Finantza erakundeen Gizarte Ekintza: Espainiako 21 aurrezki kutxak eta 5 bankuk gizarte ekintzetara zenbat bideratzen duten aztertu dugu

Gizarte Ekintzari kenduz indartu dituzte erreserba funtsak kutxa handiek

·Bankuek halako hamar bideratzen dute aurrezki kutxek gizarte ekintzetara.
·Bi kutxa nagusiek nabarmen gutxitu dute Gizarte Ekintzarako jartzen duten portzentajea.
·'Osasuna eta gizarte laguntza' arloari ematen dioten dirua % 50 handitu da, kulturaren eta aisialdiaren kaltetan
1 uztaila de 2009
Img tema listado

Gizarte Ekintzari kenduz indartu dituzte erreserba funtsak kutxa handiek

Aurrezki kutxen irabaziek bi bide hartu ohi dituzte: kaudimena bermatzera joaten dira batzuk, eta elkartasun gaietara beste batzuk. Hala behar duela agintzen du legeak. Konfiantza eta emaitza onak nagusitzen direnean, dirua errazago joan ohi da gizarte ekintzetara. Aldiz, zalantzak eta zantzu kezkagarriak agertzen direnean, erakundeen eta bezeroen presioak zuhurtzia eskatzen dute, eta gizarte ekintzetarako dirua muga-tzea bihurtu ohi da zuhur jokatzea. Eta horixe erabaki dute Espainiako kutxa nagusiek, zuhur jokatzea, alegia.

Joera hori nagusitu dela erakutsi du CONSUMER EROSKI-k egin duen azterketak: Espainian dauden 46 aurrezki kutxetatik, 21en Gizarte Ekintza aztertu dugu guk, zenbat diru jartzen duten eta zertarako. 2004an ere egin genuen antzeko ikerketa bat eta harekin alderatuz, kutxen txanponak ere bi aurpegi dituela nabarmen geratzen da. Batetik, orduan baino askoz diru gehiago jartzen dutela esan behar da: 677 milioi euro ziren orduan, eta 1.652 milioi orain (15 kutxa aztertu genituen, eta horietara mugatuko bagina, 1.338 milioi eurokoa izango litzateke kopurua). Bestetik, ordea, neurtuko bagenu irabazten dutenetik zer ehuneko edo portzentaje jartzen duten, gero eta txikiagoa dela antzeman liteke. Kutxa guztiek hartu dute joera hori, baina bi kutxa nagusietan antzeman da mozketarik handiena, La Caixan eta, batik bat, Caja Madrid-en. Azken horretan, irabazien % 8,7 jarri dute 2008an Gizarte Ekintzarako, eta 2003an, berriz, % 26,9 jarri zuten (hiru halako!). La Caixan, berriz, erdira murriztu dute portzentajea: % 37,6koa zen 2003an eta % 18,7koa izan da 2008an. Bada beste datu argigarri bat ere: bi erakunde horiek 2008an irabazi dutena batuta, aztertu ditugun 21 kutxen % 58 egiten dute; bi kutxa horiek Gizarte Ekintzara bideratzen dutena batuta, aldiz, guztien arteko % 43a baino ez da (% 28 La Caixarena eta % 15 Caja Madrid-ena).

Datu horiek ikusita, ondorioa garbia da: kutxek askoz gehiago irabazi dutelako handitu da Gizarte Ekintzari ematen dioten diru kopurua, eta ez arlo horretara bideratzen dituzten portzentajeak -irabazienak, betiere- handitu dituztelako. Izan ere, euren erreserbak indartzea lehenetsi dute erakunde horiek. Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak (CECA) eman dituen datuen arabera, erakunde horrek biltzen dituen 46 kutxek -tartean guk aztertu ditugun 21ak- 2.060 milioi euro erabili zituzten gizarte ekintzak laguntzeko (horietatik 1.941 milioi kutxek egindako inbertsioak izan dira, eta gainerako 117 milioi euroak, jarduerek eman dituzten diru sarreretatik eta diru laguntzetatik etorri dira). Orotara, 142 milioi pertsonari baino gehiagori iritsi zaie dirua. Esan bezala, 46 horietatik 21 aztertu ditugu guk, honako hauek, hain zuzen: Caja Cantabria, Caja Rioja, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, Caixanova, Caixa Galicia, Caixa Catalunya, Caja Sur, Unicaja, CAI, Ibercaja, CAM, Caja Murcia, Caja España, Caja Duero, Caja Madrid, Cajastur, La Caixa, Bancaja eta CAN. Horietako guztien memoria-txostenak eta urteko kontuak aztertu ditugu, eta galdetegiak bidali dizkiegu Gizarte Ekintzako arduradunei. Aurrezki kutxek aurreko urteko etekinetatik ateratzen dute Gizarte Ekintzarako dirua eta bankuek, ostera, urte horretan izango dituzten etekinak kalkulatuta erabakitzen dute gizarteari ze portzentaia bideratuko dioten. Salbuespena, BSHC, aurrezki kutxen modura jokatzen baitu.

