Garbigailurako detergenteak, pastila eta hautsetan

Garestiena izatea ez da beti onena izatea

Hautsetako detergente tradizionalen eta pastiletan merkaturatzen direnen ikuzteko eraginkortasuna alderatu dugu. Ez da aztertu produktuon osakerarik, ez orban-mota desberdinen aurrean, garbitzeko duten gaitasunaz bestelako alderdirik ere.
1 martxoa de 1999

Garestiena izatea ez da beti onena izatea

Pastiletan agertzen diren detergenteak Colon (792 gramo, 22 pastila), Puntomatic (1520 gramo eta 48 pastila) eta Skip (960 gramo eta 24 pastila) dira; hautsetako tradizionalak, berriz, Ariel, Colon, Elena, Flota, Skip eta Wipp izan dira; hauek 3 kiloko danborretan datoz, Ariel izan ezik (honen formatoa 2,5 kilokoa baita). Pastila-paketearen prezioa 634 eta 671 pezeta bitartean dabil, eta hautsetakoa, berriz, 537 eta 701 pezeta bitartean. Hauetarako, 2,5 kiloko egungo danborraren prezioa aukeratu da, formato honetakoak baitira orain merkatuan nagusi (laginak duela hilabete batzuk eskuratu ziren). Laborategiko proba guztiak batera kontuan izanda, pastilako detergentearen eraginkortasuna onargarria dela ondorioztatzen dugun arren, hautsetakoek, oro har, orbanetan etekin hobeak agertzen dituzte (batenaz beste, %10eko eraginkortasun handiagoa) bai ehun sintetikoetan, bai kotoizkoetan ere.

Garestienen artean agertzen dira hiru hoberenak (Colón, Ariel eta Colón pastilatan), ikuztaldiko hauen kostua 63 eta 59 pezeta bitartean dabilela; eraginkortasun ahulena merkeenek erakutsi dute: Puntomaticekin eginiko ikuztaldi bakoitza 26 pezeta kostatzen da. Produktu honetan, beraz, kalitatea eta prezioa elkarrekin doazela egiaztatzen da, Skip eta Wipp (biak ere hautsetan) detergenteen kasuan izan ezik: Colon hautsetan baino garestiago direlarik, ez dira hau bezain eraginkorrak, inondik ere. Aurkezpenak konparatuz gero, Colon eta Skipek (biak pastilatan) hautsetako Flotak baino eraginkortasun handiagoa agertzen dute garbitzeko unean. Colon pastila da, bere aldetik, lagin guztietan zuritzeko ahalmenik handienekoa.

Gehien garbitzen dutenak, berriz, Ariel eta Colon (biak hautsetan) dira: biek lortu dute “oso egoki” delako puntuazio orokorra. Lau orban-motetan emaitza onak erdietsi ditu Arielek. Atzetik Colon datorkio: honen jarduera enzimatikoa (odol-, kakao-, esne- eta belar-orbanak garbitzea) ez zen izan Arielek erakutsitakoa bezain ona. Garbitzeko ahalmen orokorrari dagokionez, ondotik Colon pastila dator, azterturiko gainontzeko “hautsetako” laurek baino emaitza hobexeak lortuta; halaz ere, “egokitzat” baloratu zen, pastiletako Skip eta hautsetako Elena, Skip eta Wippekin batera. Puntomatic pastila eta Flota hautsetan dira okerrenak, nahiz eta “zuzentzat” kalifikatu ziren: biok agertu zituzten portzentaiarik apalenak lau sailetako orbanak kentzean.

Prezioari goazkiola, argi dago detergenterik onenak garestienen artean daudela: 59 eta 63 pezeta bitarte kostatzen da ikuztaldia; horrenbestez, kalitate handiko detergentea erosi nahi duen kontsumitzaileak Ariel edo Colon (hau, merkexeagoa) ditu hautatzeko modukoak. Halaz ere, arropa oso zikina ez badago edo orban zail-zailak ez baditu, Puntomaticek (pastila) ere balio izan dezake; ikuztaldiko 26 pezeta kostatzen da. Flota hautsetan (58 pezeta ikuztaldiko) ez da biziki interesgarria. Beste horrenbeste esan dezakegu Skip eta Wipez (62 pezeta ikuztaldiko): ez dute hoberenek bezala garbitzen, antzeko prezioa duten arren. Elena hautsetan, azkenik, zentzuzko aukera dugu: 48 pezeta ikuztaldiko, egokia da ariketan. Ehun sintetikoetan eraginkortasun handiz badihardu ere, zuritzeko unean ez da detergente onenak bezain ahaltsua.

