Euroa etorri zenetik urtebetera, CONSUMERen inkesta

Euroak prezioak altxatu ditu baina oraino ez gaude berarekin ohituta

1 urtarrila de 2003
Img temap 129

Euroak prezioak altxatu ditu baina oraino ez gaude berarekin ohituta

Moneta ofizial eta bakar gisa euroak gure artean urtea bete duela eta, CONSUMERek inkesta monografikoa egin dio Espainia osoko 1.350 pertsonari. Emaitzetan, zehaztasun handiz islatzen da Europako monetak indarrean sartzeak gure eguneroko bizimoduan izan duen eragina.

Inkestak egiaztatzen duenez, jende gehien-gehienak (hiritarren %98k) uste du euroak prezioak garestitu dituela eta, ildo horretatik, gure ekonomia familiar edo pertsonala kaltetu duela pentsatzen dute gehientsuenek (%41ek), batzuei (%10) kontrakoa iruditzen bazaie ere. Era berean, moneta berriarekin oraino ohituak ez gaudela ere egiaztatu da: pezetatan pentsatzen dugu oraindik eta ez dakigu kalkulu xumeak buruz egiten, eurotatik pezetatara eta alderantziz, gutxieneko zehaztasuna bermatuz. Horrenbestez, euro “eskriturala” (kontu korronte, nomina, faktura, prezio eta gainerakoetan agertuko zen balizko euro birtual harena) baliatzeko hiru urteko periodoak -1999ko urtarrilaren 1etik 2002ko hasierara arte- espero zitekeena baino eragin txikiagoa izan duela aitortu beharko dugu, aurreko moneta nazionalak -pezetak- indarrean irauten baitu herritarren gogoan.

Hona inkestaren beste ondorio bat: lehenago baino diru gehiago daramagu poltsikoan baina, gure iritziz, kopuru berak denbora gutxiago irauten du orain.

Balantzako beste platertxoan (urri-urria, dena den) egiaztapen onuragarriak agertzen dira: zirkulazioan dabiltzan txanpon eta billete gehientsuak (salbuespen bakan batez: 200 euroko billetea, adibidez) aski ongi ezagutzen ditugu eta egungo billete eta txanponen antolamenduari zuzen deritzogu, oro har. Inkestak, azkenik, euroaren etorkizun finantzari eta politikoarekin itxaropen handia dugula erakusten du: hamar pertsonatatik zazpik uste dute euroa moneta indartsua dela eta dolarraren lehiakide izan daitekeela; areago, erantzule batzuek espero dute monetaren indarra geroz eta gorago joango dela.

Urtebetea ez da aski...

Eurora igarotzeko periodoa luzea izanik ere, moneta berriak gure eguneroko bizimoduko alderdi ohikoenetan (erosketak eta famili ekonomia, hain zuzen) urte osoa bete duen arren, oraino ez dugu deus eurotan soilik kalkulatzen: produktu eta zerbitzuen prezioak balioesteko unean pezeta dugu erreferentzia oraindik, ezbairik gabe: lau herritarretik bakar batek kalkulatzen du eurotan produktuen prezioa, pezetatara itzuli gabe. Eta aurrerako perspektibak ez dira biziki atseginak: egun pezetatan kalkulatzen duten hiritarren erdiek uste dute eurotan bakarrik sekula ez dutela konturik egingo. Iritzi hau 65 urtetik gorakoetan hedatuago agertzen bada ere, eurotako prezioak pezetatara iragaten dituzten 30 urtez beherako gazteen %15en arabera, eurotan soilik kalkulatzea ez dute behin ere lortuko. Baikortasun handieneko hiritarren baitara (inoiz eurotan bakarrik kalkulatuko dutela espero dutenei, alegia) berariaz hurbildurik ere, ez dira asko-asko: multzorik handiena (%45) eurotan bakarrik kalkulatzeko bizpahiru urte beharko dituztela pentsatzen dutenek osatzen dute; %22 bakarrik dira horrelako eragiketak eurotan bakarrik egiteko urtebete baino gutxiago beharko dutela pentsatzen dutenak.

Nolabaiteko ezkortasuna nagusi da, beraz. Horren aurka, ordea, euroa maneiatzea zaila gertatu zaiola herritarren %22k bakarrik onartzen du. Bada, alderdi honetan, animuak emateko daturik ere: populazioaren ia hiru laurdenek ez darabil kalkulagailurik edo bestelako aparaturik erosketak egiteko orduan. Eta gehiengo dira erosi berri dituzten produktuen prezioak eurotan ezagutzen dituztenak (batez ere, produktuok era unitarioan erosi eta esku dirutan ordaintzen baldin badira: egunkaria, tabernako kafesnea, barra bat ogi). Zifra handiak, ordea, pezetatan adierazten ditugu, eurotan ahoskatzean kontra-eztarritik joaten zaizkigu eta: batez besteko soldata eurotan zenbat den galdetuta, hiritarren %14k bakarrik asmatu dute erantzuten eta, herrian, erdi pareko etxebizitzaren prezioa eurotan ematean emaitza dezente jaitsi da: %4raino.