Kutxak ez bezala, bankuak ez daude legez behartuta euren irabaziak gizarte ekintzetan jartzera. Poliki-poliki, ordea, horiek ere ari dira gizarte-konpromisoa hartzen, herritarrek hala eskatzen dutelako batetik, eta enpresen Gizarte-Erantzukizunak gero eta itzal handiagoa duelako bestetik. Apustua, hala ere, aski mugatua da (bai, behintzat, portzentajeei dagokienez). BSCHren, BBVAren eta Banco Popular-en datuak aztertuta atera ahal izan du ondorio hori Consumer Eroski-k (Bankinter-ek eta Caja Sabadell-ek ezin izan digute bidali guk eskatua, kontuak itxi gabe zituztelako). Eta aurrezki kutxen batez besteko datuekin alderatuz gero ere horixe ikusten da, bankuak zuhur ez ezik, xuhur ere badabiltzala arlo horretan: kutxek, batez beste, urteko irabazien % 26 jarri dituzte gizarte ekintzetarako (% 42 Caixa Galiciak eta Caja Riojak eta % 8,7 Caja Madridek, horiek izan dira bi muturrak), eta bankuen batez bestekoa, aldiz, % 1,7koa izan zen. Bi erakunde mota horien arteko aldea, gainera, handitu egin da bost urtetan eta orduan ere ez zen nolanahikoa: bankuek halako hamar jartzen zuten kutxek gizarte arloko ekintzetarako.

Gizarte Ekintzak arlo bat baino gehiago hartzen ditu bere baitan. Orain arte -halaxe gertatzen zen 2004an egin genuen azterketan-, kultura-aisialdia arloak biltzen zuen diru gehien (erdia, gutxi gorabehera), baina orain, krisiaren eraginez edo, osasuna-gizarte laguntza arlora bideratzen dute kopururik handiena (Gizarte Ekintzarako diruen % 39 hartzen ditu, 2004ean baino % 60 gehiago); kultura-aisialdiak % 52 jasotzen zuen orduan, eta % 35 hartzen du orain, eta jarraian datoz hezkuntza-ikerkuntza arloa (% 17) eta ondare historiko-artistikoa eta ingurumena lehengoratzeko ekintzen arloa (% 11).

Nola aldatu da Gizarte Ekintza?

Aurrezki kutxek urteak daramatzate dirua gizarte ekintzetara bideratuz, baina joerak aldatu egin dira, gizartearen eskariak aldatu diren aldi eta neurri berean. XX. mende hasieratik 60ko hamarkada arte, adibidez, herritar txiroenen oinarrizko beharrei erantzutea izaten zuten gizarte lan nagusia. Ongintzazko zereginak izaten ziren, eta laguntza ematekoak: osasun laguntza eskaintzea, indigenei elikagaiak banatzea, elikadura urritasuna duten haurrei laguntzea, elbarriei errehabilitazio bideak jartzea… Herritar askok oinarrizko beharrak ase ezin zituela ikusiz, eta Estatuak haientzat irtenbiderik ematen ez zuenez, aurrezki kutxak saiatu ziren. 70eko eta 80ko urteetatik aurrera, ongizatearen aroa heltzearekin batera, aurrezki kutxek utzi egin zioten ongintza- eta laguntza-zereginak betetzeari, eta kulturaren eta hezkuntzaren arloetara bideratu zuten Gizarte Laguntza: ikastetxeak eta erakusketa aretoak eraikitzera eta zaintzera, eraikin historikoak edo artelanak zaharberritzera…

Azken bost urte hauetan, eta krisiak astindu gaituenetik, batik bat, osasun eta gizarte laguntza arloko ekimenetan jarri dute berriz ere arreta kutxek, batik bat giza talde ahulenen alde (etorkinak, ezinduak, langabeak) eta hirugarren adinaren alde. Gehien-gehienetan, administrazio publikoek antolatzen dituzten gizarte ekimenak osatzera joan ohi da aurrezki kutxen dirua.