Laboratorioan laginak nola erabili ziren

Saiakerak 40 gradu zentigradotan, gogortasun ertaineko uretan egin ziren (25 gradu frantziar), marka eta modelo bereko garbigailuetan, “zuri-koloreak” zikloan. Detergentea dosifikatzeko garaian, 20-35 gradu frantziarreko gogortasuneko uretan ohiko zikintasuna agertzen duten ehunak ikuzteari dagokiona aukeratu zen, kopuru ber-beretan: hautsetako detergentetik 225 gramo ikuztaldiko, pastilakoetatik 2 ale. Dosifikazio hauxe da fabrikatzaile gehienek honelako uretan ikuzteko aholkatzen dutena. Garbiketan, hautsetako detergentea ikuzgailuko danborrean sartu zen; pastilak, berriz, zegokion sarean kokatu ziren. Detergenteen ariketa aztertzeko erarik egokiena, orban desberdinen aurrean nola jarduten duten ikustea da. Probetan lau motako orbanak jarri ziren, garbitzeko produktu hauen prestazio nagusiak nabarmen zitezen. Orbanak, kotoizko ehunetan gantzazkoak (gantz mineral, landare-gantz, ziho, oliozpin, maionesa eta gurina) izan ziren, tentsoaktiboen ahalmen detergentea balioesteko (Kotoi-detergentzia, taulan). Era berean, gantzazko beste orban batzuk (ezpain-lapitza, landare-olioa, kakahuet-olioa, animali gantzak, zihoa eta makilajea) ehun sintetikoetan aplikatu ziren, tentsoaktiboen ahalmena balioesteko (Sintetikoetan detergentzia). Beste aldetik, orban organikoak (odola, kakaoa, odol-esne-ikatza, kakahuete-olioa gehi esnea, belarra eta almidoia) baliatu ziren, detergenteen enzimen eraginkortasuna zehazteko, hauen eginkizuna honelako orbanak kentzea baita, hain zuzen (jarduera enzimatikoa). Orban oxidakorrak ezarri ziren, azkenik (ketchup-a, kafea, tea, ardoa eta fruta), detergente hauen formulako eragile zuritzaileen ahalmena neurtzeko (Zuritzeko eraginkortasuna). Saialdietan euskarri-orbanak ere baliatu ziren, hau da, lortu nahi den orbana simulatzen duten estandarrak. Taulan, orban-sailetan lagin bakoitzak erdietsiriko batez besteko garbitze-portzentaia agertzen da. Portzentaiok 1etik 5era bitarte mugatu dira eta, azkenean, produktuaren osoko balorazioa egin da. Ikus ditzagun probetan detergenteek erakutsitako datuak.