Kalte handiago mesede baino

Moneta berriarekin loturiko hainbat alderdiz galdegin zitzaien kontsumitzaileei. Iritzi guztien gainetik, bat, biziki garrantzitsua: produktu eta zerbitzuen prezioak garestitu ditu euroak, gure ekonomian elementu erabat inflazionista bat sarturik. Argi asko dio horixe datu batek: Espainiako hiritarren %98rentzat euroak prezioak altxatu egin ditu, biribiltze kontu horrekin, “tentazio” horretan ez erortzeko zentimo bat, bi eta bosteko txanponak egin ziren arren (gerora ikusi denez, asko erabili gabeak). Hamar pertsonatatik zortzik diotenez, prezioek dezente gora egin dute; hiritarren %18ren ustez, berriz, gehikuntza neurrikoa izan da.

Bestetik, euroa iritsi baino lehenago, senide eta adiskideekin solasean, behin baino gehiagotan egin genuen galdera bera: mesede ala kalterako izango ote genuen moneta berria, gure ekonomia pertsonalaren ikuspegitik. Egun, hiritarren erdiarentzat, eragina kaltegarria izan da; hamarretik bakar batek du kontrako iritzia.

Alboko eraginak

Euroa indarrean sartzeak alboko eraginak ere izan ditu. Besterik ez bada ere, zuhurrago bihurtu gara: lehenago, zerbait ordaintzean, gainerakoak zehazki ote zeuden apenas egiaztatzen zuten hamar pertsonatatik bik beti egiten dute orain. Hona beste efekturen bat: kutxazain automatikoak maizago (%14) erabiltzea eta, erabiltzen diren bakoitzean, bertatik ateratzen den diru kopurua handiagoa izatea. Hiru pertsonatatik batek dio euroa iritsi aurretik baino diru gehiago ateratzen duela orain.

Kontsumitzaileen artean biziki hedaturiko sentsazio bat adierazi beharko dugu hemen: diruak patrikan lehen baino gutxiago irauten du gaur: hamar pertsonatatik bederatzik diotenez, 50 eurok bere aspaldiko kideak baino gutxiago “balio” duela, urriago dela alegia. Bestetik, euroaren erruz edo eraginez, jende askok (helduen %20k) txanpon-zorroa aldatu du, aurrekoak txanponak gordetzeko espaziorik ez zeukalako, funtsez (bada, dena den, oraingo billeteak handiagoak direla dioenik ere). Gure eguneroko bizimoduan euroak izan duen efektuetako bat: inkestak agertzen duenez, hiritarren %37k euroa indarrean sartu aurretik baino diru gehiago ohi darama egun gainean. Badirudi, nolanahi ere, kontsumitzailearen iritziz euroak produktu eta zerbitzuak garestitu dituenez, pezeta moneta ofiziala zeneko bizi-mailari eusteko diru gehiago behar dela egun.

Konbertsioa ez dugu ongi egiten

Hona inkestatik atera den ondorio garrantzitsuetako bat: euroa erabiltzeak zailtasun edo eragozpenik ekarri ez diotela hiritar gehienek aitortu arren, gutxi-gutxi batzuek baizik ez dakite euro eta pezeten arteko baliokidetzazko kalkulu soilak egiten (%3 baino desbideraketa handiagorik gabe). Bestela esateko, euro eta pezeten arteko konbertsioak oraindik ere zehaztasun gutxirekin egiten ditugula eta, horregatik izaten dugu prezioen pertzepzioan halako bihurdura edo nahaste txiki bat; honek eragin dezakeen errealitatea eta irudimeneko prezioen arteko aldeak erosteko erabakiak hartzeko unean isla daiteke. Adibidez, populazioaren %44k baizik ez daki zenbat euro diren hiru milioi pezeta eta %3k soilik kalkula dezake gutxieneko zehaztasun batez zenbat pezeta diren 500 euro (83.000 pezeta, hor nonbait), nahiz eta eragiketa hori soil-soila izan (mila euroren erdia, alegia) eta balio horretako billete berariazkoa egon.

Beste aldetik, oraino bide luzea dugu euroarekin ohitu arte: lanaren parte handi bat eginik dagoen arren (hamar pertsonatik ia bederatzik badakite 5, 10, 20, 50 eta 100 euroko billeteak badirela eta zirkulazioan dauden billeteen balioez bestelakorik ia inortxok ez du aipatzen), hamar hiritarretik lauk ez daki 200 euroko billetea badenik eta beste horrenbeste gertatzen da (hamar lagunetik bakar baten kasuan) bi euroko txanpon ezagun eta baliatuarekin.