Zenbat diru erreserbara, zenbat Gizarte Ekintzara

Lau euro irabazi, eta hiru erreserbetara

1992tik indarrean dagoen araudiak esaten du irabazien erdiak, gutxienez, erreserba funtsetan sartu behar dituztela kutxek, euren kaudimena eta etorkizun ekonomikoa bermatze aldera. 2008an, irabazien % 74 jarri zituzten kutxek, batez beste, erreserba funtsetan, 2003an baino gehixeago (bi puntuko aldea dago). Aztertu ditugun guztietatik, bi kutxa ibili dira nabarmen batez besteko horren azpitik, Caixa Galicia eta Caja Rioja, eta ondorioz, horiek jarri dute 2008an zatirik handiena Gizarte Ekintzarako: irabazien % 42 baino gehiago. Atzetik datozkie Kutxa (% 37,5 2008an, eta % 21 2003an), Caja Sur (% 36,2), Caixanova eta Vital Kutxa, biak ere % 35en gainetik.

Kontrako muturrean, berriz, honako kutxa hauek daude: Caja Madrid (irabazien % 91,3 erreserba funtsetan jartzen ditu eta % 8,7 Gizarte Ekintzan), CAM (2003an % 23 jarri zuen Gizarte Ekintzarako, eta % 12,7 2008an), Caixa Catalunya, Cajastur eta La Caixa (% 17 eta 19 bitartean). Guk aztertu ditugun gainerako erakundeek % 20 eta 30 artean bideratzen dute gizarte arloko ekintzetara. Datu horiek ikusiz, beraz, ondorio garbi bat, behintzat, atera liteke: Caja Rioja eta Caixa Galiciak euren irabazietatik gizarte proiektuetara bideratzen duten portzentajea bost aldiz handiagoa da Caja Madridena baino.

Zenbaki absolutuei erreparatuta, negozio-bolumen handiena duten bi kutxek jartzen dute diru gehien: La Caixak 465 milioi euro jarri ditu 2008an Gizarte Ekintzarako (ia 2.500 milioiko irabaziak izan ditu), duela bost urte halako hiru ia, eta Caja Madridek 250 milioi (2.861 milioiko irabazietatik), 2003an baino % 84 gehiago. Beste erakunde hauek dituzte atzetik: Bancaja (84 milioi euro, 2007an irabazitako 369 milioietatik), Caixa Galicia (83,4 milioi, 198tik) eta Caixa Catalunya eta BBK (487 eta 307 milioi euro irabazi dituzte, hurrenez hurren, eta 82 milioi jarri dituzte gizarte ekintzetarako). Kopuru horietatik urrun geratu dira Caja Rioja (8 milioi, 19tik) Caja Cantabria (11 milioi, 56tik) edo Vital Kutxa eta CAI (25 milioi jarri dituzte biek, baina Vital Kutxak 71 milioi irabazi ditu eta 86 milioi CAIk).

Bankuek, berriz, proportzioan duela lau urte baino gutxiago jarri dute Gizarte Ekintzarako. 2003an irabazien % 2,4 jarri zituzten, eta 2008an, % 1,7. Banco Popularrek bideratu du portzentajerik handiena gizarte arloko proiektuetara, irabazien % 1,9, hain zuzen (2003an, hala ere, irabazien % 4,3 jarri zituen horretarako). BBVA dator ondoren (irabazien % 1,7 jarri ditu, 2004ko % 1,5a baino zertxobait gehiago), eta BSCHk, berriz, % 1,4 eman ditu, 2003an baino gutxiago (% 2,7). Kopuru absolutuetan, ordea, BSCHk jarri du 2008an diru gehien, 126 milioi euro; BBVAk 85 milioi jarri ditu, eta 20 milioi Banco Popular-ek.

Gizarte ondasuna edo marketing-a?

Zer helburu dute aurrezki kutxek eta bankuek sustatzen eta laguntzen dituzten gizarte ekintzek? Galdera eztabaidatsua da. Batzuek azpimarratu nahi izaten dute ekintza horiek gizarte-onura handiak ekarri ohi dituztela. Beste batzuen iritziz, ordea, irudi onari eusteko trikimailuak baino ez dira, eta ustezko eskuzabaltasun horren helburua ez da gizarteari on egitea, ezpada merkatuan lehiakorrago bihurtzea eta etekin handiagoak lortzea.

Gauza jakina da egungo krisia finantzen arloan hasi zela, eta bankuen eta kutxen irudia garbitu on baten premian dagoela. Ezin esan lehendik ere jendearen begikoak zirenik guztiz, irabazi neurrigabeak pilatuta ere, kontsumitzaileei ez baitzieten inolako erraztasunik ematen, eta nahiko lan izaten zuten mailegu pertsonalei eta hipotekei erantzuteko. Irudi korporatiboa hobetu beharra, beraz, beharrezko bihurtu da finantza erakundeentzat, eta Gizarte Ekintzari begira jarri dira, herritarrek balio handia ematen diote-eta kutxek gizarte proiektuen alde egiten dutenari; hau da, gizarte, lan, ingurumen eta kultura arloko ekintzak laguntzeari (Gizarte Erantzukizun Korporatiboa esaten zaio horri, GEK).