Eraginkortasuna, orban eta ehunen arabera

Detergenteen emaitzak ez ziren uniforme agertu proba guztietan, batetik bestera alde handiak hautematen baitziren ehun-motaren (kotoia edo sintetikoa) eta orbanen arabera. Kotoietan Colon da hoberena, atzetik Ariel, Colon pastila eta Elena datozkiola, hurrenez hurren. Laurek ere kendu zituzten orbanak batez beste %50eko portzentaian: horri esker, 4,2tik 4,4ra bitarteko puntuaketak lortu dituzte (5ekiko). Gainerako laginen balorazioa apalagoa izan da (3,1etik 4,1era bitarte), garbiketa-indizeak %39tik %46ra doazela. Bai hautsetako detergenteen kasuan, bai pastiletakoenean, kotoizko ehunetan kentzeko orbanik zailenak maionesa eta oliozpinak izan ziren. Sintetikoen kasuan Ariel, Colon, Elena eta Skip ederki nabarmendu ziren, batez beste 4,3tik 4,6 puntu bitartean eskuratu zituztelako. Lau laginok orbanen %65etik gorako garbiketa lortu zuten. Sintetikoetan detergenterik ahulena Puntomatic pastila izan zen, %48ko eraginkortasuna besterik frogatu ez zuelarik. Orban-pleguei dagokienez, kentzeko zailenak animali gantzenak izan zituzten bi detergente-motek. Organikoak (odola, kakaoa, belarra, almidoia) ehun sintetikoetatik kentzeko onena Ariel da, orbanen %61a kendu baitzuen. Gertutik datozkio Colon eta Skip. Flota hautsetan izan zen makalena, orbanen %43a bakarrik kendu baitzuen. Orban organikoetan, almidoi eta odol-esne-ikatzez osatutakoak izan zituzten bi motetako detergenteek garbigaitzenak. Orban oxidakorrak garbitzeko garaian (zuritze-eraginkortasuna neurtzeko baliatu baitziren) emaitzarik onenak Colon pastila, Ariel eta Colon detergenteek erakutsi zituzten: %65etik gorakoa. Colon pastila izan zen onena, orbanak %70ean garbitu zituelako. Zuritzeko eraginkortasunean (orban oxidakor horiexekin) Puntomatic pastila eta Flota hautsetan izan ziren apalenak, %50eko orbanak bakarrik kendu zituztelako. Bi motetako detergenteek ere, te- eta kafe-orbanak dituzte garbigaitzenak. Zuritzeko ahalmenik handienekoa Colon pastila gertatu zen, emaitza ia hobezinak erdietsirik (4,7 puntu), Ariel atzetik zetorkiola.

Pastilatan ala hautsetan; horra aukera

Marka bereko hautsetako eta pastilako detergenteen (azterketa honetan, bi kasu) emaitzak ere konparatu egin ziren. Hautsetako Colonek ahalmen detergentea (gantzazko orbanak kentzean) nabarmendu zuen bitartean, zuritzeko eraginkortasunez Colon pastila gailendu zen. Skipek, bai hautsetan bai pastilan, antzeko eraginkortasuna agertu zuen, pastilako detergentearen jarduera enzimatikoa (odol, kakao, belar eta antzeko orbanak) eta sintetikoetako detergentzian, behintzat, hautsetakoaren azpitik dabilen arren. Proba guztiak batera kontuan izanda, pastilako detergentearen eraginkortasuna egokia eta hautsetan agertzen direnen paretsukoa dela esan dezakegu; halarik ere, hautsetako tradizionalek, oro har, ehun sintetikoetako orbanak hobekixe garbitu zituzten.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Hautsetako detergente tradizionalen eta pastilan merkaturatzen direnen eraginkortasuna konparatu da. Pastilakoak Colon (792 gramo, 22 pastila), Puntomatic (1.520 gramo eta 48 pastila) eta Skip (960 gramo eta 24 pastila) izan dira; tradizionalak Ariel, Colon, Elena, Flota, Skip eta Wipp (danborretan). Pastilakoen prezioa 634 eta 671 pezeta artekoa da eta hautsetakoena, berriz, 537 eta 694 pezeta bitartean danborreko.
  • Garbitzeko unean pastilak agertzen duen eraginkortasuna hautsenaren paretsukoa bada ere, ehun sintetikoetako orbanen aurrean bigarren hauek hobeki aritzen dira. Bederatzi detergenteetan, pastiletako Colon agertu da zuritzeko gaitasunez ahaltsuena.
  • Gehien garbitzen dutenak Ariel eta Colon (hautsetan) dira: biek bakarrik lortu dute “oso egokia” puntuazioa. Ondotik Colon pastila (“egokia”) dator, eta hurrenak Skip pastila eta Elena, Skip eta Wip (hautsetan, hirurak) daude.
  • Puntomatic pastila eta Flota hautsetan dira patalenak, nahiz -puntuazioz- “zuzenak” diren. Landuriko lau orban-sailak suntsitzeko portzentaiarik apalenak erdietsi dituzte biok.
  • Hoberenak garesti dira (59 eta 63 pezeta ikuztaldiko). Arropa oso zikina ez badago edo orban zail-zailak ez baditu, pastilako Puntomatic balekoa izan daiteke (26 pezeta ikuztaldiko).
  • Kalitate-prezio erlaziorik onena Colonek eskaintzen du. Elena hautsetan ere aukera interesgarria da: merkea izateaz gainera (48 pezeta ikuztaldiko) “egokitzat” baloratu dute eta ehun sintetikoetan eraginkortasun handia erakutsi du; halaz ere, zuritzeko unean, azterturiko detergente onenak bezain ahaltsu ez da aritu.

