Inkesta egin diegu 800 herritarri baino gehiagori (etxeko erosketaz arduratzen direnak eta esnekiak kontsumitzen dituztenak), jakiteko zer-nolako ohiturak dituzten elikagai mota horren inguruan eta ezagutzen ote dituzten ontzian daramatzaten kalitate eta berme zigiluak

Esnekiak: jendeak hartzen ditu, baina ez daki zer-nolako balioak dituzten

Inkestari erantzun dioten herritarren %91k adierazi dute beren familiako kide guztiek hartzen dutela esnea edo esnekiren bat, baina %65ek ez dakite zer den esnekiek daramaten PLS zigilua, zeinak ziurtatu egiten duen bere nutrizio balio handia, jatorriaren identifikazioa eta balio kate guztiaren iraunkortasuna
1 otsaila de 2018
Img tema de portada listado 257

Esnekiak: jendeak hartzen ditu, baina ez daki zer-nolako balioak dituzten

Dieta osasungarri eta orekatua ez daiteke ulertu esnerik eta esnekirik gabe, adibidez jogurta edo gazta kenduta. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak adierazten du (FAO) elikagaien bidez energia, proteinak eta gantzak hartzeko iturri garrantzitsua direla. Zehazki, azaltzen du esneak lagundu egiten duela gorputzak beharrezko dituen hainbat mantenugai har ditzan: kaltzioa, magnesioa, selenioa, erriboflabina (B2 bitamina), B12 bitamina eta azido pantotenikoa (B5 bitamina).

Nahiz eta onuragarria izan, Espainian apaldu egin da esne kontsumoa azken urteetan, datu hori eman du Esnearen Lanbidearteko Erakundeak (INLAC). 2016. urtean, adibidez, 3.198 milioi litro esne kontsumitu ziren, aurreko urtean baino %2,2 gutxiago. Esnekien kontsumoak, berriz, egonkor iraun du, 1.597 milioi kilorekin.

Horrekin batean, Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren arabera (MAPAMA), zenbait faktore makroekonomikok krisia eragin zuten 2015ean Europako esne sektorean, eta kide diren estatu gehienei eragin zien, eta baita Espainiako Estatuko abeltzainei ere: “Bereziki, zuzenean pairatzen dutenei gehiegizko eskaintzak eragindako erregulazioa, zeinak ekarri baitu ekoizpen kostuen azpitik ordaintzea esnea”. Hori dela eta, esne sektorearen balio katean parte hartzen duten eragileek konpromisoa hartu dute Espainiako esne sektorearen alde lan egiteko eta funtzionamendu eraginkorra eta iraunkorra lortzeko esnearen eta esnekien balio kateetan.

Testuinguru horretan, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du kontsumitzaileek zer-nolako ohiturak dituzten esnekiak hartzeko eta zein neurritan ezagutzen dituzten horiek daramatzaten kalitate eta berme zigiluak. Horretarako, joan den urteko azaroan inkesta egin zien 805 laguni, guztiak ere etxeko erosketen arduradunak eta esneki kontsumitzaileak.

Lagina

Inkestari erantzun dioten guztiek ezaugarri berbera dute elkarrekin: haiek arduratzen dira etxeko erosketak egiteaz, eta esnea edo esnekiak hartzen dituzte maiz-maiz, adibidez gazta, jogurtak edo antzekoak (natillak, esnezko edariak, gurina, esne gaina…).

Guztiak dira adin nagusikoak: 41 eta 55 urte artean dabiltza %44, eta 56 eta 70 urte artean %33. Hirutik bi emakumeak dira eta %59k unibertsitate ikasketan dituzte eta %23k baita graduondokoak eta doktoretza ikasketak ere. Beste %21ek lanbide heziketa ikasi dute eta gainerakoek bigarren hezkuntza edo batxilergoa.

Jatorriari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dira %18, Madrilgo Erkidegoan beste %18, Katalunian %13, Andaluzian %9 eta Valentziako Erkidegoan %8. Gainerakoak beste autonomia erkidegoetakoak dira (%5etik beherako proportzioan).

Kontsumoa eta esne balioa

Kontsumoa

Esneak eta esnekiek leku handia hartzen dute inkestari erantzun diotenen etxeetan. Hain zuzen, etxe horietako gehien-gehienetan (%91) kide guztiek hartzen dute esnea edo esnekiren bat.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuen arabera, 2016an etxe bakoitzak, batez beste, 65 litro esne oso hartu zituen eta 104 litro erdigaingabetu eta gaingabetu. Jogurtak eta esne hartzituak 42 litro hartu zituzten, 16 kilo gazta eta gaztanbera, eta esnearekin egindako beste produktu batzuk, berriz, 18 kilora iritsi ziren (esne gaina, natillak, arroz esnea, irabiakiak, izozkiak, eta abar).

