrenak andaluziarrak dira (% 40k baieztatu dute egiten dutela), eta katalanak eta madrildarrak datozkie ondotik (% 35ek daukate joera hori). Sexuka, hiru emakumetatik batek egiten du aurrekontua, eta lau gizonetatik batek.

Jostailuak erosteko orduan, haurrek aukeratzen duten hori hartuko dutela adierazi dute galdekatutakoen erdiek. Hamarretik bik, berriz, haurrari uzten diote jostailua hautatzen, eta hirutik batean, gurasoek eurek egiten dute hautua. Haurrak zer nahi duen jakin ondoren, hamarretik zazpik ahalegina egingo dute jostailu erabilgarri eta era berean praktikoak bilatzeko, eta lautik batek, aldiz, haurrak nahi duen horixe hartuko dute. Dirua ongi neurtzeko asmoa dutenen artean, % 13 baino ez dira saiatuko jostailu garesti gutxiago erosten; % 12k beheratuta edo merkatuta daudenei erreparatuko diete eta % 9k itsumustuan erosteari utziko diote. Kontzientzia gehien Nafarroako biztanleek adierazi dute; eta urte eta adinari dagokienez, 20 eta 44 urte arteko gizonezkoek. Andaluziarrek adierazi dute asmo gehien, aurrekontua egiteko ez ezik, baita aurrezteko ere: gutizietan gutxiago gastatuko dute, eta jostailu beheratuak edo merkeagoak hautatuko dituzte.

Aurrez erosi

Inkestari erantzun diotenen % 92ren iritziz, galdezka joan gintzaizkien garaian, goizegi zen jostailuak erosteko; aldiz, % 8k ordurako erosiak zituzten jostailu batzuk edo guztiak. Gehienak azaro bukaeran edo abendu hasieran hasten dira jostailuekin, Eguberriak iritsi zain egon gabe. Hurrenez-hurren hauexek izaten dira horretarako ohiko arrazoiak: Jostailuak agortzeko beldurra, jaiegun horietako jende-pilaketak saihestea, aurrez erosita merkeagoa izaten delako eta produktu-eskaintza ugariagoa izaten delako. %3a baino ez dira pilaketak-pilaketa egun horietan erosten dutenak.

Jostailu hezigarriak nagusi

Bereziki jostailu hezigarriak erosiko dituztela baieztatu dute galdekatuen lautik hiruk. Bigarren lekuan, eskulanak ageri dira (% 37k hautatu dituzte), bideo-jokoak (lautik batek), kirola egiteko jostailuak (% 22), eta panpinak eta peluxeak (% 20). Estimu gutxien duten jostailuak, berriz, musika egitekoak eta elektrikoak izan dira (hurrenez hurren, % 10ek eta % 13k aukeratu dituzte). Ildo horretan, ez dago alde handirik erkidegotik erkidegora. Sexuka bai, antzeman litezke aldeak: emakumezkoek nahiago dituzte jostailu hezigarriak, eskulanetakoak, musika egitekoak eta panpina-peluxeak; gizonezkoek, berriz, elektrikoak eta bideo-jokoak.

Jostailuak erosteko, saltoki handiak eta jostailu-denda espezializatuak gustatzen zaizkie gehien kontsumitzaileei, eta ez dute joerarik bazarretara joateko, katalogo bidez eskuratzeko, ezta teledendetan, outlet direlakoetan edo bigarren eskuko dendetan ere. Madrildarrek eta andaluziarrek jotzen dute gehien saltoki handietara (gizonek gehiago, emakumeek baino), eta denda espezializatuetara, berriz, katalanek eta balearrek (emakumeek gehiago, gizonek baino). Saltoki horietan azkarrago eta errazago erosten dutela adierazi dute galdekatuek, konfiantza ematen dietela eta hobea dela kalitate-prezio harremana.

Zenbaitetan, jostailu baten bila hasi, eta haren antzeko bat aurkitzen dute gurasoek, egiazkoren imitazioa edo bertsio merkea izango litzatekeena. Hamarretik zortzik, baztertu egiten dituzte imitazio horiek, eta % 20k, aldiz, arazorik gabe erosten dituzte. Bereziki uzkur azaldu dira Valentziako, Kataluniako eta EAEko biztanleak: ia erdiek adierazi dute sekula ez dituztela erosten.