Geroa bermaturik

Euroaren saihets politikoei dagokienez, erabateko ezjakintasuna nagusi dela esatea zuzena ez bada ere, moneta bakarraren gaineko kultura oso erdipurdikoa da oraindik: hiritarren %56k bakarrik daki Irlandan ere diru bakar hau dabilela eta %10 baino gehiagok uste dute Turkia eta Polonia (Europar Batasuneko kide ez dira herrialde horiek) euro zonan daudela. Moneta berriari iragartzen zaion geroaldi politiko eta finantzariaz, berriz, konfiantza eta baikortasuna dira nagusi: hamar pertsonatik ia zazpiren aburuz diru indartsua da eta, halakotzat, dolarraren lehiakide izan daiteke. Gerora, euroa egun baino indartsuago izango dela uste dute beste horrenbeste hiritarrek.

Inkestaren fitxa teknikoa
  • Unibertsoa: helduak, populazio orokorra
  • Lagintza: aleatorio eta estratifikatua
  • Lagina: 1.348 gizaki
  • Lagin-akatsa: +- %2,7, konfiantza-maila %95
  • Kuotak: sexu, adin eta habitaten arabera
  • Landa-lana: 2002ko azaroaren 11tik 20ra bitartean egina

Euroaren alderdi onuragarriak, gure iritziz

  • Hiritarren %98ren aburuz, prezioak garestitzea ekarri du euroak. Guztien %1,4k bakarrik uste du kostua lehenagoko bera dela.
  • Prezioek gora egin dutela uste dutenetatik %81en iritziz, asko igo dira eta %18ren aburuz, gutxi igo dira.
  • Inkesta erantzun dutenen %45en ustez, maila pertsonalean euroak kalte egin dio eta mesedegarritzat %10ek bakarrik jotzen dute.
  • Hiritarren %90ek uste dute 50 euroko billeteak gutxiago irauten duela lehenagoko pezetatako horren baliokideak baino; %2k bakarrik dio gehiago irauten duela. Areago, hamar pertsonatik bik 50 euroko billetea eta aspaldiko 5.000 pezetakoa maila berean jartzen dituzte, nahiz eta 50 euro 8.300 pezetaren pareko den.
  • Produktu jakin baten prezioa galdetzen zaienean, hiritarren %43k pezetatan erantzuten du oraino eta %35ek, eurotan. Gainontzekoek ez dakite produktu hori zenbat kostatzen den. Hiritarren %0,3k bai eurotan bai pezetatan esan zuen.
  • Jogurt, liburu edo autobus txartel baten kostua dela eta, hiritarren %25-%40k eman du prezioa eurotan.
  • Soldata eurotan guztien %14k bakarrik erantzun du; etxebizitzaren prezioa, %5ek.
  • Hiru milioi pezeta zenbat euro diren galdeginik, %44k bakarrik daki erantzuten.
  • Hiritarren %3k bakarrik dakite gutxieneko zehaztasun batez zenbat pezeta diren 500 euro, nahiz eta eragiketa soil-soila izan (mila euroren erdia) eta balio horretako berariazko billetea baden.
  • Populazioaren %22ren aburuz, euroa erabiltzea zaila edo oso zaila da; %42rentzat erraza da.
  • Herritarren %63k bakarrik daki 200 euroko billetea badela.
  • Populazioaren %56k daki Irlandako egungo dirua euroa dela; %10ek uste du Turkiak euroa duela diru ofiziala; %15ek, Polonia ere euroarekin bizi dela, nahiz eta herrialde horietan eurorik ez dabilen.
  • Herritarren %23k ez du iragaten gauzen prezioa pezetatara; eurotan egiten ditu eragiketak eta aski du erreferentzia hori gauzek zenbat balio duten kalkulatzeko.
  • Pezetatara itzultzen segitzen dutenen lautik batek aitortzen du sekula ez duela eurotan bakarrik kalkulatuko ezer eta lau horietatik bik uste dute inoiz eurotan bakarrik pentsatuko dutela.
  • Euroaren alderdi onuragarriak, gure iritziz
    • Erositako azken produktuaren prezioa galdetuta, inkesta erantzun dutenen %76k eurotan eman du.
    • Euroaren prezio unitarioa (166,386 pta) zehatz-mehatz ezaguna du populazioaren %88 baino gehiagok.
    • Populazioaren ia %90ek badaki 5, 10, 20, 50 eta 100 euroko billeteak badirela.
    • Populazioaren %96k zehazki aipatu ditu zirkulazioan dabiltzan txanpon guztien balioak.
    • Populazioaren %87k badaki 20 euroko billetearen kolorea urdin argia dela.
    • Populazioaren %71k ez du erabiltzen kalkulagailu edo beste aparaturik erosketak egitean.
    • Kontsumitzaileen %76ri egokia iruditzen zaio billete eta txanponen egungo antolamendua.
    • Erabiltzaileen %68ren iritziz, euroa moneta indartsua da, dolarraren lehiakide izan daitekeena; %71k espero du euroa geroz eta indartsuago izatea.