Produktu mota bakoitza zer-nolako maiztasunarekin hartzen duten galdetuta, erantzun duten herritarren %52k adierazi dute esnea egunean behin baino gehiagotan hartzen dutela, eta beste %38k esan dute egunean behin. Gainerakoek, %10ek alegia, astean behin bakarrik hartzen dute esnea, edo maiztasun handixeagoarekin, astean 2-6 aldiz.

Beste esnekietan (gazta, jogurtak eta antzekoak), maiztasuna jaitsi egiten da apur bat. Erantzun dutenen %43k esan dute astean zenbaitetan hartzen dutela elikagai mota hori, eta %35ek astean behin baino ez. Bostetik batek, berriz, adierazi du astean behin edo astean 2-6 aldiz hartzen dituela esnekiak.

Elikagai horiek, izan ere, nutrizio arloko ezaugarri bikainak dituzte, osasunerako ezinbestekoak direnak bizitzako aldi guztietan. Esneak, adibidez, ugari ematen ditu kalitate handiko proteinak, kaltzioa, A eta D bitamina lipodisolbagarriak eta B multzoko bitaminak. Esnekiak, berriz (jogurta, irabiakia, mamia, izozkia, kefirra edo gazta), erraz jan eta digeritzeko moduko elikagaiak dira. Biak ere elikagai bereziki garrantzitsuak dira hazkunde eta garapen sasoian (haurtzaroa eta nerabezaroa) eta egoera fisiologiko jakinetan (hardunaldia eta edoskitzealdia).

Nutrizio Komunitarioko Elkarteak (SENC) eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkarteak (semFYC) diotenez, haurrek bi-hiru errazio esneki hartu behar lituzkete egunean (200 ml-koa bakoitza); helduek bi eta lau errazio artean (250 ml-koa bakoitza); eta adineko pertsonek hiru errazio egunean (horiek ere 250 ml-koa bakoitza). Hori bai, esnea hartzeak ez du esan nahi alboratu egin behar ditugunik landare jatorriko elikagai gutxi prozesatuak, adibidez fruta freskoak, barazkiak, fruitu lehorrak edo lekaleak.

G1eu

Esne produktuen balioa

Herritarrek, oro har, oso estimu handitan dute esnea. Familia Aurrekontuei buruzko Inkestan ageri denez (INEk egina da), 2016. urtean etxe bakoitzak, batez beste, 52 euro gastatu zuen esne osoa erosteko, eta 79 euro gaingabetua erosteko.

EROSKI CONSUMERen inkestan parte hartu duten herritarren %60k esnearen nutrizio balioa nabarmentzen dute nagusiki, eta %21ek zaporea. Beste %9k jatorriari ematen diote garrantzia, %5ek azken prezioari eta beste hainbestek ekoizpen moduari.

Antzera gertatzen da esnekiekin. Herritarren %52k nutrizio balioa aipatu dute dohain nagusi gisa, eta %34k zaporea (esnearena baino gehiagok nabarmendu dute). Gainerako faktoreak funtsezkotzat dituztenak %4 dira atal guztietan: ekoizteko modua, jatorria eta azken prezioa.

Ildo horretan, parte-hartzaileek nota jarri diote faktore horietako bakoitzari, eta esnea hautatzeko eta erosteko garaian zenbateko garrantzia ematen dieten adierazi dute. Batetik bosterako eskalan (1ak garrantzi gutxi esan nahi du eta 5ak garrantzi handia), zaporeak eta nutrizio balioak 4ko nota atera dute batez beste; jatorriak 3,5ekoa; eta ekoizpen moduak eta azken prezioak 3,3koa. Esnekietan ere emaitza berberak izan dira.

G2eu

PLS zigilua

2013. urtean, MAPAMAk lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen esnearen arloko industriekin eta banaketa enpresekin, denek elkarrekin egiteko Espainiako esne sektorearen alde eta funtzionamendu eraginkor eta iraunkorra lortzeko esnearen eta esnekien balio kateetan. Era horretan, kontsumitzaileen ikuspegia aldarazi nahi zen, ohar zitezen esnekiak nutrizio balio eta kalitate handiko produktuak direla; horretaz gain, sektorearen iraunkortasuna ere bermatu nahi zen epe luzera.

Beste zenbait neurrirekin batean, PLS zigilua sortu zuten (“Productos Lácteos Sostenibles” edo Esne Produktu Iraunkorrak), eta horren bidez helarazi nahi zaizkio kontsumitzaileari jatorriaren, iraunkortasunaren eta gardentasunaren kontzeptuak. Alde batetik, esnearen industriak konpromisoa hartu zuen PLS logotipoa zuten ontzietan adierazi egingo zuela esnearen jatorria zein zen (Espainiako zela, alegia). Elikadura arloko banaketa enpresek, bestetik, zenbait ekintza gauzatuko zituzten kontsumitzaileen artean ikuspegi hobea hedatzeko esnearen inguruan, ohar zitezen nutrizio balio eta kalitate handikoak direla. Eta, azkenik, MAPAMAk konpromisoa hartu zuen “Esne Produktu Iraunkorrak” ezagutarazteko.