Banan-banan

Hautsetan eta pastiletan, goitik behera, interesgarrienetik hasita

Colon

  • 661 pezeta paketea. Ikuztaldiko 59 pezeta.
  • Balioespen orokorra: oso egokia.
  • Kalitate-prezio erlaziorik onena. Orbanak kentzeko oso ona. Ariel baino merkeago, bera baino ahulagoa orban organikoak suntsitzen bakarrik (odola, kakaoa, esnea, etab.). Gainontzekoetan, Ariel bezain ona edo hobea. Zuritzeko ahalmen handia.

Ariel hautsa

  • 701 pezeta paketea. Ikuztaldiko 63 pezeta.
  • Balioespen orokorra: oso egokia.
  • Garestiena eta onena da hau. Kotoizko ehunetan eta sintetikoetan orbanak kentzen oso ona da. Orban organikoen garbiketan portzentaiarik handienak lortu ditu (odola, kakaoa, kakahuet-olio gehi esnea, belarra, etab.).

Colon pastilak

  • 792 gramo, 22 pastila. 640 pezeta paketea. Ikuztaldiko 59 pezeta.
  • Balioespen orokorra: egokia.
  • Aukera interesgarria. Zuritzeko unean ahaltsuena eta orban organikoen aurrean, bigarren onena. Ehun sintetikoetan, hoberenen azpitik dabil.

Elena

  • 537 pezeta paketea. Ikuztaldiko 48 pezeta.
  • Balioespen orokorra: egokia.
  • Interesgarria, prezioz merke eta kalitatez erdi parekoa delako. Ehun sintetikoetako orbanak kentzeko unean nabarmentzen da (bi hoberenetako bat da berau), baina zuritzeko ahalmenez patal gelditzen da, nahiz, alderdi honetan bi lagin dezente okerragoak badauden.

Skip pastilak

  • 960 gramo, 24 pastila. 671 pezeta paketea. Ikuztaldiko 56 pezeta.
  • Balioespen orokorra: egokia.
  • Honen eraginkortasun orokorra hautsetako “senidearena” baino apalxeago geratu da, ikuztaldiko 6 pezeta merkeago gertatzen bada ere. Orbanen aurrean eraginkortasun ertaina agertzen du. Zuritzeko ahalmena, apala.

Skip

  • 687 pezeta paketea. Ikuztaldiko 62 pezeta.
  • Balioespen orokorra: egokia.
  • Ez da Ariel eta Colon bezain interesgarria, horiek hobeak direlako, prezio beretsuan. Kotoiko orbanetan emaitza apalak; oso onak, berriz, ehun sintetikoetan. Ariel eta Colonek baino gutxiago zuritzen du.

Wipp

  • 694 pezeta paketea. Ikuztaldiko 62 pezeta.
  • Balioespen orokorra: egokia.
  • Ez da oso interesgarria. Ez da Skip bezain eraginkorra. Kotoizko arropako orbanetan eraginkortasun patala agertzen duelarik, ez da nabarmen gailendu ez ehun sintetikoetan eta ez orban organikoetan ere.

Puntomatic pastillas

  • 1.520 gramo, 48 pastila. 634 pezeta paketea. Ikuztaldiko 26 pezeta.
  • Balioespen orokorra: zuzena.
  • Erakargarri nagusia prezioa du honek, gainontzeko guztienez dezente azpitik. Merkeena bai, baina bi okerrenen artekoa ere bai. Zuritzeko eraginkortasunik ahulenekoa. Kotoizko zein sintetikoetako orbanen aurrean erdietsitako emaitzak, patalenak.

Flota

  • 645 pezeta paketea. Ikuztaldiko 58 pezeta.
  • Balioespen orokorra: zuzena.
  • Ez da ia interesgarria. Puntomaticekin batera, aztertutakoetan okerrena. Ez da interesgarria, merkea ere ez baita, izan. Kotoiko orbanak eta orban organikoak suntsitzeko unean, emaitza kaskarrak. Puntomaticen ondotik, zuritzeko ahalmenik ahulenekoa da hau.