Espainian Gizarte Erantzukizun Korporatiboari buruz 2008an egin den Urteko Txostenak nabarmentzen duenez (Alternativas fundazioak argitaratu du), kontzeptu berri horrek aldaketa handiak ekarri ditu enpresen marketing eta komunikazio sailetara, eta alderdi horri dagozkion gaiak nabarmentzen hasi dira euren mezuetan, kontsumitzaileei eta intereseko jotzen dituzten taldeei konfiantza sortzeko. Komunikazio kanpainak antolatzen jarraituko dute finantza erakundeek, nola ez, baina ez dira izango garai oparoetakoen neurrikoak, krisia krisi baita horientzat ere. Eta Gizarte Ekintzarako baliabidek ere murriztu beharko dituzte. Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak (CECA) eman dituen datuen arabera, iaz baino % 23 gutxiago irabazi dute aurrezki kutxek 2009. urteko lehen hiruhilekoan, eta, itxuraz, 2008an baino % 16 gutxiago jarriko dute Gizarte Ekintzarako.

Gizarte Ekintzarako dirua nora doa?

Non inbertitzen dute diru hori?

Bi arlok eraman ohi dituzte aurrezki kutxek Gizarte Ekintzan egiten dituzten inbertsioen hiru laurdenak ia (% 72): osasuna-gizarte laguntza arloak eta kultura-aisialdia arloak (% 39 eta % 33, hurrenez hurren). Bi arloek antzeko kopurua jasotzen duten arren, deigarria da lau urtean zenbat kendu dioten kulturaren arloari: duela bost urte diru guztiaren % 50 jaso zuen, eta 2008an % 33). Bati kendutakoa besteari erantsi zaio, osasun arloko eta gizarte laguntzako ekintzei, hain zuzen, krisi garaian handitu egiten baita horien eskaria, eta herritarrek ere hortxe jartzen dute arreta gehien. Osasunaren arloan, ospitaleek eraman dute zatirik handiena, eta gizarte laguntzaren arloan, berriz, ezinduentzat landu diren proiektuek, hirugarren adinekoei eskaini zaizkienek, haurrentzat bideratu direnek eta garapenerako lankidetza ekintzek.

Erakunde bakoitzak zer eta zertarako eman duen aztertzen badugu, ikusiko dugu La Caixa nabarmendu dela osasuna-gizarte laguntza arloan: ezaugarri horiek dituzten proiektuei eskaini die Gizarte Ekintzarako jarri duenaren % 64 (297 milioi euro, zehazki). Antzera ibili dira Caja Madrid (% 60, 150 milioi euro) eta Kutxa (% 57, 47 milioi euro). Caja Cantabrian, BBKn, Cajastur-en eta CANen, Gizarte Ekintzako aurrekontuaren erdia hartzen du arlo horrek. Gutxien jartzen dutenen artean, berriz, honako hauek daude: CAI (% 14,8), Caja Rioja (% 15,5) eta Vital Kutxa (% 20). Gainerako guztiek % 24 eta 43 artean eskaintzen diote osasuna-gizarte laguntza arloari.

Kulturaren arloak ere toki berezi-berezia du zenbait kutxaren Gizarte Ekintzan. Caixanova, Caja Rioja, Caja Duero eta Unicaja erakundeek, esaterako, Gizarte Ekintzarako jartzen dutenaren erdia edo gehiago ematen dute kulturako azpiegiturak sortzeko eta zaintzeko: erakusketa aretoak, museoak, erabilera anitzeko gelak, bibliotekak… Musika eta antzerki emanaldiak susta-tzeko ere diru asko samar jartzen dute, baita kongresuak, jardunaldiak, erakustaldiak, mintegiak, eta abar antolatzeko ere. Aisialdiari dagokionez, pertsona helduei eskainitako ekintzek biltzen dute diru gehien.