Euroaren aurrean ere ez gara denok berdin

Gazteak euroarekin ohituago agertzen dira: zenbat eta adinean aurrerago egin, hainbat eta pertsona gutxiagok dakizkite produktuen prezioak. Diru batetik bestera konbertsioa egiteko ahalmenean ere, fenomeno bera hautematen da: 30 urtez beherakoen erdiek asmatu zuten, hiru milioi pezeta 18.000 euro direla ihardestean; 65 urtetik gorakoetan, lautik bakarrak asmatu zuen. Pertsona zahar horien %35ek aitortzen du eurora egokitzea kontu zaila duela; gazteetan, proportzio hori %15eraino jaitsi da.

  • Emakumeei (%28arentzat, zaila) zailago gertatzen zaie eurotan bizitzea gizonezkoei (%16) baino.
  • Gizonezkoek billete handiak ezagunago dituzte (100, 200 eta 500 eurokoak).
  • Emakumeek (%34) gizonezkoek (%23) baino ohitura handiagoa dute konbertidoreak erabiltzen.
  • Gazteenak dira kutxazain automatikoetatik lehenago baino diru gehiago ateratzen dutenak.
  • Gazteak dira patrikan daramaten diru kopurua gehien ugaldu dutenak: %42k dio lehenago baino diru gehiago daramala gainean.
  • Gizonezko (%75) baino emakume gehiagok (%85) uste dute euroaren erruz prezioak biziki garestitu direla.
  • Emakume gutxik (%7k) eta gizonezko gehixeagok (%14k) uste dute euroak maila pertsonalean mesede egin diotela.
  • Goi-klaseetan ugari ez diren arren (%16), behe-klaseetan baino hiru bider gehiago (%5) dira euroa mesedegarri izan dutela adierazten duten hiritarrak.
  • Gizonezkoek, gazteek eta baliabide ekonomiko ugariagoko pertsonek konfiantza handiagoa dute euroaren orain eta geroaldian.
Hainbat datu bitxi
  • Gutxien ezagutzen den txanpona (%91,5) bi eurokoa da.
  • Kontsumitzaileen %39k bakarrik daki billeteek tokian tokiko bereizgarriak dituztela eta txanponak berdin-berdinak direla denetan.
  • Frantzia (%50), Portugal (%38) eta Alemaniako (%30) euroak eskuan eduki dituzte hiritar askok.
  • Hiritarren %20k diru-zorro berria erosi du, euroa indarrean sartzearen ondorioz. Arrazoiak: %66k dioenez, aurreko zorroak txanponak gordetzeko tokirik ez zeukalako eta %12k, euro billetea pezetena baino handiagoa delako.
  • Kontsumitzaileen %37k euroa indarrean sartu denetik diru gehiago eramaten du aldean.
  • 200 eta 500 euroko billeteak ia ez dira erabiltzen (populazioaren %0,5 baino gutxiagok bakarrik dio sarri erabiltzen dituela); 100 eurokoak ere ez dira maiz ikusten gure poltsikoan (%6,5). Areago, 50 eurokoa ez da asko baliatua (%63). Hiritar gehientsuenek ohikoena duten billetea 20 eurokoa da (%95), ondotik 10 eurokoa (%93) datorkiola.
  • Hiritarren %28k ez du jotzen kutxazain automatikora esku dirua jasotzeko.
  • Populazioaren %14k lehen baino maizago darabil orain kutxazain automatikoa; %35en esanetan, pezeta indarrean zegoenean baino diru gehiago ateratzen du egun.
  • Euro zonako herrialderik ezagunenak (%90 baino gehiagok ezagutzen dute), hurrenez hurren, Frantzia, Italia, Portugal eta Alemania dira.
  • Gutxien ezagutzen direnak, aldiz, Irlanda (%56), Austria (%65) eta Luxemburg (%70).
  • Benetan existitzen ez diren balioko billeteak badirela uste dutenak hutsaren hurrena dira (%0,5 baino gutxiago).
  • Gutxien ezagutzen den txanpona bi eurokoa da (%91,5).
  • Errealitatean existitzen ez den balioko txanponik ia ez du inork aipatu.
  • Koloreak galdeginik, gutxien ezagutzen den billetea 200 eurokoa da (horia: populazioaren %16k baizik ez du ezagun), ondotik 500 eurokoa (morea, %26) eta 50 eurokoa (laranja-kuia, %28) datozela.