G3eu

Ezagutza eta konfiantza PLS zigiluan

Ezagutu eta konfiantza sortu

Lau urte igaro ondoren (2017ko azaroan egina da inkesta), EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du kontsumitzaileek zein neurritan ezagutzen duten PLS zigilua. Eta datuek diote inkestan parte hartu duten hiru herritarretatik bik ez dutela ezagutzen.

Ezagutzen dutenen artean (erantzun dutenen %35ek), %85ek adierazi dute erosten dituzten esnekien ontzietan ikusi izan dutela eta %16k baino ez dute entzun horien inguruan hizketan komunikabide tradizionaletan (papereko komunikabideak, telebista eta irratia) edo sare sozialetan.

Eta inkestan parte hartu dutenek ba al dakite zer esan nahi duen? Horien arteko %24k aitortu dute ez dakitela eta, gainera, jakiteko interesik ere ez dutela. Beste %66k, berriz, asmatu dute PLS zigiluak biltzen duen kontzepturen bat aipatzen: logotipo hori daraman produktua nutrizio balio handikoa dela; esnearen eta esnekien jatorriari buruzko identifikazio eta ezagutza hobea bermatzeko dela; edo produktuaren iraunkortasuna ziurtatzen duela balio kate guztian. Eta %3k, bestalde, produktu ekologiko bati dagokion zigiluarekin nahasi dute.

Nolanahi ere, behin PLS zigiluaren helburuak zein diren jakinda, inkestan parte hartu duten herritarren %63ri konfiantza handia sortu die, ziurtatu egiten duelako balio kate guztiaren iraunkortasuna eta adierazi egiten duelako nutrizio balio handiko produktua dela. Herritarren %9ri, aldiz, ez die batere konfiantzarik sortzen eta %28ri zertxobait.

Beste babes sistema batzuk

EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du, halaber, inkestan parte hartu duten herritarrek ezagutzen ote dituzten elikadurarekin zerikusia duten beste logotipo batzuk. Produktuaren kalitateari dagokionez, %21ek bakarrik ezagutzen zuen Espezialitate Tradizional Bermatuen zigilua (ETB), %41ek Adierazpen Geografiko Babestuarena (AGB) eta %54k Jatorri Izen Babestuarena (JIB).

Kalitate ziurtagiriak dira guztiak, hau da, Espainian jatorria duten nekazaritzako produktu batzuk babesteko eta zaintzeko mekanismoak. Nekazaritzako produktu batek edo elikagai batek izaten duen Jatorri Izen Babestuak (JIB) eta Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB) kalitate bereziko produktua dela ziurtatzen eta bermatzen du, eta horretaz gain, adierazi egiten du zer jatorri geografiko duen, zer-nolako tradizioa eta lehengaiak dituen, eta nolako prozedurak erabiltzen dituzten ekoizteko, eraldatzeko eta merkaturatzeko. Balio berezi eta bakana ematen diote produktuari. Bestalde, Espezialitate Tradizional Bermatuak ez du jatorria aipatzen; helburua beste bat du, produktu baten osaera edo ekoizpen modu tradizionala babestea hain zuzen.

Ekoizpen ekologikoari dagokionez, erantzun duten herritarren %58k badakite zigilu horren barrenean biltzen direla nekazaritzako eta abeltzaintzako teknika multzo bati jarraituz ekoitzitako produktuak; teknika horietan, baztertu egiten da produktu kimikoen erabilera, ingurumena zaintzeko helburuz, zoruaren emankortasuna mantentzeko eta handitzeko helburuz eta beren ezaugarri natural guztiak atxikiko dituzten produktuak eskaintzeko helburuz. Eta beste hainbestek ezagutzen dute arrantza-eredu iraunkorraren MSC zigilua, zeinaren helburua baita aztertzea ea arrantzaleku bat ongi kudeatua dagoen eta iraunkorra den, 3 printzipiotan oinarrituta: arrantzako jardunak bermatu egin behar du aurrerantzean ere jarraitu ahal izatea, denbora mugarik gabe; arrantzako ekintzak kudeatzeko moduak bermatu egin behar du mantendu egingo dela ekosistemaren egitura, produktibitatea, funtzioa eta aniztasuna; eta arrantzalekuak bete egin behar ditu berez dagozkion legeak, eta kudeaketa sistema eraginkorra eduki behar du, sor daitekeen edozein aldaketari erantzuteko modukoa.

Azkenik, inkestan parte hartu duten herritarren %73k badakite zer den Eroskiren nutrizio arloko semaforoa; Espainiako Estatuan aitzindaria izan zen etiketa hori, eta informazio argi eta erraza ematen du produktuen energia balioaren eta nutrizio balioaren inguruan, kolore sistema bat erabilita. Era horretan, kontsumitzaileei lagundu egin nahi zaie dieta orekatu bat antolatzen.