Hezkuntza-ikerkuntza arloak eta ondarea-ingurumena arloak beste biek baino gutxiago jaso dute Gizarte Ekintzatik: formazioa eta ikerketa bultzatzeko, irabazien % 17 jarri dituzte kutxek (2003an baino puntu bi gehiago), eta eraikinak, artelanak, eremu historiko-artistiko eta naturalak lehengoratzeko eta inguru naturalaren gaineko ikastegietan mantentze lanak egiteko, berriz, % 11 (ekarpena % 8,6koa izan zen duela bost urte). Hezkuntza-ikerkuntza arloan, honako kutxa hauek nabarmendu dira: Bancaja (% 29), Ibercaja (% 24,36), CAI eta Caja Madrid (biek % 23 jarri dute), Caixa Galicia (% 22), eta Caja España, Caixanova eta Kutxa (% 20 hirurek). Caixa Catalunyak, aldiz, irabazien % 2 baino ez dizkie eskaini ekintza horiei.

Ondare historiko-artistikoa eta ingurumena lehengoratzeko diru gehien jarri dutenak, berriz, hauek izan dira: CAM (% 36), Vital Kutxa (% 24), Caja España eta Caixa Galicia (irabazien % 18 jarri dituzte biek), La Caixa eta Ibercaja (% 14 biek). Arlo horretan oso urrun gelditu dira Bancaja eta BBK: irabazien % 1,5 soilik bideratu dituzte programa horietara. //

Proiekturik aipagarrienak eta konparatzeko taula

Herritarrek dituzten eskariei erantzutea da aurrezki kutxen Gizarte Ekintzaren helburua. Familien baliabideak urritzen direnean, gizarte-laguntzako beharrak ugaritu egiten dira oro har, eta kutxen Gizarte Ekintzako diruak ere arlo horretara joaten dira nagusiki. 2008. urtean, esaterako, diru ugari jarri dute kutxek gizartean integratzeko zailtasunak dituzten giza taldeentzako jarduerak antolatu ahal izateko, garapen lankidetzako programak gauzatzeko, hirugarren adinari laguntzeko edo osasun azpiegiturak finantzatzeko.

Horren erakusgarri da, adibidez, Donostiako Onkologia Institutua; Kutxa erakundeak ordaindu du ekimen hori, eta Gizarte Ekintzarako jartzen duen diru guztiaren erdia bideratu du horretara, 41 milioi euro. La Caixak, berriz, ia zazpi milioi euro jarri ditu beketan, espetxeetan preso daudenak lan munduan barnera daitezen; CAN erakundeak bi milioi euro jarri ditu Isterria Ikastetxea gauzatu ahal izateko (heziketa berezia ematen dute); eta Vital Kutxak 1,3 milioi euro jarri ditu “Vitalquiler” programarako, zeinaren bidez alokairuko pisuak eskaintzen zaizkien gazteei, diruz lagunduta.

Kulturara ere iritsi da kutxen Gizarte Ekintzaren dirua. Diru hori batik bat erabiltzen da erakusketa aretoak, museoak, erabilera anitzeko gelak eta bibliotekak sortu eta zaintzeko, musika eta antzerki emanaldiak sustatzeko, eta kongresuak, mintegiak edo erakusketak antolatzeko. Guk aztertu ditugun kutxek lagundu dituzten kultur ekimenetan, Bancaja erakundeak aurrera eraman duen bat nabarmendu da: “Sorolla. Visión de España” erakusketa, hain zuen (“Sorolla. Espainiari begira”). Leku askotan ibili da, Sevillan, Bilbon, Malagan, Valentzian eta Madrilen, eta ia milioi bat lagunek ikusi dute. Baina izan dira gehiago ere: CAIk, esaterako, Huescako Nazioarteko Zinemaldia lagundu du, eta Caja Riojak, Eleberri arloko II. Logroño saria (Logroñoko Udalarekin eta Anaya argitaletxearekin elkarlanean aritu da, eta 90.000 euroko saria eman dute).

Gizarte Ekintzako aurrekontuaren zatirik txikiena hezkuntza-ikerkuntza arloak eta ondarea-ingurumena arloak eraman dute. Horrek ez du esanahi, hala ere, proiektu aipagarririk ez dagoela bi arlo horietan. BBVAk 12,2 milioi euro eman ditu Latinoamerikako 50.000 haurren heziketa-beharrei erantzuteko; Caja Españak 800.000 euro jarri ditu unibertsitarioei, lanbide heziketako ikasleei edo hizkuntzak ikasi nahi dituztenei bekak emateko; Unicajak hiru milioi eurorekin baino gehiagorekin lagundu du Malagako Maria Cristina Antzinako Errege Kontserbatorioa zaharberritzeko ekimena; eta CAM erakundeak, berriz, “CAM Ura” programa sustatu du: eskola umeak uraren inguruan sentsibilizatzea eta trebatzea da helburua, eta baliabide hori modu iraunkorrean erabiltzen eta kudeatzen ikasteko hainbat jarduera eskaintzen dizkiete.