Internet ez da ohikoa

Poliki-poliki, norbere erosketak egiteko beste aukera bat bihurtzen ari da Internet. Inkestan parte hartu duten 1.906 lagunen artetik, ordea, zazpitik batek soilik ziurtatu du bide hori erabiliko duela: % 8k opariak bilatu eta prezioak alderatzeko, % 6k produktuak alderatzeko eta % 3k soilik erosteko. Adinaren arabera, bada alderik: 20 eta 44 urte arteko pertsonen artean, galdekatuen % 23k erabiliko dute, eta 45 urtetik gorakoetan, % 8k soilik. Emakumeen eta gizonen artean, lehenbizikoek gutxiago (% 14) bigarrenek baino (% 20). Erantzun dutenen lautik hiruk ez dute Internet erabiliko, nahiago dutelako produktuak ikusi eta ukitu, eta % 60k, nahiago dutelako dendetan erosi. Gutxi batzuk iruzurren beldur dira (% 9), eta horregatik ez dute joko Internetera, eta % 5ek ez daukate konexiorik eta, beraz, ezin erabili.

Internet erabiltzeko asmoa agertu duten 300 lagunetatik, jende-pilaketak saihesteko egingo dute % 36k, denboraz larri dabiltzalako % 33k, Sareak konfiantza ematen dielako % 25ek eta produktuak etxean jasotzeak dakarren erosotasunagatik % 21ek.

Publizitatea, engainagarria eta gehiegizkoa

Eguberriak iritsi baino zenbait hilabete lehenago, jostailuen iragarkiek betetzen dituzte hedabideak. Gure inkestatuen % 68ak esango digu publizitate gehiegizkoa egiten zaiela jostailuei. Gainera, % 56ren ustez, engainagarria ere bada. Iragarki horiek balio egoki eta hezigarriak sustatzen ote dituzten galdetuta, % 4k soilik egin dute iritzi horren alde, eta beste hainbestek adierazi dute gizarte-balioak eta haurraren garapenaren aldekoak bultzatzen dituztela. Publizitateak balio sexistak islatzen dituela uste dute galdekatuen % 18k (Katalunian eta Madrilen, % 23k), eta % 17ren ustez, baita gerrazaleak ere (Katalunian eta Madrilen, % 20k).

Lautik hiruk esan dute jostailu hezigarriak hautatuko dituztela

Inkestatuen % 70en irudikoz, jostailu batzuk mutilentzat eginak izaten dira eta beste batzuk neskentzat, eta % 90ek adierazi dute haurrak segituan aspertzen direla erosten edo oparitzen dizkieten jostailuekin. Hori dela eta, senideei, familiakoei ematen dizkiete % 41ek; Gobernuz Kanpoko Erakundeen esku uzten dituzte % 33k; eta % 21 inguruk lagunei eskaintzen dizkiete, eskolara eramaten edo erlijio-erakundeen esku jatzen.

Eta erosi ondoren...

Gure inkestan parte hartu dutenen artean, % 97ren iritziz, behar baino jostailu gehiago dauzkate haurrek. Zer egin ote daiteke haurrek erabiltzen ez dituzten jostailuekin? Aukera bat baino gehiago dago:

  • Eman: berrerabiltzeko modurik onenetakoa da: senide gazteago bati, lagun edo familiakoren bati, erosteko baliabiderik ez duten haurrei… Bistan da, ezin dira eman apurtuta edo matxuratuta dauden jostailuak, eta, horregatik, garrantzitsua da haurrek ikas dezaten -gurasoek erakutsita- ongi zaindu behar dituztela panpinak, autoak eta jolasak.Badira jostailu erabiliak hartzen dituzte erakunde eta elkarteak: parrokiak, udalak eta ospitaleak, GKEak. Erakundeek ere egiten dituzte jostailuak biltzeko kanpainak.
  • Birziklatu: aukera ona da jostailuak birziklatzea eta osagaiak bereiztea, ez daitezen joan behar ez duten lekura: plastikoak, kartoia, metala, beira… Modu bat baino gehiago dago hori egiteko:

o Jostailu elektroniko edo elektrikoak badira (bideo-kontsolak, liburu hiztunak, doinuak abesten dituzten jostailuak, hitz egiten duten panpinak edo argia egiten dutenak), pilak kendu eta dagokien edukiontzira bota behar dira. o Plastikozko jostailuak ez dira bota behar edukiontzi horira. Garbiguneetara eraman behar dira: han aztertuko dute zer egin osagai bakoitzarekin eta nola tratatu. o Kartoi plastifikatuz edo, kartoiaz gain, beste materialez ere eginda dagoen jostailuren bat apurtzen denean, ez da utzi behar edukiontzi urdinean; bota aurretik, osagai horiek kendu egin behar dizkiogu, eta ezin badugu, Garbigunera eraman. Soil-soilik kartoiz edo paperez egindako jostailuak bota daitezke edukiontzi urdinera. o Jostailuen kaxak edukiontzi urdinera botatzeko, aurrez kortxoa eta/edo plastikozko poltsak kendu behar zaizkie. Material bakoitza behar den bezala bereizi behar da, eta dagokion edukiontzian utzi. o Opari-papera berrerabiltzea komeni da. Dirua aurreztuko dugu, eta papera ere bai.